1917ko Errusiako iraultza berriz martxoaren 8an hasi zen, emakumearen egunean, emakume andana lehen mundu gerran Errusiaren parte hartzeak ezartzen zizkien gabezien aurka Petrogradoko kaleetan manifestatu zenean. Mexikoko iraultzan ere emakumeek modu aktiboan hartu zuten parte borrokan. Inperio erromatarren aurka jaiotako mugimendu kristau iraultzaileari ere, erromatarrek, esklaboen eta emakumeen mugimendua deitu zioten. Eta horrela gertatu da historiako beste hainbat iraultzatan, emakumeek paper protagonista jokatu dute eta ez kasualitatez.
Baina iraultzen eta borroken giroa lasaitu denean, emakumea bere erantzukizun eta postu publikoetatik baztertu egin ohi izan da, klase zapaltzailearen ideologiaren arabera, “dagokion tokira” bultzatuz: etxe eta haurren zainketaz arduratzera. Emakumeak politikan duen parte hartzea estali egiten da honek berean iraun arren, burgesiari ez baitzaio interesatzen emakumeak politika zein gizarteko gertakarietan duen presentzia dokumentatzea, honek politika berez gizonezkoen esparrua dela gezurtatuko bailuke.
Historia ofizialek emakumezko gobernariren baten edota nabarmendutako emakumezko militanteren baten kasuak aipatu arren salbuespen gisa erakusten ditu, emakumezko nekazari zein proletarioen kolektiboak prozesu sozioekonomiko guztietan izan duen presentzia ezkutatuz. Honela emakumeak historian zehar izandako presentziaz jabetzeko liburu ofizialetatik kanpo bilatu beharko da.
Emakumearen zapalkuntza
Emakumea antolatu egiten denean, langileak beren eskubideak defendatzeko, etxekoandreak etxebizitza duinaren alde eta ikasleak hezkuntza publikoaren alde, lanaldi bikoitza hirukoitza izatera igarotzen da: lana, etxeko lanak eta aktibitate politikoa edo sindikala. Askotan gainera, gizarteko aurreiritziei zein familiaren erresistentziari egin behar zaie aurre, emakumearen parte hartze sozialak emakumeen eta gizonen betiko “berezko” rolak mehatxatzen dituela ikusten baitira. Emakumezkoen borroka kolektiboa ideologia zapaltzailearen aurkako borroka bihurtzen da, ahulak eta jasankorrak izateari uzten baitiote. Honengatik emakumeek lan baldintza hobeak edota soldata igoerak aldarrikatzen dituztenean ez dira ari borrokan klaseko eskariak bakarrik lortzeko, emakumearen parte hartzeak gizartean sortzen dituen aurreiritzien aurkako borroka ere bada.
Emakumearen aurkako zapalkuntza ez da amaituko honen bizi baldintzak, bizitza sozialean eta etxekoan, aldatu arte. Eta kapitalismoa da emakumearen gaur egungo bizi baldintzak mantentzen dituena, fabriketan soldata baxuagoak ematen dizkiona, gizona baino lehenago kaleratzen duena eta etxeko lanen arduradun bakarra edo nagusiena izatera kondenatzen duena. Horrela, emakumearen zapalkuntza handiagoa denez, kapitalismoaren mundu mailako krisiak gogorrago astintzen ditu emakumeak.
Kapitalismoaren garapena eta emakumea
XIX. mendean Marxek jada nabarmendu zuen kapitalismoak mozkin handiak lortzeko helburuz emakumeak eta umeak esplotatzeko zuen joera. Marxek hurrengoa idatzi zuen El Capital bildumako lehenengo atalean: “Horregatik, emakumeen eta umeen lana makinariako aplikazio kapitalistaren lehen hitza izan zen. Lanaren eta langileen ordezko indartsu hau soldatapekoak gehitzeko bide bihurtu zen segituan, langile familiako kide guztiak, sexua eta adina bereiztu gabe, kapitalaren berehalako zapalkuntzapean ipiniz. Kapitalistaren zerbitzurako zen lan behartuak ez zituen umeen jolasak soilik suntsitu, baita etxearen eremuko lan askea ere, muga moralen barruan, familia berarentzat”(C. Marx, El Capital. Madrid, Akal Editor, 1976, 1.bolumena, 2.liburukia, 110.or).
Herrialde kapitalista garatuetan produkzio moduen eraldaketak eta mozkinak etengabe areagotzeko kapitalisten saiakerak, emakume eta gazteen enpleguaren gehikuntza ekarri du baina soldata baxuen truke lan egiten dute, lan baldintza kaxkarretan eta ia eskubiderik gabe. Estatu Batuetan bakarrik, azken 50 urteetan 40 milioi emakume murgildu dira lan munduan eta Europan 30 milioi. Estatistiken arabera, gaur egun, Estatu Batuetako emakumeen % 99ak bere bizitzan noizbait egin du soldatapeko lanik. Emakumea lan munduan murgiltzea, berez gertakari iraultzailea, etxeko eta familia burgeseko mugetatik askatzeko aurretiko pausua da eta gizarteko herritar zein pertsona bezala aske eta guztiz garatzeko lehen pausua. Baina sistema kapitalistarentzat emakumea eskulan iturri merkea da, sektore zehatzetan eskulan falta dagoenean erabiltzen duena, eta beharra desagertzen denean berriz ere lan mundutik kanporatzen duena. Prozesu hau bi mundu gerretan ikus dezakegu, orduan emakumeek gerrara bidalitako gizonen lekua bete zuten fabriketan baina hauek itzultzean etxera bidali zituzten.
Emakumea berriz ere 50 eta 60. hamarkadan sartu zen lan munduan, gerra ondorengo kapitalismoaren gorakadan, eta etorkinen antzera eskulan merkea izan ziren. Azkenaldian emakume langileen kopurua handitu egin da produkzio katean zeuden hutsuneak betetzeko. Egun “emakumezkoen indarra” eta “emakumearen mundua” aipatzen diren arren eta genero berdintasuna ziurtatzeko legeak egon arren, emakumezko langileak oraindik ere langile klaseko multzo esplotatuena eta zapalduena dira.
Iraganean klasetan banatutako gizarteak zera eragiten zuen emakumearengan: politikarekiko axolagabeak izatea, ez antolatzea eta ,batez ere, izaera pasiboa izatea, erreakzioarentzat oinarri soziala sortuz. Burgesiak elizaren eta prentsa burgesaren (emakumeentzako aldizkariak, etab.) zerbitzuak erabili zituen gizarteko maila honetan oinarritu eta boterean mantentzeko. Baina emakumeak gizartean duen papera eraldatzen doan heinean, aldatzen da bere egoera eta egun ikus dezakegu herrialde kapitalista garatuetan behintzat, gero eta gutxiago direla ezjakintasunean bizi eta gizarteak ezarritako papera (eliza, etxea eta haurrak) pasiboki betetzeko prest dauden emakumeak. Aldaketa hau etorkizunari begira ondorio garrantzitsuak izango dituen gertakari iraultzailea da. Burgesiak erreakziorako zerabilen nekazalgoaren erreserba soziala galdu duen bezala, berdin gertatu da AEB, Japonia eta Europa mendebaldean emakumearekin.
Emakumeen borroka, iraultza sozialistaren zati
Kapitalismoaren krisiak eta honek emakumea eta familiaren aurka etengabe egiten dituen erasoak emakume multzo zabala erradikalizatuko du, iraultzarako bidean jarriz. Marxistontzat garrantzitsua da emakumeen artean dagoen botere iraultzaileaz jabetzea. Maiz gizonak baino iraultzaileagoak izaten dira, hauek baino zapalduago egoten direlako. Askotan kontserbadore bihurtzen den eguneroko ekintza sindikaletik aske daude oraindik, ideia berritzaile eta freskoekin. Emakumeen grebatan ikus daiteke nolako ausardia eta erabakia duten. Marxiston egin beharra da emakumeak erakunde ezkertiarretan sartu eta parte hartzera animatzea, eskubide eta baldintza berberetan. Engelsek zioen bezala, emakumearen zapalkuntza klaseetan banatutako gizartearen adierazpen bat da eta bere suntsipena langile klaseak, zapaldutako gainerako taldeekin batera lor dezake soilik, ekintza kontziente eta iraultzaile baten bidez. Baina emakumeen borroka, beren eskaeren alde eta aurreiritzi sexisten aurka, langile klasearen baitan ere ematen da eta horregatik emakumearen zapalkuntzaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokan sartu behar dugu.
Kapitalismoak aurrera egingo badu, emakumearen zapalkuntza ezinbestekoa izango du. Emakume eta gizonek elkartuta borrokatu behar dute sistema hau suntsitzeko eta gizarte berri bat eraikitzeko, non pertsona bakoitzak, emakumezkoa ala gizonezkoa den kontuan hartu gabe, aukera berdinez gozatuko duen.