Hipokresiarik ez! Kanpora EAJ eta eskuina M8tik!
Ohikoa duen hipokresiarekin, EAJ Euskal Herriko martxoaren 8ko grebara eta mobilizazioetara batzen saiatzen ari da. Bere afiliatuei eta ordezkariei greba onartzeko askatasuna emateko mezua zabaldu du, helburu argia batekin: apirileko eta maiatzeko hauteskundeetara begira aurpegia garbitu eta borroka feministak duen klaseko eduki antikapitalista desegin nahi dute.
Baina praktikan, EAJ izan da, hamarkada luzez, Euskal Herriko emakumeen gehiengoa, orokorrean langile klasearekin batera, zapalkuntzarik gordinena jasaten dugun emakume langileak, gehien eraso eta kolpatu duena. Noski, eraso horien buruan ere badaude Itsaso Atutxa, Cristina Uriarte, Arantxa Tapia, etab., murrizketak eta pribatizazioa bultzatu baitituzte hezkuntzan eta osasun publikoan, zaharren egoitzetan, jantokietan, haur eskoletan, etab. Emakume horiek ere etengabe jarri dira patronalen eta inolako eskrupulurik ez duten esplotatzaileen alboan, hainbat eta hainbat emakume bizi baldintza duinen alde borrokara irten direnean. Guk argi daukagu: Kanpora EAJ martxoaren 8tik!
Gure eskubideak erasotzen, murrizketak egiten eta erreprimitzen dutenak ez dira gure aliatuak
Aurreko urtean EAJk argi esan zuen ez zuela greba babestuko, ez zitzaiolako modurik eraginkorrena iruditzen. Aurten, Confebask patronaleko presidenteak, Roberto Larrañagak, dio egun horretako iniziatiba guztiak errespetatzen dituela, baina ez dela greben oso aldekoa eta beste modu batean aldarrikatu behar direla gauzak eta konbentzitzen saiatu. Itsaso Atutxak, berriz, greba babestuko duela planteatzen duenean honelaxe dio: “EAJ ez da greben alderdi bat izaten, baina mugimendu honetara batzeak are gehiago inplikatzen gaitu eta agenda politikoan benetako berdintasunaren auzia jar dezake”. Eta gehitzen du: “nahiz eta soilik sinbolikoa izan nik martxoaren 8an greba egitea, politika jarrera egokiekin sinbolizatzea lortu behar dugu”.
Argi dago patronalarentzat eta bere zerbitzari den eskuinarentzat enbarazu handia direla grebak. Hori horrela da, greba orokorrak auzi oso konkretua jartzen duelako mahaiaren gainean: dena gelditzeko boterea duena langile klasea da, gizartearen %99a, miseriara kondenatzen gaituzten %1eko bizkarroien aurrean. Baina EAJk greba hau zerbait sinboliko bihurtu nahi du klaseko eduki guztia kenduz, aldarrikapen abstraktuak planteatuz eta gezur handi bat txertatuz: emakume guztiak -pobre zein aberatsak- berdinak garela eta barrikada berean gaudela.
Ez da inolako kasualitatea emakume langileek egin dituzten borroka sindikalak, hain zuzen ere EAJk sakonean murriztu eta pribatizatu dituen sektore eta zerbitzuetan egin izana: zaharren egoitzak, haur eskolak, eskola jantokiak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, garbitasuna eta, noski, hezkuntza eta osasungintza publikoa. EAJko ordezkariak, izan gizonezko edo emakumezkoak, patronalen alboan kokatu dira, gutxieneko zerbitzu neurrigabeak planteatuz, eta baita langileen aurkako jazarpen mediatikoekin ere.
Hainbat ikastetxetan, zuzendaritzatik, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, martxoaren 8an ikasleek greba egiteko hamaika mehatxu eta eragozpen jartzen ari dira, ohikoa denez. Azken asteetan ikusi ahal izan dugu “proposamen” bat zabaltzen ari dela, martxoaren 8an berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko hitzaldiak antolatzeko ikastetxeetan, ikasleak bertan mantentzeko. Euskal Herrian hezkuntza inon baino pribatizatuago daukagu, Eliza Katolikoak pisu ikaragarria du eta bere propaganda atzerakoi, matxista eta homofoboa hedatzeko erabiltzen du.
Gainera, EAJk inoiz ez du inolako arazorik eduki mozal legea aplikatzeko. Aurreko urtean Emakume Aske eta Borrokalariei eta Ikasle Sindikatuari, beste kolektibo feminista batzuekin batera, isuna ezarri zien EAJk agintzen duen Gasteizko udalak, martxoaren 8ko grebara deitzen zuten kartelak itsasteagatik. EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzak prostituzioa ere erregulatu nahi du, Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren Legearen bidez. Horrela, emakumeen gorputzen esplotazio basatiena beste edozein negozioren parean jarri nahi du, proxenetak mafioso izatetik enpresari errespetagarri bihurtzeko bidean.
Gure borroka antikapitalista eta iraultzailea da
Gure borroka klasekoa, iraultzailea eta antikapitalista da. Langile familietako emakume eta gazteok jasaten dugun zapalkuntzak ez du zerikusirik burgesiako emakumeekin. Emakume pribilegiatuen eta aberatsen gutxiengo hori, sistema hau eta austeritate politikak defendatzen dituztenak, ez dira gure aliatuak. Emakume horiek ere badute ardura gehiengoak jasaten dugun zapalkuntza egoera eragitean, gure oinarrizko eskubideen murrizketa eta eraso politikak aplikatzen dituzten heinean.
Itsaso Atutxak dio “gustatuko litzaioke[la] egun horretan emakumeek egingo ez duten lana bete beharko duten gizonezkoak ez dadila izan gizarte honetan postua kentzeko, egiten dugun lanaren balioaz ohartzeko baizik”. Guk ez dugu lanuzte edo greba sinbolikorik nahi. Greba honekin eta kaleko borrokarekin lortu behar duguna eta nahi duguna euren politika kapitalistak eraistea da. Eta horregatik ere, dei egiten diegu langile klaseko gizonei, gure alboan EAJren erasoen aurka eta manifestazio feministetan mobilizatu direnei, greba egin dezaten eta martxoaren 8an kalera irten daitezen, batera borrokatu dezagun miseriara eta zapalkuntzara kondenatzen gaituen sistema hau azpiratzeko.