Abenduaren 5ean Belgikako gobernuko ministroek beren karguak hartu zituzten, hauteskundeak egin eta hemezortzi hilabetera (2010eko ekainaren 13an), baina hiru egun lehenago, abenduaren 2an, gobernu berriak lehen greba orokorrari aurre egin behar izan zion.
Hauteskundeak egin zirenetik Belgika gobernurik gabe egon da. Munduan herrialde bakarra dago denbora luzez boterean hutsune bat izan duena: Irak, 289 egun egon zen gobernurik gabe, baina Belgika gehiago egon da, 540 egun.
Belgikan hauteskundeak bereizita egiten dituzte Flandesen (iparraldean) eta Balonian (hegoaldean). Normalean hauteskundeak egonkorrak izan ohi dira alderdi ‘anaiek’ irabazten baitute bi eskualdeetan, baina azkenengoetan iparraldean Aliantza Flamenko Berria alderdiak irabazi zituen eta hegoaldean Alderdi Sozialistak. Hilabeteetan bi alderdiak negoziatzen aritu dira beste bost alderdirekin batera gobernua osatzeko. Azkenean koalizioko gobernuaren buru jarriko den Elio Di Rupo alderdi sozialistarekin akordiora iritsi dira. Gobernua bi taldeetako, alegia flamenkoen eta frakofonoen, kristau demokraten, sozialdemokraten eta liberalen 6 alderdik osatu dute.
Bestalde, greba orokorra hiru sindikatu federazio nagusiek deitu zuten eta gobernu berriak onartutako murrizketa neurriei emandako erantzuna izan da. Gobernuak defizita bi puntutan murriztu nahi du eta horixe da 11.300 milioi euro murriztu nahi dituen herstura planaren helburua. Aurreikusitako murrizketen arabera, osasun zerbitzutik, langabezian dauden gazteentzako langabezia sorospenetik, langabetuen laguntzatik 2.300 milioi euro murriztuko dira; helburua lortzeko kotizazio denbora ere igoko da eta erretiro adinaren muga 62 urtetan jarri nahi dute (orain 40 urtez kotizatu beharko dute). Gainera, aurrekontu berriak zuzenean langileen eros ahalmenean eragingo duen zergen igoera ere badakar.
Greba eguneko manifestazioan 80.000 langile baino gehiago elkartu ziren Bruselan. Langileengan haserre handia dagoela antzeman zitekeen giroan eta agintari sindikal batzuek erasoen aurkako borrokarekin jarraitu beharra azpimarratu zuten mitinean. 24 orduko beste greba orokorra iragarri zuten urtarrilerako, 48 ordukoa apirilerako eta beharrezko bada 72 ordukoa ekainerako. Ikusten denez, murrizketen politikaren aurkako mobilizazio mugimenduaren hasieran gaude. Kontuan izan behar dugu, herstura politika hau ez dela belgikar gobernuaren politika bakarrik, Europar Batasuneko gobernu guztiak ari dira praktikan jartzen politika hau. Grezian, Italian, Portugalen, Britainia Handian edota berrikiago Hungarian (abenduaren 3an milaka eta milaka langile kalera atera ziren murrizteei aurre egiteko) ikusi dugun bezala, Europako langileak mugara iritsi dira eta ez dute ezer egin gabe geratzeko asmorik.