Etengabeko iraultzaren teoria izan zen Trotskyk teoria marxistari egin zion ekarpenik esanguratsuenetarikoa. Errusiako langile mugimenduaren borrokaren praktikatik bertatik eratorritakoa izan zen, baita bertako burgesiaren gaitasun eza iraultzailetik, eta ondorioz, langileriak, modu independente batean garatu behar izan zuen batailatik. Arazo nazionalarekin estuki lotuta dagoen auzia da Etengabeko iraultzarena, jarraian aurkezten dugun Trotskyren Errusiako Iraultzaren Historiako “Arazo Nazionala” kapituluko testu zati honetan agertzen den bezala.

 

“Apirileko konferentzian zehar, Leninen arazo nazionalaren inguruko erresoluzioa defendatzerakoan, Stalin jada formalki “zapalkuntza nazionala zirkulu inperialistek aplikaturiko sistema... neurriak...” direnaren ideiatik abiatu da, baina ezinbestean laster erori da berriro ere bere martxoko posizioetan. “Herrialde bat zenbat eta demokratikoagoa izan, ahulagoa izango da bertan zapalkuntza nazionala, eta alderantziz”, hauxe da txosten honen defendatzailearen kontzeptu abstraktua, bere-berea duena eta ez Leninengandik hartua. Ingalaterra demokratikoak kasten India feudala zapaltzearen errealitateak ihes egiten du bere ikuspegi mugatutik. Errusian ez bezala, hemen “antzinako aristokrazia lurjabe batek agintzen baitzuen –jarraitzen du Stalinek–, Ingalaterran eta Austrohungarian zapalkuntza nazionalak ez ditu progromoaren formak hartu”. Ingalaterran aristokrazia lurjaberik “inoiz” existitu izan ez balitz bezala! Edota Hungarian aristokrazia honek agintean jarraituko ez balu bezala! Bilakabide historikoaren izaerak, “demokrazia” nazio ahulen zapalkuntzarekin konbinatuz, zazpi giltzekin itxitako liburu bat izaten jarraitzen zuen Stalinentzat.”

“Errusia nazionalitateen Estatu gisa finkatu izana bere atzerapen historikoaren emaitza izan da. Baina atzerapena kontzeptu konplexua da, kontraesankorra halabeharrez. Herrialde atzeratu bat ez doa aurreratuago baten oinatzen atzetik, beti distantzia berbera mantenduz. Mundu mailako ekonomiaren aroan, nazio atzeratuak, nazio aurreratuen presioagatik, garapenaren kate orokorrean txertatzen dira, eta tarteko maila batzuk saltatzen dituzte. Are gehiago, finkaturiko forma sozial eta tradizio ezak herrialde atzeratua –muga batzuetara arte behinik behin– irekiagoa bilakatzen dute teknikaren eta pentsamendu mundialaren punta-puntako elementuak bertan sartzeko. Baina atzerapenak ez dio atzerapen izateari uzten. Osotasunaren bilakabideak izaera kontraesankorra eta konbinatua hartzen du. Nazio atzeratu baten egiturak muturreko polo historikoen gailentasuna du ezaugarri; nekazari atzeratuena eta proletario aurreratuena formazio ertainen eta burgesiaren gainetik. Klase baten eginkizunak beste batenaren sorbaldetara igarotzen dira. Erdi Arotik bizirik dirauten elementuak ezabatzea ere proletalgoaren eginkizuna da.”

“Errusiaren atzerapen historikoa islatzeko, herrialde europar gisa hartzen badugu behintzat, ez dago honako kasu hauek ikustea besterik: XX. mendea iritsita ezabatu zituen nahitaezko errentamendua eta judutarrek leku jakinetan bizitzeko zuten obligazioa, hau da, morrontzaren eta ghettoaren basakeria. Baina eginkizun hauek burutzeko, Errusiak, bere atzerapenagatik hain zuzen, gako berriak, mailarik altueneko alderdi eta programa modernoak zituen. Rasputinen ideiekin eta metodoekin amaitzeko, Errusiak Marxen ideiak eta metodoak behar izan zituen.”

“Hain zuzen, praktika politikoak primitiboagoa izaten jarraitzen zuen teoriak baino, gauzak ideiak baino mantsoago eraldatzen baitira. Bestalde, teoria han zegoen, praktikaren beharrak azken dedukzioetaraino bultzatzeko. Askapena eta loraldi kulturala eskuratzeko bidean, nazionalitate zapalduak euren patua langile klasearenari lotzera beharturik zeuden. Eta horretarako nahitaezkoa zitzaien alderdi burges eta burges txikien buruzagitzatik aldentzea, hau da, euren eboluzio historikoaren bilakabideari bultzada ematea.”

“Mugimendu nazionalak iraultzaren oinarrizko prozesura, hau da, botereagatiko proletalgoaren borrokara lotzea ez da bat-batean gertatzen, hainbat fasetan baizik, eta forma desberdinetan herrialdeko eskualde ezberdinen arabera. Langile, nekazari eta soldadu ukrainarrak, errusiar zuri eta tartaroak, Kerenskirenganako, gerrarenganako eta errusifikazioarenganako zuten areriotasunagatik –kontziliatzaileen zuzendaritzapean egonik ere– iraultza proletarioaren aliatu ziren. Objetiboki boltxebikeei euren babesa eman ondoren, hurrengo fasean, subjektiboki, boltxebismoaren bidetik jo zuten. Finlandian, Letonian, Estonian, eta gutxiago Ukrainan, halako garrantzia hartu zuen mugimendu nazionalaren disoziazioak ezen atzerriko tropak sartzea bakarrik zela iraultza proletarioaren arrakasta saihestu dezakeen elementu bakarra. Ekialdeko Asian, esnatze nazionalak formarik primitiboenak hartu zituen lekuan, oso gradualki eta atzerapen esanguratsuarekin ipini zen hau langileriaren zuzendaritzapean, boterea eskuratu ostean. Prozesu osatu eta kontraesankor hau bere osotasunean hartzen badugu,  ondorioa begi bistakoa da: uholde nazionala, nekazal uholdea bezala, Urriko Iraultzaren ibilguan isurtzen zen.”

“Masak arazo oinarrizkoenetatik emantzipazio politiko, nekazari eta nazionalera, hau da, langileriaren agintearen aldeko borrokara igaro izana ez zen agitazio “demagogikoaren” ondorio; ezta aurretik bururatutako eskemen edota etengabeko iraultzaren teoriaren ondorio ere, liberalek eta kontziliatzaileek uste bezala. Errusiako egitura sozialaren eta egoera mundialaren zirkunstantzien ondorio besterik ez ziren. Etengabeko iraultzaren teoriak garapenaren prozesu konbinatua formulatu besterik ez zuen egin.”

“Hau ez da Errusiarako bakarrik balio duen zerbait. Iraultza nazional atzeratuak proletalgoaren iraultzaren esanetara ipintzeak mundu mailan du bere determinismoa. XIX. mendean zehar gerren eta iraultzen oinarrizko eginkizuna merkatu nazional baten ekoizpen indarrak segurtatzea zen bitartean, gure mendearen eginkizuna ekoizpen indarrak muga nazionaletatik askatzea da, euren garapenarentzako oztopo bilakatu baitira azken hauek. Zentzu historiko zabalago batean, Ekialdeko iraultza nazionalak ez dira proletalgoaren mundu mailako iraultzarako eskailera-maila bat besterik, Errusiako mugimendu nazionalak diktadura sobietarrerako maila bilakatu diren bezala.”

“Leninek sakontasunez ulertu zuen nazionalitate zapalduek beren baitan duten indar iraultzailea, bai Errusia tsaristan, bai mundu osoan ere. Berarentzat erabat arbuiagarria zen bi gertakariak maila berean jarriz Japoniak Txina esklabizatzeko egin zuen gerra eta Txinak Japoniatik askatzeko burutu zuena “kondenatzen” zituen “pazifismo” hipokrita hura. Leninentzat, gerra inperialista bati aurre egiten zion askapen nazionaleko gerra bat iraultza nazionalaren beste forma bat besterik ez zen, aldi berean nahitaezko maila zena mundu mailako langile klasearen askapen borrokarentzat.”

“Iraultzen eta gerra nazionalen inguruko iritzi hauetatik ez da ondorioztatu behar ordea nazio kolonial eta erdikolonialetako burgesiari misio iraultzailerik onartzen zionik. Alderantziz, hain zuzen, esne-hortzak izan zituenetik, herrialde atzeratuetako burgesia atzerriko kapitalaren agentzia gisa garatu zen, eta azken honen aurrean inbidia haserrekorra erakusten badu ere, momentu esanguratsuenetan berarekin lerratuko da batailaren alde berean. Erosleen sistema txinatarra burgesia kolonialaren forma klasikoa da, Kuomintanga erosleen alderdi klasikoa den bezala. Burgesia txikiaren buruzagiek, intelektualek barne, paper benetan aktiboa eta askotan zaratatsua bete dezakete borroka nazionalean, baina ez dira gai paper independentea jokatzeko. Langile klaseak soilik, nazioaren buruan ipinita, eraman dezake bere azken helburuetaraino iraultza nazional eta nekazaria.”

Klaseko independentziaren beharra

Burgesia txikiak, paper desberdindu bat bere kabuz burutu ezinik, langile klasea limurtzera jo izan ohi du historikoki eta langileriaren buruzagiak askotan erori dira amarruan. Trotskyk Stalinen adibidea erakusten digu, burgesiaren paperak, demokraziaren ustezko askatasunak eragiten dion liluraz. Stalinen Etapen Iraultzarekin eta honen aurrean Trotskyk garatutako Etengabeko Iraultzaren teoriarekin estuki lotuta dago dena. Burgesiak dagoeneko paper iraultzailerik joka ezin badezake, kapitalismoa eta bere erakunde klasikoak, liberalismoa, jabego pribatua, Estatu burges nazionala, historikoki agorturik badaude, zergatik behin eta berriro lehenbizi kapitalismo eta demokrazia liberal perfektuago bat eskuratzeko eta ondorenerako sozialismoaren aldeko borroka uzteko defentsa egin? Hauxe izan zen Trotskyren ondorioa. Langileriak du orain Historiaren testigua. Berea da bai burgesiaren eginkizunak eta bai langileriarenak egiteko ardura. Arazo nazionala ez dago auzi honetatik kanpo. Trotskyk burgesia txikiaren ideia hauek langileriarengan txertatzearen arazoaz ohartarazi nahi gaitu. Klase independentziarik gabe langileriaren helburuak desitxuratu egiten dira, hain zuzen hauxe da burgesiaren helburua. Euskal langile mugimendua ere ez dago mehatxu honetatik salbu. Baina Etapen teoria ez da baliagarria izango. Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala borroka bakar eta berberaren ondorio izango dira eta langileriak beteko du paper hori, ez dago lasterbiderik. Etengabeko iraultzaren tesiei jarraitu ezean, emaitza bakarra izango da kapitalismoa; eta kapitalismoak zapalkuntza nazionala eta soziala esan nahi du. Kapitalismoa edo sozialismoa, zapalkuntza edo askapena, hori dago jokoan.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.