Paniko-egoeran sartu da ekonomia kapitalista. Azken asteetan mundu osoko burtsak hondoratu egin dira hauen balioaren ia %20 galduz, eta Brent upela egun bakar batean %20 baina gehiago erori da, 1991ko Golkoko gerraz geroztik ikusi gabeko egoera. Datu ekonomikoak beherantz (hazkunde aurreikuspenik gabe) berrikusten dira astero, eta banku patronalak esan du munduko hazkundea %1ean geratuko dela, eta horrek atzeraldi globaleko egoera ekarriko duela.
Aerolineen sektoreak 102.000 milioi euroko galerei egin behar dio aurre, eta dagoeneko konpainia handi bat hondoratu da. Koronabirusaren izurritea agerian uzten ari da ekonomiaren ahultasuna eta urteetan pilatutako kontraesan eta desoreka izugarriak, orain bortizki lehertzeko mehatxua egiten dutenak. Birus hori, ordea, ekonomia ahul bat larriki gaixotu duen istripua baino ez da.
Mundu osoan, desberdintasunaren eta miseriaren hazkunde bizkorraren ondorioz kapitalismoa jasaten ari den legitimitate krisi izugarriak, Financial Times (bere bozeramaile tradizionaletako bat) kapitalismoa birmoldatzeko beharra planteatzera eraman du; zalantzan jarri du "akziodunentzako irabaziak eta balioa maximizatzea" izan behar ote duen helburua. 2007-2008ko atzeraldi handiaren erdian kapitalismoa birsortzea, abusuak geldiaraztea eta humanizatzea aldarrikatzen zuten berberak dira. Arazoa, hala ere, Marxek eta Engelsek adierazi zuten bezala, merkatu askearen legeak berak dira; ezinezkoa egiten dute giza aurpegiko kapitalismoa existitzea.
Aurreikusi ezin diren ondorioak dakartzan atzeraldia
2008ko krisiari aurre egiteko agenda kapitalista ez da erronka gainditzeko gai izan, eta duela hamarkada bat azaleratu ziren egiturazko kontraesanak okertu ditu. 2018an, merkataritzak %4ko hazkundea izan zuen, eta 2019an, berriz, %1ekoa, azken hamarkadako baxuena. Orain, pandemiaren hedapenaren ondoren, ez dago argi noraino irits daitekeen krisi hau.
Txinako ekonomia %4a haziko da Nazioarteko Finantza Institutuaren arabera, koronabirusaren efektuaren zati bat jada zenbatu ondoren. Azken hamar urteetan munduko ekonomia hazkundearen heren bat eman duen herrialdeak ia 30 urtean izan duen igoera txikiena izango du. Asiako erraldoia lehen mailako faktore bihurtu da. Herrialdearen hedapen ekonomiko ikaragarriak bere garaian egonkortasun handia eman bazion ere mundu mailako kapitalismoari, hazkuntza horrek ekarri dituen desoreka eta kontraesan handien pilaketak, orain badirudi hau guztia bere kontrakoa bihurtzen duela.
2019an jada apala izan zen AEBtako hazkundea, jeitsi egingo dela berrikusi da aurten: %1,3ko igoera 2020rako, oraingoz. Industria sektoreak, Trumpek promesak egin arren, gainbeheran jarraitzen du. 2019an, altzairugintzako 16.000 langilek lana galdu zuten. Presidenteak frenua zapaldu behar izan du Txinarekin duen arantzelen gerran. Besteak beste, Txinako esportazioen %77 Ipar Amerikako industrietan merkantziak ekoizteko erdilandutako produktuak dira. Davosko Foroan, lehen aldiz, Ipar Amerikako politika munduko ezegonkortasun-faktore nagusietako bat dela adierazi izana, bertako ekonomiaren ahulezien eta susperraldi eskasaren isla garbia da.
Europar Batasuna (EB), aurretik geldialdian zegoena, atzeraldian sartuko da. Alemaniaren kasua nabarmena izango da, bere ekoizpen industriala etengabe ari baita behera egiten. Europako lokomotorak esportazioen atzerakada handiari egin behar dio aurre, kontuan hartuz 2018an esportazioek BPGaren %47,4 hartu zutela. Autoen ekoizpena 1997tik eman den maila baxuenean dago eta esportazioak %13 jaitsi dira ekoizpenaren %77 esportatzen duen industria batean. Datu horiek Alemaniako ekonomia kolokan jartzen dute, batez ere mundu-merkataritza eten egin delako. Bestalde, Italiak erabateko paralisi ekonomikoari egin beharko dio aurre, edozein unetan lehertu daitekeen zorpetze izugarriarekin. Europak mundu mailan duen pisuak atzera egiten jarraitzen du.
Markak apurtzen dituen zorpetzea eta finantza-espekulazioa
Egoera kritiko hori zorraren hazkunde esponentzialarekin eta espekulazio finantzario neurrigabearekin uztartzen da. Zor globalak markak apurtzen ditu urtero, 2008ko atzeraldi handiaren aurretik zegoen kopurua askogatik gaindituz. 2019an enpresen eta familien mundu mailako zor publikoa ia 8 bilioi dolar igo zen, eta 253,6 bilioi dolarreraino iritsi zen, munduko BPGaren %322. Munduko zorraren hazkundearen %60a Txinari eta AEBei dagokie, eta enpresen zorraren igoeraren %70 AEBetako multinazionalena da. Bestalde, "suspertzen" ari diren herrialdeek 72,5 bilioiko zorra izan dute, hau da, Barne Produktu Gordinaren %223, 1970etik izan den joerarik "handiena, azkarrena eta orokorrena", Munduko Bankuaren arabera.
Egoera guztiz anomalo hori iragan irailean lehertu zen berrerosketa merkatu (repo) izenekoan AEBetan, bankuak eta burtsako operadoreak egunero maileguak lortzera joaten diren tokia. Eskudiruaren eskasia ikusita, interes-tasak %2,21etik %10era igo ziren, eta Erreserba Federalak (Fed) 203.000 milioi dolar eman behar izan zituen astebetean, 2008tik izan den likidezia injekziorik handiena. Ordutik hilero beste 60.000 milioi sartu behar izan ditu, eta tipoak murriztu. Koronabirusaren efektuen aurrean, berriro ere murriztu egin dira, %1aren ertzean geratuz eta etorkizuneko maniobra tartea izugarri murriztuz. Eurogunean tasa negatiboak ezarri ostean muniziorik gabe geratzen ari direla onartu du Christine Lagarde EBZko presidenteak, bereziki Alemanian. Aurrekaririk gabeko egoera horrek artifizialki eusten dio ekonomia kapitalistaren zati handi bati, eta kontrolik gabeko espiral espekulatibo bat bultzatzen du, edozein unetan lehertzeko mehatxua egiten duena.
Nazioarteko burtsen kapitalizazioak ere errekorra lortu du, 86 bilioi dolar, munduko BPGaren %100. Burtsako merkatuetako mozkinen hazkunde historiko hori ez dator bat ekonomia errealaren gorakada batekin, eta, izuaren aurrean, milioi askoko galerak eragiten ari da. Inbertsio produktiboak geldirik edo kolapsatuta jarraitzen duen bitartean, fikziozko kapitalaren hedapen baten aurrean gaude, eta nabarmentzekoa da akzioen berrerosketak igoera horietan izan duen garrantzia: Applek bakarrik 239.000 milioi dolar gastatu ditu horrela azken hamar urteotan. Kapitalaren ametsaren aurrean aurkitzen gara: dirua eskuratzea ekoizpen prozesutik pasatu gabe. Horrek, ezinbestean, ekonomia errealarekin talka egiten du lehenago edo beranduago.
Kapital finantzarioaren eta monopolioen diktadura
Atzeraldi handiaz geroztik, aberastasunaren eta jabetzaren kontzentrazioak aurrekaririk gabeko jauzia eman du, garapen kapitalistaren berezko joera monopolistikoak berretsiz. Duela gutxi bankuen arteko bat-egite garrantzitsuena gertatu da 2008az geroztik (BB&T (BBT) eta SunTrust (STI)), eta horrek AEBetako seigarren finantza erakunde handiena sortuko du. Sei banku eta finantza erakunde handi horiek herrialdeko finantza aktibo eta gordailu guztien %65 baino gehiago bereganatuko dituzte. Charles Schwab eta TD Ameritraderen arteko bat-egitea ere gertatu da, AEBetako banku eta burtsako artekaritza (broker) enpresa handienen artean lehena eta hirugarrena. Gaur egun munduko handiena den BlackRock bezalako inbertsio funtsen kudeatzaileek, 6,3 bilioi dolarreko kapitalak kudeatzen dituzte, Alemaniaren eta Frantziaren BPGak batera adinakoa.
Subprime direlakoen krisia gertatu zenean, analista eta ekonomialari burgesek arazo nagusitzat jo zuten tamaina handiko bankuak eta finantza-erakundeak egotea. Hamar urteren buruan, finantza kapitalaren kontzentrazioa are handiagoa da. Kontzentrazio eta monopolizazio prozesu hori, "lehia askearen" mito kapitalista lurperatuz, jarduera ekonomikoaren sektore guztietara zabaldu da. Nature aldizkariak, duela gutxi klima-aldaketari buruz egindako ikerketa batean, berretsi zuen planetako baliabide naturalak eta nekazaritza, abeltzaintza, meatzaritza, farmaziagintza edo beste edozein sektoretako ekoizpena monopolio handi apur batzuen eskutan kontzentratu direla.
Ekonomialari burges ugarik, eta bereziki agintari erreformistek, frustrazioa erakusten dute kapitalismoaren egungo noraezaren aurrean, kapitalak modu "arduratsuan" jokatzen zuen garai hobeak deitoratuz, lehia "justua" ahalbidetzen zireneko garaiak. Marxismoak azaldu zuen bezala, ordea, aspaldi desagertu ziren kapitalismo ideal horren oinarri materialak: "Monopolioek lehia ezabatzen dutenean gizarte kapitalistaren desintegrazioaren hasiera markatzen da. Lehia zen kapitalismoaren mekanismo sortzaile nagusia eta kapitalistaren justifikazioa. Era berean, lehia ezabatzeak akziodunak parasito sozial bihurtzea dakar ".
Protekzionismoa eta gerra komertziala
Komunikabide burgesetatik gerra komertzialari egozten diote egoera horren errua. Nahiz eta denak ados dauden arantzelen eta protekzionismoaren gorakada orokorrean ekonomia kapitalistarentzat negatiboa dela pentsatzean, eta atzeraldi batera zein depresio ekonomiko batera eraman lezakeela (joan den mendeko 30eko hamarkadan gertatu zen bezala), kapitalismoaren joera objektiboek norabide horretan bultzatzen dute ezinbestean. Burgesiak prozesu hau geldiarazi nahiko luke, baina bere sistema zuzentzen duten legeek oso zail egiten dute. Atzeraldiak joera horiek indartuko ditu, “bakoitzak salba dezala norbere burua” leloa nagusituz.
Politika protekzionistak ez dira Trumpen asmakizun bat. 2008tik, mundu osoko herrialdeek protekzionismo ekonomikoko 10.035 arau onartu dituzte, 3.544 neurri liberalizatzaileren aurrean. Dinamika hori, historiako beste une batzuetan bezala, gainprodukzioaren krisiaren ondorioz nagusitu da, baita burgesia desberdinek munduko merkatuan modu basatiagoan lehiatzeko duten beharraren ondorioz ere.
2000. urtean, Txinak bazkide komertzialetan AEB herrialde apur batzuetan gaindi zezakeen, Kuba, Paraguai, Irak, Iran, hamar bat herrialde afrikarretan eta Asiako hego-ekialdean zituen herrialde mugakideetan. Gaur egun Afrika, Asia eta Ozeaniako herrialde guztietako bazkide komertzial eta esportatzaile nagusia bihurtu da, baita Europa eta Latinoamerikako zatirik handienekoa ere. AEBk Kanada eta Mexikoren aurrean soilik eusten dio bere nagusitasunari, Europan Britainia Handia, Irlanda, Frantzia eta Suitzan, Afrikan pare bat herrialdetan, eta Erdialdeko Amerikan, Kolonbian eta Ekuadorren. Inperialismo iparramerikarraren atzerakada erraldoi horrek azaltzen du gerra komertzialaren larriagotzea eta burgesia estatubatuarrak guda hau libratzeko egindako apustu estrategikoa.
AEBen eta Txinaren arteko ustezko su-etena propaganda hutsa da. Horrelako akordioak partzialak eta aldi baterakoak baino ezin dira izan, edozein gertaera berriren aurrean apurtzeko mehatxuan daudenak; izan ere, bi aldeak mundu mailako nagusitasuna lortzeko borroka erabakigarrian gaude. Hala ere, Trumpen erretorika nazionalistak ez gaitu nahasi behar. Errealitate konkretua hauxe da: presindentzian eman dituen lau urte hauetan, bere Gobernua eta Ipar Amerikako burgesia ez dira gai izan nazioartean pausu bat aurrera emateko ere. Alderantziz, AEBetako inperialismoaren atzerakadari buelta emateko egin dituen saiakera guztiek porrot egin dute.
Horregatik, ustezko su-etena sinatu eta aste batzuetara, liskarra berriro piztu da Huaweiren inguruan. AEBetako Gobernuak Huaweiri erakunde kriminala sortu izana egotzi dio, jabetza intelektuala lapurtzeagatik. 2019an Huaweik mugikorren salmentan bigarren postutik hirugarren postura mugitu zuen Apple, eta gaur egun Interneteko eta telefoniako hamar konpainia handienetatik bost txinatarrak dira; 2009an, berriz, hamarrak iparramerikarrak ziren. 5G teknologia berriaren garapena da liskar handieneko puntuetako bat. Txinak 5Gko 400.000 estazio instalatu ditu dagoeneko, AEBk baino hamar aldiz gehiago; 60 herrialderekin akordioak sinatu ditu sare berri hori garatzeko, horietako asko AEBen aliatuak; eta kalkulatzen da 2025ean 650 milioi erabiltzaile izango dituela, munduko erabiltzaileen %40. Gatazkako gai nagusiak, Pekinek industria jakin batzuei emandako subsidioak, jabetza intelektuala eta gerra teknologikoa, akordioetatik kanpo geratu dira. AEBetako Defentsa Departamentuak ohartarazi duenez, "Txinak 5Garekin Estatu Batuetan 4Garekin gertatu zena errepikatzeko asmoa du ", "Manufaktura-ekonomia intentsibo bat kapital eta lan bihurtuz, berrikuntza eta kontsumoa buru dituen sistema batetan, atzerriko inbertsio eta teknologiarekiko gero eta mendekotasun txikiagoarekin".
Gizarte-polarizazioa eta berdintasun eza
Munduko ekonomiaren egoera prekario hau guztia aurrekaririk gabeko miseriaren eta berdintasun ezaren hazkundearekin konbinatzen da, Manifestu Komunistan Marx eta Engelsen iragarpenak berretsiz. Intermon Oxfamen urteko azken txostenak dio biztanleen %1 aberatsenak 6.900 milioi pertsonen aberastasunaren bikoitza duela. Multimilioidunen kopurua bikoiztu den aldi berean.
Lan indarraren prekarizazio orokortuak eta soldata baxuek herrialde garatuetan langile pobrearen figura ugaritzea eragin dute, enplegu bat edo bi izan arren, pobreziaren ertzean edo pobrezian mantentzen baita. Hala islatzen du txosten horrek: "Gaur egun langile pobreenen %10ean kokatuta dagoen langile batek hiru mende eta erdiz lan egin beharko luke, langile aberatsenen %10ean kokatzen den langile batek duen diru sarrera bera lortzeko". Soldata onenak dituzten langileen %10ek munduko soldata masaren ia %50 jasotzen duten bitartean, ordainsari txarrenak dituzten %20 ez dira %1era iristen.
Egoera hori dago planetaren zati handi batean ematen ari diren leherketa eta altxamendu iraultzaileen atzean; Txilen edo Bolivian, Aljerian, Libanon, Iraken, Frantzian edo Katalunian. Estatu Batuak edo Britainia Handia bezalako herrialdeak, egonkortasun kapitalistaren iraganeko gotorlekuak, muturreko polarizazio sozial baten aurrean daude, Bernie Sandersena bezalako fenomenoak sortuz. Klase borrokak ez du su-etenik ematen, eta hortik klase menderatzailearen artean dagoen ezkortasun sakona. Iraultzaren baldintzak erabat helduta daude, baina faktore subjektiboa ez egoteak, langile klasearen eta gazteriaren energia, amorrua eta frustrazioa bideratzeko gai den masa-alderdi iraultzailea ez egoteak, ez du kapitalismoaren gainbehera amaitzea ahalbidetzen. Hori da, beraz, une honetako zeregina!