Burgesia etengabe ari da ideia sozialistenganako mezprezua erakusten, hortan bere interes guztia jarriz. Hala, 68ko Maiatza akats handi baten moduan aurkezten dute, horren adibide gisa mugimendu horren agintari batzuk nola amaitu duten erakutsiz.

Egia esan behar bada, batzuetan horretarako egoera oso aproposa egokitu zaie. Daniel Cohn-Benditek, 68ko Maiatza osteko garaia aztertzen zuen memorietako batean, honakoa onartu zuen: “ Garai guzti hau aldi berean erbestea eta bizitza parasitarioa izan zen. Adierazi eta burrukatutako ideien lepotik bizi izan nintzen”.

Langile klaseak ezin du ordea parasito moduan bizi, bizitzeko behar duen soldata lortzeko lanera joan beharra dauka. Gainera, nahiz eta porrota jasan, berriz ere altxa eta borrokara joateko beste erremediorik ez dauka. Hau ez da langile klasearen idealizazio edo mitifikaziotzat hartu behar, sistema honen azpian bizi behar duten kondizio moduan baizik. 1969ko erreferendum bateko porrotaren ostean, De Gaullek kargua utzi zuen. 1973an, ezkerren koalizioak, nahiz eta ez irabazi, hauteskunde legegileetan botoen %47 lortuko zuen. 1977an eskubiko gobernuak ezarritako inflazioaren aurkako politikaren aurkako bi greba orokor egongo dira. 1981az geroztik, PSFk hauteskundeen bigarren bueltan 15 milioi bozka lortu zituenetik 1993ra arte, PSFren gehiengoak osaturiko ezkerreko gobernua edukiko dugu, buruan Mitterrand delarik. Honek,  PSOEk espainiar estatuan egin zuen moduan, kapitalismoaren markoak eskeintzen dizkion margenak errespetatuz langile klasearen kontrako etengabeko erasoen politika bat garatuko du, bere bozkatzaileen artean etsipena zabalduz. 1980tik 1996ra Frantziak sorturiko aberastasunean soldataren zatia %68,3 tik %60ra igaro zen. PSFren gobernuak hasiriko eta eskuindarrek sakonduriko lan merkatuaren flexibilizazioak zera suposatzen du: gaur egun 25 milioi langile aktibo duen Frantzia honetan zazpi milioi lan egonkorrik gabe eta beste hiru langabezian egotea.

Beraz, kapitalismoa zalantzan jartzen ez duten langileen agintariei, Miterrand, Rochet, Carrillo, Felipe Gonzalez, Antonio Gutierrez edota Candido Mendezi galdetzeko eskubide osoa dugu: zer lortu duzue? Gerrak, langabezia, gosea, txirotasuna eta korrupzioa amaitu al dira?, enpresariei irabazi errekorrak lortzea baimentzen dioten langile eta gazteriari eskatutako sakrifizioak, lanpostu gehiagotan bihurtu al dira?

Aldiz, aurkakoa gertatzen da, ongizate estatuaren eraispen politika bat ikusten ari gara berau dagoen nazio guztietan. Burgesia nazional orok eta bakoitzak langile mugimenduak hainbat hamarkadetan zehar eginiko borrokaz bereganatutako lorpen historikoak ezabatzen saiatzen dira. Lan merkatuaren liberalizazioa, pribatizazioak, etab.; gaur egun, lanpostu finkoa, pentsioaren edo ogasun eta kalitatezko hezkuntza publiko baten mantenimendua bateraezina da kapitalismoarekin.

 

PSF eta PCFn arteko gobernu koalizioa

 

PSFk, langileen aurkako politikaren ondorioz, 1993an boterea galdu eta eskuinak gehiengo osoa lortu zuen, hau da, 487 eserleku, PSFk 63 eta PCFk 26 lortzen zituzten bitartean. Emaitza hauek ikusita, egon ziren “RIP”a berriz ere langile klasearen gainean ezarri zutenak. Eta berriz ere, oker zeuden.

1995ko abenduan 68ko Maiatzaz geroztik eginiko mobilizazio nagusienak eman ziren. Miloika langilek Jupperen gobernuaren erasoei aurre egin zieten. Borroka honen experientzia hauteskunde eremuan nabarmendu zen, baita 1997ko legegileetan ere, eskuindarrek 234 eserleku galduaz eta PSF eta PCFek 306 eserlekurekin gobernua osatuz.

PSFko liderra zen Jospinek, hauteskunde kanpaina osoan langile presioa zela eta hauteskunde programa aurreko urteetakoa baino ezkertiarragoa egin bazuen ere, burgesiaren presioei men egiten bukatu zuen. Ondorioz, beste behin, eskuina jarri zen gobernuan hurrengo bi legealdietan Chirakekin eta orain berriz PSF eta PCFren politika erreformistari esker Sarkozy dago presidente. Hauek dira politika erreformista errealistaren lorpenak, pazientziarekin gero eta hobeto egongo garela defendatzen duena.

Baina eskuina presidentetzan eta gobernuan egonagatik ezin liteke esan kapitalisten etorkizuna erosoa izaten ari denik. Ez noski PSFko eta PCFko zuzendaritzek aurre egiten dietelako, gazteak eta langileak aspaldi ez bezala azken garaiotan kalera atera direlako baizik. CPE legearen aurkako mobilizazioak, Europako konstituzioari ezezkoa, “auzo pobreetako” gazteen leherketa soziala, 1968ko maiatzetik ikusten ez ziren mobilizazioak, langileen greba indartsuak... Hauteskunde emaitzen azalpena ezin da izan eskuinaren sendotasuna, ezkerreko zuzendaritzen ahultasuna baizik.

Gazteen eta langileen indarra hasieratik eduki du gertu Sarkozyk. Hauteskunde presidentzialak irabazi zituela jakindakoan, minutu gutxitan, ehunka manifestazio ikusi ahal izan ziren Estatu guztian eta ondorengo egunetan jarraitu egin zuten mobilizazioek. Aste bakar batean mila atxilotutik gora egon ziren, asteak iraun zituen CPE legearen aurkako borroketan baino gehiago eta atxilotutako hainbat gazteri hilabete batzuetako espetxe zigorrak ezarri zitzaizkien.

Sarkozyren jarrera faxista ez da eskuin frantziarraren berezitasuna. Estatu espainiarrean antzekoa ikus daiteke PPrekin eta berdina gertatzen ari da beste Estatu europarretan. Honek erakusten du burgesia europarra prestatzen ari dela langile klaseari aurre egiteko. Eta erreformismoa langileen begietara gero eta konfiantza gehiago galtzen doan bitartean, burgesia borroka honetarako prestatzen ari da mota guztietako lege erreakzionario, errepresibo eta erregimen autoritarioekin.  

Burgesia frantziarra, Sarkozyren laguntzarekin, “batasun nazionala” bultzatzen dabil. Baina ondo dakite “batasunaren” ilusioak azkar bukatuko direla. Sarkozyren programa Estatu frantziarrean klaseko borroka lehertzeko errezeta da.

Langileen mugimenduak beren esperientziagandik ikasten darrai eta erne dagoen jarrera mantentzen du. 1995an emandako greba izugarrien ondorioz langile mugimenduan kontzientzi berri bat ernatu zen. Kamioilarien borrokak, langabetuen manifestazio eta ekintzak, egoera berri baten islada ziren zeinak langileen erakundeetan eragin handia izan zuen, beraien oinarrietako sektore asko kutsatuz, honekin mugimendu sindikalean ezkerreko korronte indartsuen sorrera erraztuz. Horrela, ez dago duda izpirik langileen ekintzen ondorioz betiko ezkerreko erakunde tradizionalak behetik gora eraldatu egingo direla, benetazko masen agintaritza marxista bat garatzeko aukera emanez. Lehenago edo geroago, kapitalismoaren kontraesanek populazioaren gehiengoa 68ko Maiatza behin eta berriz interpretatzera bultzatuko ditu, ez Frantzian bakarrik, baita beste nazio askotan ere, bertan gizarte berri bat sortzeko aukera emango duten prozesu iraultzaileak ikusiko ditugularik.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.