Azaroak 25ean indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna da. Mundu guztian zehar burutuko dira mobilizazioak izurrite honen aurka. Euskal Herrian ere, soberan ditugu arrazoiak kalera irteteko eta urtez urte esplotatzen, zapaltzen, umiliatzen eta erailtzen gaituen indarkeria matxistarekin eta hori eragiten duen sistemarekin amaitzeko borrokan jarraitzeko.

Ez dugu beldurrik, duguna haserrea da

EAEn aurtengo lehen zortzi hilabeteetan 3.000 emakumek baino gehiagok jasan dute indarkeria matxista. Barakaldon esaterako, lehen sei hilabeteetan 2018 guztian adina indarkeria matxista erregistratu da eta ikasturtea hasi genuenetik, sexu erasoak etenik gabe gertatu dira.

Irailaren 21ean emakume batek sexu erasoa jasan zuen Deustun (Bilbo). Irailaren 27an, Erandion beste emakume batek lan elkarrizketa egin behar zionak bortxatu zuela salatu zuen. Asteburu horretan bertan, Bilboko Uribarri auzoko festetan gazte batek beste sexu eraso bat jasan zuela berri izan genuen. Irailaren 20tik aurrera, 25 urtetako gazte bat hiru egunetan zehar bahitua, drogatua eta bortxatua izan zen. Bere bizitza bihurtu zuten infernuak gaztea bere buruaz beste egiten saiatzera eraman zuen. Eta bortxaketa jarraitu horretatik egun gutxitara, Basauriko gazte batek, Rebecak, publikoki bere bikoteak eman zion jipoia salatu zuen, bere burua salbatzeko etxeko leihotik ihes egin behar izatera iritsi zen punturaino. Kolpatzen eta bortxatzen gaituzten bitartean, beste batzuk instituzioak erabiltzen dituzte erasotzaileak eta bortxatzaileak babesteko.

Ez dira kasu isolatuak, sistema bera da!

Iruñeako La Manadaren epaiaren aurkako mobilizazio erraldoien ondoren, feminismo borrokalariaren presio sozialak Auzitegi Gorena behartu zuen kasua ez zela abusua izan, bortxaketa baizik ebaztera. Hain zuzen ere, justizia matxista eta frankista horren inpunitatea izan da geroz eta “manada” gehiagoren sorrera eragin duena. Oso urrun joan gabe, uda honetan Bilbon mobilizatu ginen Etxebarri parkean gertatu zen talde-bortxaketa salatzeko. Hor ere, biktimaren aurkako beste epaiketa mediatiko bat ikusi ahal izan genuen. Emakumeoi egozten digute errua “kontuz ez ibiltzeagatik” eta “ez jakiteagatik norekin geratzen garen”. Baina bien bitartean, bortxatzaileetatik bat bakarra kartzelaratu dute.

Hori da Eusko Jaurlaritzak defendatzen duen justizia, eta hori da sistema kapitalistan dagoen “justizia”, egunez egun zapaltzen eta umiliatzen gaituen sistema. Euskal Herriko auzitegiek ere erasotzaileak babesten dituzte. Donostiako Factor Tattoko tatuatzailea 14 sexu delitu egiteagatik epaitua izan zen, eta baldintzapeko askatasunean utzi zuten urrian. Durangon azaroaren 13an adingabeko bat bortxatu zuen gizona ere aske utzi zuten atxilotua izan zenetik gutxira, epailearen aurretik pasa zenean. Euskal Herriko azken erailketa matxista hil honetako lehen asteburuan gertatu zen Baionan. Urte honetako laugarrena da. Hiltzaileak indarkeria matxistako aurrekariak zituen, baina horrek ez zuen erailketa eragotzi.

Behin eta berriz egozten zaigu jasaten ditugun erasoen eta bortxaketen ardura. Uztailean, guraso bakarreko familia bat, 15 eta 6 urteko haurrak zituen emakumea, indarkeria matxistaren biktima izan zena, etxetik kaleratua izateko arriskuan zegoela jakin genuen. Presio sozialari esker etxe kaleratze hau atzeratu egin zen… noiz eta Eusko Jaurlaritzak -hau da, EAJk eta PSEk- etxe kaleratze hori betetzea exigitu zuten arte! Lazo morearen atzean ezkutatzen saiatu arren, EAJren eta justizia honen benetako aurpegia begi bistan geratzen da. Indarkeria matxistaren biktimentzat bitarteko materialak eta babes etxeak jarri beharrean, Eusko Jaurlaritzak emakume xumeenak eta kolpatuenak erasotzen ditu.

EAJ zurikeriatan irteten da negar malko faltsuak isuriz feminizidio bat dagoen bakoitzean. Martxoaren 8ra “batzen zirela” ere entzun behar izan genuen, eguneroko bizitzako alde guztietan zapaltzen gaituen sistema hau zuzenean salatzen dugun mugimenduaren aurrean. Baina ez digu balio kolpatzen gaituzten murrizketak aplikatzen dituztenak eta bortxatzaileei inpunitatea ematen dien justizia matxista eta atzerakoi hau defendatzen dutenak, etxetik botatzen gaituen eta Altsasuko gazteak atxilotzen dituen justizia honen aldekoak, gero egun batean beren aurpegia garbituz ateratzea. Hipokritak!

Feministak eta antikapitalistak gara

Indarkeria matxistaren aurkako borroka, hain zuzen ere, indarkeria hori sortzen duen sistema kapitalistaren aurkako borroka da. Gure gorputzen merkantilizazioaren, emakumeen salerosketaren, alokairuzko sabelen, prostituzioaren eta pornografiaren aurkako borroka da. Pribatizazioen aurka, soldata justu eta lanpostu duinen aldeko borroka da. Ikasgeletan sexu heziketa aske eta inklusiboa ezartzearen aldeko borroka, errespetuan, berdintasunean eta inklusioan hezteko, eliza Katolikoaren moral ustelaren eta LGTBIfobiaren aurka.

Azaroaren 25ean berriro ere kaleak hartuko ditugu horregatik guztiagatik. Kalean borrokatuz garaituko dugulako sistema hau eta gizarte berri bat eraiki esplotaziorik, injustiziarik eta miseriarik gabea.

Geure buruak bizirik nahi ditugu, aske eta borrokalari!

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.
Informazio gehiago Ados