Esku artean dugun idazlan hau Euskal Herria Sozialista aldizkariko artikuluez osaturiko bilduma bat da. Aldizkari hori atera genuen lehen aletik, atal berezi bat eskaini diogu marxismoaren teoriaren lanketari. Gure helburua batez ere honakoa zen: teoria horren aberastasun izugarria gaur egun eta Euskal Herrian kokatzea, teoria marxista, egungo egoeraren ikuspegi orokor batetik abiatuz, euskal langile klaseak kapitalaren aurka daraman borrokaren ikuspegi konkretuan lantzea, eta ikuspegi praktikoan beraz.

 

Egin klik hemen liburua jaisteko

Horrenbestez, teoria marxistaren ideia orokorrak azaltzearekin batera, jarritako helburuak eskatzen zizkigun honako auzi hauek lantzeari ekin genion: sistema kapitalistaren gainbehera prozesuaren zergatiak, egun langile klaseak duen indarraren funtsa, antolakuntza maila eta bere eginkizun historikoen kontzientziaren oinarriak, klase arteko borrokan langile erakunde ezberdinek jokatzen duten papera eta, besteak beste, nola ez, borroka honetan ezinbestekoa zaigun programa eta estrategia iraultzailea zehaztea eta hori gorpuzten duen antolatze iraultzailearen beharra argitzea. 

Lau urte pasa dira jada aldizkariaren lehen alea atera genuela, eta datorren urteko maiatzaren 1ean bost beteko dira. Dialektikak azaltzen duen bezala, ezer ez dago geldirik, dena dago etengabeko mugimenduan. Eta nola ez, denbora tarte horretan garapen bat jasan du, bai gizarteko egoerak eta baita aldizkari honek ere. Baina garapena geldiezina denez eta hori ezkutatzen saiatzea erabat alferrikakoa, artikuluak argitaratuak izan ziren modu eta orden berean utzi ditugu, horiek gaien arabera sailkatzen edo moldatzen ibili beharrean. Dena den, esan beharra dugu, lehen aletik azkenera arte, bertan ideia berak eta ildo berbera defendatu direla, hain zuzen ere marxismo iraultzailearenak.

Baina egungo propaganda ofizialak marxismoa zaharkitua, gainditua eta hila dagoela esaten digu etengabe. Inoiz ez zuen gorpu batek hainbeste alditan lurperatua izan beharrik. Oso susmagarria egiten da, ideia horiek sortu ziren momentutik bertatik behin eta berriz hilik dagoela errepikatzeko behar hori; aspaldi hil bazen, goian bego eta kito, ezta? Propaganda hori burgesiaren sektoreek sortu izan dute eta gustu handiz errepikatzen dute intelektual burges txikiek eta langile mugimenduko buruzagi erreformista ezberdinek. Marxismoak badauzka bere urteak hori ez dago ukatzerik, manifestu komunista 1848an argitaratu zen. Baina zaharra izatea eta zaharkiturik egotea oso gauza ezberdina da. Gurpila asmakuntza zaharra da baina oraindik ere funtzionatzen jarraitzen du, ez da zaharkiturik geratu.

Asko izan dira historian zehar marxismoa “zuzendu” edo gainditu nahi izan dutenak. Baina kasualitate handiegia, horiek guztiak puntu batean erasotzea marxismoa, hain zuzen ere, iraultza sozialistaren puntuan, konkretuki burgesia desjabetu eta ekonomia planifikatu behar dela eta instituzio burgesak suntsitu eta langile demokrazia ezarri behar denaren puntuan. Intelektual askori materialismo historikoa gizartea ulertzeko tresna bikaina iruditu izan zaie, baina beren pribilegio sozialak direla eta iraultzarekin ez dute ezer jakin nahi. Aitortu beharra dugu, ezbairik gabe materialismo historikoa tresna filosofiko benetan sakona eta bikaina dela, baina hori ezin da iraultzatik eta langile klasearen borrokatik banandu, ezin da zati komenigarri hori hartu eta bestea utzi, zeren berak planteatzen duen iraultza ez da aurrez ezarririko dogma bat, garapen historikoak eskatzen duen behar bat baizik.

Azken batean, marxismoak ezin du zaharkitua geratu sistema kapitalista bizirik mantentzen den bitartean behintzat. Bere oinarria, klase arteko borrokaren esperientziatik abiatzen da, batez ere, langile klaseak gizarte honetan bizitzen duen esperientziatik. Hori dela eta, marxismoaren meritu nagusia borroka esperientzia horren ikuspegia zabaltzea, bertatik ikasgaiak ateratzea eta azkenik hori langile klasearen programa iraultzaile batean sintetizatzea da. Materialismo dialektikoa eta materialismo historikoa ere modu horretan garatu izan dira jaio ziren unetik bertatik, esperientzia horren barnean eratuz, eta aldi berean, filosofiak, zientziak eta historiaren azterketak eman duen hoberena barnebilduz.

Horrela beraz, teoria marxistak bere hastapenetatik mantendu izan du ikuspegi praktiko bat. Bere garaian, Marxek filosofiaren eginkizuna ez zuela mundua modu ezberdinetan interpretatzea izan behar, bera eraldatzea baizik, azpimarratu zuen. Baina noski, eraldatzeko hori bere funtzionamendu objektiboan ulertu beharra zegoen, ahalik eta sakontasun handienean. Horri ekin zion. Bere aldetik, Leninek sarritan errepikatzen zuen “teoria praktikarik gabe antzua dela, baina praktika teoriarik gabe itsua”, langile klasearen alderdi iraultzailean teoria marxista nola gorpuzten den sakonki landu zuelarik. Eta marxismoak, belaunaldietan zehar, horrela mantendu izan du gaur egun arte teoriaren eta praktikaren loturaren ikuspegi dialektikoa. Teoriaren lanketa, azken finean, ekintzarako gida bihurtzen da eta alderantziz, ekintzaren esperientzia, aldi berean, ikasgai teoriko. Modu horretan ulertzen dugu hemen ere, Euskal Herriko langileentzat eta gazteentzat teoria marxistaren lanketak duen ezinbesteko garrantzia. Eta hori dela eta ekin diogu Euskal Herria Sozialistatik, ideiak hauek duten indarra eta baliagarritasuna mugimendura helarazteko, besteak beste, teoria marxista egungo testuinguruan lantzeari.

Bi hilabetez behin, hutsik egin gabe, langile aldizkari bat argitaratzeak, beste hainbat eta hainbat gauzen artean, eginkizun hau aurrera eramatea baimendu digu. Konbentziturik gaude bide horretan jarraitzeko dagoen beharraz; eta konbentziturik gaude, halaber, Euskal Herriko langile eta gazteen mugimenduan eta mugimenduarekin, marxismoaren ideiak zabaltzen, garatzen eta indartzen jarraitzeko dugun eginkizunaz.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.