Marxismoak azaltzen duen bezala, Estatua (bere indar armatuek, legeek, aginte instituzioek, etab. osatua) ez da klaseen gainetik existitzen den zerbait, alderantziz: "botere politikoa, besterik gabe, klase baten botere antolatua da bestea zapaltzeko" (Karl Marx).

Burgesiak sistema kapitalista justifikatzeko bere propaganda ideologiko politikoan, beti ere komeni izan zaionean, behin eta berriz "demokraziaren aginte justuaz" bete izan du ahoa. Propaganda hori demokraziaz orokorrean eta modu abstraktu batean hitz egitean oinarritu izan du, bere aginte politikoa gehiengoaren erabakiak agintzen duen gizarte antolakuntza idiliko bat bezala aurkeztuz, klase interesetatik independentea den zerbait bezala.

Hala ere, diskurtso horren atzean, historiak guztiz bestelakoa den errealitate bat erakusten du, burgesiak bere agintea bermatzeko baliagarria izan denean bakarrik onartu izan baitu Estatuaren forma “demokratikoa”. Hori horrela gertatu ez den kasuetan ez du inongo eragozpenik izan, hauteskunde iruzurrak, bere zerbitzura egon diren diktadurak eta sarraski handienak bultzatzeko. Baina Estatua errepublika burges demokratikoen eta parlamentarismoen forman mantendu den herrialde eta garaietan ere, demokrazia hori burgesiaren demokrazia izan da. Marxek azaltzen zuen bezala, erregimen honetan klase zapalduek duten eskubidea lau urtez behin klase dominatzaileko zein kidek “ordezkatu eta zapalduko” dituen erabakitzearena da.

Herrialde kapitalista guztietan, konstituzio eta legeak, idatziz hain ederrak ematen dutenak, oztopoz betetako tranpa bihurtzen dira langile masentzat, boteretsuenek komeni zaienean hausten dituzten bitartean. Sistema kapitalistan masentzat inoiz ez dira bermatuak egongo oinarrizko eskubide demokratikoak, praktikan horiek klase sozialaren eta ondasunen araberakoak baitira guztiak. Adierazpen eta prentsa askatasunaz hitz egiten da burgesia handiak esku zorrotzez kontrolatzen dituenean komunikabide monopolioak; biltzeko askatasunaz hitz egiten da burgesiak dituenean lokal hoberenak eta biltzeko denbora libre nahikoa; justiziaren aurreko berdintasunaz hitz egiten da diruak agintzen duen aparatu judiziala dagoenean eta, zer esanik ez, mobilizazio eta greba eskubideaz, etxebizitza eskubideaz, lanpostu bat izateko eskubideaz, etab. esaten denaz. Denek duten eskubide bakarra miseria gorrian bizitzekoa da, baina gutxi batzuk bakarrik dute gehiengoa esplotatuz aberastasunak eta pribilegioak pilatzekoa.

Hori dela eta, demokraziaz edota Estatu demokratikoaz abstraktuan hitz egitea, Estatu horren klase izaera onartu gabe, tranpa bihurtzen da langile klasearentzat. Erreformismoak eta bi etapen teoriaren defendatzaileek burgesia ekoizpen baliabideetatik desjabetzea planteatzeari uko egiten dioten bezala, uko egiten diote Estatuaren klase izaeraz hitz egiteari eta parlamentu eta instituzio burgesetan “demokrazia gehiago” eskatzera mugatzen dira.

Iraultza orok jartzen du mahai gainean boterearen auzia. Garaipena edo porrota, boterea zein klasek mantentzen duen galderaren baitan geratzen da. Etengabeko iraultzaren teoriak azaltzen duen bezala, inongo burgesiak egun paper aurrerakoirik jokatu ezin duenez, langile klaseari dagokio zapalduen buruan jarriz, aldarrikapen demokratikoak sozialismoaren aldeko borrokarekin elkartzea eta boterea hartzea.

Sozialismoaren garaipenak, gutxiengoa den klase zapaltzailea ekoizpen baliabideetatik desjabetzea bezala, botere politikotik desjabetzea ere eskatzen du ezinbestean. Ez bere zerbitzura sortuak izan ziren erakundeetatik agintzen jarraitzeko, baizik eta horiek suntsitu eta guztiz bestelakoa den langile demokrazian oinarrituriko Estatu bat sortzeko.

Langile demokrazia

Marxek Parisko Komunaren inguruan egin zuen azterketan azaltzen du langile klaseak ezin duela burgesiak sorturiko estatu makinariaren jabetza hartu eta besterik gabe, bere helburuetarako erabili. Horregatik esan zuen, komunako langileek egin zuten bezala, hori suntsitzea izan behar zuela eman beharreko urratsa, eta estatu iraultzaile bat sortzea.

Estatu hau ordea, egia esan erdi-estatua izango litzateke, lehen aldiz historian ez zelako izango gutxiengo baten zerbitzura dagoen aginte makinaria bat gehiengoa zapaltzeko.  Aldiz, gehiengo klasearen “botere politiko antolatua izango litzateke” gutxiengo zapaltzaileari pribilegioak kentzeko, helburu bakarra klase sozialekin eta zapalkuntza ororekin amaitzea izango zuena. Horregatik, hain zuzen ere, historikoki edukiz hain bestelakoa den botere politiko batek ezinbestean formaz ere parlamentarismo burgesetik ezberdina izan behar du. Estatu antolakuntza honek gehiengoaren parte hartze kontzientea eskatzen duenez, egiturak berak honi erantzun beharko dio.

Marxek historiako lehenengo langile estatuaren jaiotza ikusi ahal izan zuen Parisko Komunan. Esperientzia praktiko horren ondoren ohartu zen funtsean zein forma edukiko zuen langile estatuak. Egia esan, langile klaseak iraultzan altxa denean behin eta berriz langile estatu baten enbrioiak sortu izan dituela ikus daiteke, mundu zabal guztian zehar, modu batean edo bestean, izen batekin edo bestearekin. Instituzio burgesen aurrean langileek borroka iraultzailea antolatzeko batzordeak sortzean hasten da ematen enbrioi horren sorrera.

Herrietan, auzoetan, lantegietan, etab., errepresioari aurre egiteko, lantegiak okupatu eta martxan jartzeko edota borrokan dihardutenen beharrak asetzeko sortu izan diren organo hauek gizarteko hainbat antolakuntza ardura hartzera jo izan dute. Enbrioi horiek benetan gizarte berriaren antolakuntza organoetan gorpuzteko urratsa, nahitaez, horiek behar diren toki guztietara zabaltzea eta koordinatzea da eta, era berean, Estatu aparatu zaharrarekin amaitu eta botere guztia eurei ematea. Hori izan zen boltxebikeek Urriko iraultza garaipenera eramateko defendatu zuten programa.

Burokraziaren aurka etengabeko iraultza

Trotskyk azaltzen zuen bezala, langile estatuak langile demokrazia nahitaezkoa du, gure gorputzak oxigenoa bezala. Langile klasearen botere antolatuak ezinbestekoa du langileen beraien parte hartze aktiboa eta kontzientea, hau da, funtzionamendu demokratikoa burokratikoaren aurrean.

Burokrazia da langile estatu iraultzaile batek eduki dezakeen gaitzik txarrena. Estatu aparatuko karguetan asentatzen ohitua, gizartearen gainetik jartzeko joera duena, errutinaren eta kontserbadorismoaren zalea, helburu bezala iraultza sakontzearen ordez bere kargu eta pribilegioak mantentzera jotzen duena, etab. burokraziaren kastak langile estatu baten agintean jokatu dezakeen paper bakarra hori traizionatzea eta porrotera eramatea da, jada historikoki erakutsi duen bezala.

Horregatik da hain garrantzitsua burokratizazioaren aurka borrokatzea eta neurri sendoak hartzea. Marxek eta Engelsek funtzionamendurako hiru neurri proposatu zituzten Parisko komunatik hartuak eta Leninek bere Estatua eta Iraultzan berreskuratzen dituenak: 1) edozein momentutan edozein kargu publikoren hautagarritasuna ez ezik karguz kentzeko ahalmena. 2) Langile kualifikatu baten soldata bat baino gehiago ez kobratzea. 3) Denek kontrol eta inspekzio zereginak beteko dituzten errotaziozko sistema baten ezartzea,  denak izan daitezen “burokrata”, modu honetan inor ez dadin bihurtu “burokrata”. Honi komunaren beste ikasgai garrantzitsu bat gehitzen zion: armen monopolioa ez du eduki behar herritik banandutako armada erregular batek baizik eta herri armatua, langile eta herri milizietan antolatua.

Neurri horiek, modu berean, Estatu aparatuarekin berarekin behin betiko amaitzera bideraturik daude. Baina ez dira nahikoa izango gizartean bertan ez badaude horiek aurrera emateko baldintza objektiboak. Horrela, funtsezkoa da langileen lan orduak murriztea, bizi baldintzak hobetzea eta, are garrantzitsuagoa, iraultza beste herrialdeetara zabaltzea.  

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.