Ekonomialari eta prentsa burgesek Txinarengan jarri dute krisitik ateratzeko itxaropena. Ekonomiaren goraldi garaian zein atzeraldian Txinak eta “goraka doazen” gainerako ekonomiek, hau da Indiak, Brasilek eta Errusiak, izandako hazkuntzaren ondorioz, ekonomialari burgesek pentsatu dute herrialde hauek ez direla krisian eroriko eta krisian dauden herrialdeak salbatuko dituztela. Baina hala izan al da? Denborak erakutsi du ez dela hala izan eta ez dela hala izango. Txinan eta gainerako herrialdeetan ekonomiaren hazkuntza beheraka doa eta gatazka sozialak ugaritzen ari dira.

Prozesu kontrairaultzailea Txinan

Txinako Alderdi Komunistako burokrazia stalinistak langile estatu deformatuaren oinarri zen ekonomia planifikatua erabat suntsitu du, baina ekonomiaren zati nagusia Estatu aparatuaren esku mantentzeaz arduratu da zuhurtzi handiz. Iraultzaren bidez lortu ziren ekoizpenaren planifikazioa, kanpo merkataritzaren monopolioa, prezioaren kontrola… ezeztatu dituzte eta erlazio kapitalistan eta jabetza pribatuan oinarritutako garapena baimendu dute. Ezkerreko agintari askok, batez ere ezkerreko agintari latinoamerikarrek, “merkatu sozialismoa” deitu diote prozesu honi, baina ez da halakorik inolaz ere. Txinan bizitakoa prozesu kontrairaultzailea izan da zalantzarik gabe; berdintasunaren aldeko edozein zantzu suntsitu eta estatu kapitalismoko sistema bat ezarri dute. Egoera honetan, langile eta nekazari txinatarrek zapalkuntza ikaragarria bizi dute, mendebaldeko potentzia inperialistapean bizi zutenaren antzekoa. 

Gaur egun Txinak estatu-sektore indartsua du eta kapitalismoaren aldeko burokraziak kontrolatzen du guztia. Baliabide publikoak Alderdi Komunistako goi karguetatik datorren burgesia berezi honen interesak mantentzeko soilik erabili dira, eta ez gizartearen gehiengoaren beharrak asetzeko.

Gaur egun Txinan erabateko fusioa dago nomenklatura stalinistaren eta burgesia jaioberriaren artean: Li Peng lehen ministro ohiak eta bere familiak sektore elektrikoa kontrolatzen dute; Zhou Yongkang Politburoko Batzorde Iraunkorreko kideak eta bere lagunek petrolioa kontrolatzen dute; Chen Yun Maoren garaiko liderraren familiak banku sektorea kontrolatzen du; Jin Quinglin Parlamentuko Aholku Politikoko Konferentziako presidenteak Beijingeko etxebizitza sektorea kontrolatzen du eta Wen Jiao lehen ministroaren emazteak harribitxien sektorea kontrolatzen du. Nomenklatura stalinistaren eta burgesiaren arteko lotura islatzen duen zerrenda hau are gehiago luza liteke.

Txina eta munduko ekonomiaren atzeraldia

Krisia hasi aurretik ekonomialari burgesek uste zuten atzerritarrek Txinan egindako inbertsioek eta Txinaren garapen industrialak munduko ekonomiaren atzeraldia saihestuko zutela, eta Txinaren hazkuntza tasak erakusten zuela kapitalismoaren gainbehera saihestu eta goraldi historikoa bizituko zuela kapitalismoak. Aldizkari honetatik, ordea, azaldu genuen kapitalismoaren fase monopolista eta inperialista honetan ezin zela atzeraldia saihestu. Gainera, aurreikusi genuen goraldi ekonomikoa mantendu eta luzatu zuten elementuek gerora zailtasunak sortuko zituztela mundu mailako ekonomia atzeraldian sartzean. Eta hori da, hain zuzen ere, gertatu dena. Kapitalismoa azken 70 urteetako atzeraldi ekonomiko gogorrena jasaten ari da, eta, jakina, Txinak berak ere atzeraldi honen eraginak izan ditu. Txina ez da salbatzaile izan eta ez da izango; munduko merkatua bereganatzeko potentzia handiek duten borrokan gogorki parte hartzen du gainerako potentzia kapitalisten antzera.

Txina, munduaren parte den neurrian, munduko ekonomiaren parte da eta munduko ekonomiaren gorabeherek bete-betean eragiten diote. Europar Batasuna eta Estatu Batuak dira Txinako merkantzien jomuga nagusiak: bien artean Txinako esportazioen %40 jasotzen dute. Europar Batasunak bizi duen krisiaren eta AEBen eskaria jaistearen ondorioz, Txinako esportazioak jaitsi egin dira, %9 EBkoa eta %5 AEBetakoa. Era berean, Txinako industria ekoizpenak azken 34 hilabeteetan izan duen daturik okerrena izan du: 50.000 lantegi ixtekotan edota ekoizpena jaistekotan dira. Ikusten denez, Txina ez da libratu mundu mailako kapitalismoaren atzeralditik.

Txina bide berrien bila

Txinaren ekonomia esportazioetan oinarritzen da, eta EB eta AEBetako eskariak jaitsi direnez, bide berrien bila dabil. Hauetan azkena “goraka doazen” ekonomiak dituzten herrialdeetan bere salmenta haztea izan da. Hau da Brasil, India eta Errusian saldu nahi izan ditu Txinak bere produktuak krisiaren eragina gutxitzeko. Egoera, ordea, ez da txinatar kapitalistek uste duten bezala, justu kontrakoa da egoera.

Garapen bidean dauden herrialdeen hazkuntza Txinaren lehengai-eskariari esker izan da. Hainbesteraino da hau hala ezen hitz berri bat sortu baita: “txinomenpekotasuna”. Azken urteetan, Txinak eztainuaren, kobrearen eta aluminioaren munduko ekoizpenaren %40 kontsumitu du, altzairuaren %60 eta berunaren %45. Petrolioari dagokionez, munduko bigarren kontsumitzailea da, eta azken urteetan petrolio kontsumoak izan duen hazkuntzaren %50a Txinaren kontsumoagatik izan da. Txinak Hego-Ameriketan eta Afrikan egindako politika erabat inperialista izan da, kapitala esportatu du; bertako enpresa estrategikoak erosi ditu eskariak ezustekorik izan ez dezan.

Orain “goraka doazen” ekonomiek Txinaren dezelerazioaren eta ekoizpena erortzearen ondorioak jasaten ari dira. Herrialde hauetan esportazioak eta lehengaien prezioak jaitsi dira. Elkarren arteko erabateko menpekotasunean daude Txina eta gainerako herrialdeak. Errusiak, Indiak edota Brasilek ezin dezakete Txinak dituen kontraesanak konpondu, ezta Txinak beste herrialdeena ere.

Zailtasun hauen aurrean, Txinak ere neurri protekzionistak hartu ditu barneko industria babesteko. Kotxeen salmenta jaitsi egin da Txinan, eta honi erantzuteko gobernuak sektore honetan atzerriko inbertsiogileei emandako laguntza guztiak kendu ditu eta AEBetatik inportatuko ibilgailuentzako arantzela igo du.

Klase arteko borrokak Txinan

Mundu osoko gainerako herrialdeetan bezala, krisiak eragindako zapalkuntzak eta miseriak beste aldea erakutsi dute: klase arteko borrokarena, alegia. Munduko herrialde guztietan klase arteko borrokak, gatazka sozialak… ugaritzen ari dira eta, noski, Txina ez da atzean geratu.

Gatazka sozialak herrialde osoan eta sektore guztietan ari dira hedatzen. 2009an Tonghua Iron & steel lantegiko 30.000 langile mobilizatu ziren enpresaren pribatizazioaren aurka. Enpresako ordezkaria bahitu zuten, eta piketeen eta manifestarien aurka zihoazen milaka poliziari aurre egin zieten.

Guangdong eskualdean ere mugimenduak indar handia izan du. Eskualde hau Europarako eta AEBetarako esportazioetatik bizi den eskualde industriala da. Bertan 2011ean langileen greba garrantzitsuak egon ziren: esate baterako Hitachi enpresako 4.500 langilek egin zuten greba, baita Topsearch Industries-eko 1.000 langilek ere. Gobernu Probintzialean den Alderdi Komunistak langileen aldeko neurriak hartu beharrean, atzerriko inbertsiogileak erakartzeko eskulana merkeagotu du eta hitzartuta zegoen gutxieneko soldataren %20ko igoera indargabetu du. 

2010ean protagonistak sektore pribatuko langileak izan ziren, eta borrokaren bidez soldata igotzea lortu zuten. Oinarrizkoak eta konkretuak diren aldarrikapenetatik hasitako mobilizazioen bidez, masa txinatarraren kontzientzia politikoa garatzen ari da. Sindikalgintza demokratikoa eta klase izaera duena aldarrikatzen dute, eta aldarrikapen hauek soldata igoerarekin lotu dituzte. Benetako langile demokraziaren aldeko aldarrikapenak presente egon dira borroka hauetan, eta bereziki Wuakanen.

Gertakari benetan aipagarria da, eta esaten ari garenaren adibide, Wuakan herrian gertatutakoa. Bertan, Alderdi Komunistaren Herri Batzordeak lur kolektiboak saldu nahi izan zizkion Country Garden enpresari. Honek herritarren benetako altxamendua eragin zuen: asanbladetan elkartuta autoritateak herritik bidali eta herriaren kontrola hartu zuten. Ondorioz, batez ere, bertako nekazariek errepresio gogorra jasan zuten: atxiloketak, hilketak, ur-mozketak, elikagai horniketen etetea… Baina hauei aurre egiten jakin zuten. Gobernuak zin egin behar izan zuen desjabetze prozesua aztertuko duela eta atxilotuak askatuko zituela.

Ez dago zalantzarik, lehenago edo beranduago, Txinako berreraikuntza kapitalistak klase arteko borroka areagotuko duela. Gainerako herrialdeetan bezala, datozen hilabete eta urteetan borroka handiak eta garrantzitsuak ikusiko ditugu Txinan ere.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.