Burgesia eta bere morrontzan lan egiten duten ekonomialariak, boom ekonomiko bakoitzeko, krisien behin betiko amaieraz eta denontzako oparotasunez beteriko etorkizun batez hitz egiten hasten zaizkigu. Hau emateko ezinbesteko baldintza bakar bat jartzen digute: “denok sistema honen perfektutasunean konfiantza izatea”. Baina, dena den, non geratu dira orain ilusio eta esperantza utopiko horiek?
1999ko bere perspektibetan OCDE erakundeak honakoa esan zuen: “Estamos en el umbral de una atractiva oportunidad, la posibilidad de un sostenido y largo boom de la economía mundial que se prolongará en las primeras décadas del próximo milenio… Una confluencia de factores que podrían unirse para propulsar importantes mejoras en la capacidad de creación de riqueza y bienestar a escala mundial”. Ez dira hamar urte igaro eta jada, krisi ekonomikoa eguneroko albiste bihurtu da. Egunero esaten zaigu krisia uste zena baino larriagoa eta luzeagoa izan daitekeela, ERE berri batek eta kaleratze masiboek milaka lanpostu golpetik suntsitzen dituztela, bankariei eta enpresariei, euren irabaziak babestearren, gure poltsikoetatik diru gehiago eman behar diegula; hau dena hezkuntza publikoari, sanitateari eta laguntza sozialei murrizketa latzak egitearen truke, langileon etorkizuna hipotekatzearen truke.
Ekonomialari burgesak beren teoria eta azterketa ekonomikoak egiterako orduan, garai historiko honetako klase dominatzailearen, burgesiaren, ametsa hartzen dute abiapuntu eztabaidaezin moduan, hots: Sistema kapitalista, existitu daitekeen sistema ekonomikorik perfektuena da eta ez dauka berezko kontraesanik. Honegatik, ‘ustekabean’ krisi bat gertatzen denean, ekonomialari hauek ‘ezbeharraren’ kausa bezala ‘halabeharrezko akzidenteen’ aitzakiak jartzen dituzte (esate baterako petrolioaren garestitzea, espekulatzaile ‘gupidagabe’ batzuen diruzalekeria, merkatuaren etika falta, etab.). Eta, beraz, behin eta berriz diote merkatuaren lehenagoko oreka hura berrezartzeko ez dagoela ‘jatorrizko arazotxo hau’ konpondu besterik. Ez dute inoiz onartuko kausatzat jartzen dituzten ‘istripu’ hauek sistemaren zahartzaroaren sintomak direla, ekoizpen kapitalistak berez duen kontraesan salba ezinaren ondorio besterik ez direla eta arazoaren benetako jatorria sistema sozioekonomiko honen izaera naturalean oinarritzen dela.
Panorama honen aurrean beharrezkoa dugu honakoa aldarrikatzea: Marxek arrazoia zuen! Marxek kapitalismoa dirauen artean gertatuko diren krisi ekonomikoen azalpen eta deskribapen zientifiko osatu bat eman zuen bere idatzietan, orain dela 150 urte! Ondorengo teoriako artikuluetan ideia hauek laburbiltzen eta sinpleki azaltzen saiatuko gara.
Irabazirik ez badago ekoizpenik ere ez
Ekoizpen kapitalista mugiarazten duen xedea ez da, inondik inora, behar sozialak asetzea, irabazi maximoa lortzea baizik. Honela beraz, ekoizle bakoitzak merkantziak masan produzitzeari eta hauek merkatuan ahalik eta gehien saltzeari ekiten dio, izan ere, behin merkantzia salduta soilik lortzen baita irabazi kapitalista. Baina, zein da irabazi honen jatorria? Soldatapeko langileari ordaintzen ez zaion lan indarra da, hau da, gainbalioa. Merkantziei bertan ezarritako lanak ematen die balioa eta balio hau ekoizpenean egindako sozialki beharrezkoa den lanaren denborak determinatzen du. Soldatapeko langileak, bere lanaldian balio gehiago ematen die ekoiztutako merkantziei ordainetan soldatan jasotzen duena baino. Azken finean burgesak, ahal izanez gero, soldata langileak bizitzeko behar duenera mugatuko du, ahalik eta gainbalio handienarekin geratzeko.
Baina merkantziaren salmenta ez bada gauzatzen gainbalioa ere ez, eta kapital pilaketa prozesua golpetik gelditu egiten da. Merkatuaren kontrakzio indartsu honen aurrean, kapitalaren ondasunen inbertsioa (ekoizpen baliabideena) izugarri jaisten da eta baita, aldi berean, kapital aldakorraren inbertsioa ere (lan indarra). Ekoizpenaren gelditze honek, enpresen itxiera masiboak eta langabezia kronikoa eragitean, langileen eros ahalmena murrizten du eta kontsumoa izugarri jaisten da. Modu honetara, dinamika guztia azkartu egiten da eta ondorioa (langile klasearen pobretze orokorra dena) kausa bihurtzen da (kontsumo urriak ekoizpena geratzen du). Kredituek mugitzeari uzten diote, inongo bankuk ez baitu mailegurik arriskatu nahi arazotan dabiltzan enpresa, negozio eta gizabanakoekin; irabazi tasa ere jaitsi egiten da eta, beraz, etorkizuneko inbertsioen paralisia hazi egiten da. Hitz gutxitan esanda, ez badago irabaziak lortzeko aukerarik, kapitalistak ez du ekoiztuko, aurreko urteetako aberastasun guztia ahalik eta seguruen babesten saiatuko da.
Gainprodukzio krisia
Ekonomialari burgesek kapitalismoaren funtzionamendu ordenatu eta logikoari buruz margotu nahi diguten koadro idilikotik urrun, marxismoak ekoizpen kapitalistaren izaera anarkikoa dela azaltzen digu. Hau gidatzen dutenak merkatuaren indar itsuak eta kapitalista banakoen irabazi nahia dira. Marxismoak krisi kapitalisten kausak sistemaren bihotzean bertan ezartzen ditu, hain zuzen ere, ekoizpenaren izaera sozialetik eta jabetzaren izaera pribatutik jaiotzen den kontraesanean.
Kapitalaren jabeek, une oro beste kapitalistekin duten konpetentziak bultzaturik, etengabe ekoizpen teknikak iraultzera, ekoizpen baliabideak berritzera eta soldatapeko lanaren esplotazioa indartzera behartuta ikusten dute euren burua (gainbalioa handituz). Kapitalisten artean konpetentzia ikaragarri bat askatzen da irabazi tasa handiagoen bilaketan. Kapitalak etengabe irabazi tarte handiagoa eskaintzen duten ekoizpen adar horietara jotzen du, nahiz eta honek kapital iraunkorraren gastu handi bat eskatu, eta baita, orokorrean, kapitalaren konposaketa organikoaren handiagotze gradual bat ere. Honela, beraz, kapitalistek ekoizpenaren adar jakin batzuetan irabazi azkarrak eta handiagoak lor ditzaketela uste badute, zalantzarik gabe, ahal bezain beste kapital inbertituko dute adar horietan, baita honetarako bankuen kreditura eta zorpetze masibora jo behar badute ere. Fenomeno hau hazkuntza kapitalistako garai guztietan eman izan da, ekoizpenak goraka egiteko aukera duenean eta lanaren banaketa internazionala zabaltzen ari denean, hau da, komertzio mundialaren merkatua haziz doanean.
Baina, hala ere, prozesu honek, kapitalisten irabazi goseak ez bezala, muga objektiboak dauzka eta hauen aurka talka egiten du. Azkenean, gehiegizko inbertsio bat sortzen da, hau da, inbertsioak ez dira hain azkar amortizatzen, izan ere, merkatua produktuez saturatzen eta salmenta zailtzen hasten baita. Honen ondorio ekidinezina gainprodukzioa da, bai kontsumorako artikuluetan, baita ekoizpen baliabideetan ere. Azken finean, gehiegizko abundantzia bat sortzen da eta merkatuak, momentu jakin batean, ezin du hau dena xurgatu. Hemendik aurrera, krisi fase bat hasten da, irabazien tasaren erorketa, inbertsio eza, kaleratze masiboak, lantegien itxierak, etab. Laburbilduz, ziklo ekonomikoan gailentzen dena ekoizpen indarren suntsiketa da.
Argi utzi behar da gainprodukzioa merkatuarekiko ematen dela, eta ez gizartearekiko. Alderantzizkoa esateak, kapitalistentzat argudio bezala balio dezake ekoizpen indarren eta lanpostuen suntsiketa legitimatzeko. Produktuak gehiago ez erosteko arrazoia eros ahalmenik ez edukitzea da eta ez, inondik inora, gizarte guztia denaz gehiegi aseta egotea. Merkatu kapitalistarentzat, azken finean, eros ahalmenik gabeko pertsona bat ez da existitu ere egiten. Biltegiak gehiegi betetzen hasten direnean eta produktuak soberan daudenean da, hain zuzen ere, gizarteak hauen behar gehien duen unea. Honelakoa da krisi kapitalistaren kontraesana.
Noski, krisia hainbat faktorek areagotu eta azkartu egin dezakete. Azken hamarkadan pilaturiko burbuila finantzario izugarriak, maileguei eta zorpetze masiboari esker sortuak, merkatua eta ekoizpena beren mugetatik kanpo zabaltzeaz eta espekulatu zuten kapitalistei irabazi handiak emateaz gain, egungo krisiaren izaera oldarkorra prestatu zuen. Merkatu finantzarioen krisia ez da atzeraldiaren kausa izan, bere sustraiak benetako ekonomian baitauzka, baina dudarik gabe, hau gauzatzen lagundu du eta honen izaera baldintzatuko du.
Manifestu Komunistak ongi laburbiltzen duen bezala, krisi kapitalistak ekoizpen indarren matxinada bat dira jabetza erlazio burgesen eta Estatu nazionalaren arteko alkandora hertsagarriaren aurka.