Gaur egungo Balkanetako gertakizunak ulertzeko, munduko beste edozein lekurekin gertatzen den bezala, garrantzitsua da bere historia eta klase ezberdinek jokatutako papera ezagutzea. Balkanetako herriak hainbat potentzia inperialistek etengabe zapaldu dituztela da ezaugarri nagusienetako bat.
Inperio Otomandarrak Balkanak inbaditzearen ondorioz, lurralde hau guztia atzerapen ekonomiko ikaragarri baten mantenduz, herri bakoitzak garaiko beste inperioen laguntza bilatu zuen. Hori izan zen Eslovenia eta Kroaziaren kasua turkiarren aurkako borrokan Inperio Austro-Hungariarrarekin elkartuz. Bistakoa da Inperio Austro-Hungariarrak ez zituela esloveniarrak eta kroaziarrak ezeren truk babesten, Inperio Otomandarrak ezarritako sufrimendu eta zapalkuntzaren aurka, bere interes egoistengatik baizik: herri hauen kontrol politiko eta ekonomikoa nahi zituen.
Balkanak kontrolatu nahi zituzten Inperio Otomandarrak zein beste potentziek Inperio Erromatarraren taktika ezaguna erabili zuten, “divide et impera” (zatitu eta irabazi). Bosniarrak, gehienak musulmanak ziren, kroaziar kristauen eta serbiar protestanteen aurka jartzen zituzten. Behin eta berriz beren sentimenduekin jokatzen zuten hauek hobeto kontrolatzeko. Baina zapalkuntzarekin bukatzeko grinak eta Europa osoan eragina izan zuten Iraultza Frantziarra bezalako gertakizunek askapen nazionalen borroka indartu zuten. 1825ean Greziak independentzia lortu zuen eta ondoren Montenegro, Serbia eta Bulgariak. Nazio hauek elkartu egin ziren 1912an Inperio Otomandarrarekin bukatzeko. Garaipena lortu zuen gerra hau aurrerakoia izan zen, ez zapaltzaile otomandarrak bota zituztelako bakarrik, hemendik sortu zelako Errepublika Federal Balkaniarraren ideia, historia komuna zuten herri ezberdinak modu boluntarioan elkartzeko helburuarekin. Ideia hau Alderdi Boltxebikeak babestua zuen. Baina gerra amaitu zenean, Balkanetako esperientziak gaur errepikatzen ari dena erakutsiko digu: nazio balkaniar ezberdinetako burgesiek euren posizioak erabili zituzten bakoitzaren interesak defendatzeko. Turkiarrak bidali bezain laster greziarrak, serbiarrak eta errumaniarrak elkartu egin ziren Bulgariaren aurka Mazedonia kontrolatzeko, hemendik Grezia eta Serbia atera zirelarik indartuta. Zergatik gerra hau? Testuinguru historikoak lagunduko digu hori ulertzen. Bi urte geroago bakarrik, 1914ean, Lehen Mundu Gerra hasi zen. Kapitalismoa aspalditik aurkitzen zen inoiz izan zuen krisirik sakonenean eta hainbat potentzia europarrek merkatu berriak behar zituzten, hau da, herrialde gehiago menderatzea horrela biztanle gehiago zapaltzeko eta beren produktuen erosle kopuru handiagoa izateko. Adibidez, Alemaniak nahi zituen merkatuak Britainia Handiak eta Frantziak kontrolatzen zituzten eta alderantziz, ondorioz gatazka prestatuta zegoen. Lehen Mundu Gerra merkatu berriak konkistatu nahiaren adierazpen konkretua izan zen, eta Balkanak tarta horren zati ziren. Burgesia nazional balkaniarrek egin zuten bakarra potentzia batekin edo bestearekin posizionatzea izan zen.
Horrek zer esan nahi zuen ulertu zuten bakarrak sozialista balkaniarrak izan ziren, langile klase europarrak ordura arte jasandako odoluste handienaren kontra proletalgoaren borroka bateratua defendatu zuten gerra inperialistaren aurka. Sozialdemokrazia alemaniarraren moduan burgesia nazionalak babestu zituzten beste alderdi sozialdemokratek ez bezala, sozialista balkaniarrek benetako internazionalismoa defendatuz 1915ean, nazio ezberdinetako langileak elkarren kontra erailtzen ari ziren bitartean, Federazio Sozialdemokrata Balkaniarra sortu zuten bertan elkartu zirelarik Errumaniako, Greziako, Bulgariako eta Serbiako alderdi sozialistak. Boltxebikeek bezala, ondo ulertu zuten sarraski inperialistak hasieran sortu zuen chobinismo bolada laster desagertuko zela langile klasea milioika hildako ikusten hasten zenean. Esperientzia gogor eta anker honek zapalduen buruak astindu zituen historiako gertakizun garrantzitsuena emanez: Errusiako Iraultza eta zapalduen botere hartzea. Boltxebikeek arazo nazionalaren aurrean zuten posizioa, tsarismoak historikoki zapaldutako nazioei autodeterminazio eskubidea emanez, adibide zoragarria izan zen herri askorentzat, tartean herri balkaniarrentzat. Sozialdemokrazia zaharretik sortutako Alderdi Komunisten sorrera eta Balkanetako leherketa sozialek klase dominatzailea beldurtu zuten, masak baretzeko serbiarren, kroaziarren eta esloveniarren Estatu bateratuaren eraketa onartuz: Jugoslavia. Baina estatu burges hau ez zen gai herri ezberdinak berdintasunean elkartzeko, nazio bakoitzeko burgesiak, berriro ere, bere posizioa erabiliko zuen besteak baino indartsuagoa izateko. Modu horretan, burgesia serbiarra gainontzekoen zapaltzaile bihurtu zen, tentsio handiagoak sortuz arazo nazionalean. 20 eta 30. hamarkadetan aurrena Mussolinirekin eta geroago Hitlerrekin kolaboratuko zuten diktadurak ezarri ziren. Azkenean Mussolini eta Hitlerrek 1939tik 1941era Albania, Grezia, Jugoslavia eta Bulgaria inbaditu zituzten bertako kontrola handitzeko.
Basakeria faxistak, aurreko gerra inperialistan bezala, nazio ezberdinetako langile klasea elkartu zuen Erresistentzia armatu batean, partisanoak. Hauen borroka heroikoa langile mugimenduaren historian grabatua geratu da. Chetniks chobinista erreakzionario armatuek hasieran faxisten aurka egin zuten borroka, baina komunistei zieten gorrotoak naziekin kolaboratzera eraman zituen. Partisanoek, aldiz, askapen nazionala askapen sozialarekin lotzen zuten. Erresistentzia herri batera heldu eta faxistak garaitzen zituenean, bertako lurrak eta fabrikak okupatzen ziren hauek nekazari behartsu eta langileen eskuetan geratuz. Iraultza sozialista zen eta berdin zen iraultzaileak zein naziotakoak ziren. Erresistentzia honela zegoen osatua: %44 serbiarrak, %30 kroaziarrak, %10 esloveniarrak, %5 montenegrotarrak, %2,5 mazedoniarrak, musulmanak ere bazeuden, kristauak... Arrazoi guzti hauengatik lortu zuen Erresistentziak faxismoa garaitzea.
Erresistentzia jugoslaviarra, Italian eta Grezian bezala, Alderdi Komunistak eta III. Internazionalak zuzendua zegoen. Baina Alderdi Komunista eta III. Internazionala ez ziren Leninen garaikoak bezalakoak. Iraultza errusiarra isolatuta geratzearen ondorioz Stalinen figura burokratikoak ordezkatzen zuen degenerazio burokratikoa eman zen. Tito, Alderdi Komunista Jugoslaviarreko burua, III. Internazionalaren politika jarraituz burgesia jugoslaviarrarekin akordioetara heltzen saiatu zen, ez baitzen zuzendaritza komunistaren helburua Sobietar Batasuna bezalako langileen estatua sortzea Jugoslavian, are gutxiago estatu sozialista sano bat. Akordioetara heldu nahi zuten burgesiarekin eta inperialismoarekin alderdi burgesei gobernu berrian parte hartzea eskaintzera helduz, baina burgesiak ezetz esan zuen eta gobernu berriaren aurkako boikot ekonomikoari ekin zion. Orduan Titok, ekonomiak funtziona zezan, ekonomia nazionalizatu behar izan zuen, neurri horien aurka zegoen Stalinekin enfrentamendu zuzen bat izan zuelarik. Gainera Stalin Jugoslaviako Errepublika Sozialisten Federazioa sortzearen aurka zegoen, estatu nazionalak babesten zituen nahiz eta horrek ez zuen zerikusirik internazionalismoarekin eta sozialismoarekin. Titoren ideia egokia zen, ekonomia nazionalizatuta eta planifikatuta egoteari esker nazio ezberdinak gerrarik gabe bizi izan ziren. Horrela nazio balkaniar guztietako herritarren arteko harremanak handitu egin ziren jatorri ezberdinetako pertsonek osatutako familiak ere sortuz. Harreman hauek masen bizi baldintzen hobetze erradikalari eta nazio guztien eskubide demokratikoak bermatzeari esker sortu ziren. Jaio ziren sei Errepublikek, Serbia, Kroazia, Eslovenia, Montenegro, Mazedonia eta Bosnia-Herzegovinak autonomia handia izateaz gain, autodeterminazio eskubidea zuten. Serbiak baino autonomia gutxiago zuten Kosovo eta Voivodinak 1974ean lortu zuten gainontzeko errepublikekin parekatzea.
Baina Titoren erregimena ez zen langileen demokraziarena izan, ez zen langile klasea ekonomia eta politika kontrolatzen zituena, burokrazia baizik. Ez zen agian burokrazia errusiarra bezain ankerra, baina azken finean burokrazia zen. Eta ekonomia nazionalizatu eta planifikatu burokratizatu batek bere egunak kontatuak dauzka, sozialismoa masen kontrolarekin soilik baita iraunkor. Trotskyk eta Che Guevarak abisatu zuten burokraziarekin ez bazen bukatzen Sobietar Batasunera kapitalismoa itzuliko zela. Horrela izan zen Balkanetan ere. Kapitalismoaren sarrerarekin inflazioa ikaragarri hazi zen eta hori eskenatoki ezin hobe bihurtu zen nazio ezberdinetako burokrata zaharrentzat. Lotsarik gabe, kapitalismora pasa ziren eta herri balkaniarren arteko gerrak bultzatu zituzten inperialisten mesedetan XX. mende hasieran bezala.
Balkanetako historia artikulu honetan sartzen diren hitz kopurua baino aberatsagoa da, baina batik bat gauza bat adierazi nahi izan dugu: Balkanetako arazo nazionala konpontzeko aukera bakarra herri ezberdinetako langileak eta zapalduak elkartuta zeudenean soilik eman zela.