Ekainaren 17an Mohammed VI.ak berak eratutako Konstituzio Erreformarako Batzordearen lanaren emaitzen berri eman zuen telebistako emanaldi batean eta uztailaren 1erako erreformak berretsiko zituen erreferenduma iragarri. Honekin erregeak eta bere presio taldeak Marokotik urrunarazi nahi zituzten herrialde arabiarrak astintzen ari diren eta Tunisian eta Egipton diktaduraren amaiera ekarri duten herri altxamenduak.
Otsailaren 20ko Mugimenduaren eragin gero eta handiagoaz keztaturik eta demokraziaren aldeko manifestazioek kontrola ezin daitekeen herri mugimendua eragin dezaketenaren beldur, klase agintari marokoarrak erabaki du bere interesak arriskuan jarriko dituen altxamendu orokor bati aurre egin beharrean, zuhurragoa izan daitekeela bigarren mailako alderdietan amore ematea eta oraingo erregimenaren ezaugarri antidemokratikoenak leuntzea.
Helburu honetan Mohammed VI.ak ekainaren 17an iragarritako erreformak azaleko aldaketak ziren eta ez zieten eragiten Hassan II.ak eratutako estatu aparatuari. Halaber, erregearen boterearen oinarriak mantentzen zituen. Lehen ministroaren eta parlamentuaren eskumenak ugaritzen baziren ere, erregeak izango zituen oinarrizko eskumenak: lehen ministroak erregearen baimena behar izaten jarraituko zuen kargu altuak izendatzeko, erregeak jarraituko zuen lider erlijioso, “fededunen komendadore”, eta Indar Armatuetako agintari gorena izaten, kanpo politikako zuzendari eta Ministroen Kontseiluko eta Botere Judizialaren Kontseilu Goreneko presidente izaten jarraituko zuen.
Gainera estatu-organo berri bat proposatzen zen, Segurtasunerako Kontseilu Nazionala, eta erregea bera izango zen bertako buru. Organo berri hau estatu marokoarraren indar armatuen aginte gorena izango zen eta, beharrezko balitz, kontzesio demokratikoak lehengora zitezen bermatzea zuen helburu. Erreformak ez baziren gai protestak geldiarazteko, errepresio masiboa prest zegokeen organo berri honi esker.
Hain zuzen ere, maila txikiagoko errepresioak ez du etenik izan mobilizazioak hasi zirenetik; hau frogatu ahal izan zuten maiatzaren 15ean polizia politikoaren egoitzaren atarian legez kanpoko atxiloketen eta torturaren aurka protestatuz piknik-a egiten ahalegindu ziren gazteek, oso modu gogorrean erreprimitu baitzituen poliziak. Kamal Amari gaztearen kasuak ere erakusten du Mohammed VI.ak ez duela arretarik galduko eta “erreforma demokratikoaren” mugetatik ateratzen den edozein herri mugimendu zapalduko duela. Kamal Amari maiatzaren 29an Asafin egindako manifestazioan atxilotu zuen poliziak eta heriotzara arte kolpatu zuten.
Otsailaren 20ko Mugimenduaren erantzuna eta klaseko sindikalismoa
Zuzendaritza erreformista politikoek (USPF eta PPS) eta sindikalek (UMT eta UGTM) erregearen eskuzabaltasuna eta “izaera demokratikoa” laudatzen eta goraipatzen zuten bitartean, Otsailaren 20ko Mugimenduak eta Lanaren Batasun Demokratikoa sindikatuak merezi zuen erantzuna eman zioten hasieratik erregearen proposamenari. O20 Mugimenduak eta LBDk ez zuten goitik zetorren proposamenik onartu; erregearen proposamenak eztabaidatzeari uko egin zioten eta uztailaren 1eko erreferenduma boikotatzeko deia egin zien herritarrei izaera autoritarioa eta errepresiboa duen erregimenak legitimitate margena irabazteko saiakeratzat hartu baitzuten.
O20ko Mugimenduko gazteen eta LBDko langileen tinkotasunak erakutsi zuen erregeak ez zuela herritarren babesik eta hau kolpe gogorra izan zen monarkiarentzat. Horregatik, erregimenaren erantzuna oso gogorra izan zen erreformak egiteko borondatea gezurra zela agerian geratzeko arriskua bazegoen ere. Ekainak 19ko eta 26ko manifestazioetan, erreforma politikoa iragarri ondoren egindako lehenak ziren, ez zen beste askotan gertatu bezala polizia bakarrik joan mugimendua zapaltzera, erregimenaren jarraitzaileen hordek, poliziak bildutako eta ordaindutako elementu lunpenizatuek mugimenduari eraso zioten, manifestariak jipoitu zituzten eta, era berean, erregearen aldeko kantuak kantatzen zituzten.
Ekintza hauekin monarkiak argi eta garbi utzi zuen zein den bere benetako beldurra: herri marokoarrak bizkar ematea erreforma politikoari. Erregimen marokoarrak beste herrialdeetan gertatu diren antzeko mugimenduak saihestu baditu, neurri handi batean, Herri Boterearen Batasun Sozialistako, Progresurako eta Sozialismorako Alderdiko eta Justiziarako eta Garapenerako Alderdi islamista moderatuko agintariek baldintzarik gabe emandako babesagatik izan da. Mundu mailako krisi kapitalistatik ateratzeko alternatibarik ez dutenez, alderdi hauetako zuzendaritzak irmoki atxikitzen zaizkio Mohammed VI.aren monarkiari, hau ikusten baitute Marokoko orden soziala eta mendebaleko potentziekin duten lotura bermatzeko modu bakarra.
O20ko Mugimenduak eta LBDak erreferenduma boikotatzeko egindako ekimenak zuzenean Marokoko errealitate politikoari zuzendu zitzaizkion. Marokoko erregimenaren izaera ez da, funtsean, Tunisiakoaren eta Egiptokoaren oso ezberdina. Tunisian eta Egipton ere oposizioko alderdiak legalak ziren eta errepresioa kontuz kudeatzen zuten altxamendu soziala saihesteko. Baina masen lasaitasun itxura faltsu horren azpian bizi baldintza miserableek eragindako haserrea ezkutatzen zen eta bazekiten, ezer egin ezean, etorkizunean zapalkuntza eta pobrezia gehiago egongo zela. Marokoko errealitatea ere hauxe da, nahiz eta erregimenak agerian utzi duen ustez ezkerrekoak diren agintari sindikal eta politikoen babesa duela bestelako erregimen arabiarrekin antzekotasunik ez duela erakusten saiatzeko. Erregimenaren izaera eta bere “erreformen” gezurra agerian utzi duen O20ko Mugimenduaren eta LBDaren jarrera tinko eta eros ezinezkoa gai da bere baitan langile eta nekazari marokoarrak bildu eta urteetan pobrezia eta errepresioa ekarri dituen erregimenaren aurka borrokatzeko.
Programa iraultzailearen eta sozialistaren beharra
Herri marokoarra tiraniaren aurka elkartzeko O20 Mugimenduak eta LBDk sendotasuna eta borondateaz gain, aldarrikapen demokratikoak gazte eta langileen aldarrikapen oinarrizko, sozial eta ekonomikoekin elkartu eta erantzun garbi bat emango dien programa behar dute. Uztailaren 1eko erreferendumaren ondoren (Mohammed VIak irabaztea lortu zuen Estatu marokoarraren baliabide legal eta ilegal guztiei esker, baina erreferendumean herritarren %41ak bakarrik hartu zuen parte), borrokak jarraitu egingo du, zeren oligarkiak ez du bere boterearen eta pribilegioen zati txikienean ere amore emango eta langile eta herritar marokoarren bizi baldintzak ez dira hobetuko. Baldintza hauetan beharrezkoa da programa iraultzaile bat, herritarrei azalduko diena askatasun demokratikoak langile masek konkistatutakoan bakarrik kontsolidatzen direla. Esperientzia historikoak erakutsi du herri altxamendu baten beldur diren boteretsuek emandako askatasun eta eskubideek ez dutela askorik irauten. Burgesiak ezkerreko eskuarekin eman ohi duena, berehala kentzen du eskuineko eskuarekin. Mehatxu iraultzailea pasatzen denean, errepresio bortitzena jasaten du herriak bere ausarkeriagatik. Ez du axola askatasuna eta eskubideak emateko erabakia erregearena edo Batzar Konstituziogilearena izatea. Ez da inolako erreforma demokratikorik sortuko burgesiaren eta latifundisten interesak defendatzeko eta gizartearen gehiengoa zapalduta mantentzeko sortu ziren estatuaren instituzioetatik. Botere iraultzailea oinarri hartuta, herri asanbladetan eta fabriketan, lantokietan, auzo eta herrietan demokratikoki aukeratutako batzordeetan oinarrituta izango da posible hamarkadetan monarkiak lapurtutako askatasuna lortzea.
Eta askatasun hau masen baldintzak hobetzeko, pobreziatik, langabeziatik, analfabetismotik ateratzeko, emakume arabiarrak bere zapalkuntza bikoitzetik askatzeko balio duela erakustean sendotuko da. Baina ez da aurrerapenik izango Marokon kapitalismoak jarraitzen duen bitartean. Estatu marokoarrak bere patua kolonialismo garaitik Maroko ustiatu duten kapitalistenarekin loturik dauka. Jabetza kapitalista kalte ordainik gabe desjabetu eta langileen kontrolpean jartzen duen, nekazal erreforma sakona aurrera eramango duen eta herrialdeko baliabideak herritarren esku jarriko dituen programa sozialista batek soilik gida dezake herria garaipenera.