Mundu arabiarrean sozialismoaren alde, kapitalismoa suntsitu!

                                 

Ekainaren 30ean Egiptoko gazte eta langileek beste orrialde heroiko berri bat idatzi zuten 2011an hasi zuten iraultzaren bidean. Momentu hartan Hosni Mubaraken diktadura gorrotatuarekin amaitzea lortu zuten eta kasu honetan, Anaia Musulmanen gobernu erreakzionarioa eraitsi zuten, Mohamed Mursi buru zuena.

Mubarak kanporatu ondoren armada egon zen gobernuan eta bere izaera kontrairaultzailea agerian utzi zuen: bere asmoa ez da Egiptoko gizartean funtsezko ezer aldatzea, lehengo ordena ahalik eta gehien mantentzea baizik. Kapitalista egiptoarren irabazi ekonomikoak, inperialismoaren interesak eta, noski, armadako agintariek gozatzen dituzten irabazi ekonomikoak bermatzea du helburu; azken bost hamarkadetan Mubaraken eta AEBren diktadurapean pilaturiko aberastasun eta pribilegioak salbatzea, alegia.

Gaur egun instituzio honen buruan dauden ofizial altuak AEBk entrenatu zituen hamarkadetan zehar. Egiptoko buruzagi militarren klaseko interesak, burgesak, agerikoak dira eta oligarkia kapitalistaren funtsezko zati dira. Nahiz eta erretorika sekular bat erabili eta Anaia Musulmanen aurka egin, bi sektoreek (armada nahiz integristak) bat egiten dute masen iraultza zapaltzeko duten asmoan. Bai armada eta bai kapitalista egiptoarrak, inperialismo iparramerikarra bezala, zur eta lur geratu ziren joan den ekaineko masa mugimenduaren erradikalizazioa eta indarra ikusita, langile iraultzaren izpiritua 2011ko otsailean baino are indar handiagoz sentiarazi zenean. Hori dela eta babestu zuten hain gogotsu Egiptoko burgesiak eta inperialismoak uztailaren 3ko estatu kolpea. Kaleetan zeuden masei muga onargarrietatik haratago joaten ez uztea zen helburua: Anaia Musulmanen gobernu erreakzionarioa azpiratzeko borroka sistema kapitalistaren aurkako altxamendu orokor batean amaitzea eragoztea. Jokoan zegoena  Egipton erregimen kapitalistaren biziraupena zen eta, era berean, mota honetako mugimendu batek eduki litzakeen ondorioak mundu arabiar guztian.

Errepresio bortitza

Gobernura iritsi bezain laster, armadak kontuak garbitzeko kanpaina hasi zuen Anaia Musulmanen aurka. Mursik atxiloturik jarraitzen du, zuzendaritzako 19 kide eta 1.000tik gora militanterekin batera. Armadaren, poliziaren eta Mursiren jarraitzaileen arteko enfrentamenduak egunero izan ziren abuztuaren 14ko sarraskira arte. Egun honetan esku hartze militarrak, Osasun Saileko iturrien arabera, 638 hildako eta gutxienez 4.200 zauritu eragin zituzten.

Hasiera batean, armadak masa mugimenduaren izenean jardun nahi izan zuen, Mursiren gobernua "demokrazia berrezartzeko" eraisten zuela esanez, baina bere ekintzek argi erakutsi dute duen helburu bakarra diktadura aurretik zegoen egoerara itzultzea dela. Mubarakekin zeuden larrialdi-egoera eta etxeratze agindua berrezarri da, Mubaraken segurtasun unitate zaharrak aktibatu dituzte, eta abuztuaren 13an hautaturiko probintzietako 27 gobernatzailetik bi heren militarrak edo poliziako generalak dira, eta horietako batzuk publikoki agertu dira 2011ko iraultzaren aurka.

Armadak eta gobernuak aitzakia gisa biolentzia islamistaren arriskua eta ustezko "terrorismoaren aurkako gerra" erabiltzen dute edozein erresistentzia fokorekin amaitzeko. Azken batean, errepresio honen jopuntua, ordea, iraultzaren motor nagusia da: Egiptoko langile klasea. Horren adibide da, esate baterako, Suez Steeleko greba eta okupazioan izandako eskuartze militarra, langile finko eta azpikontratatuen artean 4.000 langile baino gehiago dituen altzairu lantegi pribatu honetan. Atzeraturiko soldatak ordaintzea eskatuz hiru aste greban eman ondoren, armadak fabrika inguratu zuen, bortizki sartu zen eta mugimenduaren zuzendaritzako bi kide atxilotu zituen, "infiltrazio islamikoa" aitzakia gisa jarriz. Helburua grebarekin amaitzea eta langileak izutzea zen. Bertako langileen erantzuna berriz lantegia okupatzea eta herrialdeko autopista nagusienetako bat geldiaraztea izan zen. Gauza bera gertatu zen abuztuaren 17an Scimitar Petroleum Companyko grebarekin eta hilaren bukaeran Mahallako ehun-lantegiko grebarekin. Azken honek oraindik ere jarraitzen du hiria tankez eta militarrez inguraturik dagoen bitartean.

Larrialdi egoera eta errepresioa mantendu arren, enpresa estrategiko horietako grebak eta abuztuaren 14ko sarraskiari gazteriak eman dion erantzunak erakusten dute iraultzak ez duela oraindik bere azken atala idatzi. Egoera egonkortasunetik oso hurrun dago. Herrialdea krisi ekonomiko gogor bat jasaten ari da eta NDFari mailegua eskatzera beharturik egon dira, ekonomia are gehiago liberalizatzearen eta oinarrizko produktuei dagozkien diru laguntzak kentzearen truke. Behin-behineko gobernuak jada iragarri du erregaien "errazionamendua", eta ogia nahiz beste oinarrizko produktu batzuetarako diru laguntzak murriztea aztertzen dabiltza. Neurri horiek berberak izan ziren Mursiren aurkako eztanda soziala eragin zutenak. Estatu kolpea eta hilabete bat geroago eta abuztuaren 14ko errepresioa baino lehen eginiko inkesta batean, Komunikabideen eta Iritzi Publikoaren Ikerketarako Zentro Egiptoarrak argitaratu zuen biztanleriaren %69a ez zegoela kolpearen alde eta hori babesten zuena %25 zela; zalantzarik gabe aldea orain handiagoa da eta horrek esan nahi du behin-behineko gobernuak eta armadak geroz eta maniobra tarte gutxiago dutela.

Egiptoko Alderdi Komunistak eta ezkerreko intelektual askok armadaren kolpea justifikatu zuten "demokraziaren" garaipena zela esanez erreakzio islamikoaren indar ilunen gainean. Bide horrek hondamenera bakarrik darama. Era berean, armadak "demokratikoki hautaturiko gobernu" batekin amaitu duela esatea, ustez Anaia Musulmanena zen bezala, klaseko ikuspuntua mantentzeari uko egitea da. Mursi gutxiengo batek hautatu zuen hautestontzietan eta boterean jarri bezain laster hasi zen bere promesa guztiak traizionatzen: NDFaren aginduak jarraituz gobernatzen hasi zen, pribatizatzen eta enpresa publiko mordoa kapitalista adiskideei entregatu zizkien eta armadarekin akordioetara iritsi zen ez zitezen epaitu 2011ko iraultzako egunetan egin ziren sarraskien arduradun militarrak, eta ezta Mubaraken diktadurarekin kolaboratu eta etekinak atera izan zituztenak ere. Mursi ez da "demokraziaren" lagun bat, guztiz kontrakoa baizik: iraultzaren eta iraultzaileen aurkari amorratua da, Anaia Musulmanen zuzendaritza bezala.

Bai armada eta bai Anaia Musulmanak modu berean dira kontrairaultzaileak. Klaseko interes berdinak defendatzen dituzte, nahiz eta lotura eta nazioarteko aliatu ezberdinak eduki. Bien helburua jabetza kapitalistaren erlazioak mantentzea da, baina klase dominatzaileko presio talde eta sekzio ezberdinei erantzuten diete eta askotan hauen arteko interes ekonomikoak talkan eta lehian ibiltzen dira. Ezberdintasun politiko eta ideologikoak eduki arren, langile klaseari dioten gorrotoak eta iraultzaren garaipenak ematen dien beldurrak elkartzen ditu.

Borroka alternatiba iraultzaile eta sozialistaren alde

Langile alderdiek klaseko programa independente bat behar dute: borroka alternatiba iraultzaile eta sozialista eskaintzea da gakoa, erregimen militarraren egonkortzea eragotziko duena, hilabete hauetan izan diren sarraskiak irmotasunez salatuko dituena eta argi azpimarratuko duena integristen aurkako biolentzia honen helburua, besteak beste, gizartean terrore egoera inposatzea dela iraultza geldiarazteko. Biharko egunean biolentzia hori bera baina bikoiztua erabiliko da langileen aurka, herri iraultzailearen aurka. Horregatik borrokatu behar da erregimen militarraren aurka eta alternatiba sozialistaren alde, zapaldu guztiak elkartuz (erlijio ezberdinetakoak) eta biolentzia eta zatiketa sektarioa eragotziz. Karta hori jada erabili zuten iraganean Anaia Musulmanek koptoen aurka egin zituzten eraso sektarioetan eta burgesiak nahiz inperialismo estatubatuarrak ez du zalantzarik izango berdina egiten masak iraultzaren bidetik aldentzeko. Perspektiba hori buruan duela, gobernu estatubatuarrak abuztuan Robert Ford izendatu zuen Egiptoko enbaxadore. Gizon hau John Negroponterekin batera Irakeko heriotzaren eskuadroien artifizea izan zen eta orain dela hilabete bat arte Siriako enbaxadorea izan da.

Azken gertaerek berriro erakutsi dute klase kapitalistaren edota bere ordezkari politikoen artean ez dagoela inolako sektorerik gizartean paper aurrerakoi bat jokatzeko gai denik. Sistema kapitalista barnean Egiptoko masen arazoek ezin dezakete konponbiderik aurkitu. Ez da posible "demokrazia egonkorra" duen erregimen baten perspektiba. Irtenbide bakarra iraultza amaierara arte eramatea da, kapitalista egiptoarren eta beren nagusi inperialisten eskuetan dauden herrialdeko aberastasun erraldoiak desjabetuz eta horiek masa zapalduen eskura ezarriz. Iraultza batek garaipena eskura dezake baina soilik iraultza sozialista bihurtzen bada.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.