Autodeterminazio eskubidea Saharako herriarentzat

Azaroaren 13ko goizean, Marokoko indar militarrak saharar protesta baketsu bat desegiteko Guerguerateko Bretxan sartu ziren, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren lurraldean, Mauritania  mugan. Franja hori zeharkatzen duen errepidea Marokok eraiki zuen 1991ko su-eten akordioak hautsiz eta NBEren gomendioen aurka eginez.

Urriaren 21etik ari ziren egiten eserialdi baketsuak Marokoren jazarpen ekintzak salatzeko. Aste horietan, uniformedun okupatzaileen probokazioak gora egin zuten, kontzentrazioak bortizki desegiteko saharar lurraldera sartzea erabaki zuten arte. Ondoren han geratzea erabaki zuten, Mauritaniarako garraiobidea kontrolatzeko. Fronte Polisarioak lotsaren harresian kokaturik zeuden hamar bat postu militar eta zaintza-postu erasotuz erantzun zuen. Monarkia Alauiaren indar errepresiboen erantzuna berriz ezin bortitzagoa izan da, Sahara okupatuko hirietan sarekadak eta atxiloketak eginez, etxebizitzetan sartuz eta protestak polizia-kargekin deseginez.

Guztiz lotsagarria Espainiako Gobernu honek -bere buruari historiako aurrerakoiena deitzen diona- isiltasun konplizea marokoarren erasoaldiaren aurrean, aurreko gobernu guztiek egin izan duten bezalaxe 45 urtez, “Sahararen deskolonizazioa” deitzen dutenetik.

Frankismoa eta monarkia gatazkaren jatorrian

Saharako auzi nazionalaren jatorriak frankismo amaiera garaian eman zen deskolonizazio-prozesu tamalgarritik datoz. Sahara espainiar kolonia izan zen 1894tik. Joan den mendeko 70eko hamarkada hasieran, frankismoa azkenetan zen eta langile klasearen borroka itzelaren kolpeak jasaten ari zen. Garai hartan, erregimenak ez zuen inolaz ere gerra kolonial batean sarturik egon nahi, batez ere Mozambike eta Angolako gerrek Portugalgo diktaduraren erorketan izan zituzten ondorioak ikusita, izan ere, 1974ko apirileko klabelinen iraultza lehertzeko faktore erabakigarria izan baitziren.

Testuinguru horretan, interesen konfluentzia sortu zen Hassan II.aren monarkiaren, inperialismo estatubatuarraren eta Francoren erregimenaren oinordekoen artean, hain zuzen ere, Juan Carlos I.a koroatzear zegoela. Estatu espainiarreko egoera nahasia aprobetxatuz, Hassan II.ak saharar lurraldea Marokorenak zirela aldarrikatu zuen, arrantzako kala aberatsen eta fosfato-aztarnategien kontrola bereganatzeko, eta Marokoar chauvinismoa astinduz masen haserrea desbideratzeko.

Inperialismo estatubatuarrarentzat, Marokoko monarkia, mundu arabiarreko bere aliatu nagusietako bat bezala finkatu zen, eta balio geoestrategiko handia eskaintzen zuen. Hassan II.aren leialtasuna ziurtatzea funtsezkoa zen, herri kolonialen askapen borroken aurka egiteko eta, horrelako garrantzia zuen herrialdea sobietarren eraginpean erortzeko aukera baztertzeko. Henry Kissinger Estatu idazkariaren hitzetan: "AEBek ez dute beste Angola bat onartuko Atlantikoaren ekialdeko hegalean".

Une hartan, gobernu frankistak krisi iraultzaile bati aurre egin behar zion, eta sahararren autodeterminazioaren alde kokatzea baztertuta zegoen, are gutxiago inperialismo estatubatuarraren babesa behar zutenean. Francoren oinordekoari Juan Carlos Laburra deitzen zitzaion. Inork ez zuen serioski sinesten errestaurazio monarkiko baten burutuko zuela. Bere posizioaren erabateko ahuleziaz jabeturik, Juan Carlos printzeak laguntza eskatu zion Kissingerri.

2017an desklasifikatutako CIAren dokumentuek eman ziren kontaktuen eta egindako akordioen informazioa eskaintzen dute. 1975eko abuztuan, Estatu Batuetako Estatu Departamentuak argi berdea eman zion Saudi Arabiak finantzatutako proiektu bati, Marokok Sahara kontrolpean hartzeko helburua zuena. Bertan, Marokoko diktadurak eskualdea bereganatzeko antolatutako Martxa Berde ospetsua jada diseinatua agertzen zen, eta Saharako muga azaroaren 6an zeharkatu zuen.

AEBen bidez, Juan Carlos eta Hassan II.ak isilpean hitzartu zuten Estatu espainiarrak Sahara Marokori utziko ziola, etorkizuneko Espainiako erregeak iparramerikarren babesa izatearen truke, eta Marokorekin egindako akordio ekonomiko batzuen truke. Akordio horiek Madrilgo Hiruko Akordioaren eranskin sekretuetan jasota geratu ziren, koloniaren transferentzia erabaki zutena. Eranskin horietan, Estatu espainiarrak Fos Bucraa enpresaren %65 (fosfatoen hobiak ustiatzen zituena) estatu marokoarrari uzten zion, eta honek 800 itsasontzi espainiarrentzako arrantza-eskubideak bermatzen zituen 20 urtez.

Inperialismo estatubatuarrak tratuaren bere zatia bete zuen eta Juan Carlosi harrera egin zion koroatutako lehen bidaia ofizialean, nazioarteko "bedeinkapena" emanez. Saharar herriaren aurkako sarraskia izan zen 78ko erregimena eta Borboien monarkia hau altxatzea baimendu zuen zutabe odoltsuetako bat.

45 urte gerra eta jazarpena jasaten

1975eko Marokoko inbasioak 1991ra arte iraun zuen gerra piztu zuen. Saharar lurraldearen okupazioa ikaragarria izan zen, fosforo zuriz eta napalm bidez zibilen aurka egindako bonbardaketak barne. Herritarren ihesaldi masibo bat gertatu zen, biztanleen bi heren inguru erbesteratu egin ziren eta askok Tindufeko errefuxiatu-esparruetan amaitu zuten, Aljerian, non gaur egun 175.000 errefuxiatu inguru bizi diren baldintza tamalgarrietan.

Gerrak, Mendebaldeko Sahara bitan banatu zuen: Marokok okupatutako kostaldea, non fosfatoen hobiak dauden, eta Aljeria eta Mauritaniarekin muga egiten duen ekialdeko franja, Lurralde liberatuak bezala ezagutzen dena. 1980an, Maroko lotsaren harresia eraikitzen hasi zen, bi zatiak bereizteko. Egia esan, zortzi harresiko kate bat da, gaur egun jada 2.720 kilometro neurtzen ditu eta munduko mina-zelai handienetakoa denaz inguratuta dago. 5 kilometrotik behin Marokoko konpainia militar bat dago, eta 15 kilometrotik behin radar bat. Kalkuluen arabera, bertan 100.000 soldadu baino gehiago daude.

“Nazioarteko komunitatea” ala hipokrisia inperialista

Ez NBEk, ez munduko herrialde bakar batek ere, ez du Mendebaldeko Sahara Marokoren zati gisa onartzen, baina, Palestinarekin gertatzen den bezala, horrek ez dio inolako arazorik suposatzen potentzia okupatzaileari. Hainbatetan frogatu den bezala, nazioarteko komunitatearen erakundeak interes inperialistak ezkutatzen dituzten fatxada baino ez dira.

90. hamarkada hasieran, NBEk misio bat sortu zuen Saharako gatazkarentzat, agindutako autodeterminazio erreferenduma egiteko. Hori gauzatzeko oztopo nagusietako bat errolda izan zen. Zortzi urtean milioika dolar gastatu ondoren, NBEk errolda bat aurkeztu zuen, baina Marokok atzera bota zuen, besterik gabe, eta horrek ez zuen inolako ondoriorik izan. Era berean, Rabatek milaka marokoar Sahara okupatura eraman ditu urteetan zehar, konposizio demografikoa aldatu eta balizko errolda bere aldera eramateko asmoz. "Nazioarteko zuzenbidearen" arabera, hori gerra krimena da, baina kasu honetan ere ez da aplikatzen.

Marokoko erregimenak potentzia nagusien babesa izan du etengabe, batez ere AEBena eta Estatu frantziarrarena, herrialde horretan atzerriko inbertsioen %60 biltzen baitute. Baita espainiar burgesiarena eta 1977az geroztik izan diren Gobernuena ere, horien ardura bakarra Marokoko erregimenak mugako jendarmea izatea eta immigrazio-fluxuak erregulatzea izan baita. Hori da nazioarteko harreman kapitalistetan benetan kontuan hartzen dena, eta ez NBEren adierazpen hutsalak, batzuetan "kezka" eta besteetan "kezka sakona" duela esatera mugatuz. Herri sahararra ezin da fidatu potentzia handien interesen zerbitzura dagoela behin eta berriz erakutsi duen erakunde horrekin.

Gobernu espainiarrek okupazio sostengatzen dute

NBEk Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeke dagoen Espainiako lurraldetzat hartzen jarraitzen du. Hala ere, hurrengo Espainiako Gobernuek (PSOEkoak barne) erabat alboratu dute euren erantzukizuna. Urte hauetan, aktiboki babestu dute monarkia alauiarraren politika, eta isilik egon dira Saharan eta Maroko barruan egin diren ankerkerien aurrean. Hasieran akordio ekonomiko hutsa zen: Marokoko erregimenak Espainiako inbertsioak eta arrantza lekuetarako sarbidea bermatzen zituen. Azken hamarkadetan migrazio-kontrolaren faktorea gehitu zen. Espainiako Gobernuak mugen kontrola azpikontratatzen dio Marokori, eta horrela ez ikusiarena egin dezake migratzaileek jasaten dituzten basakerien aurrean.

PSOE-UP Gobernua osatzeak nolabaiteko itxaropena ekarri zuen egoera aldatzeko, batez ere Unidas Podemosen sarreragatik, teorian bere programan Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekin (SEAD) harreman diplomatikoak ezartzea eta bere herriarentzat autodeterminazio eskubidea defendatzea aldarrikatzen baitzuen. Hala ere, itxaropen horiek laster huts egin zuten.

Gobernua eratu eta aste batzuetara, bilera bat egin zuten Nacho Alvarez Eskubide Sozialen Estatu idazkariak eta Suilma Hay Enhamed Salem Gizarte Gaietarako eta Emakumearen Sustapenerako Saharako ministroak. Bilera horren ondorioz, Marokoko Atzerri ministroak dei egin zion bere homologo espainiarrari, eta bertan, azken aldiz, berretsi zuen Gobernuak ez duela SEAD onartzen, eta NBEren ekimenetara mugatzen dela, Marokoko okupazioa pasiboki bermatuz. PSOEk Espainiako burgesiaren politikari eustea, arlo honetan eta beste batzuetan, jada ez da harritzekoa. Pablo Iglesiasen erreakzioa ordea lotsagarria izan zen: "Espainiak Mendebaldeko Sahararekiko duen jarrera Kanpo Arazoetako ministerioak zehazten du" esan zuen.

Estatu politika erreakzionario baten onarpen konplize hori mahai gainean jarri da berriro egunotan. Unidos Podemos sare sozialetan mezuak partekatzera mugatzen ari da, "Nazio Batuen inplikaziora" deituz. Baina Nazio Batuek 60 urte daramatzate hondamendi kolonialean sartuta, eta argi eta garbi erakutsi dute inperialismoaren konpartsa direla!

Zinismorik zikinenean, Kanpo Arazoetako Ministerioak egunotan sare sozialetan gaitzespen mezu bakar bat zabaldu du, ez Marokoren erasoaren aurka, baizik eta Valentzian egindako elkarretaratze batean Marokoko kontsulatuaren horman Saharako bandera bat jarri izana kondenatuz.

Herri sahararraren autodeterminazio eskubidearen alde

Herri sahararraren autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko borroka iraultzaile eta ezkerreko militante guztien kausa da Estatu espainiar eta mundu guztian. Eta, esperientzia historikoaren arabera, borroka honek estrategia sozialista sendo bat behar du, gertaera objektibo batetik abiatzen dena: garaipena eta independentzia lortzea eta saharar herriaren eskubideak zapaltzen dituzten eta miseria izugarriko egoeran hondoratzen duten potentzia inperialistak garaitzeak, politika iraultzaile, klasista eta internazionalista bat defendatzea eskatzen du.

Saharar herriak autodefentsa armaturako eskubide osoa du. Baina Estatu Batuetako inperialismoak babestutako diktadura alauiarraren potentzia militarraren aurkako borroka desorekatuan, behar duena batez ere Maroko zein Estatu espainiar guztiko langile klasearen eta zapalduen elkartasun iraultzailean oinarritzea da.
Hamarkada hauetako esperientzia konkretua da. Gerraren hasieran, Maroko eta Mauritania Fronte Polisarioa menderatzeko gai ez zirenean eta porrot militarra izateko arriskua zutenean, Estatu Batuetako inperialismoa, Estatu frantziarra eta espainiarra eta Saudi Arabiako dirua marokoar armada sostengatzera joan ziren bizkor. Hala ere, 1979an Mauritania erretiratu zenean ez zen porrot militar bategatik izan, herrialde barnean eman zen altxamendu sozial batek behartu zituen. Mauritaniako arabiarrek lotura estua zuten sahararrekin eta gerrak haserre handia eragin zuen. 1978an, kolpe militar bat eman zen, kaleetako  manifestazioekin batera, eta Polisarioarekin bake-akordioa lortu zuten.

Urteetan, Marokoko monarkia benetan estu jartzea lortu duen gauza bakarra masa borroka izan da, eta NBEren planetan konfiantza izatea, ez baitute ezer konpondu.

2005ean Intifada sahararra izan zen; 2008ko ekainean Marokoko greba orokorrean bastioetako bat hegoaldeko Sidi Ifni izan zen, Saharatik gertu, non Gobernuak setio-egoera ezarri zuen mugimendua zapaltzeko; 2010ean Gdim Izikeko kanpalekua matxinatu zen, protestetan 20.000tik gora lagun batu zirelarik. Marokok su eta gar zapaldu zuen altxamendua, krisi ekonomikoaren ondorioak gogor pairatzen ari ziren zapalduen borroka elkartzeko eredu bihur ez zedin; handik hilabete gutxira, Maroko udaberri arabiarraren olatu iraultzaileak zeharkatu zuen, Otsailaren 20ko Mugimendua piztuz; azkenik, 2016ko urrian, Rifeko Hirak (Herri Mugimendua) lehertu zen, 2011etik eman zen altxamendu sozialik handiena.

Masa-borrokak erregimena dardarka jarri duen bakoitzean, amaieraraino iristea eragotzi duen faktore bakarra, programa iraultzaile kontsekuente baten gabezia eta hori praktikan jarriko duen zuzendaritza iraultzaile baten gabezia izan da.

Ezinbestekoa da saharar herriaren indarrak Marokoko langile eta nekazarien indarrekin batzea, elkarrekin borroka egiteko miseriara kondenatzen dituen erregimen ustel beraren aurka. Batasun hori iraultza sozialistaren programan eta saharar herriaren eskubide nazionalen aitortzan oinarritzen da – autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidetik hasita –. Soilik horrela izango da posible, bi komunitateetako langileak aurka jartzeko Rabateko erregimenak egiten dituen saiakerak zapuztea, eta monarkiarekin eta horren oinarri den ordena sozial kapitalistarekin amaitzea.


Egungo egoeraren aurrean, Ezker Iraultzailetik honakoa adierazten dugu:

· Gure elkartasun osoa sahararrei Marokoko gobernuaren eraso berri honen aurrean.
· Masa borroka iraultzaile eta sozialistari ematen diogu babesa, hori baita saharar herriaren nazio zapalkuntzarekin eta zapalkuntza sozialarekin amai dezakeen bide bakarra.
· Maniobra diplomatikoak eta "bake-planak" gaitzesten ditugu, izan inperialismo estatubatuarrak, frantsesak edo Nazio Batuen Erakundeak bultzatzen dituenak.
· Estatu espainiarreko Gobernuak Saharari buruz duen politika lotsagarria gaitzesten dugu, Mohamed VI.aren monarkiari eta haren azken 45 urteetako politika errepresiboei emandako babesa disimulatzen saiatzen den isiltasun konplizea mantentzen jarraitzen baitu.

Gora saharar herriaren autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko borroka!

Marokoko armada Saharako lurraldetik berehala knaporatu!

Sahara libre eta sozialista baten alde, Magrebeko Federazio Sozialista baten alde!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.