“1905eko iraultza ez zen soilik ‘1917rako entsegu orokorra’ izan, laborategi bat ere izan zen, pentsamendu politiko errusiarreko funtsezko talde guztiak sortu zirena eta marxismoaren joera eta ñabardura guztiek forma hartu zutena edota zirriborratu zirena. Ezadostasun eta eztabaida hauen erdigunean Errusiako iraultzaren izaera historikoaren auzia zegoen” (Leon Trotsky. Errusiako iraultzaren hiru kontzepzio).
Tsarismo garaiko Errusiako gizartea XX. mendera heldu zenean bere egoera atzeratuagatik nabarmentzen zen. Herrialdearen gehiengoan feudalismoko forma sozio-ekonomikoak mantentzen ziren bitartean, hiriak eta industria, atzerriko inbertsioaren menpe garatuak, irla modukoak ziren landako lur jabetza handien eta atzerakoitasunaren erdian. Era berean, gizarteko maila kulturala bera, garai hartako herrialde garatuena baino askoz ere baxuagoa zen.
Iraultza burgesaren eginkizunak oraindik ere gauzatzeko zeuden. Horien artean, Errusiako egoeran azpimarratzekoena nekazal erreformaren premia zen. Modu honetan, iraultzaren izaera historikoa eta bertan klase ezberdinek jokatuko zuten papera eztabaida sakonen erdigunea izan zen, Errusian marxismoaren indarrak alderdi sozialdemokratan antolatzen hasi zirenetik bertatik.
Errusiako alderdi sozialdemokrata 1903an boltxebikeen eta mentxebikeen artean zatitu eta berehala bi teorien jarrerak alde bakoitzean bereizten hasi ziren. Mentxebikeek bi etapen teoriaren planteamendua hartu zuten oinarrizko ikuspegi gisa. Marxismoaren ideiak errezeta baten moduan tratatuz, Errusiako iraultzak izaera burgesa edukiko zuela baieztatzetik, gidaritzaren papera burgesia liberalari zegokiola ondorioztatzen zuten, etapa horretan gizarteko agintari naturalak burgesak izan behar zutela argumentatuz. Behin Errusian garapen kapitalistako aro zehaztugabe bat igarotakoan bakarrik izango zen posible sozialismoaren alde borrokatzea. Egoera hori eman arte, langile klasearen eta bere erakundeen papera burgesia liberalaren ezkerreko aliatuena izango litzateke, nahiz eta puntualki bere interesak ere defendatuko lituzkeen burgesia horren aurrean.
Boltxebikeak mentxebikeengandik bereizten zituen funtsezko auzia burgesia liberalaren aurrean zuten aurkako jarrera zen. Munduko iraultzaren zabalkuntza eta etorkizuneko iraultzan burgesiak ezinbestean jokatuko zuen paper kontrairaultzailea abiapuntutzat hartuz, liberalekin inongo konfiantzarik ez zela eduki behar defendatzen zuten. Leninek, boltxebikeen teoriko nagusi gisa, iraultza burgesaren buru nekazariak eta langileak izan behar zutela defendatzen zuen.
Hala ere ez zen argi geratzen zein klase izango zen sortuko zen gizartearen buru iraultzaren ondoren. Diktadura demokratikoaren izena eman arren, Lenin bera kontziente zen galdera eta zalantza asko uzten zituztela airean eta erantzunik ezin ziela eman iraultzaren esperientziatik bertatik ikasi gabe ez bazen. Argi zuen ordea puntu funtsezkoena: langile klasearen alderdiak beti burgesiaren nahiz nekazarien alderdien aurrean politika independente bat mantendu behar zuela.
1905 eta Etengabeko Iraultza
Errusiako iraultzaren izaera historikoaren auziari Trotskyk eman zion erantzunik osatuena etengabeko iraultzaren teoriarekin. Esan behar da 1903ko banaketatik 1917ra arte Trotsky ez zela publikoki antolatu ez mentxebikeekin ez boltxebikeekin, sozialdemokraziaren batasunean uste baitzuen. Baina bi hegalen bateraezintasuna ulertu zuenean, 1917ko iraultza lehertu eta berehala, betidanik gertutasun gehiago eduki zuen taldean sartzea erabaki zuen, hau da, boltxebikeetan.
1905eko iraultzako esperientziek hainbat galderari erantzuna emateko bidea ireki zuten. 1906ean, Trotskyk liburu mardul bat idatzi zuen, 1905. Emaitzak eta Perspektibak izenekoa geroago etengabeko iraultza bezala ezaguna egingo zenaren oinarriak lehen aldiz garatuz. Materialismo historikoaren oinarrietatik abiatuz, Trotskyk herrialde atzeratuetako iraultzaren prozesua eta alderdi iraultzailearen eginkizunak azaltzen zituen.
“Errusiako garapena batez ere bere egoera atzeratuagatik bereizten da. Hala ere, historikoki atzeratua den egoera batek ez du inplikatzen herrialde aurreratuetako garapenaren erreprodukzio sinple bat, mende bateko edo biko atzerapenarekin. Osaera sozial “tartekatu” bat sortzen du, erabat berria, non teknikaren eta egitura kapitalistaren azken konkistak basakeria feudalaren eta aurre-feudalaren erlazioetan txertatzen diren, horiek eraldatuaz eta menperatuaz, klaseen artean elkarrenganako erlazio egoera oso berezi bat sortuz.”
Errusiako historia ezin zen lehenengo iraultza burgesen herrialdeena bezala hartu burgesiak klase bezala zuen ahuleziagatik eta interesengatik. Hori dela eta, klaseen arteko erlazio berezi hauetan burgesia liberalak iraultzaren aurrean zuen papera ulertzea ezinbestekoa zen. Burgesia liberalak ezin zuen nekazal auzia konpondu, interes handiak tartekatzen baitzituen lurjabe handiekin (banku hipoteketan, burges asko lurjabeak ziren…) eta aldi berean batere ez lurrak eskatzen zituzten nekazariekin. Honekin batera, hirietan burgesen eta langileen arteko ezberdintasun sozialak eta gatazkak oso handiak ziren. Horregatik, masak tsarismoaren aurka altxatzen zirenean, burgesia erreakzioaren alde eta matxinatuen aurka jartzen zen.
Diktadura demokratikoak ebazten ez zituen galderak etengabeko iraultzaren teoriak erantzun zituen. Nekazarien klase zabalak, geruzetan hain banatua eta hain dispertsatua, behin eta berriz burgesetatik eta langileetatik interes independenteak defendatzeko eta agintera iristeko ezintasuna erakutsi zuen. Langile klasea zen gizarteko klase zapalduen buruan jarri eta boterera iritsirik iraultza burgesaren eginkizunak aurrera eraman zitzakeen bakarra. Baina behin boterera iritsita langile klaseak ezingo zuen kapitalismoaren markoan mantendu eta iraultza burgesarekin batera iraultza sozialista ere aurrera eraman beharko zuen bankuak eta enpresak desjabetuz.
1917: proba erabakigarria
1917ko Otsaileko iraultzak, mahai gainean ezarri zituen beste behin aurreko eztabaidak, azterketak eta ondorioak. Erakunde politiko guztiak proban jarri zituen. Iraultzaren eskakizunen arabera mundu gerrarekin amaitu beharra zegoen, lurra banatu eta herritarren bizi baldintza miserableak hobetu beharra zegoen. Baina nola lortu?
Errusiako burgesia, lehen azaldutako loturez gain, kapital inperialistaren inbertsioen menpe ere bazegoen eta, beraz ezin zuen Ententeko burgesen aurrean bere kabuz bakerik sinatu. Mentxebikeek euren politika puntu batean oinarritu zuten: langile klaseak ezin zuen boterera hurbildu, ezin zen burgesiaren konfiantza galdu. Honela burgesiaren programa gai guztietan mantentzea besterik ez zitzaien geratzen: mundu gerra irabazi arte jarraitzea, lurren jabetza handiak mantentzea etorkizuneko Biltzar Konstituziogilera arte (hori deitzeko asmorik eduki gabe) eta masei “aberria” salbatzeko sakrifizio gehiago eskatzea.
Boltxebikeek hasiera batean, Kamenev eta Stalin zuzendaritzan zituela, babes kritikoa planteatu zuten gobernu probisionalarekiko. Gerraren aurrean jarrera defentsista hartu zuten eta hori praktikan gerraren jarraipenari bide ematea zen. Honela ezinezko egiten zen alderdi boltxebikeak masen nahiekin konektatuz paper iraultzailea jokatzea eta mentxebikeengandik eta sozial-iraultzaileengandik ezberdinduko zuen programa defendatzea.
Urte horretan, Leninek eta Trotskyk, nahiz eta biak atzerriko herrialdeetan errefuxiaturik egon, planteamenduetan bat egin zuten. Leninek Errusiara itzuli orduko, apirileko tesiekin alderdi boltxebikearen orientazioa aldatzeko kanpaina hasi zuen, gobernu probisionalean konfiantzarik ez zela eduki behar eta botere guztia sobietek hartu behar zutela azpimarratuz. “Diktadura demokratikoaren” kontsigna alde batera utzi eta Trotskyren etengabeko iraultzaren teoriarekin erabat bat egitea zen. Azkenik Urriko Iraultzaren garaipena bera izan zen etengabeko iraultzaren teoriaren egokitasunaren froga handiena.