Pozarren aurkezten dugu Leninen «Ezkerkeriaren» Haur Gaixotasuna Komunismoan liburuaren euskarazko lehen argitalpena - 149 orrialde - 15 €
Liburua online erosteko egin klik hemen edo jarri harremanetan Ezker Iraultzailearekin.
Honako liburuxka hau Internazional Komunistaren II. Kongresuan (1920ko uztaila) banatu zitzaien delegatu guztiei, izan errusieraz, ingelesez, frantsesez edo alemanieraz, Trotskiren Terrorismoa eta Komunismoa liburuarekin batera. Orduz geroztik, marxismo iraultzailearen ideien ikasgai eta erakusgarri agortezina bihurtu da hainbat belaunaldirentzat mundu osoan. Euskarazko argitalpenerako jatorrizko hizkuntza eta itzulpen horiek ere kontuan hartu ditugu. Izan ere, ahal izan dugun neurrian behintzat, gure hizkuntzarekiko genuen zinezko zorra kitatzen ahalegindu gara, gure herriaren etorkizun iraultzailearen bidea apur bat gehiago argiztatzeko asmoz.
Ondoren liburuaren hitzaurrea irakur dezakezue.
----------------------------------------------------------
1919ko urtarrilaren 24an honako deialdi hau egin zuen Errusiako Alderdi Komunistak (boltxebikeak), Poloniako, Hungariako, Alemaniako, Austriako, Letoniako eta Finlandiako alderdi komunistekin, Amerikako Alderdi Sozialista Laboristarekin eta Balkanetako Federazio Sozialistarekin batera:
«Behean sinatzen dugun alderdiek eta erakundeek uste dugu premiazkoa dela Internazional berriaren I. Kongresuaren bilkura. Gerran eta iraultzan zehar argi eta garbi azaleratu zen alderdi sozialista eta sozialdemokrata zaharren porrota eta haienarekin batera Bigarren Internazionalarena, baina ez hori bakarrik; baita sozialdemokrazia zaharreko elementu zentristek ekintza iraultzailerako duten ezgaitasuna ere. Era berean, argi marrazturik daude benetako Internazional iraultzaile baterako ingeradak.»
Hirugarren Internazionalaren I. Kongresua 1919ko martxoaren 2tik 6ra bildu zen Petrograd-en. Garai hartan erasoaldi inperialista militarrak inguraturik zeukan estatu sobietar gaztea. Alderdi eta erakunde iraultzaileetako delegatu askok ezin izan zuten kongresuan parte hartu, bai Errusiako mugetan edo euren herrialdeetan atxilotu zituztelako, bai bilkura amaitu ondoren lortu zutelako iristea. Hala ere, bilera hark garrantzi historikoa izan zuen eta Internazional berriaren oinarri politikoak ezarri zituen, hain zuzen, Leninek aurreko urteetan trazatu zituen eta 1917ko Urriko Iraultzaren proba gainditu zuten oinarri politikoak.
Internazional Komunista sarraski inperialistaren erantzun gisa jaio zen, burgesiaren probetxurako lubakietan hil ziren milioika langileren odol putzuak akuilaturik. Bere zimendua Bigarren Internazionalaren galbide sozial-aberkoi eta oportunistaren aurkako borroka ideologiko gogorra izan zen.
Internazional Komunistak klase borrokaren eta Estatuaren azalpen materialistaren inguruko teoria marxista berreskuratu zuen, demokrazia burgesa proletarioak jazartzeko kapitalaren diktadura dela berretsi zuen (Leninek, Demokrazia burgesa eta proletarioen diktadura testuan idatzitako tesiak eredugarriak dira) eta duintasunez altxatu zuen Manifestu Komunistaren deiadarra: «Herrialde guztietako proletarioak, batu zaitezte!».
Leninen hitzetan:
«Hirugarren Internazionala sortu zen munduko egoeran, ez debekuek ez ihesbide ziztrin eta zekenek, izan Ententeko inperialistenak edo izan Alemaniako Scheidemann eta Austriako Renner gisako kapitalismoaren lekaioenak, ezin dute eragotzi Internazional horren inguruko berriak eta sortzen duen miresmena hedatzea mundu osoko langile klasean.
Egoera hori iraultza proletarioak sortu du eta bistan da areagotzen ari dela, toki guztietan, egunetik egunera eta ordutik ordura. Egoera hori langile masen arteko mugimendu sobietarrak eragin du, zeinak benetan nazioarteko mugimendu bilakatzerainoko indarra hartu duen.»
Iraultza Europan
Urriko Iraultzaren garaipenak eta jarraian Europako herrialde askotan hedatu zen olde iraultzaileak goitik behera astindu zituzten alderdi sozialdemokratak eta sindikatuak. Bigarren Internazionaleko alderdi zahar gehienetan joera komunistak sortu ziren eta langile andana joan zen Internazional Komunistaren lerroetara. Oinarriko presioa hain handia zen, ezen hainbat eta hainbat buruzagik, iraganean jarrera erreformista eta sozial-aberkoiak izan arren, babesa adierazi izan ziotela, hitzez, erakunde berriari.
Internazional Komunistaren hazkundea ikaragarria izan zen: Alderdi Sozialista Italiarrak 1919ko martxoan bidali zuen bere atxikimendua; maiatzean Norvegiako Alderdi Laboristak eta Bulgariako Alderdi Sozialistak; ekainean Suediako Ezkerreko Alderdi Sozialistak eta Hungariako Alderdi Sozialista Komunistak.
Frantziako Estatuan, komunistek Alderdi Sozialistaren gehiengoa bereganatu zuten Toursko Kongresuan (1920): eskuin hegala 30 mila kiderekin banandu zen eta Frantziako Alderdi Komunistak 130 mila kiderekin hasi zuen bere ibilbidea. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Independenteak (USPD) gehiengo zabalez onartu zuen KPD Alemaniako Alderdi Komunistarekin bateratzea 1920ko urrian, Halleko Kongresuan. Antzekoa gertatu zen Txekoslovakian ere.
Internazional berriaren arrakastak argi erakusten zuen zer-nolako aukera paregabea zegoen milioika proletarioen kontzientzia sozialistan eta iraultzailean pausu erraldoia emateko eta boterea hartzeko. Haatik, izu ikaragarria eragin zuen klase agintarian, ejertzitoetako Estatu Nagusietan, Burtsan eta Elizako hierarkian. Erregimen kapitalisten botere guztiak mobilizatu ziren, beren agente politikoekin batera, iraultzaren mehatxuaren aurka egiteko. Helburu horretarako eskura zituzten bitarteko guztiak erabili zituzten, parlamentuetan eta parlamentuetatik kanpo, legezkoak eta legez kanpokoak, baketsuak eta erabat bortitzak.
Alemania izan zen lehena. Kapitalistek langile kontseiluen iraultza zapaldu zuten, horretarako sozialdemokrazia erabiliz. Buruzagi ustelek, dudarik egin gabe, zakur amorratuak bezala jokatu zuten eta eskuin muturreko indar militarrekin kolaboratu zuten Berlinen eta beste hainbat hiritan altxatu ziren langileak jazartzeko. 1919ko urtarrilean herio kolpea ematea lortu zuten fronte berean elkarturik SPDk, Reich-eko jeneralek, eskuin muturreko banda militarrek eta burgesiak. Ilbeltzaren hamabosgarren egunean, nazioarteko mugimendu marxistaren eta KPD sortu berriaren buru nabarmenak ziren Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht erail zituzten.
Porrot horren ondotik beste batzuk etorri ziren, Austrian, Hungarian, Italian, Estatu espainiarrean… Europako komunismo gazteak zailtasun handiei egin behar izan zien aurre: poliziaren errepresio bortitza, kartzela eta jazarpena. Baziren, ordea, bestelako zailtasunak ere, ez hain bortitzak baina bai garrantzi handikoak, esperientzia politikoaren faltatik eta oportunismoarekin hautsi ez zuten arribistak alderdietan sartzetik zetozenak.
Erreformismoaren aurkako borroka
Iraganean klaseko kolaborazioa defendatu zuten buruzagi eskarmentatu batzuk —asko jota bakezaleak eta sozial-aberkoiekin itun zaleak izan zirenak, baina inolaz ere ez iraultzaileak— ez zuten galdu nahi langile masen gainean zuten estatusa. Nazioarteko matxinada giro ezkertiarraren presiopean, oles egin zioten boltxebikeen garaipenari eta Leninen jarraitzaile zirela adierazi zuten demagogiaz. Noski, praktikan ohiko parlamentarioen saldukeriaz jokatzen jarraitu zuten eta marxismo iraultzailea gorrotatzen zuten.
II. Kongresua Moskun bildu zen 1920ko uztailaren 19tik abuztuaren 7ra. Bertan, oportunismoaren arriskua ekiditeko helburuarekin, Internazional Komunistaren partaide izateko hogeita bat baldintza ezarri ziren. Errusiako estatu sobietarra eta erasoaldi inperialistaren aurkako borroka publikoki eta praktikan babestea eskatzen zen, baina baita afiliatutako alderdiek klase independentziako politika izan behar zutela ere eta Wilson presidentearen zuzendaritzapean zeuden inperialista estatubatuarren programarekin guztiz hautsi behar zela (armagabetzea, Nazioen Elkartea…).
Baldintza horien zazpigarren puntuak honela dio:
«Internazional Komunistak argi bezain irmo eskatzen du haustura hori ahalik eta lasterren gauzatzea. Internazional Komunistak ezin du onartu tristeki famatuak diren oportunistek, hala nola, Turati, Modigliani, Kautsky, Hilferding, Hillquit, Longuet, MacDonald eta abarrek eskubidea izatea Internazional Komunistako kideak direla esateko. Horrek Bigarren Internazionalaren antzeko galbidera eramango luke ezinbestean Internazional Komunista.»
Era berean, kongresuak Bigarren Internazionalaren barne erregimenarekiko printzipiozko ezberdintasunak berretsi zituen. Gaitzetsi egin ziren alderdi sozialdemokratetako ohiko erlazio diplomatikoak, Internazionala alderdi autonomoen federazio soil bat izatea eta langile klasearen borroka bateraturako funtsezkoak diren auzietan kontrako jarrerak onartzea. Internazional Komunista programa eta ekintza amankomun baten gainean eraiki zen eta zentralismo demokratikoaren metodoetan oinarritu zen, hau da, iraultza sozialistaren nazioarteko alderdia zen.
Espero bezala, II. Kongresuak afiliatzea galarazi zien buruzagi oportunistek laster erantzi zuten mozorroa eta Bi eta Erdi Internazionalera joan ziren. Ibilbide eskaseko internazional horretan bildu ziren, besteak beste, «austro-marxistak» (Otto Bauer, Max Adler), Alemaniako USPDko apurrak, Frantziako longetistak, Britainia Handiko Alderdi Laborista Independentea (ILP) eta beste batzuk.
Hala ere, iraultza eta kontrairaultza biziko garai hartan, Bigarren Internazional sozial-aberkoiaren eta Internazional Komunista berriaren arteko erdibideko erakunde bat ezartzeko ahaleginak porrot egin zuen. Militante zintzo eta iraultzaile askok komunistekin bat egin zuten, eta buruzagi erreformistak 1923an Internazional sozialdemokrata zaharrera itzuli ziren.
Joera sektarioak
Oportunismoaren aurkako borroka arrakasta nabarmenez garatzen ari zen. Alabaina, bestelako joerak agertu ziren, iraultzen garaipen azkarren gabeziaren ezinegonak eraginda, auzi politikoetan eta antolakuntzetakoan bidezidorrak bilatzen zituzten joerak alegia. Internazional Komunistaren barruan hedatzen hasi zen ezkerkeriaren auziari eztabaida sutsuarekin heldu zitzaion, boltxebismoaren esperientzia historikoa, teoria marxista eta taktika iraultzailea jorratuz.
Alderdi erreformista zaharren traizioak eragindako haserreak bultzatuta eta boltxebismoaren eta oro har marxismoaren ulermen mugatuaren ondorioz, hainbat alderdi komunista sorberri erasan zituen Leninek aipatzen zuen «haur gaixotasunak». Hala antzeman zen, besteak beste, Alemanian, Britainia Handian, Herbehereetan, AEBn eta abar.
Internazional Komunistaren II. Kongresuak tarte zabala eskaini zion eztabaidari. Lenin eta Trotski militante horiek konbentzitzen ahalegindu ziren, tartean iraultzaile bikain asko baitzeuden, eta halako politikak ekar litzakeen ondorio larriez ohartarazi zituzten.
Trotskik idatzi zuen II. Kongresuko manifestuak argi erantzuten zien ezkerkeriaren tesi nagusiei:
«Internazional Komunista proletarioen altxamenduaren eta proletarioen diktaduraren nazioarteko alderdia da. Ez du helburu eta eginkizunik langile klasearenetik aparte. Sekta txikien asmoak —horietako bakoitzak bere modura salbatu nahi du langile klasea— arrotzak zaizkio Internazional Komunistaren espirituari eta haren kontrakoak dira.
Ez ditu panazea eta formula magiko unibertsalak sortzen, baizik eta langile klasearen iraganeko eta oraineko esperientzian oinarritzen da, esperientzia hori akatsetatik eta desbideratzeetatik arazten du, lorpenak sintetizatzen ditu eta masen ekintzaren formulak diren formula iraultzaileak bakarrik aitortzen eta barneratzen ditu.
Antolakuntza sindikala, greba ekonomiko eta politikoa, boikota, parlamentuetako eta udaletako hauteskundeak, parlamentuko tribuna, legezko eta legez kanpoko agitazioa, ejertzito barneko erakunde klandestinoak, lan kooperatiboa, barrikadak; Internazional Komunistak ez du errefusatzen langile mugimenduaren garapenean sortutako ezein antolakuntza eta borroka forma eta ez du horietako bakar bat bera ere panazea unibertsal gisa sagaratzen.
Sistema sobietarra ez da printzipio abstraktu bat komunistek parlamentarismoaren printzipioari kontrajartzen diotena. Sistema sobietarra klaseko aparatu bat da, borrokan zehar eta borrokaren bitartez parlamentarismoa abolitu eta ordezkatu behar duena. Sindikatuetako erreformismoaren aurka zein kretinismo eta arribismo parlamentarioaren aurka gupidarik gabe borrokatzen duen aldi berean, Internazional Komunistak kondenatu egiten ditu dei sektario guztiak, milioi ugari dituzten erakunde sindikaletatik irteteko edo parlamentu eta udal instituzioei bizkarra emateko dei guztiak alegia. Komunistak ez dira apartatzen erreformistek eta aberkoiek engainatzen eta traizionatzen dituzten masetatik, baizik eta borroka irmoari ekiten diote gizarte burgesak sortutako masa antolakundeen eta instituzioen barruan, gizarte hori zenbat eta ziurrago eta azkarrago eraitsi ahal izateko.»
Atzo eta gaur
Garai hartan ezkertiarrek proposatzen zituzten funtsezko puntuak gaur egun organizazio sektarioek planteatzen dituztenen oso antzekoak dira, aldaketak aldaketa. Hala ere, lehen belaunaldi hari zor zaiona aitortzearren, haien aldean egungo talde ultraezkertiarrek ez dute sustrairik eta militantzia errealik langile klasean eta osaera gehienbat unibertsitarioa eta klase ertainetakoa dute. Talde horietako askok «proletariotza» aipatzen dute, baina langile klasearen borrokarekin duten zuzeneko esperientzia edo benetako proletarioekin duten kontaktua oso mugatua eta marjinala da.
Boltxebikeen buruek gogor kritikatu zituzten politika ultraezkertiarrak. Ahalegin handiak egin zituzten auzitan zeuden printzipiozko gaiak argitzeko eta sektarismoaren umekeriak uxatzeko. Boltxebismoari iraultza garaipenera bideratzea ahalbidetu zioten benetako tradizioak berrestea zen abiapuntua.
Helburu horrekin idatzi zuen Leninek honako liburu hau. «Ezkerkeriaren» haur gaixotasuna komunismoan marxismoaren armategi teorikoaren harribitxi nagusietako bat da, politika eta metodo komunista ulertu nahi duen militante orok arretaz aztertu beharreko idazlana. Eta aurreiritziak albo batera utzita egin beharreko ibilbidea da, modu serio eta irekian; izan ere, irakurleak ondorio handiak aterako ditu eta izen hori merezi duen alderdi komunista bat eraikitzen zerk laguntzen duen —eta zerk ez— balioesten jakingo du.
Jakina, euren burua «komunista» gisa definitzen duten buruzagi askok desitxuratu dute honako liburu hau, hain zuzen, errealitatean defendatzen eta praktikatzen dituzten ideia erreformistak eta estalinistak justifikatzeko. Nork ez ditu inoiz burokrata horiek entzun «ezkerkeriaren» salaketa erabiltzen militante zintzoen aurka, euren galbide politikoa eta zuritzen duten klase kolaborazioa kritikatzen zaielako? Zenbat aldiz atera ote dira Leninen esaldiak testuingurutik sozialismoaren traizioa estaltzeko?
Idatzi hau gerra deklarazioa da Leninek langile klasearen garaipenerako oztopo nagusia izatea leporatzen zion epelkeria eta saldukeria nazkagarriaren aurka.
Ezkerkerira itzuliz ordea. Egungo ultraezkertiarrak, orain dela ehun urtekoak bezala, masen erakundeetan eta batez ere sindikatuetan jardutearen aurka agertzen dira, parlamentuetako hauteskundeak errefusatzen dituzte egoerak axola gabe, hauteskundeei boikota egitera deitzen dute edo abstentzioaren kontsigna astintzen dute eta kapitalaren agentetzat jotzen dituzte ezkerreko erakunde eta alderdiak, berdin du zein zeinu edo zein ibilbide duten.
Atzo eta gaur, «ezkerreko komunismoak» parekotasun ugari ditu anarkismoarekin. Kretinismo parlamentarioari kretinismo antiparlamentarioa kontrajartzen diote. Sindikatu erreformisten eraginaren aurrean besoak gurutzatu eta sekta sindikal txikiak sortuz erantzuten dute edo, ezta hori ere; sindikatuak historikoki iraungita daudela aldarrikatzen dute, klasetik eta bere abangoardiatik isolatzen dira, eta burokrazia ahuldu beharrean, egia esan, indartu egiten dute.
Ultraezkertiarrek, proletariotzaren izenean, «Alderdi Komunista berreraikitzeko» aldarriak egiten dituzte; tentuz ezkutatzen dute, ordea, honako liburu hau. Inoiz ez dute aipatzen eta irakurtzera animatzen.
Arrazoia begi bistakoa da. Leninek liburu hau idazterakoan boltxebikeen politika aztertzeko eta horren inguruan hausnartzeko gonbitea luzatu zuen. Iraultza sozialistaren arrakasta erdiestea ahalbidetu zuen politika hori askoz zabalagoa zen altxamendua, borroka armatua edota alderdi itun zaleen salaketa gupidagabea baino.
Boltxebismoa, batez ere, taktika eta estrategia iraultzailearen eskola bat izan zen, sektarioen ahotan hainbeste entzuten diren eskema eta formula doktrinarioak arbuiatu zituena. Horregatik, Leninek arreta handiz erantzuten die funtsezko gaiei: komunistek baztertu egin behar al dituzte komunistak ez diren erakundeekin egindako akordioak? Zilegi al da hauteskundeei boikota egitea edo hauteskundeetako eta parlamentuetako borrokari uko egitea? Posible al da alderdi komunista eraikitzea uko egiten bazaio sindikatuetan eta langileen bestelako masen erakundeetan lan egiteari, horiek sozialdemokratek eta erreformistek zuzentzen dituztelako? Zeintzuk dira komunistei langile mugimenduan aurrera egitea eta kontzientzia sozialistaren maila igotzea ahalbidetzen dizkieten taktikak?
Leninen dozenaka aipu argigarri jar genitzake galdera horiei erantzuteko. Baina askoz probetxuzkoagoa izango da liburua irakurtzea, benetako pentsamendu leninistarekin zuzeneko kontaktuan sartzea, eta ez ezkerreko zirkulu askotan komunismo edo leninismo gisa pasarazten diren suzedaneoekin.
Hona hemen oraindik ere gaurkotasun nabaria duten ideien laburpen serio eta zirraragarria. Orrialde hauen azterketak buru asko irekiko ditu eta ikusmoldeak eta gaizki ulertuak argituko ditu, ez alferrik, Leninek obra honen hasieran dioen bezala,
«Egun Europan eta Amerikan maiz irudikatzen denaz bestalde, boltxebikeek borroka garailea zuhurtzia handiarekin hasi zuten errepublika parlamentarioaren eta (izatez) burgesaren aurka eta mentxebikeen aurka; ez zuten inolaz ere sinpleki prestatu. Aipaturiko garai horren hasieran, ez genuen bultzatu gobernua eraistea, baizik eta azaldu genuen hori ezinezkoa zela aldez aurretik sobieten osaera eta aldartea aldatu gabe. Ez genion boikota deklaratu parlamentu burgesari, Batzar Konstituziogileari; hala ere esan genuen —gure alderdiaren 1917ko apirileko konferentziatik aurrera ofizialki esan genuen alderdiaren izenean— hobe zela Konstituziogilea zuen errepublika burgesa, Konstituziogilerik gabeko horrelako errepublika baten aldean, baina hobe zela «langileen eta nekazarien» errepublika bat, errepublika sobietarra alegia, beste edozein errepublika demokratiko-burges parlamentario baino. Halako prestakuntza zaindu, zehatz, zuhur eta iraunkorrik gabe, ezin izango genuen 1917ko urriko garaipena lortu ezta mantendu ere.»
Juan Ignacio Ramos
2024ko urtarrila, Leninen heriotzaren mendeurrenaren urtea.