Askok Arabiar Iraultza amaituta edo otzanduta zegoela uste bazuten ere, inoiz baino indar handiagoarekin jarraitzen du Egipton. Manifestazio jendetsuak, kanpaldiak eta lelo iraultzaileak indar handiz itzuli dira gobernu kontrairaultzailearen aurka. Gaur egungo gertakari hauek erakusten dute iraultza goragoko fase batean sartu dela.
Masa egiptoarren mobilizazioak (eta bereziki greba mugimendua) inoiz gelditu ez badira ere, Mohamed Mursi presidente islamistaren azken erabakien ondorioz, Mubaraken diktaduraren amaiera eragin zuten protagonista berberak atera dira kalera. Arrazoi nagusia presidentearen erabakia beste edozein instantziatik blindatzen zuen dekretua izan zen. Hau boterea bereganatzen jarraitzeko pauso bat gehiago besterik ez da, eta sei hilabete hauen ondoren garbi geratu da nori egiten dion mesede. Islamismoak, beste iraultzetan bezala (1979ko iraniarra kasu), iraultzaren bandera lapurtu nahi izan du, ondoren atzetik sastakada emateko. Une honetan, egiptoar klase agintariak eta inperialismoak ezer ez aldatzeko duten berme bakarra da. Noski, bermea ez da erabatekoa iraultza ez baitago garaituta, eta arriskuari aurre egiteko mobilizatzea erabaki duen biztanleriaren zati garrantzitsu batentzat agerikoa da azpijoko kontrairaultzailea.
Azaroko azken astetik aurrera kanpin dendak berriro itzuli ziren Tahrir plazara, baita erregimenaren aurkako kontsignak eta diktadorea eraisteko aldarrikapenak ere. Plazan pankarta erraldoi bat ikus zitekeen hauxe jartzen zuena: “Debekatua sarrera Anaia Musulmanentzat” (alegia, Mursiren alderdiko kideentzat). Era berean, milioika pertsona manifestatu dira Kairon, Alexandrian eta gainerako hirietan. Alexandrian Herri Kontseilua (udaletxea) okupatu zuten “botera gurea da” oihukatzen zutela.
Errepresioa ez da itzuli, ez baita inoiz joan. Hala ere, manifestarien aurkako eraso bortitzek gutxienez bederatzi hildako zeramatzaten urtea hasi baino lehenago eta Anaia Musulmanen kide diren integrista lunpenen taldeak izan ziren erasoak aurrera eraman zituztenak. Abenduaren 5ean faxista hauek sei manifestari hil eta ehunka zahuritu eragin zituzten. Bien bitartean, ejertzitoa bigarren planoan mantendu zen. Hain zuzen ere, Mubarak boteretik kendu zuen altxamenduan gertatu bezala, soldaduen konfraternizazio kasuak gertatu ziren. Abenduaren 7an manifestazioak inolako indarkeriarik gabe presidentearen jauregia inguratzen zuen, burdin-hesizko eta barrikadazko segurtasun lerroa hautsi zuen tropen pasibotasunaren aurrean. Hainbat soldadu tankeetara igo ziren iraultzaileak agurtzera “soldatuak eta herria, esku bakar bat” kontsigna tradizionala oihukatzen zuten bitartean. Bi arrazoi daude honen atzean: batetik, tropen sektore garrantzitsu batek bat egiten du borrokarekin. Bestetik, gobernu islamistarekin aliatutako ofizialek iraultza geldiarazteko duten interesak eraginda, manifestarien jopuntuan ez jartzeko ahalegina egiten dute, eta Mursiren ahultasuna baliatzen dute beren onurak eta boterea baliatzeko. Hain zuzen ere, presidentea hautatzean eman zuen diskurtso demagogikoan botere militarrari mugak jarriko zizkiola hitz eman zuen, baita diktaduraren aldeko elementuak kenduko zituela eta Mubarak erori ostean sufritutako errepresio militar eta polizialak zigortuko zituela ere. Baina kontrakoa egin du. Kupula militarrak bere botere ekonomikoa izaten jarraitzen du, bai errepresioaren bidez bai mubarakismoan aberastu ziren karguen inpunitatea mantentzen da eta indarrean dago ejertzitoari urteko 1.300 milioi dolar ematen dizkion Estatu Batuekin zuen etekin handiko hitzarmena. Gainera, Konstituzioa egiteko proiektuak jeneralen bi aldarrikapen jasotzen ditu: batetik, hauetariko bat Defentsako buru izatea, eta bestetik, beraiek izatea beren aurrekontuak erabakiko dituztenak. Iraultzaren aurkako interesen aliantza hau indartzeko, manifestaldi uholde betean, Mursik militarrei eman die manifestariak atxilotzeko boterea.
Mursiren azpijokoa hauteskundeetan
Aurreranzko ihesaldian, kaleko borroka hautestontziekin ito nahian, gobernuak erreferenduma deitu zuen abenduaren 15 eta 22an Konstituzio proiektua erabakitzeko. Konstituzio honek mubarakismoaren mamia mantentzen du, eta ideia atzerakoiei egiten die oihartzuna. Hala ere, iraultzaren indarren ondorioz gobernua hainbat itzulinguru egitera behartuta egon da. Denbora irabazi nahi izan zuen elkarrizketa mahaiarekin, baina ez zuen lortu. Iraultzaren Salbaziorako Frente Nazionalak ordezkatzen duen oposizio politikoa tinko aritu zen saiakera hauek salatzen; nahiz eta enfrentamendua oso heterogeneoa izan eta bertako sektore bat prest egon borroka traizionatuz Mursiren proposamena onartzeko. Mugimendua indartu izanak bultzada eman zion azpijoko hauei aurre egiteko. Azkenik, protestak zirela eta, presidenteak atzera bota behar izan zuen dekretua. Hala ere, erreferenduma ez zen atzeratu eta bertan behera utzi. Islamisten helburua masen aurrean duten zilegitasuna erakustea zen. Kanpaina handia egin zuten irratiz, telebistaz eta meskitetan “Egipto egonkortzeko” parte hartzera deituaz. Oposiziokoen kontraesanak ere baliatu zituzten; hauen artean daude Mohamed el Baradei moduko burgesak, Amro Musa moduko Mubaraken kolaboratzaile izandakoak, Apirilak Seiko Mugimendua (iraultzaren lehen unean sortutako gazte erakundea) eta Herri Korrontea (Hamdin Sabahi-ren erakunde naserista, udako hauteskunde presidentzialetarako hirugarren presidentegaia). Salbaziorako Frenteak jarrera heterogeneoa izan du erreferendumaren aurrean: Apirilaren Seiko Mugimenduak eta Herri Korronteak, hau da, mugimenduarekin lotura estuagoa dutenek, boikotera deitu zuten, beste sektore batzuek zalantza izan zuten azken unera arte bertan ezezkoa esanda parte hartu ala ez parte hartu erabakitzeko.
Erreferendumaren emaitzak ez zuen erakusten islamismoaren oinarri soziala indartzen ari denik. Abstentzioa erroldaren erdira iritsi zen. Eta gobernuari kasu egiten badiogu, bozkatu zutenen %56,50 agertu zen baiezkoaren alde. Bozkatzeko eskubidea dutenen laurdenaren babesa izatea ez da gauza handia. Kontuan izan behar dira, gainera, egondako irregulartasun guztiak, besteak beste, boto zenbaketetatik bidali zituzten oposizioko kideak hainbat tokitan. Oposizioak salatu duenez, 4.000 ezbehar izan ziren eta hauteskundeak baliogabetzea eskatu zuten. Gainera, epaile gehienek, beren interesak direla eta gobernuari kontrajarrita daudenak, hauteskunde egunaren kontrola boikotatu zuten. Herri Korrontearen arabera, hamar eskualdetatik lautan ezezkoa gailendu zen: Kairon %68arekin eta Alexandrian %72arekin erraz irabaziz. Hiriburuan bertan ezezkoak %55arekin irabazi zuela gobernuak berak onartu zuen.
Borrokak aurrera jarraitzen du
Datu hauek guztiak kontuan izanda, bistan da eskura dituzten baliabide guztiak erabili arren, Mohamed Mursiren atzean ezkutatzen diren era guztietako integristek eta atzerakoiek, ez dutela arrakastarik izan hauteskunde azpijoko honetan. Ezezkoak, eta neurri batean abstentzioak, erakusten dute iraultzaren aldekoa ez den esparruan ere (hau da, hauteskundeetan) iraultzak berak oinarri indartsua duela. Bere garapenerako oso garrantzitsua da langileriaren, gazteriaren eta Kairo eta Alexandriako beste sektoreen mobilizazio militantea, hauek baitira eta izango baitira iraultzaren motorra.
Borroka ez zen abenduaren 22ko bigarren itzulian bukatu. Kaleko, enpresetako eta auzoetako borroka da iraultzaren oinarrizko esparrua. Beharrezkoa da programa iraultzaileaz hornitzea. Grebek aurrera jarraitzen duten bitartean (tabakoko 23.000 langileek garaipen garrantzitsua eskuratu zuten bi eguneko grebaren ondoren), konpondu gabeko arazoak areagotzen ari dira. Inbertsio grebak, turismoa jaisteak eta defizita igotzeak (BPGren %10) langabezia eta miseria handiagotzen dute. Ezinbestekoa da eskubide sozial eta politikoen aldeko borroka, emakumeen eskubideen murrizketen kontrako borroka eta aurreiritzi islamisten, hau da, Konstituzioaren aurkakoa, langile klasearen borrokarekin uztartzea eta lanpostuak sortzea, soldata duinak izatea, enpresa handiak langile kontrolpean nazionalizatzea, inperialismoaren atzaparretatik askatzea eta beste aldarrikapenen alde egitea. Hau da: sozialismoaren bandera jasotzea; langileriaren erakunde independenteak sortzea gazteria eta beste sektoreak erakartzeko; iraultza demokrazia burges ezegonkorrera eraman nahi duten bosgarren zutabeko burges taldeen jokabidea salatzea; eta gobernu atzerakoiaren aurkako langileen eta masa iraultzaileen borrokak bateratzea greba orokorra aldarrikatuz. Hauek dira iraultzaileek dituzten betebeharrak.