Ekonomia kapitalistan oinarritzen den gizarte batean, kapitalak ezinbestekoa du etengabe ziklo batean mugitzea, bere burua elikatzen duen ziklo batean. Ekoizpen sozial kapitalistak objektuen erreprodukzioa ez ezik, lan indarraren eta ekoizpen sozialeko erlazioen erreprodukzioa ere behar du. Beharrezkoa du esplotatuko dituen langileak eta irabaziak eskuratuko dituen merkatua bere beharretara egokitzea.

Bi erreprodukzio modu existitzen dira:

a)       Erreprodukzio sinplea. Kasu honetan hurrengo zikloan ekoizpen eta irabazi kopuru berbera eskuratzeko bakarrik inbertitzen da kapitala. Modu honetan ez da lortzen ez aurrezterik ezta inbertsio osoa ere. Gainbalio handitze oro kontsumora bideratzen da eta, beraz, ez da hazkuntzarik existitzen.

b)       Erreprodukzio zabaldua. Honako hau da ekoizpen modu kapitalistaren forma bereizgarria. Ekoizpen prozesuaren ziklo bakoitzak ekoizpenaren handiagotze bat suposatzen du aurrekoaren aldean. Hazkuntza hau lortzeko modua urtero inbertsio garbia burutzean datza. Inbertsio hau urtean zehar atera den eta kontsumitu ez den gainbalioaren zatitik eskuratzen da.

Metaketa kapitalista, beraz, hurrengo zikloan ekoizpenean inbertitzen den gainbalioa kapitalean eraldatzea da. Gainbalioa lehenik eta  behin produktuaren balioaren zati bezala agertzen da. Produktua saltzen den momentuan gorpuzten da gainbalioa, eta gero kapital moduan erabil daitekeen diruaren forman agertzen da.

Hainbat dira kapital metaketaren neurrian eragiten duten faktoreak. Esate baterako, gainbalioa kontsumitua edo kapitalean eraldatua izaten den proportzioa oinarrizkoa izango da. Ekoizpen prozesuan eskuratzen den gainbalio tasak ere eragina du, zenbat eta altuagoa izan, orduan eta handiagoa izango da metaketan inberti daitekeena ere. Gainbalioaz jabetzearen borroka, aipatu izan dugun bezala, kapitalaren eta lanaren arteko gatazkaren ardatz nagusia bihurtzen da. Kapitalistak ahalik eta gainbalio handiena atera behar die bere langileei, ez badu beste burgesekin duen lehian atzean geratu nahi.

Marxek hemendik hainbat ondorio atera zituen. Lehenik eta behin, ekoizpen kapitalistaren ondorioak eta ekoizpen eta kontsumo baliabideen hazkuntza ez direla langile klasearen eta beren familien bizi mailaren etengabeko hobekuntzaren sinonimoak. Ondorioz Marxek langile klasearen pobretze hazkorraren legea, funtsatu zuen. Lege hori izan da betidanik burgesiaren eta bere ekonomialarien kritikaren eta erasoen erdigunea, baita, noski, langile mugimendu barneko erreformistena ere.

Urteetan zehar klase dominatzaileak eta bere masa komunikabide bitartekoak etengabe hazten doan munduaren ikuspegi idilikoa aurkeztu dute, masen ongizatearen mailak inongo aurreko garai historikotan baino neurri handiagoak zituen. Mito hau langile alderdi eta sindikatu sozialdemokratetako buruzagi erreformisten axioma izatera igaro da.

Egia esan Marxek arrazoi guztia zuen. Kapitalismo garaikidearen egungo baldintzetan, Estatu Batuetako hazkuntza ekonomikoko hamarkada baten ondoren, teknologia berriaren bertutezko zirkulua deiturikoaren ondoren, aberastasunaren polarizazioak inoiz baino maila handiagoak hartu ditu. 220 multimilionarik 2.500 milioi pertsona adina diru sarrera dituzte. Gizateriaren erdiak baino gehiagok eguneko 2 dolar baino gutxiagorekin bizirauten du. Krisia kontinente guztietan zehar zabaltzen da, miseria, suntsiketa eta kolapso soziala izurrite baten modukoak dira, eta bien bitartean, monopolioen jabeak krisiarekin are aberatsago bihurtzen dira.

Lege honekin batera, Marxek garrantzia handia duen beste lege bat eratu zuen, irabazi tasaren urritzeko joeraren legea deritzona. Honek krisi kapitalisten kausarik ohikoena zein den azpimarratzen du.

 

Kapital industrialaren zikloa

Kapitalaren zikloak fase ezberdinak igarotzen ditu gainbalioa merkatuan gorpuzten den arte. Formula osatua honakoa izango litzateke:

1.       fasea: Kapital monetarioa (D-M). M lan indarrari nahiz ekoizpen indarrei dagokie. Fase honetan kapitala formaz aldatzen da, dirua lan indarrean eta ekoizpen baliabideetan, lehen gaietan, etab. eraldatzen baita.

2.       fasea: Kapital produktiboa P. Fase honetan kapitalistak gainbalioa eskuratzen du lan indarraren erabilera balioaren jabe egiten denean, lan indar honi bere truke balioa bakarrik ordaintzen baitio.

3.       fasea: Merkataritzako kapitala. M’-D’. Azkenik lanaren balioa sartu zaien merkantziak berriro diru bihurtzen dira, begi bistan denez maila handiago batean.

Zikloaren bigarren fasea logikoki ekoizpenaren esferari dagokio, lehenengoa eta bigarrena berriz zirkulazioaren fasearen barnean kokatzen dira. Kapitalaren errotazio denbora ekoizpen prozesu bakoitzaren baitan egongo da, baina edozein modutan ere, zenbat eta motzagoa izan ekoizpeneko aldia, orduan eta handiagoa izango da urte batean egin daitezkeen errotazio posibleen kopurua. Kapitalistak berezko interesa du kapitalaren errotazio prozesua azkartzean, zeren modu honetan urteroko gainbalio tasa handitu ahalko du:

P..…….

P = ------------ n (n errotazio kopurua da)

V …….

Marxek Kapital-ean azaltzen duen moduan ez dago lanak sortua ez den beste baliorik. Gizarte kapitalistan, kapital industriala da nagusia, ekoizpenaren esfera baita gainbalioa sortzen den tokia. Noski, gainbalioaren eraketan merkataritzako kapitalak ere parte hartzen du, merkatuan produktuak saltzeko orduan esku hartzen duen heinean. Merkataritzako kapitala, kapitalaren esferarik zaharrena da baina hau zirkulazioaren prozesura bakarrik mugatzen da. Ziklo kapitalistaren dinamikan, kapitalista industrialari errentagarri ateratzen zaio bere gainbalioaren zati bat beste pertsona batzuei ematea komertzializazioa antolatzearen truke. Horrela, merkatariaren irabaziak ekoizle industrialak uzten dion gainbalioaren zati bezala eskuratzen dira.

Kapital finantzarioak ere ez du gainbaliorik ekoizten, baina horrek ez du esan nahi ez dituenik irabazi handiak ateratzen diruaren inbertsiotik eta mailegutik. Kredituaren bidez, bankuek enpresen eskuetan kapital jakin bat ezartzen dute epe mugatu batekin, hori egiteagatik prezio batean interesa deritzona kobratuz. Interes hori ez da diru sarrera independente bat, baizik eta gainbalioaren zati bat da, kapitalista industrialak mailegariaren eskuetan uzten duena. Horrela kapital finantzariak burgesaren eskuetan jartzen ditu besteen lana esplotatzeko behar dituen bitartekoak.

Kapitalismoaren eboluzioan zehar gertatu den bezala, kapital finantzarioa bera jabe industrialean bihurtzen da. Kapitalaren kontzentrazioa ematen den heinean, kapital finantzarioa nagusitzen joaten da, bere puntu gorena monopolioen eta multinazional erraldoien sorrerarekin hartzen duelarik. Marxek bere garaian eta Leninek beranduago Inperialismoa kapitalismoaren fase gorena idazlanean azaltzen duten bezala, ekoizpen modu kapitalistaren zikloen hazkortasunak fase inperialistari ematen diote bidea eta sistema guztia “kapital finantzarioaren diktadura” bihurtzen da. Honela oligarkia kapitalista berri baten agerpena ematen da, banku handien buruak dituena nagusi, noski multinazional handietako buruekin batera. Gaur egun pairatzen ari garen krisi ekonomikoarekin, oso agerian geratzen ari da oligarkia honek duen botere ekonomikoa eta politikoa. Bera da gizarteko agintari nagusia eta bere interesetara mugitzen dira G-20a, FMIa eta Estatu kapitalisten politikak

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.