Uda honetan, Ekialde Hurbileko indartsuena den Tsahal ejertzito israeldarraren indar suntsitzaile guztiak eta komunikabideek, lobbiek, sionismoak ordaindutako politikariek eta mundu osoko aliatuek bat egin dute herri palestinarraren erresistentzia menderatzeko edo, behintzat, ahultzeko. 50 egunetan, marina, hegazkineria, artilleria eta infanteria sionistak Gaza suntsitu dute, erabat menperatu nahian. Nolanahi ere, masakre ankerra eragin arren, beren helburuak urrun geratu dira.
Ejertzito israeldarrak hildako palestinarrak 2.138 izan dira, %70 zibilak eta 484 umeak. Zaurituak hamar mila baino gehiago izan dira, eta hauetarik mila ahalmen urritasunen bat pairatzen duten umeak dira. 400.000 adin txikikok laguntza psikologikoa behar dute!!
Zifra basati hauei gehitu behar zaizkie etxebizitzen, fabriken, baratzeen, eskolen, ospitaleen eta bestelako azpiegituren suntsitze masiboak. 17.000 etxebizitza erabat suntsituta daude eta 38.000 oso egoera txarrean. Barne errefuxiatuak milioi erdi palestinar dira eta 300.000 egoera txarrean bizi dira UNRWA errefuxiatuentzako NBEen erakundeak dituen eskoletan. 216 ikastetxe, osorik edo zatika, erorita daude, baita 58 ospitale edo osasun zentro ere; ehun sendagai inguru falta dira; herritarren %90ek ez du ur edangarririk; zentral elektriko bakarrak bonbardaketa jasan zuen eta urte bete behar izango dute konpontzeko (argindarra egunero 4 eta 6 ordu bitartean goza dezaketen luxua da). Nazioarteko laguntza behar duten pertsona kopurua 2000. urtean, hau da, blokeoaren aurretik, 80.000koa zen, azken gerraren aurretik 830.000koa eta orain 1.100.000koa, biztanleriaren %60a. Laburbilduz, Israelen sarraskiaren eraginak urte asko iraungo du. NBEaren arabera, 8.000 milioi euro beharko dira “errepideak, etxeak, zubiak eta beste azpiegiturak” konpontzeko bakarrik; eta Gazak duen urteko aurrekontua 60 milioikoa da!
Su-etena ekarri zuten negoziaketak
Abuztuaren 26an su-eten iraunkorra hitzartu zuten. Netanyahuren hasierako helburua bonbardaketak xantaia bezala erabiltzea zen mugimendu palestinarra behin betiko menderatzeko: miliziak desarmatzea eskatzen zuen, bestela esanda, baldintzarik gabeko amore ematea. Hala ere, denbora ejertzito israeldarraren kontra zegoen, eta inoiz baino garestiago ordaindu du: 66 baja ofizial (%40 gehiago agian), 2008ko 23 eguneko operazioan izandako 11aren aldean (orduan ere Gaza inbaditu zuten).
Bestalde, Israelen barnean bertako agintarien aurkako adierazpenak ugari izan ziren: milaka pertsona bildu zituzten manifestazioak (hauek erasotzen zituzten banda faxistek inpunitatea izan arren), ikasleen eta erreserbisten gutun publikoak gerran parte hartzea ukatzen, erreserbista batzuk ez ziren egokitzen zitzaien lekuetara azaldu… Palestinar erresistentziaren tinkotasuna, Zisjordanian Intifada piztearen arriskuak (bertan manifestazioek jasandako errepresio militarrak 33 hildako eragin zituen), Israelgo palestinarren mobilizazioek (greba orokorra barne) eta judutarren haserrea areagotzeak, honek guztiak, arriskutsuago egiten zuen esku hartze militarrarekin jarraitzea su-etena sinatzea baino. Hain zuzen ere, tropa sionistek Gazatik ihes egin behar izan zuten bertan egotea oso garestia zelako; su-etenaren sinaduraren unean, soldadu guztiak mugaren atzean kokatuta zeuden.
Sionistek atzera egin izanaren beste arrazoia masakre honen aurkako mobilizazioak izan dira; mundu osoan milaka izan baitira, baita AEBetan ere. Beste behin, masen borrokak eragin handia izan du, bereziki, gobernu sionista babestu duten inperialismo estatubatuarrak eta potentzia europarrek esku hartzea lehenbailehen amaitu nahi izateko. Era berean, pisu handia izan du Ekialde Hurbilean egoera are ezegonkorragoa bilakatzeko zegoen aukerak, kontuan izanda Siria eta Irakeko gatazkak areagotzen ari direla eta NATO garrantzia handiko beste gatazka militar batean sartuta dagoela Ukrainan.
Sionismoa ahulago gerraren eta akordioaren ondoren
Netanyahuk hasieran zituen asmoen kontrara, akordioak ez du lortu palestinar miliziek armak utz ditzaten; aitzitik, paperean behinik behin, blokeoa gutxitzea onartu da Israeldik osasun eta eraikuntza materialak sartzeko (orain arte hau tabua zen sionismoarentzat) eta Egiptorantz daraman Rafahko pasabidea ireki dute. Mugen erabateko irekiera irailaren amaieran hastekoak ziren negoziaketarako utzi zituzten. Bestalde, Gazako arrantzaleek orain arte hiru miliara arte arrantza bazezaketen ere (hasiera batean hogei ziren), orain sei miliara arte egin dezakete; arrantza da eskualdeko alor ekonomiko nagusia. Halaber, beste hainbat auzi garrantzitsuren negoziaketa planteatu da: Israelek bonbardaketekin suntsitutako aireportua eta portua berreraikitzea, preso politiko palestinarren askatasuna eta 2013 amaieratik kobratu gabe dauden funtzionarioen soldatak ordaintzeko funtsa desblokeatzea.
Egia da akordio hau partxe bat besterik ez dela, eta ez dituela Gazako herritarrek dituzten oinarrizko beharrak asetzen (zer esanik ez askapen nazionalari eta sozialari dagokionez). Nolanahi ere, palestinar mugimenduarentzat oso positiboa den alderdi bat badu, eta hala ikusi du herritarren %80ak: suntsipen eta heriotzek ez dute lortu herri palestinarra menderatzea. Netanyahu berak akordioa sinatu eta bi egunetara egin zuen beren lehen agerraldi publikoa. Haaretz israeldar egunkariak “Hamas 1, Israel 0” izenburua erabili zuen eta telebistako bigarren kateak Netanyahuren amaiera politikoaz hitz egin zuen.
Al Fatah eta Hamaseko agintarien papera
Netanyahuk, Obamak eta Egiptoko kolpistek babestuta, taktikaz aldatu nahi du Mahmud Abas eta Al Fatahko zuzendaritza presionatuz, hau otzanagoa baita. Hain zuzen ere, Rafahko pasabidea irekitzeagatik inposatutako baldintzetako bat Zisjordaniako mugako kontrola palestinar gobernuaren eskuetara pasatzea izan da. Bestela esanda, ez dadila Hamas bakarrik izan zer pasatzen den eta zer ez den pasatzen kontrolatzen duena, eta Al Fatahk ere kontrola dezala.
Hamas politikoki indarturik atera da gerra honetatik. Aurretik, galdeketen arabera Al Fatah %53-41 zegoen Hamasen gainetik. Orain egoera irauli da: palestinarren %61ak Hamas bozkatuko luke eta %32ak Al Fatah. Ez hori bakarrik. %72k Zisjordaniara zabaldu nahi du Gazan egindako borroka armatua. Honek erakusten du Zisjordanian bizi duten israeldar kontrol militar itogarriak, kolonien hedatzeak, honek eragindako zatiketak, lotsaren harresiak eta itxaropen faltak sortzen duen haserre soziala.
Israelen erasoen aurkako erresistentziari esker Gazako herritarrek Hamasi eman dioten babesa ez da baldintzarik gabekoa. Hain zuzen ere, azken zazpi urteetako gobernu islamistaren ezaugarri nagusiak ustelkeria, errepresioa, pobrezia eta programa sozial integrista eta atzerakoia inposatu nahia izan dira. Gazako palestinarren %68ak uste du gobernuan ustelkeria dagoela, herritarren %25ak bakarrik uste du Hamas publikoki kritikatzeko askatasuna dagoela, langabezia %40koa da, muturreko pobrezia %21ekoa, nahiz eta arduradun nagusia Israelek eta Egiptok inposatutako blokeo kriminala izan. Programa islamista inposatuz, emakumeek ez dute eskubiderik zenbait lanpostu lortzeko; integristen biktima nagusiak eurak dira. Ekainean Fathi Hammad Barne Ministroak lege islamista aplikatuko zuela baieztatu zuen eta halaxe zioen: “ez da bakerik egongo sekularismoarekin”. Hamasen polizia arau zentzugabeak betetzeaz arduratzen da; besteak beste, gazteek ez dezatela mendebalekotzat har daitekeen orrazkerarik edo estetikarik eraman.
Errealitatean, Israelen aurkako herri erresistentziarako deia egiteaz eta Israelen hondakinen gainean estatu palestinar islamikoa eraikitzeko amets utopiko eta atzerakoiaz haratago, askapen nazionalerako zer nolako alternatiba du Hamasek? Bere gain hartu ditu Israelen aurka jaurtikitako kohete eta misilak; inoiz baino urrunago iritsi dira eta Tel Aviveko aireportua itxi behar izan zuten. Baina, metodo honek borrokan paper positiborik jokatu al du? Garaipen partziala ekarri duena kaleko erresistentzia izan da, lurraldea tinko defendatzea etsaiaren eremuan dagoen ejertzitoaren aurka eta, jakina, herritarren borondatea drama guztiaren gainetik. Noski, herri palestinarraren borroka autodefentsakoa da, 1948an sortu zen estatu israeldarrak bereziki Zisjordania eta Gaza okupatu zituenetik aurrera daraman zapalkuntza nazional basatiaren aurkako erreakzioa. Beraz, edozein ekintzailerentzat beharrezkoa da babesa eskaintzea eta sionisten eta inperialisten muturreko hipokresia salatzea. Terrorismoaz, fanatismoaz eta antzekoez hitz egiten duten berberak dira Palestina eta munduko beste hainbat eta hainbat herri zapaltzen dituztenak, gizateriaren gehiengoa eta langile klasea zapaltzen dituztenak.
Masa borroka eta programa iraultzailea
Palestinako borrokaren historia aberatsa da gertakarietan eta ikasgaietan. Lehenengo Intifadak, 1987koak, hau da, lurralde okupatuetako palestinarren altxamenduak nazioarteko eta Israel barruko babesa jaso zuen eta ondorioz sionismoa ahuldu zen. Ordura arteko ekintza armatu isolatuak, heroikoak izan arren, estatu sionistak berehala neutralizatzen zituen eta horiek lortu ez zutena lortu zuen Intifadak. Talde txikiek ezer gutxi dute egiteko arlo militarrean estatu kapitalistaren aurka, are gutxiago ondo armatutako eta inperialismoak babestutako eskualdeko potentzia baten aurka. Masen borroka, enfrentamendu armatua konfrontazio politikoarekin konbinaturik eta programa egoki batekin, mila bider indartsuagoa da. Tamalez, Al Fatahko zuzendaritza ezustekoan harrapatu zuen Intifadak, eta honetan oinarritu eta indarra eman beharrean inperialismoarekin negoziatzearen alde egin zuen. Sei urteren buruan Osloko Akordioetara iritsi ziren eta honek eragindako dezepzioak ekarri zuen Intifadan sortutako Hamasen garapen indartsua.
Palestina sozialistaren aldeko borrokak, Ekialde Hurbil eta mundu sozialista baten aldeko borrokarekin uztarturik, bete betean mehatxatuko lituzke israeldar klase agintariaren interesak. Hau izan da sionismoaren bandera altxatu duena Israelen duen klaseko domeinua mantentzeko eta, noski, eskualdeko dominazio inperialistarekin jarraitzeko. Palestina islamikoaren aldeko aldarriak, non judutarrek luketen irteera bakarra erbestea eta gutxiengo zapaldua izatea litzatekeen, ez du balio sionismoa sozialki bakantzeko. Aitzitik, honek bere burua musulman fanatikoen aurka judutarren biziraupena bermatzen duen defendatzaile faltsutzat aurkezteko aukera ematen dio sionismoari. Klase agintari sionista eta burgesia arabiarra (hau ere inperialismo estatubatuarraren eta sionismoaren konplizea da eta erakutsi du historikoki herri arabiarren garapen nazional eta sozialerako traba dela) garaitzeko beharrezkoa da programa sozialistaren defentsa: baliabideen nazionalizazioa hauek gizartearen beharren zerbitzura jartzeko. Honi esker gizartearen gehiengoari, langileei, nekazariei eta beste sektoreei, hauek arabiarrak, judutarrak edo kurduak izan, aukera emango liekete bakean beren kultur ohiturekin bizitzeko eta nazionalki garatzeko. Eta, beraz, Israelgo langile judutarren zati handi batek ere bere egingo lukeen programa da.
Klase arteko borroka Israelen ere existitzen da, beste edozein herrialdetan bezala. Herri bezala bakean garatzeko aukera ematen zion estatu propio bat sortzeak hasiera batean piztutako itxaropena amets gaizto bilakatu da, eta ezin bestela izan. 66 urtetan, Israelgo klase agintariak gerrak, barne tentsioak, gizartearen militarizazioa eta aurrekontu militarraren pisua duen garapen ekonomikoa eskaini ditu. Orain guzti honi, mundu mailako kapitalismoaren krisia gehitu behar zaio. Mubaraken aurkako borrokaren, M15 mugimenduaren eta Occupy Wall Street mugimenduaren berotasunean piztutako Haserretuen mobilizazioak judutarrak eta arabiarrak elkartu zituen etxebizitza merkeagoen, osasungintzako hobekuntzen, hezkuntza publikoaren eta beste hainbat aldarrikapenen alde. Herritarren sektore handi bat agintari sionistez nazkaturik dago, baina alternatiba sozialistarik ezean, zaila da haserrea modu antolatuan adieraztea.
Sionismoa zenbat eta ahulagoa izan, orduan eta indartsuagoa da Palestinaren kausa. Eta estatu sionistak zenbat eta oinarri sozial gutxiago izan, orduan eta ahulagoa da. Sionismoa bakartzea, langile judutarrak erakartzea, nahitaezko betebeharra da mugimendu palestinarrarentzat. Hori dela eta, israeldarren aurkako metodo indiskriminatuek (esaterako, Gazatik jaurtikitako koheteek hainbat zibil hil dituzte, tartean palestinar bat eta langile etorkin bat) lortu nahi den helburuaren kontra egiten dute. Adibidez, hiru gazte judutar zibil hil zituen ekintza (Hamaseko komandante batek bere gain hartu zuena) krimen sektario bat izan zen eta ikusi den bezala gobernu israeldarrari bakarrik egin zion mesede, honen ondorioz errazago izan baitzitzaion iritzi publikoa manipulatzea, chauvinismoa sustatzea eta bonbardaketekin jarraitzea.
Palestinarren herri erresistentzia ikaragarria, drama eta suntsiketaren gainetik erakutsi duten gaitasuna, Hamas eta beste agintari askoren politikaz gain gertatu da, ez hauei esker. Autodefentsa armatuarekin batera, programa sozialista, laiko eta internazionalistan oinarriturik, masa palestinarren erresistentziak eragin askozaz ere handiagoa izango luke Israelen eta herrialde arabiarretan. Zonaldeko baliabide garrantzitsuenak desjabetzea eta kontrol demokratikopean jartzea oinarrizko beharra da palestinarren garapen ekonomikorako, ongizate sozialerako eta askapen nazionalerako. Erabat utopikoa da Ekialde Hurbil kapitalista batean eskubide nazionalak eta sozialak bermatuta izango lituzkeen estatu palestinarra sortzea.