Joan den martxoaren 3an, Wayne Couzens izeneko poliziak Sarah Everard bahitu eta erail zuen. 48 urteko polizia honek aurrekariak zituen, izan ere, egun batzuk lehenago McDonalds batean exhibizionismoagatik atxilotua izan zen.
Haserre-oldea piztu zen sare sozialetan, batez ere, Scotland Yardek emakumeei agindu zienean etxetik ez irteteko, ibilbide alternatiboak bilatzeko edo toki argiztatuetatik joateko etxera itzultzean. Horrelako "gomendio" higuingarriekin, emakumeoi egozten zaigu eraso eta erailketak jasatearen errua. 2019ko abuztuan Ertzaintzak gomendio berdinak egin zituen, Bilbon taldekako bortxaketa gertatu zenean.
Indarkeria matxista bultzatzen duen Estatu aparatua
Krimena polizia batek egin izanak, eta gainera aurrekariak zituen polizia batek, samin ikaragarria eragin du. Gobernuak eta auzitegiek larunbatean Clapham auzoan (Sarah azken aldiz ikusi zuten auzoan) bijilia egiteko deialdia debekatu zuten, jendearen haserrea areagotuz. Debekuen gainetik, elkarretaratze "ilegal" jendetsua egin zen haren omenez. Protesta poliziaren eraso bortitzekin eta emakume talde baten atxiloketarekin amaitu zen, pandemia neurrien distantzia soziala aitzakia gisa erabiliz.
Emakumeok jasaten dugun indarkeriaren datuak benetan lazgarriak dira. Women UK erakundeak argitaratu zuen, NBEk duela gutxi egindako inkesta baten arabera, 18 eta 24 urte bitarteko emakumeen %97ak sexu-jazarpena jasan dutela leku publikoetan, eta 24 urtetik gorako emakumeen kasuan % 80ak.
Errealitatean, urte hauetan guztietan ikusi dugun moduan, instituzio burgesak, auzitegiak eta polizia arazoaren parte dira, eta parte oso garrantzitsua. Funtsean, klaseko auzia da: emakumeak are gehiago esplotatzea, makurturik eta isilik mantentzea, estrategikoa da, sistemak honek gehiengoa zapaldurik mantendu behar duelako aberats eta aristokrata gutxi batzuek gizartea kontrolatzen jarrai dezaten.
Soilik kalean borrokatuz eta feminismo iraultzailea defendatuz deuseztatuko dugu indarkeria marxista
Mugimendu feminista iraultzaile indartsu eta borrokalaria behar dugu; sexu-hezkuntza gure eskoletan; gizarte-zerbitzuak eta kalitatezko zaintza sistema publikoa; prostituzioaren eta pornografiaren gaitzarekin amaitzea; komunikabideak langile klasearen, bertako emakumeen eta gazteen zerbitzura eta kontrolpean jartzea, kontzientziatzeko bitarteko gisa balio dezaten, eta ez matxismoa eta zapalkuntza hedatzeko eta justifikatzeko, gaur egun egiten duten moduan.
Gizarte berri bat behar dugu, berdintasuna maila guztietan bermatuko duena, zapaltzailerik eta zapaldurik gabe. Hori posible da sufrimendu, desberdintasun eta indarkeria guzti hori eragiten duen sistemarekin amaituz: kapitalismoarekin amaituz.