Egiptoko Nasserren erregimenaren aldekoak ziren Abdul Salam Aref koronelak eta Abdel Karim el Kassem generalak gidatutako estatu kolpe militarrarekin Irakeko monarkia 1958ko uztailaren 14ean erori zen. Arefek eta Kassemek Irakeko gaztediaren eta langilegoaren gehiengoaren sentimendu iraultzaile eta inperialismoaren aurkako jarreraz baliatu ziren.
Irak 1958ko uztaila arte inperialismoaren aldeko monarkia feudal bat izan zen. Alderdi Komunista, naiz eta errepresio izugarria jasan, oso indartsua zen eta programa egoki bat defendatu izan balu kapitalismoarekin erraz bukatuko zuen. Baina zapaldutako masen indarrean oinarrituta sozialismoaren alde tinko egin beharrean, ahula zen burgesia irakiarrarekin bat egitea bilatu zuten (“bi etapen” teoria estalinistak zihoen moduan).
Irakeko biztanleen %80 nekazari analfabetoak ziren eta %56 berriz gutxiegi elikatuta zegoen. 49 familiak bakarrik lurraren %17 zuten eta mendebaldeko monopolien laguntza jasotzen zuten. Nahiz eta 1958an “nekazal erreforma” bat bultzatu, modu mugatuan bakarrik egin zitzaion aurre nekazal auziari: nekazariek behar zituzten tresnentzat ez ziren kreditu merkeak eskeini, nekazaritza ez zen kolektibizatu ere egin eta nekazari pobreak hirietan pilatu ziren ondorioz.
Egia da masen presioaren ondorioz hezkuntzaren, osasungintzaren eta etxebizitzaren sisteman erreformak egitera bultzatu zela gobernu berria, baina Irakiar Petrolio Konpainia Britainia Handiko, Frantziako, Holandako eta AEBetako lau konpainien eskuetan utzi zen. Alderdi Komunista zoritxarrez ez zegoen prest benetako programa iraultzaile bat defendatzeko. Petrolio industriaren langilegoaren gestioaren aldeko, nekazarien artean lurra banatzearen aldeko, kurduen autodeterminazioaren aldeko eta Ekialde Hurbileko Federazio Sozialistaren aldeko dei argi batek, gizarte sozialistaren eraikuntzari bidea irekiko zion kapitalismoarekin eta inperialismoarekin amaituz, baina tamalez, Moskuren eraginarengatik, Alderdi Komunista kapitalismoaren aldekoak ziren talde desberdinekin bat egiten saiatu zen, batez ere Baas alderdi panarabiarrarekin.
Bonapartismo irakiarraren etapak
1961-64. Kurduek (Alderdi Komunista zuten erakunde indartsuena) autonomia eta iparraldeko petrolioaren kontrolaren banaketa eskatu zuten. Alderdi Komunista Irakiarra legez kanpo utzi zuen gobernuak eta Kassemen ezezkoarekin errepresioari hasiera eman zitzaion (klaseen arteko elkarlana horrela “eskertu” zuen). Hala eta guztiz ere, Alderdi Komunistaren zuzendaritzak beraien kontra egiten zuen Kassemi laguntza ematen jarraitu zuen eta militante komunistak burgesia nazionalarekin fidatu behar zirela esaten jarraitu zuten. Panarabiar abertzaleen gogoa Egiptoko Nasserren eredua jarraitzea zen, hau da, estatuaren partehartze handi batekin sektore kapitalista nazional indartsu bat sortzea, ezkerrari egurra ematen zioten bitartean. Baasistek masen aurrean “sozialistak” bezala aurkeztuz legitimitatea lortu nahi zuten.
Erregimena 1964an kurduekin su-etena sinatzera eta industriako sektore batzuk nazionalizatzera behartuta ikusi zen. Baina Alderdi Komunistaren zuzendaritzak ez zuen ulertzen klase kapitalista irakiarra ahulegia zela paper independiente eta aurrerakoia jokatzeko, baita erreformak egiteko ere. Iraultza sozialistarekin bakarrik, kapitalistei eta inperialistei industria eskuetatik kenduz, eta ekoizpenaren antolakuntza sozialista eta demokratikoa ezarriz, zen posible Irakeko arazoei aurre egiten hastea. Munduko merkatuaren nagusitasun inperialistaren aurrean, langile demokraziaren aldeko nazioarteko borrokaren lehen urratsa izan zitekeen: perspektiba honek erabat beldurtzen zituen burgesia irakiar ahula eta gobernuko bere ordezkariak.
1968-74. Al-Bakren gobernu berriak (Tikriteko klan baasistakoa) kurduekin pakea sinatu eta petrolioaren industria nazionalizatu behar izan zuen, atzerriko jabetza guztia debekatuz. Gobernua Sobietar Batasunera hurbildu zen petrolioaren industria garatzeko laguntza bilatuz eta horrela burgesia nazionala bultzatu nahirik. Horrela denbora batean Alderdi Komunista eta ministro kurduak onartu behar izan zituen gobernuan. 1973ko Ekialde Hurbileko krisiak, Vietnamen AEBek izandako porrotak eta 1974-75ko munduko ekonomiaren errezesioak, inperialismoari eragotzi egin zioten Iraken eskua sartzea. Urte hoietan petrolioaren prezioaren gorakada handiak eragin garrantzitsua izan zuen herrialdean. Petrolioaren errenta, hogei urtetan lau aldiz biderkatuz 572 milioi dolarreko kopuru txikira heldu zena, 1980ean 26.500 milioi dolarretaraino luzatu zen.
Nondik heldu zen Sadam?
1974 eta 1978 artean, Gobernua industriaren pribatizazio programa handi batean murgildu zen, sektore pribatu irakiarrari laguntza emateko. 1980ean Iraken 700 multimilioidun zeuden. Estatu irakiarra famili milioidun hauentzat aberastasun iturri izugarria bihurtu zen. Sadamen klana oso aberatsa egin zen, lur handien eta arropa egiteko konpainien jabe zelarik. Xahutzaileak eta diruzaleak goxo-goxo zeuden bitartean, langileriak etenik gabe zapalketa izugarria jasaten zuen: adierazpen askatasunaren, sindikatuen eta alderdi politikoen debekua adibidez. Irak barneko kolonia gisa geratu zen Kurdistan. 1979an Al-Bakren ondotik Sadam Husein jarri zen. Milioi bat kurdu indarrez deserrotu ziren Sadamen arabizazio egitasmo bat zela medio. Kurduak altxa egin ziren eta Sadamek hauek menperatzeko AEBek eta NATOk Irakera bidalitako 150.000 turkiar soldaduren laguntza izan zuen.
Beste aldetik, Iranetik fundamentalismo islamiarra zabaltzeko beldurraren ondorioz diktadura saudiarrak eta kuwaitiarrak kreditu milioidunak eman zizkioten Iraki. Egiptok, Sudanek eta Yemenek ere soldaduak bidali zituzten. Sobietar Batasunak laguntza handiagotu zuen. Hala eta guztiz ere, erregimenak bost urtetan Kurdistango kontrola galdu egin zuen. Laguntza guzti horrengatik ez balitz, Sadam erori egingo zen baina ez zen erori eta iparamerikarren laguntza sutsuari esker Iran inbaditzea erabaki zuen.
Iranen 1979ko iraultzak inperialismoaren aldeko monarkiarekin bukatu zuen. Iraken eman zen bezala, iraultzaren ondoren, burgesiak eta kasta erligioso iraniarrak langileriaren erakundeak txikitu egin zituzten Tuded (Alderdi Komunista Iraniarra) indartsutik hasiz, Moskuren isiltasun konplizearekin. Inperialismoak masa iraniarren iraultzaren oroitzapen ororekin bukatu nahi izan zuen eta hasieratik Sadami laguntza eman zion. Gerrak bederatzi urte iraun zuen, Iraki 80.000 milio dolarreko zorra eta milioi bat hildako eraginez. Gainera, Irak eta Iranen arteko gerra bukatzerakoan, saudiarrek eta kuwaitiarrek kredituen ordaina eskatu zuten. Pakeak gerraren galerak begi bistan utzi zituen eta Sadam petrolioaren salneurriaren beherakadari aurre egitera behartu zuen. Irak egunean 10 milioi dolar galtzen ari zen, inflakzioak gora egiten zuen, eskasia zabaltzen ari zen, konspirazioak indartzen ziren. Hauek dira 1990ean Sadamek Kuwait inbaditzeko izan zituen arrazoiak. Estalinismoaren erorketak inperialismoa berriro itzultzeko baldintza ezin hobeak sortu zituen: horrela hasi zen Golkoko Lehenego Gerra.
Langile klase irakiarra
Biztanleriaren % 70 hirietan pilatuta eta 1920tik tradizio iraultzaile handiak dituen langile klase batekin, Ekialde Hurbileko eginkizun sozialistak eta antikolonialistak aurrera eramateko indarren zati handi bat Iraken egoten jarraitzen du. Alderdi Komunistak jarraitzen du masen artean autoritate gehien duen erakundea izaten, dagoeneko herrialde guztian kalera irten da. Bagdaden lokal bat ireki berri du eta aldizkari bat argitaratzen hasi da. Langileen sindikatuek ez dute askoz gehiago itxarongo.
Alderdi Komunistaren zuzendaritzak Londresetik egin zuen publiko bere postura: Irakeko klase guztiei zabalik egotea eta Nazio Batuen Erakundeak babestutako gobernu koalizio demokratiko zabal baten alde egitea. Badirudi iraganetik ez dutela ezer ikasi. Kapitalismoaren krisiaren egungo egoeran Irakentzat ez da Marshall egitasmo bat egongo, eta ezta inolako errekuperazio ekonomikorik klaseen arteko elkarlanaren alde egiteko. Langile klase irakiarra, jasan duten Sadam Huseinen errepresio luzearengatik eta inperialisten zapalketarengatik, ziur altxa egingo dela eta bere zuzendaritzei presio egingo die AEBen inperialismopean burgesia irakiar txotxongiloarekin bat egin ez dezaten. Honek, Alderdi Komunistaren barruan kontraesan handiak sortaraziko ditu eta bere barnean marxismoaren benetazko ideiak indartuz eraldaketa iraultzaileari bidea irekiko dio.