Iraultza eszenatokira itzuli da!

Hamabost urte igaro dira subprime  kredituen eztandatik eta munduko finantza sistema hondoratu zenetik. Orain, kapitalismoa are kaos larriagoan murgiltzeko arriskua mahaigaineratu duen hondamendi baten aurrean gaude.

Eta, berriz ere, Banku Zentralek, gobernuek, ekonomialariek eta komunikabideek behin eta berriz lasai egoteko diote, egoera ez dela 2008koa bezalakoa esanaz. Eta arrazoi dute, ez da orain dela 25 urteko egoera, askoz okerragoa da!!

Une hartan, Lehman Brothersen porrotaren ondoren eta 1929tik izan den atzeraldi larrienaren atarian, temati errepikatu ziguten lezioa ikasi izana, bankarien zikoizkeriari muga jarriko ziotela eta kontrolik gabeko espekulazio burbuilak saihesteko araudi zorrotzak onartuko zituztela. Ziurtatu ziguten bankuen eta kaltetutako instituzioen kaudimena eta egonkortasuna bermatuko zutela. Zeru lurrak astintzeraino errepikatu zuten mezua, hain zuzen, finantza-kapital handiaren erreskatea justifikatzeko diru publikotik bilioika dolar eta euro emanaz, eta aldi berean, langile-klasearen eta gastu sozialaren aurkako murrizketa latzak eta austeritate basatia inposatzen zutenean. Aurrekaririk gabeko galeren sozializazioa eta irabazien pribatizazioa izan zen.

Baina saldu ziguten propaganda guztia gezurra zen. Eta bai gezurra ere. Orain argi egiazta daiteke ez zela ezer aldatu, alderantziz! Finantza-krisia eragin zuten elementu guztiak esponentzialki biderkatu dira, fikziozko kapitalaren mendi espekulatibo izugarria eratuz, historian inoiz ezagutu ez den mailakoa. Mendi hori, halabeharrez, pitzatzen hasi da, hondamendia alde guztietara hedatzeko arriskuarekin. Kapitalismo inperialistaren gainbehera garaian, horrela izan behar du nahitaez.

Ez dira sagar ustelak, finantza sistema osoa da!


Credit Suisse erabateko porrotetik erreskatatzeko UBS Suitzako beste banku erraldoiak erostea adostu izanak ez du egoera salbatu. Martxoaren 20an, astelehena, Credit Suisse %60 hondoratu zen burtsan eta UBS bankuak %10 inguruko beherakadak izan zituen.

Egoera hain da larria, ezen Erreserba Federalak (FED), Europako Banku Zentralak eta Britainia Handiko, Japoniako eta Kanadako banku zentralek likideziaren barra libre berri bat adostu baitute zazpi egunez, kapital finantzarioa berriro salbatzeko. Baina desorekak hain urrun iritsi direnez, ez dago batere argi odolustea geldiaraz dezaketenik.

Martxoan hiru banku estatubatuarrek porrot egin dute, eta ez dira azkenak izango. Aipagarriena Silicon Valley Bank izan da, 200.000 milioi dolarretik gorako balioa duten “aktiboak” baitzituen. 2008tik izandako bankuen porrotik handiena eta AEBetako historiako handienetako bat. Baina uhina beste asko estutzen ari da dagoeneko. Horien artean nabarmentzekoa da First Republic Bank, 30.000 milioi dolarreko erreskate-plana jaso arren, hondoratzen jarraitzen baitu.

Izua baretu nahian, Biden presidentea, Bushek 2008an edo Herbert Hooverrek 1929an egin zuten bezala, prentsaren aurrean agertu zen egoera kontrolpean zegoela adierazteko: “Banku-sistema sendoa da. Zure gordailuak seguru daude.” Baina, egia esan, presaka antolatutako prentsaurreko honek justu kontrakoa jarri du mahai gainean. Analista batzuk ere aitortzen dute arazo nagusia espekulazio espirala dela, izan ere sortutako zor ordainezin eta burbuila finantzario ikaragarria hain da handia, non arazoaren dimentsioak ez diren ezagutzen. Horrela azaltzen du argi Manel Pérez La Vanguardiako zuzendari ondokoak eta marxismoaren postulatuetatik oso urrun dagoen kazetari ekonomikoak:

“Bi gertakari batak bestearekin lotura gabeak, Kaliforniako bankuarena eta Zuricheko erraldoiarena, baina inbertitzaileengan sentimendu bera eragiten dutenak, mesfidantza: bankuak eta finantzak ez dira esaten dutena, ez diruditena. Ez dakite ezta Banka zentraleko bankariek ziur nolakoak diren banku erraldoien barrenak eta, batez ere, zer ezkutatzen den balantze publikoetan agertzen ez diren jardueren itzal luzearen atzean. 230 bilioi baino gehiago dira, munduko barne-produktu gordinaren (BPG) halako hiru, prakikan Gobernuen eta erregulatzaileen kontrolik gabe mugitzen direnak. Eta festa prestaturik dago dagoeneko merkatuan, banku akzioen salmentak diskriminaziorik gabe. Nor eramango du Credit Suisseko krisiak?

Banka globalak bere kasa jarraitu du, diru merkearekin espekulatuz eta lehergailuak jarriz etekin handien espekulazio jarduera ororen azpian. Interes tasa negatiboen pagotxaren hamarkada bat igaro ondoren, mendi espekulatiboak garaiera ikaragarria hartu du. Baina inork ez daki, Banku zentralek barne, nondik doan kateatutako zorren suge hori. Hainbat izan dira bere helmugak: kriptotxanponen orgia piramidala; Blackstoneko funts baten kolapsoa eragin zuen merkataritza guneetako higiezinen jarduera; Erresuma Batuko pentsio-funts pribatuak porrotera eraman zituzten LDIak (liability-driven investing), horrek Ingalaterrako Bankua salbamendua larrialdi-plana antolatzera behartu zuenean [1].

Beraz, ez dira sagar ustel batzuk, sistema osoa baizik. Estatu Batuetako Gobernuak berak, Gordailuen Aseguruaren Korporazio Federaleko presidentearen bitartez [2], martxoaren 6an aitortu zuen, Silicon Valley Banken porrota baino egun batzuk lehenago: “…banku gehienek baloreetan burutu gabeko galera-kopururen bat dute. Burutu gabeko galera horien kopurua, saltzeko eskuragarri dauden baloreak edo mugaegunera arte gelditurik daudenak barne, 620.000 milioi dolar ingurukoa izan zen 2022aren amaieran” [3]. Hau da, AEBetako bankuen kontabilitate-balantzeetan, gutxienez, 620.000 milioi dolar daude oraindik azaleratu ez diren galeretan.

Egoera hain da kritikoa, ezen denak batera joan baitira Erreserba Federalera (FED) 164.800 milioi dolar eskatzera. 2008ko finantza krisiaren unerik txarrenetan eskatutako kopuru historikoa (111.000 milioi dolar) baino dezente handiagoa da. Kopuru astronomiko horri 142.800 milioi dolar gehitu behar zaizkio, Gordailu Aseguruen Korporazio Federalak eman dizkienak porrot egindako bankuen gordailuak bere gain hartu dituzten bankuei. Hau da, 300.000 milioi dolarreko likidezia injekzioa aste bakar batean [4]. Zalantzarik gabe, dena kontrolpean dago, baina beti bezala plutokraziarentzat bakarrik.

Datuek eta arazoaren sakontasunak ez du zalantzarako tarterik uzten. Baina propaganda makineriak berriro ere iruzur eta gezur berberak botatzen ditu izua saihesteko, nazioarteko finantza-sistema egonkorra dela, 2008an bezalako krisirik ez dela egongo eta banku zentralek egoerari aurre egiteko tresna ugari dituztela adieraziz.

Distrazio kanpaina horrekin bat egin dute hainbat ezkerreko buruzagik, hala nola Bernie Sandersek, edo Krugman edota Eduardo Garzon ekonomialari keynestarrek. IUko Kontsumo ministroaren anaiak, egoera horren errua Trumpi bakarrik egotzi dio, Obamak onartutako kontrol finantzarioaren arauak lasaitzeagatik. Porrot horiek Ipar Amerikako arazo tipiko gisa azaldu ditu, Europako bankuekin zerikusirik ez duena, ustez oso onbideratua eta guztiz orekatua baitaude. Analisi eskasak, sistema bera orgia espekulatibotik banantzeko helburuarekin eta aurpegi gizatiarra duen kapitalismoa posible dela azpimarratuz.

Errealitateak beti gainditzen du fikzioa, eta gertaerek ez dute arnasa hartzeko tarterik ematen. Silicon Valley Bankek porrot egin eta egun batzuetara, Europako banku handi eta zaharrenetako baten txanda izan zen, Credit Suisserena, munduko hogeita hamar banku sistemikoen artean dagoena (“erortzeko handiegiak” diren bankuak). 2022a 574.000 milioi dolarreko aktiboekin itxi ondoren (Lehman Brothersen mailan), bankuaren egoera hain zen larria, ezen Suitzako Banku Zentralak planteatutako 50.000 milioi dolarreko erreskateak ere ez baitu porrota sahiestu.

Europako Banku Zentralak lasai egoteko eta ez dutela kutsatze arriskurik ikusten esan arren, adierazpen hau idazteko unean, Europako banku handiek dagoeneko 50.000 milioi euro galdu dituzte Burtsan. Ez gara hain inozoak, Credit Suisse bezalako banku sistemiko baten porrotak Europako gainerako bankuetan ondoriorik izango ez duela irensteko. Horregatik hasi dira asteburuan salbamendu operazio desesperatu batean UBS bankuaren bidez, 2008an erreskatatutako beste suitzar handia.

Gainprodukzio krisia eta espekulazio finantzarioa

Krisi finantzarioaren eta, beraz, krisi kapitalistaren izaera ulertzeko, ezinbestekoa da langileen begietan hautsak harrotu besterik egin nahi ez duen propaganda ideologiko guztiari aurre egitea. Eta horretarako, lehenik eta behin ulertu behar da kapitalismoak, bere egungo etapan, bere gainbehera inperialistaren aroan, gero eta izaera bizkarroi eta erreakzionarioagoa hartzen duela, kapital finantzarioaren eta monopolio handien nagusitasun absolutuaren ondorioz. Trotskyren hitzetan “akziodunak parasito sozial bihurtzen dira” [5].

2008ko krisiaren ondorioz Banku Zentralek eta Gobernuek hartutako neurri guztiek bultzatu dute kapitalismo kasinoa, horri aurre egiten ziotela esan arren. Bereziki AEBetan eta Europan, finantza espekulazioa are gehiago bultzatu dituzte, eta burbuila berri eta izugarriak sortu dituzte zor publikoarekin, kriptomonetekin, etxebizitzarekin edo epe laburrera onura azkarrak eskaintzen dituen beste edozein eremutan, eta ahal bada, ekoizpen prozesua saihestuz.

Baina krisiaren sustraia ez dago arlo finantzarioan bakarrik, baizik eta, batez ere, ekonomia errealean eta produktiboan. Marxek eta Engelsek Manifestu Komunistan [6] azaldu zuten bezala, kapitalismoa gainprodukzio krisiak jasatera behartuta dago behin eta berriz. Ekoizpen indarrek talka egiten dute jabetza pribatuak eta nazio Estatuak ezartzen dizkien mugekin, eta une jakin batean aurrera egin ezinik geratzen dira, krisian sartzen dira, estankatu eta atzera egiten dute, eta, ondorioz, masen bizi-baldintzak ezinbestean hondoratzen dira. Baina hori ez da gertatzen nahikoa baliabide ez dagoelako, elikagaiak edo merkantziak falta direlako, edo teknologia eta lorpen zientifiko nahikoa ez dagoelako gizateriaren gehiengoak pairatzen dituen gaitzekin amaitzeko. Aitzitik, gehiegi daude, eta horregatik sortzen da bortizki gainprodukzio krisia.

Azken urteetan -hainbat artikulutan azaldu dugun bezala [7]- uzta errekorrak jaso dira, gariaren kasuan, 2022koa historiako garrantzitsuena izan zen. Eta sektore estrategiko guztietan monopolioen irabazi handi eta historikoak ez dira inolako eskasiagatik izan, baizik eta munduko industria-adar nagusiak menperatzen dituzten inbertsio-funts handiek hitzartutako espekulazioagatik: energian, petrolioan eta gasean; lehengaietan, besteak beste altzairuan, aluminioan edo ikatzean; automobilgintzan, edo elikagaien sektorean.

Eta potentzia inperialistak munduko hegemonia lortzeko lehian hartzen ari diren neurriek gainprodukzio krisia, espekulazioa eta espiral inflazionista larriagotu besterik ez dute egiten. Adibide on bat erdieroaleen industrian aurkitzen dugu, Txina, AEB eta Europak bakoitzak bere proiektuak egin baititu material hauen ekoizpena esponentzialki handitzeko eta industriaren adar handi batentzat funtsezkoa den lehengai hori bermatzeko lehian. Kontu bera errepikatzen da esparru guztietan.

Gainprodukzio-krisiak ezartzen dizkien mugak gainditzeko kapitalistek duten bitartekoa kreditura, zorrera eta espekulaziora jotzea da. Baina hain maila handian egiten dute, non krisi zabalagoetarako eta bortitzagoetarako baldintza objektiboak sortzen dituzten, horiei aurrea hartzeko bitartekoak murriztuz [8]. Kapitalismoak epe laburreko enpresa-mozkinak maximizatzeko helburuarekin funtzionatzen du, eta kapitalistek ekoizpen-prozesuan nahikoa ez diren mozkinekin talka egiten dutenean, burtsaren espekulazioan eta zorraren negozioan bilatzen dute irabaziak mantentzea eta areagotzea. Horrela, ekonomiaren torlojuetan barruraino sartuta dagoen fikziozko kapital espekulatiboa maila gorenera eraman da. Lehenago edo geroago ekonomia eta gizarte osoa amildegira eramaten duen zama da, nahiz eta hori saihesteko aberastasun materiala soberan egon.

Marxismoak behin eta berriz azaldu dituen sistema kapitalistaren berezko lege horiek dira, hain zuzen, kapitalistak, banku zentralak eta mendebaldeko gobernuak irteerarik gabeko kalezulo batera eraman dituztenak. Interesen tasak igotzeari edo ez igotzeari buruzko eztabaidek funtsezko puntua alboratzen dute: konpondu gabeko gainprodukzio-krisi baten aurrean gaude. Eta hori etengabe areagotzen ari da bi bloke inperialista handien arteko borrokan, non AEBren gainbehera geldiezina ohar daitekeen.
Hori ezin da kontabilitate trikimailuekin kamuflatu, ezta dirua barra-barra inprimatuz ere eta fikziozko kapital masa handia are gehiago handituz. Erabat harrapatuta daude. Hartzen duten erabakia hartuta ere, kalterako izango da.

Azken batean, etenik ez duen espiral inflazionista diru merkearen eta doakoaren politika horien ondorioa da eta, halaber, praktikan porrot eginda dauden banku eta enpresa handi askori egiten zaizkien likidezia-injekzioena. Minbizi oldarkor baten modukoa da, metastasi mehatxuarekin.

Argi eta garbi adierazi du hori Larry Finkek, BlackRock munduko inbertsio funtsik handieneko presidenteak,: "Urte askotako interes-tasen merkealdiak, aktiboen kudeatzaileek inbertsio ez-likidoetan (hau da, fikziozkoak eta espekulatiboak) duten esposizioa areagotu dute, likideziaren zati bat sakrifikatuz errentagarritasun handiagoen truke" [9]. Hau da, Banku Zentralek eta Gobernuek emandako dirutza, zergak ordaintzen dituztenen dirua, poltsikoak ederki betetzeko erabili zuten. Azken finean, zer axola du! Estatu kapitalista beti egongo da hor eurak erreskatatzeko.

Egungo finantza krisia 2008an baino testuinguru zailagoan gertatzen da, Europan eta AEBn estanflazioko egoera batean. Hala adierazten zuten urte hasieran nazioarteko finantza erakunde nagusiek [10]. Testuinguru atzerakor honetan, hondoratze finantzario batek atzeraldi gogorra edo depresio ekonomiko sakona ekarriko luke.

Nagusitasunaren aldeko borroka inperialista

Egoeraren ziurgabetasuna larriago egiten du nazioarteko testuinguru kritikoak. Ukrainako gerra inperialistak argi erakusten du potentzia eta bloke handien arteko munduko hegemonia lortzeko lehia basatiaren funtsa.

2008ko krisian, AEB eta Europa poztu egin ziren Txinaren gorakadagatik, eta ongietorria eman zioten hondoratze globalari aurre egiteko faktore erabakigarria izateagatik. Ez zebiltzan oker: Txinaren gaitasun ekonomikoak mendebaldeko kapitalismoa kolapsotik salbatu zuen. Orain arazoa da faktore hori bere kontrakoa bihurtu dela.

Leninek azaldu zuen bezala, potentzia inperialisten arteko lehiak, hau da, merkatuak, merkataritza ibilbideak eta hornidura kateak kontrolatzeko norgehiagokak, krisi kapitalista elikatzen du maila askoz handiagoan. Potentziak krisia esportatzen saiatzen dira, arantzelen hesiak eta neurri protekzionistak altxatzen dituzte, eta gerrara eta nazionalismo ekonomikora jotzen dute mozkin eta influentzia handiagoak lortzeko borrokan. 2008az geroztik, prozesu hori areagotu egin da eta Estatu Batuetako eta Europako inperialismoaren gainbehera sakondu da. Aldiz, Txinaren aldeko indar-korrelazio berri bat sortu da mundu mailan, pandemiaren ondoren are indartsuago garatu dena.

Hori erakusten du, Txinak hainbat eremutan AEBren aurrean lortu duen nagusitasun ekonomiko argiaz gain, batez ere, munduko politikan hartzen ari den garrantziak. Txinak bultzatu duen Iranen eta Saudi Arabiaren arteko akordioa, orain arte adiskidetu ezin ziren etsaiak izanik, kolpe izugarria da Ipar Amerikako diplomaziarentzat, eta mahai gainean jartzen du Ekialde Ertainean geroz eta alboratuago dagoela. Dinamika bera errepikatzen da Afrikan, Latinoamerikan edo Ozeanian.

Ukrainako gerra indar-korrelazioaren aldaketa horren eta Europako eta Ipar Amerikako gainbehera konponezinaren beste froga argi bat izan da. Errusia isolatzeko ezintasuna eta zigorren porrota, Txina buru duen bloke gero eta boteretsuago baten existentziak bakarrik azaltzen du, besteak beste, Errusiako ekonomiaren funtzionamendua arazorik gabe bermatu duena, aurten hazkundearen bidera itzuliko dela aurreikusten delarik. Orain, gainera, Txina Ukrainako gerrari irtenbide negoziatu bat emateko bitartekari gisa altxa da, eta hori kolpe hilgarria izango litzateke inperialismo iparramerikarrarentzat.

Marko honetan, galdera da: zer eragin izango du finantza-krisi berri batek nazioarteko harremanetan? Jakina, Txinak eta bere ekonomiak ere ezin diete ihes egin sistema kapitalistak dituen kontraesanei. Hala erakusten dute zorraren eta espekulazio-joeren hazkunde esponentzialak. Baina argi dago krisi honi nagusitasunezko posizio batetik aurre egiten diola, produkzio-sistema indartsu eta dinamiko batean oinarritutako gihar ekonomiko sendoarekin, eta munduko esportatzaile eta hartzekodun handiena bihurturik.

Finantza-krisi berri batek oso gogor kolpatuko du Mendebaldea. Potentzien eta blokeen arteko tentsioak areagotzea ezinbestekoa izango da eta inperialismo iparramerikarrak gero eta oldarkorrago erantzungo du, kosta ahala kosta saiatuko baita saihesten garaitua izatea.

Iraultza prestatzen duen kolapsoa

Baina marxista iraultzaileentzat gakoa finantza-krisi berri honek klase borrokan duen eraginean datza. 2008ko krisia eta horrek langile eta zapalduengan izan zituen ondorio latzak oso presente daude oraindik. Horregatik, ahalegintzen dira gobernuak gaiari pisua kentzen eta egia ezkutatzen.

Diru publikoarekin bankuak erreskatatu izana disimulatzen saiatu dira, First Republic Bank salbatzeko banku pribatuek 30.000 milioi jarriko dituztela esanaz, aurrez 300.000 milioi jaso dituztenean! Bidenek legea aldatuko duela dio, zuzendariek hartutakoa itzul dezaten eta desgaituak izan daitezen. 2008an bezala, hitzontzikeria hutsak dira, finean, bizkarroi aberats batzuk erreskatatzeko lapurreta berri baten aurrean amorru sozialari eusteko saiakera.

Egia esan, Estatu Batuetako Gobernuak Silicon Valley Bankeko zuzendariei nahieran egiten eta desegiten utzi die, esku-hartzearen egunera arte. Bankuko kontseilari delegatuak akzioen %11 saldu zituen egun batzuk lehenago, 3 milioi dolarren truke, eta finantza eta marketin kontseilariek akzioen %32 eta %28 saldu zituzten, hurrenez hurren. Dena legezkotasunik zorrotzenari jarraituz eta ikuskatzaileen begiradapean.

Noski erreskatea egin dela, aberatsei eta enpresari handiei. Izan ere, diru publikoarekin bermatu dira, Gobernuak sostengatzen ez zituen 250.000 dolarretik gorako kontu guztiak, kopuru osoaren %96, batez ere enpresa teknologikoen eskuetan daudenak. Eta Europa eredugarriaren kasuan, Credit Suisserekin, are okerragoa izan da. Disimulurik gabe egin da erreskatea. Hori estali nahi izan dute, UBSk 3040 milioi euro hutsen truke erasi duela esanez, hori bai, Suitzako Banku Zentralak erosleari 100.000 milioi dolarreko likidezia bermatzen dio. Horrela edonork eros dezake banku bat!

Hemen gordin-gordinik ikusten da estatu kapitalistaren papera. Herritar gehienei sakrifizioak eta murrizketak eskatzen zaizkien bitartean, Britainia Handian, Frantzian, Grezian edo Espainiako Estatuan egin zuten eta egiten jarraitzen duten bezala, ez dute zalantzarik izan kapital finantzario handiaren irabaziak salbatzeko behar diren baliabide guztiak mahai gainean jartzeko.

Eta horrek agerian uzten du erreformisten porrota, eta baita ezker berriarena ere. Gertatzen denaren aurrean ez ikusiarena egiten du, estatu kapitalista horren beraren bidez desberdintasunak zuzendu eta pobreziarekin amaitzeko ideia azpimarratzen dutenean.

Esperientzia ez da alferrik igarotzen langile kalsearentzat. Argi eta garbi ikusten dugu orain Frantziako Estatuan, pentsioen erreformaren aurkako eztanda iraultzailearekin, Macron ez ezik, Frantziako kapitalismo osoa ere soken kontra jartzen ari dena. Horregatik begiratzen dio hainbesteko beldurrez klase agintariak egungo panoramari, jakin baitaki finantza-gainbehera batek eta herritarrei sakrifizio gogorrak eskatzeak prozesu iraultzaileak eragin ditzakeela Europan, AEBetan eta munduko gainerako herrialdeetan.

Gertakizunek berriro gezurtatzen dituzte sistemaren onurak saltzen saiatzen diren guztiak, eta, batez ere, ezkerretik iraultza sozialistari eta benetako eraldaketa sozial sakon bati uko egiten diotenak. Ezinezkoa da aurpegi gizatiarreko kapitalismoa. Kapitalismoa esplotazioa, miseria, amaierarik gabeko zapalkuntza da gehiengoarentzat, eta, aldi berean, aberastasun lizuna eta pribilegioak langileok sortzen eta ekoizten dugun aberastasun izugarriaz jabetzen diren bizkarroien gutxiengo txiki batentzat.

Finantza-krisiak berriz ere mahai gainean jartzen du denak berdin jarraitzen duela, eta sistemako ezker horren diskurtsoak, paradigma ekonomiko berri baten aurrean gaudela eta kapitalistei mugak ezarri zaizkiela esaten dabilenean, hitz hutsak direla kapitalismoak espekulatiboa eta basatia izaten jarraitzen duela estaltzeko.

Ez dago hirugarren biderik. Edo nazioarteko iraultza sozialistaren programa, bankuen eta monopolio handien nazionalizazioa exijituz, langileen kontrol eta kudeaketa demokratikoan ezartzeko, edo kapital finantzarioaren diktadura, ondorio guztiak onartuz.

Jabetza kapitalista santua eraisteko ordua da! Desjabetzaileak desjabetzeko ordua da! Egin bat Ezker Iraultzaile Internazionalarekin!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.