1924ko urtarrilean hil zen Vladimir Ilich Ulianov iraultzaile handia, Lenin ezizenez ezagutzen duguna. Ondorengo artikuluaren xedea Leninen bizitzaren laburpen xume bat egitea da, bereziki bere bizitzan zehar munduko historiaren ibilbidea markatu zuten gertaeretan izan zuen esku hartzea azalduz.

Leninen bizitza mugimendu iraultzaileko esperientziez eta ikasgaiez beterik dago eta, zalantzarik gabe, XX. mendeko eta historia garaikide guztiko pertsonaia garrantzitsuenetako bat da. Horregatik, artikulu xume hau ez litzateke nahikoa izango bere bizitza azaltzeko; beraz, helburua nozio bat ematen saiatzea da, iraultzaile handi honen garrantzia agertzen duten bere bizitzako momentu klabeak azalduz.

Lenin 1870eko apirilaren 22an jaio zen, Errusiako Simbirsk hirian, Volgaren ibaiertzean. Sei anai-arrebetan hirugarrena izan zen. Bere ama, Maria Alexandrovna irakaslea zen eta bere aita Ilya Ulianov hezkuntza munduan posizioak igoz Simbriskeko lehen hezkuntzako inspektore izatera iritsi zen. Familiari bizitza erosoa eta buruhauste gabea ematea lortu zuten, auzorik aberatsenean, familia aristokratiko normal baten bizia emanez. Baina horrek ez zuen asko iraun. 1886ean aita gaixotu eta hil egin zen garun hemorragia bategatik, eta egoera prekario batean utzi zuen familia. Leninen bi anai arreba zaharrago, Alejandro eta Ana, San Petersburgon zeudenez ikasketak egiten,  hamasei urteko Lenin izan zen amaren laguntza bakarra.

Alejandro, bere unibertsitate garaian, Narodnaya Volyaren ideietatik gertukoak ziren talde politikoekin jarri zen harremanetan. Hau Narodniki mugimendu famatutik banaturiko talde politiko bat zen. Masen ekintzak ordezkatuko zituzten ekintza indibidualak aldarrikatzen zituzten. XIX. mendeko azken 20 urteetan, tsarismoaren errepresioak gazte iraultzaile asko erbesteratu edo heriotzara kondenatu zituen. Alejandro eta Ana zerrenda horretan daude.

Alejandro II.enaren bizitzaren aurkako atentatu baten ondoren, Alejandro eta Ana, Leninen bi anai arrebak, atxilotu zituzten. Honek inpaktu handia eragin zuen Leninengan eta bere amarengan. Bi urtetan, Ulianov familiaren egoerak oso zoritxarreko bilakaera izan zuen. Honek gogor markatuko zuen Leninen etorkizuna.

Urte horretan bertan, Lenin Kazango Unibetsitateko Zuzenbideko Fakultatean sartu zen. Etxebizitza aldaketa hau erabakigarria izan zen bere bizitzan. Unibertsitatean, Marxen Kapitala ezagutu zuen eta zirkulu marxista klandestinoekin jarri zen harremanetan. Bilera klandestino batean, iraultzaileak harrapatu eta atxilotu zituzten eta Lenin unibertsitatetik kaleratu zuten. Honek nabarmen eragin zuen Leninen amarengan, ez baitzuen beste seme bat galdu nahi estatuaren errepresioaren eskuetan. Horrela, Leninek erbestera jo zuen eta bere arrebarekin bizitzera joatea lortu zuen.

Denboraldi honetan, Leninek teoria marxista ikasten buru belarri jardun zuen, iraganeko akatsetatik eta garaipenetatik ikasteko eta etorkizunerako perspektiba argiak trazatzeko. 1891an, Leninek abokatu titulua atera zuen kanpo azterketen bidez. Bere amak, Lenin babestu asmoz, Samasera bizitzera joateko konbentzitu nahi zuen, baina Lenin konbentziturik zegoen borroka iraultzailearekin jarraitzeko. Hemen denboraldi motz bat igaro ondoren, San Petersburgora aldatu zuen bizitokia hiriburuko zirkulu marxistekin kontaktatzeko.

1894an, bere nortasuna babesteko helburuarekin, bere ezizen famatua hartu zuen: Lenin. Urte horretan bertan ezagutu zuen Nadezhda Krupskaya iraultzailea, bizi guztian zehar bikotea izango zuena. Aldi honetan zehar, Lenin garrantzia hartzen joan zen Errusiako zirkulu marxistetan.

Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrataren sorrera

1898an, Lenin erbestean zela, historia markatuko zuen bilera klandestino bat egin zen. Bederatzi pertsonen asistentziarekin, Errusiako talde sozialdemokraten batasun kongresua gauzatu zen Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrata (ELAS) sortzeko. Hori izan zen alderdiak Tsarismo garaian Errusian egin ahal izan zuen kongresu bakarra. Segurtasunagatik, kongresuko aktak erre behar izan ziren. Alderdia txikia zen, ahula eta joera nazionalistetako taldeez (Bund bezala) eta marxistak ez diren bestelako joerez osatua zegoen. Baina hala ere, gizarte kapitalistaren oinarriak astinduko zituen alderdi baten sorrera izan zen.

Sententzia bete ondoren, Lenin Pskovera joan zen, San Petersburgoren kanpoaldean dagoen hiri txiki batera. Iritsi ondoren, Errusian aldizkari marxista bat eraikitzeko lanari ekin zion berriro. Oraingoan ELASen babesa zuen.

Urte horietan, Errusian eta mundu mailan, marxismotik aldentzen ziren joerak sortzen ari ziren langile mugimenduaren barnean, horietan nagusienak ekonomizismoa eta errebisionismoa zirelarik. Joera horietako asko ELASen barruan ere bazeuden. Horregatik, benetako marxisten zeregina kanpoko arerioaren (kapitalismoa) nahiz barnekoaren (joera horiek) aurka borrokatzean oinarritu zen. Rabochei Dieloko esperientziari esker, Leninek argi zuen ezinezkoa zela aldizkaria Errusian inprimatzea zegoen errepresio guztiagatik. Horregatik, bizitokiz aldatzea erabaki zuen eta operazioa Zurichera (Suiza) eramatea, aldizkaria bertan inprimatzeko eta handik Errusiara bidaltzeko. Honela jaio zen Iskra (Txinparta) aldizkaria.

Aldizkaria aurrera ateratzeko, Leninek Plejanoven eta "Lanaren Emantzipaziorako Taldearen" laguntzan oinarritu nahi zuen, baina talde honek sorpresa ikaragarri bat eman zion. Joeren aurkako borrokak oso ahulduta zeukan erakundea. Hori argi ikus zitekeen Errusiako langile mugimendu barnean marxistak ez ziren tendentzien aurka talde honek gauzatu behar izan zuen borroka gogorrean. Kongresu arteko aldi honetan zehar (I. eta II. artean) Iskra joera indartsu gisa hazi zen ELASen barruan. Honek pisu berezia eduki zuen II. kongresuan.

Boltxebikeak eta mentxebikeak

1903ko uztailean ELASen bigarren kongresua egin zen Bruselan. Kongresuaren aurretik (1902-1903ko neguan zehar) joeren borroka gogor bat garatu zen alderdi barnean. Honegatik kongresua gatazkatsua izatea espero zen, baina hala ere, uste zena baino gehiago izan zen. Kongresuko lehen saioetan, "Bundisten" eta ekonomizisten esperotako irteera eman zen. Bazirudien Iskra tendentziak alderdia erabat kontrolatzen zuela, baina ez zen hain erraza izan. Kongresuko 22. saioan Iskraren barnean bi tendentzia aurrez aurre jarri ziren. Martov eta Lenin eztabaida batean sartu ziren, momentu hartan garrantzi gabea ematen zuen auzi baten inguruan. Alderdiko militantea zein zen eta zein ez eztabaidatzen zuten. Martovek zioen nahikoa zela kuota ordaintzea eta aldizkaria saltzea; bestetik Leninek zioen beharrezkoa zela kuota ordaintzea, aldizkaria saltzea eta erregularki alderdiko taldeetan parte hartzea. Antolakuntzako eztabaida honek, nahiz eta garrantzi gabea eman lezakeen, bi alderdi ezberdin inplikatzen zituen. Martovek zirkulu txikietarako joera zuen bitartean, Leninek kuadro politikoen alderdi baten eraikuntzarantz jotzen zuen, Errusiako masak boterera eramango zituen alderdi batean bihurtzeko gai izango zena.

Eztabaida honi beste bat gehitu zitzaion gainera, erredakzio komitea soilik hiru kidetara murriztearen inguruan. Kongresu amaieran, alderdiaren gehiengoak Leninekin bozkatu zuten. Horrela, bi aurkako joera eratzen joan ziren ELASen, etorkizunean eta modu eratuago batean Boltxebike gisa (gehiengoa), Lenin eta bere kideek osatua, eta Mentxebike gisa (gutxiengoa), Martovena, ezagutuko ziren. Hasieran, zatiketa honek justifikaezina zirudien, baina denborak erakutsiko zuen bi tendentzia hauek ikuspuntu erradikalki ezberdinak hartuko zituztela.

Hurrengo urteetan alderdi barneko tentsioak, eta bereziki Iskrakoak handitu egin ziren. Erredakzio komiteko kideak, Plejanov barne, ondoren mentxebismo gisa ezagutuko zen posizioetara biratzen hasi ziren. Orokorrean, ELAS etorkizuneko mentxebikeen kontrolpean egoten hasi zen, gutxiengoa gehiengo bihurtuz. Honek Lenin eta bere aldekoak bazterturik utzi zituen.

Bigarren eta hirugarren kongresu arteko aldian boltxebikeen eta mentxebikeen arteko ezberdintasunak nabariagoak egiten hasi ziren. Leninen jarraitzaileek politika marxista irmoa mantentzen zuten bitartean, Martov eta bere kideak marxismotik arrotzak ziren tendentziez bustitzen hasi ziren, oportunismora geroz eta gehiago biratuz.

1905eko iraultza errusiarra

Testuinguru honetan, Lenin Vperiod (Aurrera) aldizkarian lan egiten hasi zen 1904an. Denak 1905eko kongresuaren zain zeuden, baina urte horretan hori baino askoz gehiago gertatu zen. 1905ean langile altxamendu handi batek egin zuen eztanda, greba orokor batean gailendu zena, Sobieten eratzearekin eta, azkenik, konstituzioarekin. Lehen aldiz, Errusian inoiz ez bezala, proletalgoak bere seilua ezarri zuen gizartearen historian 1905eko iraultza bidez.

Mugimendu hau benetako formakuntza eskola izan zen marxistentzat. 1905eko esperientziak lehen mailako papera jokatu zuen 1917ko boterearen konkistarako ikasgaiak hartzerakoan. Hori alderdiaren aurrerakadan islaturik geratu zen. Hurrengo kongresuetan, etorkizuneko mentxebikeen frakzioa bere oportunismoa geroz eta ageriago uzten joan zen eta horregatik baztertuagoa geratu zen. Bestalde, Leninen frakzioa indartu egin zen, alderdia kopuruz hazi zen eta Bunda berriz barnebiltzea lortu zuen.

II. Internazionala eta Lehen Mundu Gerra

 

1910ean, II. Internazionalaren kongresua egin zen. Honek inpaktaturik utzi zuen Lenin, Internazional guztian marxismoari arrotza zitzaion joera indartsu bat garatzen ari zela ohartu baitzen. Urte horretan bertan, Leninek azken aldiz ikusi ahal izan zuen bere ama Stockholmen, hortik denbora gutxira hil baitzen. Urte horietan denboraldi nahiko luzea erbestean igarotzera beharturik geratu zen, Errusian garatu zen errepresioa zela eta. Urte zailak igaro zituen bere familia mantentzeko. Geroago, 1912 eta 1914 artean, Leninek Pravda aldizkari famatuan lan egiten jardun zuen. Lan honek marxismoaren ideiak langile errusiarren artean zabaltzea ahalbidetu zuen eta langile aurreratuenen artean eragiteko oinarri solido bat finkatzea lortu zuten. Lehen Mundu Gerrak, ordea, aldizkariaren lana eten zuen eta, are garrantzitsuagoa zena, froga gogorra planteatu zuen internazionalki marxismoaren indarrentzat.

Garai honetan, eztabaida izugarria piztu zen II. Internazionalaren barnean. Kautsky eta Internazionalaren zati handi bat, batez ere Alemaniako sekzioa, mundu gerra babesten ari ziren beren herrialdeko burgesiaren alde eginez. Honek, noski, marxismoaren printzipioak guztiz baztertzea ekartzen zuen. Gerra, hain zuzen ere, merkatua eskuratzeko kapitalisten arteko borroka bat zen, eta marxistek ez zuten babestu behar langileen aurkako sarraski hori. Horregatik, gerrako lehen urteetan, Leninek gerra babesten ez zuten II. Internazionaleko sektoreekin jardun zuen lanean. Lan hori Leninen bizitzak eman zuen ekarpenik handienenetako baterako pausoa bihurtuko zen.

1917ko iraultza: Tsarismotik iraultza sozialistara

Lenin Europan zen bitartean, Errusia barnean tentsioak areagotzen ari ziren. Errusia izan zen Entente Hirukoitzeko herrialdeetan heriotzen kostua garestien ordaindu zuena. Alemaniarekin muga eginez, herrialdearen atzerapen ekonomikoa bitarteko militar eskasei eta gobernu ustelari gehitzen zitzaienez, masa errusiarrek lehen lekuan bizi izan zuten lubakien gerraren izugarrikeria. 1917ko otsailean Petrogradoko ehungintzako grebak, altxamendu greba batera eta Nikolas II.ena tsarraren erorketara eraman zuen. Honek behin behineko gobernu bat ezartzea ekarri zuen, azkenean mentxebikeen eta sozialiraultzaileen eskuetan amaitu zuen Kerensky buruan jarriz. Tsarra erori arte, historia modernoan mundu guztiko langile mugimenduarentzat garrantzitsuena izan den prozesu iraultzailearen hasiera izan zen.

Momentu hartan, alderdi Boltxebikea Kamenev eta Stalinek zuzendurik zegoen eta behin behineko gobernua babestea erabaki zuten. Apirilean, ordea, Lenin klandestinoki Errusian sartu zen Alemaniatik. Itzuli zenean politika aldaketa erradikal bat planteatu zuen alderdi barnean bere “Apirileko Tesien” bidez. Behin-behineko gobernuari inongo babesik ez ematea planteatu zuen, honi mozorroa kentzea eta argi eta garbi kapitalisten gobernu bat zela azaltzea. Honekin batera, masa iraultzaileen eskakizunak (ogia, bakea eta lurra) betetzeko modu bakarra "botere guztia sobietentzat" kontsignarekin batzea zela planteatu zuen. Behin behineko gobernuak langile klasearen beharrei ez ziela erantzuten sentitzen ari ziren langileen sektore bat boltxebikeengana hurbiltzen hasi zen, baina oraindik gutxiengoa ziren sobietetan. Leninen tesiek alderdiaren oinarriko militantzian konektatu zuten indartsuenen eta alderdiak sobietetan ideia horiek defendatzeari esker iraultzaren garaipenerako prestatu zuten langile klasea.

Kerenskyren gobernuak, ordea, boltxebikeen aukako errepresioarekin erantzun zuen uztailean. Trotsky atxilotu zuten eta Leninek klandestinitatera itzuli behar izan zuen. Baina egun horietan zehar, Kornilov, tsarismoaren aldeko general bat iraultzaren aurka altxa zen estatu kolpe bat emateko asmoz. Boltxebikeek eta langileek ordea estatu kolpea garaitzea lortu zuten. Kolpe saiakera hau garaitu izana, iraultzaren inflexio puntu berri batean eraldatu zen eta Lenin eta boltxebikeek modu zuzen batean hori aprobetxatu zuten beren programarekiko masen babesa irabazteko.

Azkenik, 1917ko urriaren 24an, sobieten kongresuaren bezperan, boltxebikeek komunikabideak, trenbideak eta, azkenik, estatuko egoitzak hartu zituzten. Horrela, langile klaseak boterea hartu ahal izan zuen historian lehen aldiz Parisko Komuna ostean eta Errusiako lehen langile estatua jaio zen: Leninen bizitzako ametsa.

Egun batzuk geroago, Sobieten bigarren kongresuan, ofizialki gobernu sozialista ezarri zen.  Lehen egunetan, langile gobernu berriak hitz emandako erreforma guztiei eman zien konponbidea. Baina iraultza oraindik amaituta egotetik urrun zegoen. 1918an, Langile Estatu berriak bakea sinatzen du Alemaniarekin eta Lehen Mundu Gerratik irten zen. Hala ere, langile estatu bat egoteak mehatxu handia suposatzen zuen kapitalismoarentzat maila internazionalean eta euren artean borrokan egon ziren munduko estatu burgesak gerra gupidagabean sartu ziren gobernu errusiar gaztearen aurka. Urte gutxiren buruan, atzerriko 21 armadek eraso zuten Errusia. Honi erantzuteko, Leninek Trotskyri Armada Gorria eratzeko ardura eman zion, iraultza defendatzeko langile eta nekazarien ejertzitoa eratuz.

Armada Gorriak, tsaristen armada zuria eta kanpoko mehatxuak garaitzea lortu zuen, baina ez zuen berak bakarrik egin: mundu guztian, Errusiako langile iraultzaren garaipenaren berriak mirespen eta animo handia sortu zuen langileen artean. Toki askotan grebak egin ziren iraultzaren alde eta esku hartze militarraren aurka, esate baterako, Ingalaterran edo estatu espainiarrean. Honek garrantzia handia edukiko zuen Leninen bizitzan.

Armada Gorriak inbasioari aurre egiten zion bitartean, Estatu errusiarrak lurraren banaketa eta hainbat erreforma eman zituen aurrera, legezko abortua, emakumearen bozka eskubidea, hezkuntza laiko eta doakoa eta alfabetizazio kanpaina indartsu bat... Urte horretan bertan, Alderdi Boltxebikeak izenez aldatzea eta Alderdi Komunista hartzea erabaki zen.

Urte horretan bertan, Lenin Sozial-Iraultzaileek eginiko atentatu baten biktima izan zen, tiro bat jaso zuen birikan eta beste bi sorbaldan. Denbora bat pasa zuen sendatzen, ahalik eta azkarren lanera itzultzeko gogoz.

III. Internazionala eta Leninen benetako ondarea

Mundu mailan langileen artean Urriko Iraultzak sortu zuen animo handia aprobetxatuz, Leninek lan handia egin zuen III. Internazionalaren edo Internazional Komunistaren sorrera bultzatzeko. II. Internazionalaren gainbehera erreformistaren aurrean, mundu mailan marxismo iraultzailearen indarrak batu eta antolatzeko erakunde bat zen. Leninek hori bere bizitzako ekarpenik handienetako bat bezala ikusten zuen, berarentzat ezinezkoa baitzen Errusiako iraultzak garaipena eskuratzea ez bazuen maila internazionalean iraultza sozialistak garaitzen.

Urte hauetan zehar, Leninen osasunak okerrera egin zuen. 1922an bihotzeko bat jasan zuen eta honek gobernuan lan egitea zaildu zion. Bigarren eta hirugarren bihotzekoek, 1922 eta 1923 artean izandakoek, Gorkiko probintziara erretiratzea behartu zuten. Azkenik, 1924ko urtarrilaren 21ean hil zen 53 urte zituela.

Bere heriotza zalantzarik gabe golpe oso gogorra izan zen boltxebikeentzat, Errusiako eta mundu guztiko langile klasearentzat. Bere heriotza aurretik, aldi nahiko luze batez, Stalinek zuzenduriko taldetxo burokratiko bat alderdiaren buruan jartzen hasi zen. Bere heriotzaren ostean, Stalin gobernuaren jabe egin zen. Horretarako Stalin Trotskyren aurkako kanpaina bat egiten hasi zen, maniobren bidez bera apartatzen eta ospea desitxuratzen saiatuz; zalantzarik gabe, Sobietar Batasunean Leninen ondoan autoritate gehien zuen militantea Trotsky baitzen. Adibidez, Leninen heriotzaren berria eman ziotenean Trotsky kanpoan zen Armada Gorriarekin eta Stalinen taldetxoak bere hiletan ez egotea nahi zuenez, apropos data gaizki esan zioten, iristeko denborarik ez ziola ematen sinets zezan. Leninen hileta ekitaldia masiboa izan zen. Bere heriotzaren ondoren, geruza burokratiko stalinistak Lenin idolo huts bat bihurtu zuen bere ideia politikoak ezkutatu eta ezabatzeko, horiek ez baitzuten zerikusirik Stalin buruan ezarri zen SESBeko estatu burokratiko degeneratuarekin. Pertsonalitatearen gurtza indartzeko eta boltxebismoa eduki gabe uzteko helburuarekin, Stalinek eta bere taldetxoak Petrogrado hiriari Leningrado izena ezarri zion 1924an.

Gaur egun, Leninen heriotzatik 90 urtetara, bere bizitzan zehar eta idazlanetan utzi zizkigun ikasgaiek balio ezin hobea dute eta arretaz ikasi beharrekoak dira iraultza sozialistaren alde borrokatzen dugun langile eta gazteontzat. SESB erori zenetik 20 urte baino gehiago igaro diren garai honetan Leninen idealak bizirik irauten dute. Gaur inoiz baino gehiago, kapitalismoaren porrota mundu mailan begi bistakoa da eta gaur inoiz baino ageriago dago mundu mailako iraultza sozialista beharrezkoa dela.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.