Urriko G20aren eta FMIaren bileretan ikusi ahal izan genuen bezala, hainbat estatutako finantza ministroek eta banku zentraletako gobernadoreek era guztietako akusazioak bota zizkieten elkarri, krisitik era bateratuan ateratzeko sekulako ezintasuna erakutsiz. Ekonomiak mundu mailako lotura duela ukaezina den bezala, hau burgesia nazional ezberdinen interes pribatu eta antagonikoekin bizi dela ere erabat ukaezina da. Krisiaren ondorioz ikaragarri murriztu den munduko merkatuan produktuak ezartzeko burgesia hauen artean ireki den borroka aurpegi askorekin agertzen da: gerrak, arantzelak, etorkinen kanporatzeak… eta azkenaldian era orokortuago batean diruaren balio-gutxitze konpetitiboarekin.

 

Praktika honek hartu duen indarraren ondorioz, hainbat komunikabidek dibisen arteko gerraz hitz egiten dute dagoeneko. Kaosean murgilduta dagoen sistema kapitalistari ordena ipintzeko ezintasunak argi erakusten du behin eta berriz saldu nahi diguten kapitalismoaren “birfundatzea” eta “erregulazioa” hitz politak soilik direla. Asian, Txina eta India bezalako herrialdeek hazkuntza erritmo ona izan arren eta Alemaniako BPGak errekuperazio apur bat izan arren, mundu mailako ekonomia kapitalistan gain-produkzio krisiak oraindik jarraitu egiten du, epe motzera hazkuntza ekonomikoa ikusten ez delarik. Orokorrean gailentzen den joera negatiboa da.

Txina, Europa eta AEB

 

Herrialde ezberdin edota bloke ekonomiko ezberdinen arteko konpetentzia sistema kapitalistak barne barnean daraman zerbait da. Baina atzeraldi ekonomikoen garaietan hau erabat gogortzen da eta hondamendi bat sortzeko mehatxua egiten du. Krisiari irtenbide nazionalak bilatzeko tentazioak, ekonomiaren hondoratze handiagoa ekar dezake 1929ko crackaren ondoren gertatu zen bezala, potentzia ezberdinek hartutako protekzionismo neurriek atzeraldi ekonomikoa depresio sakon batean bihurtuz.

Orain dela gutxira arte, abantaila lehiakorra izateko txanponaren balioa artifizialki gutxitzeaz ofizialki akusatua zegoen dibisa bakarra yuan txinatarra zen. Europak eta AEBk aho batez salatu zuten hau. Pekinek, aldiz, nahiz eta ekainean yuana berriz ere birbaloratuko zuela esan, praktikan ez da horrela izan. Bazirudien Europak eta AEBk hartutako kontsigna denek etsai beraren aurka egitea zela, bai merkantzia txinatarrek beraien barne merkatuak itota zeuzkatelako edota beraien mugetatik kanpo ordura arte zeuzkaten merkatuak Txinak mehatxatzen zituela ikusten zutelako.

Baina uda ondoren herrialde gehiago daude akusatuen aulkian eta azalpena erraza da: kapitalista nazionalek lehiakortasun maila handiagoa izan dezaten, gobernuak protekzionismo neurriak hartzen ari dira. Horretarako txanpon nazionalaren balio erreala manipulatzen dute, eskura dituzten baliabide ekonomiko eta politikoen bidez, munduko merkatuaren zati handiago bat eskuratzeko asmoz.

Irailaren 15ean, gobernu japoniarrak 2,12 bilioi yen (20.121 milioi euro) jarri zituen salgai bere txanponaren balioa gutxitzeko. Zuzendari japoniarren argudioa, yena dolarrarekiko azken 15 urteetako balio altuenean zegoela izan zen. Jarraian, irailaren 21ean Brasilgo gobernuak dolar asko erosteari ekin zion bere txanpona birbaloratzea saihestu nahian. Hegokoreak ere berdina egin zuen wonarekin. Dolarraren erosketa erraldoi hauek beraien dibisarekin ordainduz (dolarra nazioarteko transakzioetarako erreferentzi txanpona da) Brasilgo, Japoniako, Hegokoreako... gobernuek dolarraren zirkulazioa mugatzen dute eta beraien txanpon nazionalaren balio-gutxitzea erraztu, txanpon horien zirkulazio bolumena handitu egiten delako. Txanpon merkeagoa edukitzean, etxean ekoiztutako merkantzien prezioa munduko merkatuan ere merkatu egiten da, eta honela esportazioak hazi egiten dira. Baina estrategia honek ondorio gehiago dakartza: AEBko agintariek berdina egiten dute. Erreserba Federalak 600.000 milioi dolar zirkulazioan jarriko zituela iragarri zuen “errekuperazioa indartzeko” aitzakiarekin, baina errealitatean honek euroarekiko dolarraren balio-gutxitze handiagoa ekarriko du. Europan, Alemaniako eta Estatu frantseseko burgesiak haserretu egin dira euroaren garestitzeak beraien esportazioetarako dakarren kalteagatik, beste txanponen merkatzearen ondorioz. Baina oraingoan, Europako ekonomia indartsuenak ez dira yuanaren balio-gutxitze konpetitiboaren desleialtasuna salatzen bakarrik gelditu, AEBen aurka ere altxa dute ahotsa, lehen esan bezala zirkulazioan ipini dituzten milioika dolarri esker beraien dibisa artifizialki baxu mantentzen ari delako.

Nork bere burua salbatu nahian

 

 

Arazorik garrantzitsuena ekonomiaren errekuperazioa atzeratzen ari dela da. Krisiaren hasieran sistema finantzarioa erreskatatzeko hainbat gobernuk hartu zituzten neurriek, ziklo ekonomikoa aldatzeko neurri hauen baliogabetasuna soilik erakutsi dute. Estatu askoren kontuak ere hankaz gora jarri dituzte, zor publikoa ikaragarri handituz eta zailtasun berriak sortuz. Bien bitartean, kapitalean egindako inbertsioak eta barne kontsumoak ia ezerezean jarraitzen du ekonomia indartsuko herrialde gehienetan. Hau da balio-gutxitze lehiakorretara  jotzeko joeraren arrazoi nagusia. Potentzia indartsuak ez dira besoak gurutzatuta geldituko beren aurkariek merkatu mundialetik nola botatzen dituzten ikusi zain. Batzuen oparotasuna beste batzuen txirotzearen ondorioz lortzen da eta honek kontrolez kanpoko akzio-erreakzio espiral batean sartzea bultza dezake.

Gaur egun munduko merkatuak ez dauka era onargarri batean guztien nahiak asetzeko tamainarik. Hor daude yuanaren inguruan ematen ari diren gatazkak are gehiago sakontzeko oinarri materialak eta gatazka horretako partaide batzuk hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Burgesia alemaniarrarentzat eta estatubatuarrarentzat batez ere yuanaren birbalorizazio azkar eta handi bat erabat mesedegarria izango litzateke Txinaren lehiakortasuna murriztuko bailuke. Hala ere, eta nahiz eta yuana oraindik balio-gutxituta egon, kapitalismo txinatarrak  bere superabit komertzialean erorketa garrantzitsua izan du. Horregatik ez da harritzekoa erregimen txinatarrak ez onartzea bere txanpona birbaloratzea, era irmo batean azalduz: “Yuanaren indartzeak –zioen Wen Jiabao gobernu txinatarreko nagusiak- fabriken itxierak ekarriko lituzke, langileek berriz ere nekazalguneetara itzuli beharko lukete eta desorden sozialak emango lirateke”.

Horrela, merkatu zatiak lortzeko borroka gogortu egiten da, botere inperialisten arteko tentsioak eta gatazkak handituz. Gerra honetan, dibisen balioa arma boteretsua da baina ez da bakarra. Protekzionismo neurrien artsenala, hau da, krisia albokoari esportatzea, handia da eta koipeztatzen ari da. Bereziki eraginkorrak dira kanpotik ekarritako merkantziei jartzen zaizkien arantzelak eta adibide asko daude politika arantzelarioa indartzen ari dela ikusteko: europar eta AEBar merkatuetara bideratutako Txinako manufakturen gaineko zergak hazten ari dira. Baina ez dira hartzen diren neurri berriak bakarrik, batzuetan nahikoa da hazkuntza ekonomiko garaietan zeuzkaten akordioak urratzea. Beste protekzionismo neurrietako bat enpresa pribatuei nazio bereko gobernuek diru laguntza publikoak ematea da. Eta honelako adibide gehiago jar genitzake.

Nork bere burua salbatzearen ideia burgesiaren sektore erabakigarrietara hedatzen ari da, 30. hamarkadako akatsak berriz ere ez egiteko promesak urruntzen diren bezain azkar. Horretarako sortutako erakundeek, FMIak, MBak, edota MMEak, politika komunen bidez kapitalismoaren oreka zaintzera destinatuak daudenek, neurri protekzionistak kontrolatzeko ezgaitasunak erakusten dituzte. Hala ere, burgesiaren joera banatzaile honen aurrean, muga nazionalen gainetik burgesia bera batzen duen zerbait dago: bere klaseko etsaia, langile klasea. Langile klasearen aurka hartutako neurrien akordia erabatekoa izan da, klase arteko borrokaren hazkuntzak ematen dien beldurra bezala. Merkel eta Sarkozyren arteko liskarrak albo batera gelditu ziren denbora batez, estatu frantseseko langileen borroka izugarria zapaltzeko batasuna behar zutenean. Erabat kontzienteak dira gure klaseak lortzen duen garaipen bakoitzak munduko edozein herrialdetan eragina izango duela, ilusioa piztuz, bidea erakutsiz eta beraien asmoak oztopatuz.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.