Klase borroka izugarri areagotuko da
Alemaniako hauteskundeek astinaldi politiko kontinentala eragin dute. Sozialdemokraziak inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituen, lau urtez Gobernuan egon ondoren, Ukrainako gerran AEBetako inperialismoaren aurrean belaunikatu eta Gazako genozidio sionistaren alde argi eta garbi egin ondoren.
CDUren eskuina ere bide horretatik abiarazi izanak, eta inmigrazioari buruz ahalik eta diskurtso erreakzionarioenaren apologia egin izanak AfD ultraeskuineko idarra benetako irabazlea bihurtu dute. Die Linkek, beste aldetik, emaitza bikaina lortu du eta garaipena lortu du Berlinen.
Eskuin muturra datuetan
Eskuin tradizionalak, 14.158.432 botorekin ( % 28,6) hauteskundeak CDU-CSUk irabazi dituen arren, errealitatea da inoizko bigarren emaitzarik txarrenak lortu dituela. CDUren politika argi eta garbi arrazistak giroa prestatu egin dio eskuin muturrari, bere programa erabat zurituta ikusi baitu. AfD bigarren alderdia da jada Bundestagen, SPDren gainetik, 10.327.148 botorekin, (% 20,8), azken hauteskundeetan baino 5,5 milioi gehiago.
Indar atzerakoi eta supremazista hori, diskurtso naziaren hainbat proposamen kopiatzen duten elementuek gidatua, bozkatuena bihurtu da antzinako RDAko estatuetan (Alemaniako ekialdea), eta horietako hirutan botoen ia % 40ra iristsi da. Mendebaldean ere nabarmen egin du aurrera, % 20tik gora, eta SPDren gotorleku ziren industria eremu batzuetan hazi da. Eta hori guztia, gainera, % 82,5eko egundoko parte-hartzearekin, 2021ean baino 6 puntu eta hiru milioi boto gehiagorekin.

Elon Musk faxistaren eta Trump presidentearen babes sutsua jaso du AfDk hauteskunde kanpainan. Nazioarteko Faxistar hau, aberatsez josia, eta Steve Banonekin Washingtonen egin zuen batzarrean nazien agurra eginez, mendeku hartzeko irrikaz daude eta kolpe erabakigarria eman nahi digu langile klaseari, feminismoari, gizarte mugimenduei, ezkerrari eta sindikalismo borrokalariari. Eta orain, EBko herrialderik garrantzitsuenean posizio sendoa irabazi dutenez, ultra eskuinaren bigarren indarra bihurtu dira Frantziako Le Penen atzetik, ondorioak klase borrokan sentituko dira.
Semaforo Koalizioko Gobernuko alderdiek, SPDk, Berdeek eta Liberalek aurrekaririk gabeko gainbehera jasan dute. SPDk hondoratze historikoa erregistratu du: % 16,4 kaskarra lortu du, 2021arekin alderatuta hautesleen herena galdu duelarik 8.148.284 boto lortuz. Berdeek ere nabarmen egin dute atzera: 5.761.476 boto lortu dituzte, % 11,6, eta milioi bat boto baino gehiago galdu dituzte aurreko hauteskundeekin alderatuta. Eta FPD, eskuineko formazio kapitalista hori, besterik gabe, desagertu da, ministerioetako postuak betetzetik Bundestagetik kanpo geratzera pasatuz. Oro har, duela hilabete batzuk koalizio-gobernua osatzen zuten hiru alderdiek botoen % 32 baino ez dituzte lortu.
Boto antifaxistak Die Linke bultzatu du eta BSWren rojipardismo arrazistak porrot egin du
Die Linkek, parlamentutik desagertzeko zorian zegoenak, ezustekoa eman du eta nabarmen gora egin duen beste alderdia da. Inoizko bigarren emaitzarik onenak lortu ditu botoak bikoiztu baititu (4.355.382, % 8,8). Hauteskunde-kanpainan AfDk eta CDUk hedatutako eta SPDk ere bere egin duen diskurtso arrazista eta xenofoboa arbuiatu dute Die Linkeko liderrek eta honela milioika lagunek alternatiba bakartzat jo dute erreakzioari aurre egiteko. Langile klaseari eta gazteriari axola zaizkien aldarrikapen sozialak azpimarratuz, alokairuen prezioak mugatzeko beharra adieraziz, bizi mailaren kaltetzea salatuz, eta eskuin muturraren amorru misogino, arrazista eta homofoboari aurre eginez, gazteriaren multzo handi bat mobilizatu dute eta langile klasearen botoak berreskuratu dituzte.
Die Linke lehen indarra da 25 urtetik beherakoen artean, botoen % 25 eskuratuta, eta hirugarren indarra, SPDren gainetik, 25 eta 34 urte bitartekoen artean. Bestalde, hiri handietan lortu ditu emaitzarik onenak, eta nabarmentzekoa da Berlinen lortu duen garaipena. Berlinen lortu du lehen indarra izatea, botoen % 20 eskuratuta, hiru barrutitan % 30eko muga gaindituta, eta Berlin-NeuKölln mendebaldeko barrutian kurdu jatorriko eta Palestinaren aldeko hautagaiak garaipen sendoa lortuta.
Die Linkeren arrakastak gazteen eta ezkerraren sektore garrantzitsuei adorea eta konfiantza eman die egoera batean non komunikabideek eta alderdi politiko guztiek, 30eko hamarkadako antisemitismoa beharrean, etengabe ari dira immigrazioaren aurka eta muturreko arrazakeria zabaltzen, bereziki etorkin arabiar eta musulmanen aurka. Borroka zakartzen ari da.
Eta mobilizazio antifaxista horren ondorio positibo bat Sahra Wagenknecht eta bere BSW alderdiaren porrota da, ez baita Parlamentuan izango duela hilabete batzuk Ekialdeko hainbat estatutako hauteskundeetan sartu ondoren. Bere diskurtso arrazista, xenofobo eta enpresarien aldekoak, AfDrekin ustezko programa nazionalista “ezkertiar” batekin lehiatu nahian, porrot egin du erabat. Aurrekoetan bildu zituen boto gehienak AfDra joan dira oraingoan. Logikoa. Kontua arrazistak izatea bada, hobe faxistei botoa ematea.

Polarizazioa eta erreakzioaren aurrerapena
AfDren diskurtso faxista, arrazista eta supremazistaren eragina esanguratsuki gehitu da. Akats larria litzateke hori gutxiestea edo langile klase alemaniarra indartsua dela eta iraganeko deabruak uxatuko dituela esatearekin konformatzea.
Alderdi ultraeskuindarrak, mundu osoko beste askok bezala, CDUtik boto-kopururik garrantzitsuena lortu du, hau da, eskuin tradizionalatik. Hau ezin dugu ahaztu. Bere programa ekintzarako deia da burgesia txikiko sektore zabalentzat, enpresari txiki eta ertainentzat, batez ere landan eta ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetan, negozio handiak egiten jarraitu nahi baitute eskubiderik gabeko migratzaile langile klasearen muturreko esplotazioaren kontura, eta desregulazioaren eta zergak jaistearen kontura.
Baina aurrekoa esanda, ezin dugu alde batera utzi AfD langile klaseko sektoreen artean ere sartzen ari dela, bereziki ekialdean, non babes oso esanguratsua lortu duten, eta baita mendebaldean ere. Antzinako RDAren lurraldeetan duen eragina, ekonomikoki ahulenak diren eremuetan, desberdintasun handienekin, eta Alemaniako ekonomiaren atzeraldiak gehien kolpatu dituenetan, hazi da demagogia arrakastaz erabiliz : nazionalismo demagogikoa erabiliz AEBrekiko menpekotasunaren aurka, Ukrainako gerrari sasi oposizioa eginez eta Errusiari jarritako zigorrei, eta igarotako aurrerapen sozialen garai distiratsuari itzultzeko ideiaz baliatuz. Eta, batez ere, langile klasearen pobretzearen errua etorkinei egotziz.
Mendebaldeko estatuetan, AFDren emaitzetan islatzen da hainbat langileen nahigabea eta haserrea alderdi tradizionalarekiko, SPDkiko eta burokrazia sindikalarekiko, patronalarekin duten jarrera kolaborazionistagatik. Automobilgintzan kaleratze ugari izan duten barrutietan, ultraeskuinak jaso duen babesak aurrera egin du, hala nola Dingolfingen (BMW), non % 32ra iritsi den, edo Rastatten (Mercedes-Benz), non botoen % 31 lortu duen [1], edo Wolfsburgen bertan, non AfDk bere botoak % 12 handitu dituen eta SPDk ere % 12 galdu duen. Azken hamarkadetan Marie Le Penen Fronte Nazionalarekin Frantzian ikusia duguna da.
Horregatik akats larria da emaitza hauei langile klasearen zenbakizko indarra kontrajartzea abstraktuan. Kontsolamendu modu bat da, historiaren lezio gogorrak alde batera uzten dituena. Joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadako langile alemaniarrak kontinenteko indartsuenak ziren, milioika afiliatu zituzten (SPDk eta KPDk), eta langile milizia armatuak zituzten. Baina indar horrek guztiak ez zuen ezertarako balio izan sozialdemokraziaren politika negargarriaren ondorioz, baina baita estalinisten ondorioz ere, naziei langile klasearen sektore zabaletan sartzen eta irabazten utzi baitzieten.
AfDk emaitza onak lortu ditu gazteen artean ere, 24 urtetik beherakoen artean bigarren indarra izanik, eta 25 eta 44 urte bitarteko boto-emaileen artean lehena bihurtuz. Beste indar ultra batzuekin gertatzen den bezala, emaitzak askoz handiagoak dira gizonen artean emakumeen artean baino, sei puntu gehiago: matxismoa beren politikaren ardatz bat da, eta, Voxek Estatu espainiarrean egiten duen bezala, mugimendu feminista jarri dute beren jomugan.
Ulertu behar duguna da AfD langile klasearen sektoreetan sartzea ez dela saihestezina. SPD buru duen koalizio-gobernuaren politikek bizkortu dute prozesua. Kapital handiarentzat legeak egiteaz gain, zerbitzu publikoen suntsipena eta soldaten eta bizi-baldintzen hondoratzea bultzatzeaz gain, Gobernu hau militar eta gerrazaleena bihurtu da 1945etik, aurrekaririk gabeko aurrekontu militarraren igoera onartuz.

Eta orain zorraren muga konstituzionala ezabatzeko beharrari buruzko eztabaidak, SPDk eta Berdeek planteatzen dituztenak, norabide berean doaz: gastu gehiago bai, baina aurrekontu militarrak handitzeko eta Ukrainan gerrarekin jarraitzeko. Aldi berean, AfD, Trump AEBn bezala, demagogikoki bakearen aldekoak bezala agertzen da. Paradoxikoa, baina halaxe da. Nola ez du ultraeskuinak horrela aurrera egingo?
Nolanahi ere, eta demagogia honetaz guztiaz gain, ez da ahaztu behar Hitlerrek kantzilertza lortu zuela, bake-gizona zela eta Alemania oparo bat besterik ez zuela nahi adieraziz. Baina naziak agintera igotzea kontraesanez beteriko prozesu korapilatsua izan zen, non buruzagitza sozialdemokratak eta estalinistak langileria geldiarazita izatea, erabakigarria izan zen. Egun oraindik, langile alemanak ez daude zanpatuak, ezta hurrik eman ere. Ez gaude 1933ko urtarrilean.
Alemaniako klase nagusia oso zatituta dago gaur egun. Sektore zabal batek azken asteotako mobilizazio antifaxista jendetsuak ikusi ditu, eta ondo baino hobeto daki kontzientzia antifaxistak klase borroka eta gazteriaren eta langileen sektore zabalen erradikalizazioa bultza ditzakeela ”. Ez dute inola ere nahi behatzak erre ondo prestatu gabeko egitasmorik gabeko abenturan, beren interesentzat ondorio kaltegarria izan dezakeenean. Horregatik egiten dute CDUren eta SPDren arteko koalizio-gobernu baten alde. Baina formula horrek ez du egoera baretuko, munduko gertakarien martxa kontuan hartuta.
Aurreko guztiak ez digu eragozten aitortzea burgesia alemaniarraren sektore batzuek, Elon Musken zale alemaniarrek, AfDren igoera aukera paregabea ikusten dutela langile klasea irmotasun hilgarriz kolpatzeko eta askatasun publikoei erasotzeko. Egungo inperialisten arteko borroka fasean, demokrazia politikoa eta eskubide sozialak oztopo bihurtu dira metaketa kapitalistarako. Horregatik, clase nagusiaren baitan ultraeskuina babestea arrazoi material objektiboetan oinarritzen da.
AfD Alemanian eta Trump AEBn munduko indar korrelazioa aldatzeko prozesu beraren osagaiak dira, Txina buru duen bloke inperialistaren igoerarekin, klase borroka basatiarekin, demokrazia parlamentarioa burgesia menderatzeko modu gisa deskonposaturik eta hautsita. Inflexio puntuan gaude eremu guztietan.
Hauteskunde horien emaitzek erabateko ezegonkortasuna bermatzen dute, eta sistema kapitalistak dituen kontraesan larriak areagotzen dituzte. Eta hori guztia Trumpek EB dinamitatzea eta, ondorioz, Alemania bere esanetara jartzea helburu duen testuinguruan.
AfDren faxistak botatzeko alternatiba iraultzailearen alde
Alemaniako eskuin tradizionalak kinka erabakigarria du aurrez aurre. Boto-emaileek ultraeskuinerantz egindako ihesak beren oinarri sozialaren zati bat kendu die dagoeneko, eta krisi kapitalista sakoneko testuinguruan, fenomeno hori bizkortu baino ez da egingo. Gainera, CDUren eta SPDren arteko aurreko koalizio gobernuek ez bezala, oraingo honetan bi alderdiek gehiengo pirrikoa lortu dute, 13 diputatu soilik. Berdeen botoak gehitu arren, Gobernuan parte hartu ala ez esanekoak izango direnak, Legebiltzarrean ez dira nahikoak Konstituzioa aldatzeko beharrezkoak diren 2/3ak lortzeko, ezinbestekoa baita zorraren muga konstituzionalarekin amaitzeko eta Armadaren aldeko funts berezi berri bat onartzeko (Bundeswehr). Nolanahi ere, arazoa txikia da, eta AfDren eskutik konpondu ahal izango dute, kapital handiak hala eskatzen badu.
Die Linkek emaitza onak lortu baditu ere, eta arrazoiaz gazte eta aktibista askok kolpe pozgarritzat jo dute hainbeste xelebrekeria ultraeskuindarraren aurrean, ezkerrak erronka erabakigarriei egin behar die aurre Alemanian. Die Linke tresna baliagarritzat hartu da hauteskundeen eremuan, baina duela urte batzuetatik daraman barne krisi sakona eta klase borrokaren eremuan izan duen gainbehera ez dira desagertu.
Etxe Zurian Trump eta Zelenski artean bizitako ikuskizunaren ondoren, Die Linkeren buruzagitzak komunikatu bat jalgi du [2], Europako gainerako buruzagiekin batera, Ukrainarekin posizionatuz, edo, hobeto esanda, Ukrainako gerra inperialistarekin. Mendebaldeko propagandari jarraitzea eta AEBk eragindako gerra inperialista baten aurrean gaudela eta Putinen Errusia, potentzia inperialista ere badela eta irabazteko bidean dagoela onartzeari uko egitea akats larria da, AfDko faxistei gauzak errazten jarraituko baitu.
Adierazpen horretan, Die Linkek bere legebiltzarkideen botoak eskaini ditu zorraren igoeraren muga konstituzionalarekin amaitzeko behar diren 2/3ak lortzeko, hori baita CDUk eta SPDk eskatzen dutena. Baina CDUren, SPDren eta Berdeen arrazoiak, hori egiten badute, lehen aipatu ditugunak dira: gastu militarra izugarri handitzea eta Alemaniako multinazional handiei negozio mamitsuak bermatzea. Euro bakar bat ere ez da joango langile klasera edo zerbitzu publikoetara.

Die Linkeko buruzagiek azken lau urteetan Bundestagen praktikatu duten politika pairatzen duen krisi politiko sakonaren sorburua da, hau da, Gazako genozidioan sionismo kriminalarekin posizionatu izana, palestinar herriak erresistentziarako duen eskubidea arbuiatu izana, gainerako alderdiekin batera bozkatu izana – AfD barne – eta erakunde palestinar batzuk legez kanpo utzi izana.
Hauteskundeetako emaitzek eta Die Linkeren militantziaren hazkundeak, 100.000 kideen kopuru historikoa gainditu duenak, faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean borroka erakunde bat eraikitzeko aukera dagoela islatzen dute. Baina hori bakarrik egin ahal izango da 180 graduko biraketarekin bere programan eta klase borrokan egiten duen eskuhartzean, jarrera benetan marxista eta internazionalista hartuz, Ukrainako gerra inperialista eta Gazako genozidio sionista salatuz, eta erdigunean jarriz mobilizazio zabala kaleetan, bake sozialarekin eta burgesiarekin lankidetza hausteko. Diskurtso erretorikoetan eta aretoko negoziazioetan oinarritutako ekintza parlamentario hutsak ez du balio, ezta gobernagarritasun-faktore izan nahi izateak ere. Bide hori frogatu da jada, eta hondamendira darama.
Ultraeskuinaren mehatxua hain arriskugarria da ezen ez dago itxaroterik. Beharrezkoa da alternatiba iraultzailea eta klaseko sindikalismo borrokalaria eraikitzea borroka planaren azken urratsa greba orokorra jomuga duen egitasmoa aurkeztuko duena eta, burokrazia sindikalaren eta patronalarekin dituen akordio ustelei, kaleratzeei, murrizketei eta lantegiak ixteari aurre egiteko. Horrela bakarrik ahal izango dugu AfDren mozorro demagogikoa kendu langile klasearen artean, zeinak, horrelako masa mugimendu bati aurre egin beharko dionean, zalantzarik gabe patronalaren alde kokatuko da-eta.
Alternatiba horrek AfDren arrazakeriari ez ezik, CDUren eta komunikabideen, EBren eta SPDko erreformisten arrazakeriari ere aurre egingo dio, eta gure neba-arrebakide etorkinen borroka gainerako langile alemaniarren borrokarekin bateratuko ditu, gure miseriaren erantzuleak seinalatuz: monopolio kapitalista handiak eta banketxeak. Gutxiengo bizkarroiak dituen aberastasun izugarriak desjabetzea planteatuko duen alternatiba, soldata duinak, kalitatezko zerbitzu publikoak, denontzako etxebizitza publiko eta ordaingarria bermatuz, jasaten dugun muturreko desberdintasunarekin amaituz. Azken finean, gizarte sozialistaren alde eta gerrarik, zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabeko munduaren alde borroka egingo duen alternatiba.
Hori da Offensiv eta Nazioarteko Ezker Iraultzailean defendatzen dugun alternatiba. Egin bat gurekin eta eraiki iraultzaren alderdia!