Maiatzaren erdialdean Ceuta eta Maroko arteko mugan armada hedatzea armamentu astunarekin giza eskubideen aurkako errepresioan eta mespretxuan oinarritutako migrazio-politika gizagabearen beste froga bat izan da.

Duela hilabete batzuk Kanarietan berdina gertatu zen. Beren jatorrizko herrialdeko miseriatik eta zapalkuntzatik ihes egiten saiatzen diren milaka pertsonak, Estatu espainiarrera iristen direnean, modu basatian tratatzen dituen dispositibo batekin topatzen dira. Kriminal arriskutsuak balira bezala tratatzen dira eta berriro ere mugara eramaten dira berehala kanporatuak izateko. Neurri horiek hartzen dituen Gobernuak "aurrerakoia" dela eta "Giza Eskubideak defendatzen dituela" esango du, baina benetan zaila da migrazio politika hauen eta Mariano Rajoyren Gobernuak egiten zuenaren artean ezberdintasun nabarmenak aurkitzea.

Pedro Sanchezek bide guztietatik muga defendatzeko deia egin du, eraso armatu baten aurrean egongo bagina bezala. PSOEren aldetik ezin zitekeen besterik espero, baina Unidas Podemosen jarrera eskandalagarria da. Bertako buruzagiek ez dute ekintza basati honen aurkako protestarik txikiena ere egin. Unidas Podemosen programako proposamenak — zero heriotza Mediterraneoan, Atzerritarren Barneratze Egoitzak (CIE gazteleraz) ixtea, migratuen eskubide zibilen bermea eta asilo eskubidea — ahaztu egin dira. "Arrazoizko Estatua" aldarrikatzen da, hau da, kanpo politika inperialista defendatzen duen eta migrazio arloan EBren politika arrazistaren mende dagoen Estatua.

PCE alderdiak, bi ministro izanik, militarren esku hartzea justifikatu du Marokoren probokaziotik "subiranotasun nazionala" babesteko bitarteko gisa. Lotsa ematen du egiaztatzeak PCEk eskuin muturrak gorroto mezua zabaltzeko erabiltzen duen demagogia mota bera erabiltzen duela, "inbasioa" geldiaraztera dei eginaz.

Gobernua dagoen ezkerraren jarrerak mesede itzela egiten dio muturreko eskuinari. Italiako presidenteorde izandako Matteo Salvini faxistak, bere herrialdeko Gobernuari eskatu dio etorkinekin Pedro Sanchezen Gobernuak erabiltzen duen ukabil gogorra aplikatu behar duela. Voxek berriz, Armada zabaltzeko egin zuen eskakizuna bete zela ikusi ondoren, egoera aprobetxatzen du bere aldarrikapen arrazista eta xenofoboak jaurtitzeko.

Migrazioaren kriminalizazioak kapitalisten alde baino ez dute egiten

Guztiz faltsua da esatea bateragaitza dela bertako langileen eskubide sozialak defendatzea eta, aldi berean, migratzaileek bizi-baldintza hobeak bilatzeko eta gerratik, tiraniatik eta miseriatik ihes egiteko duten eskubidea defendatzea. Langile mugimenduaren historiak argi erakusten digu horrelako aurreiritzi xenofoboak objektiboki gezurra direla.

Herrialde kapitalistetan langile klasearen bizi baldintzak erasotzen eta higatzen dituena burgesia eta bere Estatua dira. Kapitalismoaren egiturazko krisiaren ondotik datozen austeritate politikak izaten ari dira, duela hamarkada gutxi batzuk mugiezinak ziruditen eskubide eta aurrerapen sozialak arriskuan jartzen ari direnak. Langile migratzaileak gehiago edo gutxiago izateak ez du berez baldintzatzen bertako langileen bizi-baldintzak hobeak edo okerragoak izatea. Aldiz, langile klaseak elkartuta eta jatorri edo arraza ezberdintasunak gaindituz borrokatu duen uneak izan dira garaipen garrantzitsuenak eman dituztenak.

Bestalde, langileen bizi baldintzak okertzen laguntzen duena, eta asko gainera, ezkerreko indarrek eta sindikatuek diskurtso xenofobo eta arrazista erabiltzea izaten da. Langileak jatorrizko herrialdeagatik, azalaren koloreagatik, erlijioagatik edo beste edozein aitzakiagatik kolektibo desberdinetan zatitzea eta bata bestearen aurka jartzea, hori da, hain zuzen ere, enpresarien erasoen aurrean ahultzeko eta zaurgarri egiteko biderik seguruena.

UPko eta CCOO eta UGTko buruzagiek nagusiki, itun sozialaren eta 78ko erregimenarekiko errespetuaren eskutik, uko egiten die klaseko programa borrokalari bat defendatzeari, eta nazionalitate edo lege egoera ezberdinen gainetik langile klasea batzeari. Horrela, "espainiarrak lehenik" edo "paperak behar bezala dituztenak lehenik" motako aurreiritziak indartzen dira eta langile klasea zatitzeko patronalaren estrategia errazten da.
Behera Mohamed VI.aren diktaduta!

PSOE-UP Gobernuko agintariek Marokoko Gobernuari egotzi diote Ceutako egoeraren errua. Berriz ere, bat egin dute Voxen iritziarekin, eta ultraeskuindarrek berehala eskatu die Europar Batasunari Marokoren aurkako zigorrak ezartzen hasteko.

Bai hipokritak! PSOEk eta UPk, ezkutatu arren, ondotxo dakite Marokoko diktadura odoltsua eta egungo errege familia inperialismo europarrak jarri zuela boterean garai kolonialaren amaieran. Ordutik, babes politiko eta militar osoa eman dio, Marokoko langileak eta baliabide naturalak gupidagabe esplotatzetik lortutako irabaziak partekatu dituzte eta mugako jendarmearen lan zikina egin dezan diru-laguntza handiak eman dizkie.

Koalizio gobernuak ez du hatzik mugitu Mendebaldeko Sahararen okupazio militar bortitzaren aurka. Osorik traizionatu du saharar herria eta askatasunaren eta independentziaren aldeko borroka, Mohamed VI.ari bere diktadura kriminala sostengatzen laguntzeko.

Gobernua benetan ezkertiarra izango balitz, berehala etengo lituzke Marokoko erregimenarekiko loturak eta, solidarioa eta sozialista den politika bat aplikatuz, Marokoko langileriari Mohamed VI.aren diktaduratik aldentzen eta bere emantzipazioaren bidean aurrera egiten lagunduko lioke.

Ezker iraultzaile, internazionalista eta antiarrazista baten alde!

Migrazio-politikan, gainerako esparruetan bezala, krisian dagoen kapitalismoaren errealitate gogorra gailentzen da. Ez dago tarteko biderik. Gobernua aplikatzen ari den politika krudelak eta armada zeregin errepresiboetarako erabiltzeko erabakiak, beste behin, zera erakusten du: gizartea eraldatzeari uko egiten diotenak, eta, "errealismoa" deritzenaren izenean kapitalaren interesen kudeatzaile fidel bilakatzea erabakitzen dutenak, langile klasearen arazoen konponbiderako oztopo nagusi bihurtzen dira.

Ezker iraultzaile, internazionalista eta antiarrazista baten alternatiba altxatzea ezinbestekoa da. Bat egin gurekin hori eraikitzeko!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.