Nahiz eta idatzi ziren garaiean oraindik sistema kapitalista garapenean egon, Marx eta Engelsen lan askok erabateko gaurkotasuna mantentzen dute. Hori da Engelsek idatzitako Etxebizitzaren arazoari ekarpena liburuaren kasua. 1872an idatzi zuen eta bertan hiri europearretako industrializazio prozesuaren ondorioz sortutako etxebizitzaren arazo larria aztertzen du.
Engelsek azaltzen du etxebizitzaren arazoa ekoizteko modu kapitalistarekin lotuta dagoela. Bere ustez kapitalistek eta Estatu burgesak ez dute nahi eta ezin die etxebizitza duin bat bermatu lagile eta gizarteko beste kapa zapalduei, eta gainera kapitalismopean ematen diren “irtenbide” partzialak arazoa berriro birsortzen duten partxeak besterik ez dira. Horregatik, gainerako gai sozial oinarrizkoenek bezala, etxebizitzaren arazoek ezin dute irtenbide asegarri eta iraunkor bat aurkitu kapitalismoan. Beharrezkoa bihurtzen da beraz langile klasearen eta zapalduen bitartez burutako ekoizteko indar garrantzitsuenen sozializazioaren perspektiba hartzea. Gaur egungo errealitateak arrazoia ematen dio tesi honi: mundu guztian burbuila inmobiliario izugarri batekin aurkitzen gara eta horrek langile klaseari gero eta zailago jartzen dio etxebizitza batera sartzea. Venezuelako gobernu iraultzaileak ere zailtasun handiak ditu bere etxebizitza programak aplikatzeko. Zergatik? Herrialdeko garraio, eraikuntza, porlan... enpresen jabe burgesek etengabe boikoteatzen dituztelako.
Liburu honekin Engelsek sozialismo txikiburgesaren posizioei (Proudhonen ideiak jarraitzen dituztenak) eta burgesiaren gezurrei aurre egiten die. Sozialista txikiburgesek “justizia iraultzailea” aipatzen duten bitartean burgesek “klaseen arteko armonia” defendatzen dute, baina azken finean biek alternatiba berdina planteatzen dute arazoaren irtenbide bezala: langileak beren etxeen jabe egitea. Milioika langile eta herritarrek izugarrizko hipoteketan (50 urtekoak Euskal Herrian, 100 urtekoak AEBtan, 120koak Japonian...) sartu behar dute etxe baten “jabe” egiteko eta hipotekek soldataren erdia baino gehiago xurgatzen dute gutxienez kasu gehienetan. Honek ez du etxebizitzaren arazoa konpontzen. Engelsek modu bikainean frogatzen du neurri hauek langileak gehiago lotzeko ahalegin erreakzionarioak direla, nagusien menpekoago bihurtuz langileak eta pentsamolde zeken bat birsortuz, jabe txiki eta esklabu izatearena.
Arazo honen aurrean Engelsek planteatzen du langileak soilik direla gai, botere politikoaren eta ekonomiako palanka garrantzitsuenen (garraio, eraikuntza... enpresak) jabe egin ondoren, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko. Hutsik dauden edo gutxi erabiltzen diren etxebizitzak espropiatuz eta behar dutenen artean banatuz eta etxebizitza berriak eginez lortuko litzateke hori. Gizarte sozialista gai izango litzateke langile eta beharrezkoa den herritar guztiei etxebizitza duin bat eskaintzeko alkiler baten truke, baina noski alkiler honek soldataren zati txiki bat hartuko luke soilik.
Honekin bermatuta geratzen da gainera langilearen askatasuna bere mugimenduetarako, gizarte kapitalistan behar indibidualak derrigortzen du langilea lan bila ibiltzera baina sozialismoan behar sozial bat izango litzateke eta lan indarraren banaketa arrazionala kontuan hartuta herritarrek erabakiko lituzkete beren mugimenduak. Modu honetan bidea irekiko litzaioke etxebizitzaren arazoen desagerketari.