Burgesia eta bere zerbitzura dauden komunikabideek Adolfo Suarezen heriotza baliatu dute diktatura frankistaren gainbehera frankista beraiek egindako lanaren ondorio eta ez milioika langile eta gazteren borrokaren ondorio izan zenaren gezur historikoa zabaltzeko. Gainera, gogoratu behar dugu borroka honek, eta bereziki 1975 urtearen amaiera aldera Franko hil eta geroko borrokak, izaera aurreiraultzailea hartu zuela.

Suarez demokraziaren sustatzailea izan zela esan zuten komunikabideek. Esan ez zutena da diktadorea hil eta hurrengo egunean Suarezek Franko nola goraipatu zuen: “Mendeen joanak ez du bere izenaren oihartzuna ezabatuko, beti justizia sozialari eta gure aberriak inoiz ezagutu ez duen garapenari lotua. Berarekin Espainiak bakarra, handia eta bere asmoekiko librea izatea lortu zuen. Frankoren lana, belaunaldiz belaunaldi mantenduko da” (El Alcazar, 1975eko azaroaren 21ean). Garai hartan, “Mugimendu Nazionaleko” idazkariorde orokorra zen Suarez.

Baina, zein izan zen Suarezek hainbeste goraipatu zuen “Frankoren lana”? Bada, sarraski eta terrorean oinarritu eta kapital handien zerbitzura zegoen diktatura basati bat inposatzea. Hasieratik amaiera arte, baita Suarez lehendakari izandako gobernuetan ere, ordurako Trantsizio deituriko horretan, erregimen frankista guztiz errepresiboa izan zen. Gerra Zibila hasi zenetik 1948ko uztaila bitartera, erregimenak exekutatutakoak eta bazterketa, gose edo gaixotasunagatik hildakoak 250.000 pertsona inguru izan ziren. Gainera, hauei hilketa arbitrarioak, “paseoak” eta “ihesaren legea” aplikatuta hil zituztenak gehitu behar zaizkie, beste 30.000 lagun inguru. Erregimen frankista noraino iritsi zen erakusten duen beste datu bat 1939 eta 1943 bitartean zeuden 550.000 preso politikoak dira.

Frankismoak, Gerra Zibilean eta hurrengo urteetan ezarri zuen errepresio bortitz honek helburu politiko garbiak zituen. “Frankoren lana”, diktadoreak berak esan zuenez, hurrengoa zen: “nahitaez geldoa den lana da erredentzio eta baketzearena, hau egin ezean, okupazio militarra guztiz alferrikakoa izango litzateke eta. Okupatutako lurretan erredentzio morala gauzatzea luze eta zaila izango da, Espainian anarkismoaren sustraiak zahar eta sakonak baitira”... “Lurraldearen errekonkista bidea da, biztanleen erredentzioa berriz, helburua”.

Errepresio bortitz honen testuinguruan, askatasun politiko eta sindikalik gabeko garai honetan, langile klaseak bizi baldintza ankerrak zituen bitartean, gutxiengo pribilegiatu batek ikaragarrizko etekinak lortu zituen esku lan merke eta ia esklaboari esker. Denbora aurrera joan ahala, eta nahiz eta errepresioak bere horretan jarraitu, langile mugimendua Gerra Zibilean jasotako porrotetik errekuperatzen hasi zen. Nahiz eta 40ko eta 50eko hamarkadetan greba batzuk egon, 60ko hamarkadan gorakada nabarmena izan zuen langile borrokak. Hamarkada honen amaierarako, Estatuko lantegi nagusiek politizazio maila altuko grebetan parte hartu zuten. Langile mugimenduaren bultzada hau izan zen diktaduraren aurkako borrokaren bizkarrezurra. Frankismo garaian hain bortitza izan zen zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokak ere, Euskal Herrian eta Katalunian berebiziko garrantzia izan zuen diktaduraren aurkako mugimenduan.

Langile mugimenduaren gorakada honek erregimen frankista ustekabean harrapatu zuen, baina, hala ere, errepresioa asko gogortu zuen. Interesgarria iruditzen zaigu aipatzea, 1963 urtean oposizio politikoa erreprimitzeko sortutako Ordena Publikoko Auzitegiak bere existentziako azken hiru urteetan (1974-1977 bitartean) egin zituela bere prozeduren %60a. Gainera, gogora dezagun, 1975eko irailaren 27an, Frankoren heriotza baino lehenxeago, izan ziren erregimenaren azken 5 fusilatuak.

Elkarrizketaren eta adostasunaren txapeldun bezala aurkeztu nahi diguten arren, Suarezek ez zuen hatzik ere mugitu heriotza hauek saihesteko. Baina kontatzen ez diren gauza gehiago ere badaude: Arias Navarro eta Suarezen gobernuekin ere, 1975eko azaroan diktadorea hil eta gero, 100dik gora izan ziren Guardia Zibilak eta estatu aparatuak babesten zituen eskuin muturreko bandek hil zituzten ezkerreko militanteak. Suarezek dagoeneko “demokrata” lana egiten zuen ordurako.

1976ko lehen hilabeteetan langile mugimenduak gorakada nabarmena izan zuen. Urtarrilean Madrilen hasi ziren lehen mobilizazio eta grebek Estatu osoan izan zuten jarraipena ondoko hilabeteetan; Euskal Herriaren kasuan, martxoan izan zen borroka hauen momentu gorena. 30eko hamarkadatik, lehen aldiz, Gasteizko langileen borrokak langile boterearen organoen sorrera ekarri zuen, “Ordezkaritza Batzordeen” izenarekin. Hasiera batean, lantegietan greba antolatzeko sortu ziren, baina denborarekin “Greba Batzorde Orokorrean” fusionatu ziren. Hemen sartu ziren emakumeen, ikasleen eta merkatari txikien ordezkariak ere.

1976an Gasteizko langileen borroka benetako iraultza sozial baten hastapena izan zitekeen, baina borroka eredu hau zabal zitekeenaren beldurrak bultzatuta, burgesiaren erantzun bortitza etorri zen. Martxoaren 3an eginiko Batzar Orokorrean, zeinean 5.000 langile bildu ziren San Antonioko elizan, poliziaren esku hartze bortitzak 5 pertsona hil eta 100dik gora zauritu zituen. Sarraski hau salatzeko asmoz, elkartasunezko mobilizazioak deitu zituzten Estatu osoan. Eta Euskal Herriaren kasuan, martxoaren 8an deituriko greba orokorrak arrakasta historikoa izan zuen, 30eko hamarkadatik izandako grebarik jendetsuena izan baitzen, milioi eta erditik gora langilek jarraitutakoa.

Mobilizazio hauen bidez, langileek eginiko ia eskaera guztiak onartu ziren, eta urte haietan, Estatu guztiko langile klaseak azken 40 urteetan izandako soldata igoera handienak lortu zituen. Gasteizko langileen borrokak diktatura frankistari azken golpea ematea lortu zuen.

Historiatik ikasiz iraganeko akatsak saihesteko

Gaur egun ere, 70eko hamarkadaren gisara, gizartearen haserrea ikaragarria da. Krisi kapitalistak, murrizketek eta eskubide urraketek (hauetariko asko diktaduraren aurkako borrokan lortutakoak) sistema kapitalistaren eta berau sustengatzen duten erakunde eta alderdi politikoen aurkako ondoeza handitu dute. Suarezen irudia goraipatzearen aldeko kanpaina beraz ez da kasualitatea. Bi helburu desberdini lotua dago: batetik, diktatura frankistaren amaiera ekarri zuen langileen borroka estali nahi dute, eta bestetik, krisitik ateratzeko burgesiarekin elkarlana beharrezkoa dela sinestarazi nahi digute. Baina elkarlana aipatzen duten bitartean, hatzaparrak zorrozten dituzte: murrizketak eta errepresio gehiago prestatzen ari dira gazteriaren, langileen, langabetuen eta krisi kapitalista sufritzen dutenen aurka. 

Gaur egun, 70eko hamarkadan bezalaxe, langile mugimenduak indar nahikoa du kapitalaren diktadurarekin amaitzeko. Etorkizunean ere aukera berriak izango ditugu frankismoaren aurkako borrokaren ikasgaiak ateratzen baditugu. Horregatik, gogoan izan behar dugu lorpen demokratiko eta sozialak ez ziren izan frankista batzuk “demokraziara” pasatzearen ondorio edo burgesiaren eginkizun “aurrerakoien” ondorio. Gure omenaldia borroka gogorraren baitan beren indarra, beren denbora eta kasu askotan beren bizia eman zuten gazte eta langileentzat izan behar da, eta ez kontrakoa saldu nahi diguten gezurtientzat eta frankista “demokratentzat”.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.