Hilabeteetan zehar inperialistek egin dituzten interbentzio kriminal horiek gaitzestea edozein iraultzaileren zeregina da. Era berean, akatsa litzateke Gadafi defendatu behar genuela pentsatzea edota bere heriotzak inperialismoaren indartze bat ekarriko duela eta mundu guztiko borroka antinperialistan atzera pausoa dela uste izatea.
Gadafiren erorketa ez da inperialismoaren borondate edo indarraren ondorio izan, herritarrek hamarkadetan zehar jasandako errepresio, ustelkeria eta ezberdintasun sozialek sortu zuten deskontetuaren eta bere erregimenarenganako ukapenaren ondorio baizik.
Azken urteetan inperialistek Libian egin zituzten interbentzioak Gadafi familiarekin aliatuta egin zituzten. Berriki argitaratu da M16 britainiar zerbitzu sekretuak Gadafiren erregimenarekin kolaboratzen zuela herrialdeko oposizio politikoaren aktibitatearen berri jakiteko. Gadafik CIArekin aktiboki kolaboratzen zuela ere jakin dugu, “hegaldi sekretuek” Libian lurreratzea onartzen zuen eta bertako kartzeletan presoak galdekatzen zituen. Masak altxa zirenean, otsailaren 15ean, hiriak hartu eta Gadafi babesten jarraituz gero Mendebaldeari petrolio hornidura moztuko ziela mehatxu egin zutenean inperialismoaren estatu nagusi guztiek estrategiaz aldatu zuten martxan jarri zen iraultza kontrolatu eta porrotera bideratzeko, Libia beraien kontrolpean edukitzeko.
Otsailaren 15etik martxoaren hasierara Libian gertatu zena ez zen inperialistek antolatutako mugimendua izan, herri altxamendu bat baizik, urteetan zehar herritarrek jasandako errepresio, ustelkeria eta harpilatzearen aurka. Bengasi, Tobruk eta beste hainbat hiritan masek hirien kontrola hartu zuten eta batzar eta herri komiteen bitartez horniketa, segurtasuna… hasi ziren antolatzen. Iraultzaren egun horietan inork, ezta Gadafik eta bere aldekoek ere ezin izan zuten giza eskubideen aurkako salaketa bakar bat ere egin. Iraultzan zeuden masen boterea eta ilusioa hiri batetik bestera pasatzen ziren, baita ejertzitoaren oinarrira ere hauetako asko iraultzaren aldera pasatzen zirelarik.
Inperialisten hasierako asmoa Gadafirekin eta exiliaturik zegoen oposizio burgesarekin akordioetara iristea zen. Masen mobilizazioa eta Gadafik edozeren gainetik boterea mantendu nahi izatea izan ziren inperialisten asmoa hondatu zutenak. Testuinguru honetan, Obamak publikoki Gadafiren irteera eskatu zuen eta frantziar inperialismoak bere eragin eremu tradizionalean (Magreb) posizioak errekuperatu asmoz, beste inperialistei aurrea hartzeko, Trantsizioko Kontseilu Nazional libiarra (TKN) onartzeko eskatu zuen.
Masen mugimenduak herri komiteen buru jarri zituen agintariek (oposizio burgeseko sektore proinperialistak eta bandoz aldatu zuten Gadafiren ministroak) akordio zabal bat egin zuten TKNa sortzeko eta, aldi berean, iraultza bera desbideratzeko. Ondoren, inperialismoaren kolaborazioa bilatu zuten, zeinak praktikan bere domeinura ipintzea suposatzen zuen. Beste hainbat iraultzatan gertatu den bezala, mugimenduko zuzendaritzaren papera, programa eta ideia politikoak erabakigarriak dira iraultzaren etorkizunarentzat.
TKNaren izaera proinperialista
TKNren politika proinperialistaren ondorioz, garaipena lortzekotan zen iraultza milaka hildako eragin dituen gerra zibilean bihurtu zen. Gadafi erori ostean inperialista guztiak zatirik onenaren bila hasi dira eta Libia iraultza arabiarren zabaltzearen aurka erabili nahi dute. Baina gauza bat beraien plan eta asmoak dira eta beste bat klase arteko borrokek eta mundu osoan bizi dugun egoera ezegonkorrak determinatzen duena. Inperialismoaren gonapean dauden TKNko agintari burgesek eta burges txikiek ez diete herritarren gehiengoaren berehalako beharrei erantzunik emango. TKN barruko hainbat talderen artean borroka oso latzak daude boterea nork lortuko. Uda honetan Abdel Fatah Yunis, matxinatuen ejertzitoko Estatu Nagusiko nagusiaren (altxamendua hasi zenean Gadafiren barne ministroa zen) hilketak erakusten du hori. Hilketa ejertzito berdineko beste fakzio batek burutu zuen. Hainbat potentzia inperialistek, TKNko zuzendari burgesen onespenarekin, Libia beraien “babespeko” herrialde gisa antolatu nahi dute. Irailaren 1ean Parisen egin zuten “Libiaren lagunak” izeneko konferentzian (“Libiaren lapurrak” hobe legoke), petrolioa nola banatu erabakitzeko asmoz, gairik garrantzitsuenetakoa libiar herriari armak nola kendu izan zen. Zentzu horretan, oso esanguratsuak izan ziren Hillary Clintonek bilera horretan egin zituen adierazpenak: “libiar agintari berriek muturreko bortizkeriaren aurka borrokatzen jarraitu behar dute eta gurekin lan egin Gadafiren armen biltegiak Libiarrentzat eta mundu osoarentzat mehatxu izan ez daitezen”. Diplomazia ipar-amerikarraren hizkera hipokritaren atzean oinarrizko gaia dago: inperialismoak TKNri proposatzen dion neurrietako bat milizien armagabetze orokorra da eta, kontuan izan behar da bere laguntza ekonomikoa eta Gadafik kanpoan zeuzkan kontuen (50.000 milioi dolar) desblokeoa baldintzatzen dituela. Altxatu diren masek armak itzuli nahiko ez dutenaren beldur dira inperialistak eta badakite ireki den aro berriaren aukeretako bat masen borroka inperialismoaren aurka eta bertako gobernu txotxongiloen aurka zuzentzea dela. Herri armatua oztopo litzateke inperialismoak Estatu burges bat sortzeko duen asmoentzat eta desarmatzea oinarrizkoa da masak bere lekuan ipini eta herrialdea bere zerbitzura edukitzeko. Horregatik ari dira etengabe adiskidetzearen beharraz hizketan, beraien ahotan ordea horrek estatu aparatua Gadafiren lehengo funtzionarioen eskuetan ipintzea esan nahi du. Ez dute Iraken egin zuten akats berbera errepikatu nahi, gerra hasi eta Saddam Hussein garaitu ondoren Baaz alderdia hautsi zutenekoa. Gero ohartu ziren agian egokiagoa izango zela alderdi horretako kideekin kolaboratzea estatu aparatu irakiarra eraikitzeko.
Gadafiren erorketak aro berria ireki du
Gadafiren aurkako borroka aitzakia bihurtu zen TKNko zuzendaritzarentzat, herritarren eskaera konkretuei irtenbiderik ez emateko eta inperialistekin egin zuten aliantzarako. Orain aitzakia hori desagertu dela, agintari horien benetako klaseko izaera agerian geldituko da eta ageriago geldituko da kapitalismoak masei bizitzeko baldintza duinak eskaintzeko duen ezintasuna.
Hala ere, agintari burges libiarrak eta inperialistak era guztietako maniobrak egiten saiatuko dira masen arreta desbideratzeko. Giza laguntzaren aitzakiapean NATOk Libian jarrai dezan pentsatu dute eta NBEaren misio bat prestatzen ari dira herrialdea begiztatzeko. Masei armak ez badizkiete kentzen eta ezin badituzte kontrolatu, ez dute dudarik egingo beraien artean zatiketak bultzatu eta elkarren aurka jartzeko, ezberdintasun tribalak suspertuz, hauek auzi guztian bigarren mailako papera jokatu badute ere. Beraien epe motzerako asmoa seguruenik batasunezko gobernu bat eratzea izango da, hauteskunde “demokratikoak” hitz eman eta hauteskunde horiek beraien erara antolatzeko nahikoa denbora hartuz. Baina Libian demokrazia bat sortzeko edozein promesa, herrialdeko petrolioaren kudeaketa gizartearen kontrol demokratikopean ipini gabe (horrela enpleguak, osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta bizi baldintza duinak bermatuko lirateke) fartsa bat izango da. Libian eskaera demokratikoak gizartearen eraldaketa sozialista batekin soilik lortu daitezke. Beharrezkoa da aldarrikapen trantsizionalak defendatuko dituen programa bat, bakea eta herrialdearen eraikuntza, lan duina, ura, etxebizitza eta zerbitzu sozialak, petrolioaren industria eta gainerako aberastasunen desjabetzearekin uztartuko dituena. Programa honi lotuta, inperialistek sortu nahi duten parlamentu edota batzar nazionalaren aurrean, beharrezkoa da herri komiteak berrantolatzea eta batasuna defendatzea. Horrekin batera, herri komite horietako ordezkarien batzar iraultzaile bat sortzea oinarrizkoa da, uneoro hautagarriak eta kengarriak izango liratekeen delegatuekin. Masek asteetan zehar Bengasin eta beste hainbat hiri autogobernatzen hartu zuten esperientzia ez zen alferrikakoa izan. Masek beraien indarra eta boterea bizi izan zituzten eta baita ikusi ere, bai teorian eta bai praktikan, gai direla bizitza soziala zuzentzeko inperialista eta kapitalistarik gabe.