Estatu kolpetik hamaika hilabetera, masek inperialismoaren eta oligarkiaren asmoa suntsitu dute

Urriaren 18ko hauteskundeak lurrikara politikoa izan dira Bolivian. Evo Morales boteretik kendu zuen estatu kolpe odoltsua izan eta hamaika hilabetera, gazte, langile eta nekazarien mobilizazio masiboak MAS berriz ere agintera eraman du, nabarmen gainera.

Botoen % 88,41 zenbatuta eta % 87tik gorako partaidetzarekin, Luis Arce (Moralesekin Ekonomia ministroa izandakoa) buru duen Movimiento Al Socialismo-Instrumento político para la Soberanía de los Pueblos (MAS-ISP) mugimenduak eta David Choquehuanca buruzagi indigenaren hautagaitzak botoen %54,08 lortu dituzte. Boliviako historian hautagai batek lortutako babes handiena da, Evok 2003 eta 2005eko altxamenduen osteko lehen hauteskundeetan jaso zuenarekin soilik konpara daiteke.

MASen hautagaiak 25 puntu baino gehiago lortu ditu Carlos Mesa presidente ohiaren aldean (% 29,66), bere inguruan eskuineko botoa bildu nahi izan dute oligarkiaren sektore erabakigarriek. Era berean, Luis Fernando Camachok, bere burua "batzorde zibikotzat" jotzen duten eta kolpeak iraun zuen bitartean talka-indar gisa jardun zuten talde faxisten buruak, botoen % 14,18 lortu ditu.

Ez gaude beste edonolako garaipen baten aurrean. Komunikabideek gertaeren eduki iraultzailea ezkutatzen saiatu arren, Boliviako langileek eta nekazariek iazko azaroan izandako kolpearen aurkako altxamenduari jarraipena eman diote hautestontzietan. Eta hain modu masibo eta erabakigarrian egin dute, ezen Andeetako herrialdearen oligarkiak prestaturik zituen iruzur planak bertan behera geratu baitira, eta horiekin batera inperialismo estatubatuarrak hauteskunde hauek 2019ko urria-azaroan antolatu zuten kolpea legitimatzeko eta prest zeukan Gobernu txotxongilo bat bermatzeko estrategia guztia.

Masek errepresioa eta oligarkiaren iruzur saiakerak suntsitu dituzte

Emaitza hau are ikusgarriagoa da, Gobernu kolpistaren —Jeanine Áñez senatari eskuindarra buru izan duela— hamaika hilabeteko errepresioaren ondoren gertatu baita. Kolpearen aurkako altxamendua modu basatian erreprimitzeaz gain, dozenaka hildako eta ehunka atxilotu eta zauritu eragin ditu, eta denbora honetan guztian, MASeko, langile eta herri mugimenduko eta ezkerreko beste mugimendu eta alderdi batzuetako militante eta buruzagiak jazartzen, mehatxatzen eta beldurtzen aritu da.

Kolpisten lehen ekintzetako bat, hain zuzen ere, Hauteskunde Auzitegi Gorenaren osaera aldatzea izan zen, beren inguruko jendea jarri zuten bertan hauteskunde prozesu ororen kontrola ziurtatzeko. Izan ere, zundaketak gogokoena nor zen adierazten hasi zirenean (%40 eta % 43 bitarteko boto-asmoa eman zioten), HAGak, pandemiaren babesean, behin baino gehiagotan atzeratu zuen hauteskunde deialdia. Beste behin ere, langileen eta nekazarien mobilizazioa eraginez ospatu behar izan zituzten azkenean, abuztuan hamabi egunez hauteskundeak eskatzeko herrialdearen zati handi bat geldiarazi eta errepide mozketak eta protestak egin baitzituzten.

Era guztietako maniobrak egin zituzten hori saihesteko. Inperialismo estatubatuarrak eta klase menderatzailearen sektore erabakigarriek hautagaitza erretiratzeko eta eskuineko botoa Mesan biltzeko “konbentzitu” zuten Áñez. Era berean, beste irregulartasun batzuk ere izan zituzten, hala nola partaidetza mugatzeko hauteslekuen kokapena aldatzea gehien irabazten duten tokietan edo biztanleriaren sektore xumeenak eta atzerrian —gehienak Argentinan— bizi diren 50.000 migratzaile baino gehiago erroldatik kanpo uztea. Hori ere ez zen kasualitatea izan: 2019ko urriaren 20ko hauteskundeetan, Argentinan bizi ziren boliviarren % 82ko babesa lortu zuen.

Azken maniobra botoen zenbaketa azkarraren sistema baliogabetzea izan zen, hauteskundeen aurreko gauean, emaitza partzialak ezagutzeko eta zenbaketaren bilakaera jarraitzeko aukera ematen duena. Helburua ezin zen argiago egon: lehen itzulian gehiengoaren garaipena eragoztea, botere judizial eta elektoralaren kontrolean oinarrituz iruzur erraldoi bat antolatzeko. Langileen eta herritarren indarrak dena suntsitu die.

Murrizketek eta pandemiaren kudeaketa kapitalistak ezinegona areagotu dute gizartean

Oligarkiak azken urtean ezarri dituen neurriek areagotu egin dute Áñezen Gobernu erreakzionarioaren gaitzespen masiboa. Krisi ekonomikoaren eraginak, murrizketek eta pandemiaren kudeaketak egur gehiago bota dute sutara.

2020ko lehen hiruhilekoan, pandemia hasi aurretik, Boliviako BPGa %0,6 hazi zen. Jaitsiera handia izan da aurreko urteetako batez besteko %5aren aldean. Bigarren hiruhilekoan, ekonomiak %16,03 egin zuen behera, eta urte amaierarako aurreikuspenen arabera, %7 eta %10 artean egingo du behera. Klase agintariak kolapso horri eman dion erantzuna izan da, herrialde kapitalista guztietan bezala, pandemia erabiltzea finantza publikoak arpilatzeko, murrizketak eta kaleratzeak justifikatzeko eta etekinak ikaragarri handitzeko, krisiaren pisua herritarren gainean jarrita.

Nazioarteko bankuekin 1.892 milioi dolarreko zorpetzea onartu ostean, Áñezen Gobernuak 671 milioi baino gehiago oparitu zizkien bankuei eta enpresa pribatuei. Aldi berean, gastu soziala murriztu eta MASen gobernupean sortutako hainbat enpresa publiko pribatizatzeko planak iragarri zituen; ondorioz, milioika boliviar osasun eta ekonomia krisiari baldintza oso kaskarretan bizitzera kondenatu zituen. Ofizialki onartutako langabezia indizea %4tik %12ra igo da eskuinak Gobernuan eman dituen hamaika hilabeteetan. Informaltasunak eta lan prekarietateak ere gora egin dute.

El País egunkariak artikulu bat eskaini zion Boliviari maiatzean —“Gosea pandemia baino arriskutsuagoa denean” izenburua zeraman—, eta bertan honako hau azaltzen zen: “Osasun krisiak agerian utzi ditu munduko herrialde guztietako desberdintasun sozial eta ekonomiko sakonak. Bolivian, eta 2005etik 2018ra bitartean izandako beherakada gorabehera, horiek are garrantzitsuagoak dira: 3,9 milioi pertsona pobrezia egoeran bizi dira eta, horietatik, 1,7 milioik ez dute lortzen oinarrizko elikadura-saski baten kostua estaltzea ere (letra lodiz egileak berak nabarmentzen du)”.

Inperialismoaren aldeko gobernu kolpistarekin, Bolivia izan zen covid-19 diagnostikatzeko proba gutxien egiten zituen hego Amerikako herrialdea: 1.275 proba milioi bat biztanleko, 117 eguneko; aldiz, 12.000 egiten dira Txilen eta 8.000 Perun. Bitartean, Gobernuko kideak ustelkeria eskandaluetan zeuden murgilduta, ustez pandemiari aurre egiteko zen osasun materialekin.

Herri sektoreen eta maila ertaineko geruzen zati handi bat MASen politika erreformistekin eta zenbait agintarik protagonizatutako ustelkeria-eskandaluekin desmoralizatuta eta desilusionatuta zegoen eta Evo Moralesi babesa kendu zioten 2015eko udal-hauteskundeetan, konstituzioa aldatzeko 2016ko erreferendumean (hauteskundeetako lehen porrota izan zen) eta 2019ko presidentetzarako hauteskundeetan (irabazi arren, aurreko hauteskundeekin alderatuta, babesa galdu zuen), baina orain sektore hori berriro ezkerrera lerratu da.

Inperialismo estatubatuarraren beste porrot bat

Evo Moralesen aurkako kolpea bultzatzeko erabakia Washingtonen hartu zuten; Santa Cruz, Sucre eta La Pazeko aberatsei helarazi zieten, eta gustura hartu zuten hauek. Trumpen administrazioarentzako helburuak argi eta garbi zeuden: multinazional estatubatuarren nagusitasuna lortzea Boliviako lur azpiko gas, litio eta gainerako aberastasunen kontrola eskuratzeko lehian, eta, aldi berean, mezu indartsu bat bidaltzea herri guztiei eta zapaldu guztiei, baita kontinenteko baliabideak kontrolatzeko lehian aritutako potentzia inperialistei ere, Errusiari eta, batez ere, Txinari.

Boliviako mahaian ukabilkada bat emateko behar handia zuen Washingtonek, urte horretako urtarrilean Venezuelan jaurtitako erasoaldi kolpistak porrot handia izan baitzuen. Boliviako militarren kupularen babesak eta Evo Moralesek herrialdetik ihes egin eta herritarrek kolpeari aurre egiteari uko egin izanak Trumpi garaipena eman zion. Hamaika hilabete geroago, itxurazko garaipen hori karta gaztelu bat bezala erori da. Estatu Batuetako inperialismoarentzako beste kolpe bat izan da, bere ahultze objektiboa eta gainbehera grafikoki erakusten duena, Iraken, Afganistanen eta Sirian egindako esku-hartze militarren porrotek edo Guaidoren Venezuelako estatu kolpearen porrotak erakutsi zuen bezala.

Inperialismoari botere hautsezina egozten diotenen aurka, Boliviako gertaerek bere mugak agerian utzi dituzte, mobilizazio erraldoiei aurre egiten dienean eta masek amaieraraino iristeko prest daudela erakusten dutenean. Ondorioa argia da: bere etsairik boteretsuena ez da beste potentzia inperialista bat, baizik eta langile klasearen, nekazarien eta zapalduen antolaketa eta mobilizazio masiboa.

Ez da kasualitatea AEBren txotxongilo diren Áñez eta Mesa bezalako hiltzaileek edo Luis Almagro OEAko buruak MASen garaipena aitortu behar izatea, emaitza ofizialak argitaratu aurretik ere. Eta ez da izan demokrata bihurtu direlako. Ikusi dute langileen eta herritarren mobilizazioaren tamaina, eta beldur dira, arrazoi osoz, garaipen hori ez aitortzeko edo indarkeriaren bidez eragozten saiatzeko edozein saiakerak –Camacho faxista buru duten klase agintariko sektore erreakzionarioenek nahi duten bezala– altxamendu berri bat piztuko ote duen, eta joan den azaroan baino erabaki eta indar handiagoarekin.

2019ko matxinadaren irakaspenak

Bere garaian azaldu genuen bezala, iazko azaroaren 11tik 25era bitartean, langile klaseak eta Boliviako nekazariek euren esku zegoen guztia egin zuten kolpea garaitu eta boterea hartzeko: herri batzarrak, udalbatza irekiak eta autodefentsa taldeak antolatu zituzten Gobernu kolpistaren eta armadako eta poliziako buruzagien errepresioari aurre egiteko; euren eskuetan hartu zuten herrialdeko bigarren hiria, El Alto, eta aurrera egin zuten, La Paz hiriburura eta Cochabambara, talde faxistak kanporatu arte.

Aurrerapen horren ondorioz, soldadu askok manifestariekin bat egin zuten, erreprimitzeari uko egin zioten, eta tropako hainbat sektorek protestetan parte hartu zuten. Santa Cruzen bertan, Camachok gidatutako talde faxistek izua zabaltzen zuten auzo xumeetan, langile eta nekazari indigenak antolatu egin ziren, altxamendua herrialde osoan hartzen ari zen indarra ikusita, erreakzioari haiei aurre egiteko.

Altxamenduaren garaipena eragotzi zuen faktore bakarra MASeko eta Boliviako Langileen Zentraleko (COB, zentral sindikal nagusia) agintariek borroka antolatzeari uko egitea izan zen, herri batzar, udalbatza eta autodefentsarako milizia guztiak langileen eta herritarren boterea izango zuen batzar nazional batean bateratu eta greba orokorra antolatu beharrean.

Evo Moralesek herrialdetik ihes egin zuen eta desmobilizaziora deitu zuen. MASeko eta COBeko buruzagiek akordio lotsagarria sinatu zuten Áñezen Gobernu kolpistarekin, mobilizazioak bertan behera uzteko, hauteskundeak deitzearen truke. Errepresioak lortu ez zuena, akordio hura sinatzeak lortu zuen; masei ur hotza botatzea izan zen hori, eta, aldi baterako, kaleko altxamendua geldiarazi zuen. MASeko eta COBeko agintari erreformisten jarduera honek mugimenduaren erabateko desmoralizazioa eta porrot tragiko eta odoltsua ekar zezakeen, Bolivian bertan eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan historiako beste une batzuetan pairatutakoak bezala. Hala izan ez bazen, oroimen historikoagatik izan zen, iraultza-senagatik eta azken hamarkadetan masek izan duten kontzientziaren aurrerakadagatik. Krisi kapitalistaren sakontasunak, Bolivian eta kontinente osoan proletalgoak bizi duen basakeria kapitalistaren gorakadaren aurrean, borrokatzea beste aukerarik ez dagoela erakusten duten ebidentziek indar-korrelazioa langileriarentzat mesedegarriagoa dela erakusten dute, eta oligarkiari iraganean baino askoz gehiago kostatzen zaio bere kontrairaultza-planak amaieraraino eramatea.

MASen Gobernua

Boliviako hauteskundeek erakusten dutenez, indar korrelazioak Bolivian eta Latinoamerika osoan gizartearen eraldaketa sozialista aurrera eramateko mesedegarria izaten jarraitzen du, baina MASen 14 urteko gobernuaren eta kontinenteko beste herrialde batzuetako prozesuen esperientziek erakusten dute masek daukaten potentzial iraultzaile eta indar horrek guztiak garaipenera eramango duen programa, ekintza-plan eta norabide iraultzaile bat behar dituztela. Bestela, lehenago edo geroago, oligarkia indarberritu eta gailenduko da.

Luis Arceren garaipena onartu ostean, kolpearen arduradun askok (Añezek eta Mesak, besteak beste) “demokrazia errespetatzea” eta “boliviar guztientzat gobernatzea” eskatu diote. Hau zinismoa! Gaizkile hauek eskuak langile eta nekazarien odolez zikindu zituzten iazko sarraskietan eta, orain, adiskidetzeaz eta demokraziaz hitz egiten ari dira!

Hala ere, beren taktikak logika bat jarraitzen du. Oligarkiaren sektore honek denbora irabazi nahi du eta MASeko agintariak presionatu nahi ditu, masek beren bizi-baldintzak benetan hobetuko dituzten eta benetako eraldaketa soziala ekarriko duten neurri sozialistak aplikatzeko duten indar handian oinarritu beharrean kapitalismoaren mugen barruan mantendu daitezen eta sistemaren krisia kudeatu dezaten, klase nagusiak agendan dituen murrizketak, kaleratzeak eta pribatizazioak aplikatuz. MASeko buruzagiek sirena kantu hauek entzuten badituzte, erreakzioari bidea irekiko diote.

Santa Cruz de la Sierrako emaitzak —Boliviako oligarkiaren eta inperialismoaren saiakera kolpista guztien gotorleku— erronka eta ohar garrantzitsu izan dira ezkerrarentzat. Camacho faxistak botoen %45 lortu ditu eskualde honetan. Emaitzak ezagutu ostean, ultraeskuindarrek beren asmoak erakutsi dituzte: MASen garaipenaren aurkako mobilizazioak antolatu dituzte, bertako kideei eta babesleei eraso eta mehatxuak egin dizkiete, hautetsontzien emaitzak onartzeari uko egin diote, eta Carlos Mesaren jarraitzaileak ere mehatxatu dituzte emaitzak onartu dituelako. Santa Cruzeko oligarkiaren sektorerik erreakzionarioenek diskurtso arrazista eta erregionalista bultzatzen jarraitzen dute, Santa Cruz erasoaldi berri baten punta bihurtzeko asmoz.

Edonola ere, aitortu behar da emaitza historikoak lortu direla, Santa Cruzeko hautesleen %35ek baino gehiagok gehiengoari eman baitiote botoa. Ehunka mila langilek, nekazarik eta indigenak faxistak gelditzeko prest daudela esan dute. Eta hori erraz egin daiteke, gainontzeko herrialdeetan gertatu den bezala, Baina, horretarako, tinko eta irmoki jokatu behar da. MASeko COBeko eta langileen eta herritarren erakundeetako agintariek mobilizazio masiboak antolatu behar dituzte berehala Santa Cruzen eta herrialde osoan, faxistak geldiarazteko eta indarra nork duen erakusteko; halaber, autodefentsarako batzordeak eta miliziak antolatu behar dituzte eraso faxistei erantzuteko eta hauteskundeen emaitza indarkeriaz gaiztotzen saiatzeko.

Zuzendaritza iraultzailea eraiki eta benetako programa sozialista aplikatu behar da

Luis Arceren lehen adierazpenak berea “batasun nazionaleko gobernua” izango dela eta “boliviar guztientzat” gobernatuko duela izan dira. Aldi berean, hainbat kolaboratzailek superaberatsei zergak handitzeaz eta kanpo-zorra bi urtez ordaintzeari uzteaz hitz egin dute, baina, hain zuzen ere, krisi ekonomikoak tartea murriztu du gastu soziala handitzeko promesak bete ahal izateko, kapitalisten onurak eta jabetzak ukitu gabe.

Neurri mugatu horiek oligarkiarekin liskar bat piztuko lukete, eta, era berean, Áñezen Gobernuak aplikatutako beste hainbat neurriren amaiera ekarriko luke, hala nola ehunka ekintzaileren atxiloketak, inhabilitazioak eta auzipetzeak, Morales herrialdera itzultzeko debekua edo onartu zituzten erreforma ekonomiko neoliberalak, pribatizazioak eta murrizketak.

Ezinezkoa da “boliviar guztientzat” gobernatzea. Arcek eta MASek bi aukera baino ez dituzte: edo borrokarik egin gabe amore ematen diete oligarken eskakizunei eta beste erasoaldi kontrairaultzaile bati bidea ireki eta babesten dituzten baina euren bizi baldintzetan atzerakadarik onartuko ez dituzten langile eta nekazariei aurre egiten diete, edo oligarkiari gogor aurre egin eta boterea hartzen dute, milioika langile, gazte eta nekazarien beharrei erantzuteko. Baina hori posible izateko, neurri sozialistak hartu behar dira, hala nola bankuen, enpresa nagusien eta latifundioen nazionalizazioa, neurri horiek langileen eta herriaren administraziopean jartzeko eta ekonomiaren plangintza demokratikoa aurrera eramateko. Horrekin batera, ezinbestekoa da kontinenteko gainerako zapaldu guztiei dei internazionalista egitea bide hori bera jarrai dezaten.

Boliviako langileen, nekazarien eta gazteen mugimenduko, COBko, herritarren erakundeetako eta gizarte mugimenduko sektorerik kontzienteenek eta borrokatzaileenek borrokarako fronte bateratu bat eraiki behar dute, eta, horretarako, bat egin behar dute programa sozialista horren alde borrokatzeko, eta agintariei eskatu behar diete programa hori aplikatzeko eta, aldi berean, mobilizazioak antolatzeko, Boliviako inperialismoa eta oligarkia eragozteko prestatzen ari diren presio eta maniobra guztien aurka. Orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da ekintzaile kontzienteenek eta borrokalarienek norabide iraultzaile bat eraikitzea, marxismoaren programa eta metodoekin.