“Vietnamgo gerra” bezala ezagutzen dugunaren aurretik herri vietnamdarrak Frantziako inperialismoari egin behar izan zion aurre. Artikulu honetan gertakizun horretaz hitz egingo dugu eta bigarren atalean AEBren aurkako borrokaz.

Vietnam, XIX mendetik aurrera frantses kolonia izan zena, garai bateko Indotxinaren zati izan zen, Asia hegoko ekialdean kokatua, Txinaren hegoaldean eta gaur egungo Kamboia eta Laosen ekialdean. II Mundu Gerraren ostean, potentzia kolonialak ziren Frantzia eta Japon (gerran zehar Vietnam okupatu zuena) ahulduta geratu ziren erabat eta Atlantikoko ituna sinatu zuten. Itun honetan potentziek beren koloniei independentzia emango zietela hitzartu zuten. Hitzarmen hau egitearen arrazoietako bat, gerraren testuingurua hartuta, potentzia ahul horiek kolonien aldeko nazioarte mailako mugimendu baten jaiotza ikusten zutelako izan zen. Hortaz, beren laguntza eskatu zuten gerraren amaieran independentzia ematearen truk. Gainera, gerrak irauten zuen bitartean “etxean” ondo egoteko beharra zuten, beren lur eremu eta kolonietan, momentu horietan inoiz baino gehiago derrigorrezko baitzuten estrategia militarrentzat eta ekoizpena handiagotzeko. Baina beldur gehien ematen ziena kolonia hauek sozialismorantz zuzentzea zen, gerra ondoren Asia eta munduko zatirik handiena mehatxatzen baitzituen iraultzak. Deskolonizazio prozesua 1945 eta 1960 urteen artean eman zen, Gerra Hotzarekin batera.

 

FRANTZIAREN AURKAKO GERRA

Vietnamgo herria egoera negargarrian bizi zen, analfabetismoa 80%-ra iritsi zen aginte frantsespean. Hala, 6000 eta 7000 jabedun eta kolonialistak lur eremu zabal eta onenaren  jabe ziren bitartean nekazarien gehiengoak ez zuen lurrik edo eremu oso urriak zituzten. Michelin bezalako enpresek lan bortxatuan oinarrituriko gomaren landaketak zituzten. Langileak “gomaren zuhaitzaren ongarri” moduan ziren ezagunak, egoera jasangaitzean lan egin eta gero hiltzen zirenen gorpuak landaretzan bertan lurperatuak baitziren. Garapen industriala ere kolonialismoarengatik atzeratua izan zen.

Herritarren baldintzak ikaragarri gogorrak ziren. Hala ere, nahiz eta errepresioa egon, nekazari eta langileak egoera honi aurre egiteko antolatzen hasi ziren, honela Indotxinako Alderdi Komunistaren sorrera emanez, 1930an, Ho Chi Minh buru zuelarik.

Ho Chi Minh pertsona garrantzitsua izan zen hain borroka garrantzitsuaren liderra izateagatik baina estalinizatutako SESBren ildo politikoaren eraginpean zegoen. Ekonomia planifikatuari esker Sobiet Batasunean ematen ari ziren lorpen ekonomikoen babespean Indotxinako Alderdi Komunista kasta burokratikoaz kutsatu zen, azkenik dena bereganatu zuen arte, politika estalinistak praktikan jarriz, horrela Vietnamgo iraultza sozialista pikutara bidaliz, Txinarekin, Kubako iraultzaren burokratizazioarekin eta beste hainbatekin gertatu zen bezala….

Trotskyk azaldu zuen, klase kapitalista ahulegia dela herri azpigaratuetan paper aurrerakoi bat burutzeko (industrializazioa, nekazal erreforma, etab) eta langileek iraultza burges demokratikoaren eginkizunak egiteko boterea eta beharra dutela, baina jarraian iraultza sozialistaren eginkizunei heldu behar diola langile klaseak eta iraultza muga nazionaletatik haratago eraman. Honi etengabeko iraultzaren teoria deitzen zaio, Marxek zirriborratua eta Trostkyk garatua izan zena. Estalinistek ordea, langile eta burgesiaren arteko kolaborazioa bultzatzen zuten. Honek arrisku ekidiezina dakar ordea, inperialismoaren hain menpekoa den burgesia ahulari lagunduta langileak zapaltzeko eta menperatzeko tresnak ematen baitzaizkio. Horregatik beharrezkoa da langileek prozesu guzti hau klaseko independentzia politika bat mantenduz gauzatzea. Burokrazia estalinistari ez zitzaion komeni sozialismoa beste herrietara zabaltzea, beren pribilegioak arriskuan jarri zitzakeen, benetako sistema sozialistaren ezarpena eman baitzitekeen beste edozein lekutan, eta horrela, errusiar herriak iraultza politiko bat hasi zezakeelako kasta burokratikoaren aurka 1917ko Urriko Iraultzako tradizioak berreskuratuz.

Alderdi Komunistak 30. hamarkada erditik aurrera kolaborazio politika sustatu zuen, inperialismoarekin barne, eta honen aurka azaltzen zen langile mugimendua itotzen saiatu zen, bereziki sindikatuetako langileen artean gero eta indar gehiago zuen “trotskismoa”, hain zuzen ere. II Mundu Gerran Asiako hego-ekialde guztitik eman zen inbasio japoniarraren hasieran, vietnamitek, gehien politizaturiko taldeak kenduta, armada japoniarra ez zuten hain begi txarrez ikusten, ejertzito frantziarra bezala. Denbora igaro ahala herria ikasgaia bereganatuz zihoan eta bidegabekeria gehiago ez jasateko herri-armadetan antolatzen hasi ziren.

Ho Chi Minh-ek 1941an, japoniarren aurka zeuden nazionalistak eta komunistak Vietminh edo Independentziarako Liga-n barneratu zituen. 1945n, leherketa sozial orokor bat eman zen, erantzun garbia ez egoteagatik Vietminhen aldetik eta japoniarren atzeraldiarengatik. Hegoaldean, bereziki Saigonen, kontrola bere gain hartzen hasi ziren sobieten antzeko komiteak sortu ziren. Nekazariek jabeei lurrak kendu zizkieten eta langileek fabriken jabetza bereganatu zuten. Estatu sozialista demokratiko bat sortzeko perspektibak ezin ziren hobeagoak izan. Baina Alderdi Komunistak klaseen arteko kolaborazio politikarekin jarraitzen zuen. Alderdi Komunistak, trotskisten inguruan komitetan biltzen ziren Saigongo langileei salatari eta probokatzaile deitu zieten, hauen aurka atxiloketa eta erailketen borroka hasiz.

Frantziak ez zuen nahi bere kolonia onenetakoa galdu eta borrokak 11 urte iraun zituen. Frantzia bere buruaz oso ziur hasi zen, baina egunak igaro ahala gerra gero eta jasanezinagoa bihurtzen ari zen eta gerrari amaiera emateko estrategia batean pentsatu zuen. Ginebran kongresu bat egitea erabaki zen. Hau egiten zen bitartean egoera honi abantaila ateratzen saiatu zen Frantzia iparraldetik erasoz, bere landaretzarengatik armada vietnamitaren babesa osatzen zuelako eta Vietnamgo iparraldea Ho Chi Minhen gerrillaren eskuetan zegoelako. Ustekabean harrapatu nahi izan zituzten baina segada hartan erori zirenak ordea ez ziren vietnamitak izan, frantsesak baizik. Hasieran, vietnamitak  talde gerrillari batzuk besterik ez ziren, gerora 1948an 300 mila gizon armatuk osatzen zuten, herri armada handi bat eta 1954ko maiatzaren 8rako, oso ondo armaturiko eta militar kalitate handiko 250 mila gizonez osaturiko armada frantsesa birrindu zuen, hain zuzen Dien Bien Phu-ren guduan. Bertan Bao Dai enperadorearen babesaz gain,  frantsesen zerbitzura zeuden 228 mila indotxino jokoz kanpo utzi zituzten. 1950an, Sobietar Batasunak eta Txinak, Vietnamgo Errepublika Demokratikoa onartu eta militarki lagundu zuten. Guzti honek frantsesen kanporatzea ekarri zuen 1954an.

Frantsesei porrot honek, Vietnam bakarrik ez, Indotxina osoa galtzea ekarri zien. Herri armada eta komiteek, ikasi zuten borroka egiteko modua armekin, antolakuntzarekin eta diziplinarekin zela, baina tamalez Alderdi Komunistak eta Vietminhen politikek esperientzia eta energia guzti honi ez zioten ildo zuzena eman. Garaipen hau Ginebrako kongresua egiten ari zela eman zen eta Stalinek Asia hego-ekialdeko eremuan inongo interesik ez zuenez, hitzarmen bat egin zen non Vietnam hamaseigarren paraleloarengatik erdibituz, Vietnamgo hegoaldean  Frantziako interesak babestuko zituen gobernua ezarriz eta iparraldean berriz, Ho Chi Minh-rena.

Frantzia, behin gerra galdu eta gero, AEBak finantziatutako gobernu berri honekin ahal zuen guztia berreskuratzen saiatu zen. Gainera, Ngo Dinh Diem buru zuen diktadura politikoa ere lagundu zuen. Honetaz aparte, Ginebrako kongresuak 2 urteko epea ezarri zuen hauteskundeak ospatu eta horrela Vietnam bateratzeko. Azken hauek ez ziren inoiz ospatu, Ngo Dinh Diem-ek beti atzeratu egin zituelako bere gobernuari eta Frantziari ez zitzaielako komeni, herri vietnamitaren haserrea agertu zitekeelako eta iruzurra egiteko aukera kontuan harturik, herria erabat mobilizatu zitekeelako. Nahiago zuten promesak egitearen arma erabili baina honek bere muga topatu zuen. Marxismoaren eragina handiagoa zen hegoaldeko herrietan hasi zen haserrea sentitzen eta hau gutxi balitz, iparraldeko gobernuari ere ez zitzaion komeni hauteskundeak egitea oposizioko talde trotskista gorantz zihoalako. Horrela, hegoaldean, iparraldeko mugimenduarekin elkartu nahi zen borroka berpiztu zen inperialismoaren aurka. Arrazoi hauengatik, gerra berriz ere martxan jarri zen.   

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.