Duela hilabete gutxi batzuk, 2011ko uda amaieran, Israelen azken hirurogeita hamar urtetako mobilizazio handienak izan ziren. Masen mugimendu honetan ikusi ahal izan dugu nola azaleratzen diren azken hamarkadetan pilatutako kontraesan guztiak. Langile klaseko sektore askotan bizi baldintzak okertu dira. Horregatik, “arabiar iraultzak” eragin ikaragarria izan du Israelen ere.
Udako mobilizazioek kapitalismoaren aurkako izaera zuten, eta lehen eztanda besterik ez zen izan. Masen presioak Israelgo Histadrut sindikatu konfederazioaren jarrera aldarazi zuen. Hasiera batean mobilizazioak ez babestearen aldekoa bazen ere, masen presioaren eraginez manifestazioak eta udal-langileen greba orokorra deitu behar izan zituen. Orain klase arteko borrokaren beste kapitulu berri bat daukagu inperialismo ipar-amerikarraren aliatu nagusi den herrialde honetan. Azken bi hilabeteetan, israeldar langileak etengabe borrokan aritu dira azpikontratatutako langileen defentsan. Azkenik, garaipen historikoa lortu dute. Borroka otsailaren 12an bukatu zen, sektore publikoko lau eguneko grebaren ostean.
Greba Histadrut sindikatuak deitu zuen, eta ministerioetako, udaletxeetako, garraioko, bankuetako eta gainerako zerbitzu publikoetako langileek parte hartu zuten. Borrokaren emaitza: langileen lan baldintzak hobetzea lortu zen. Besteak beste, azpikontratatutako langileak zuzenean kontratatuak izatera pasa dira, bai sektore publikoan, bai pribatuan; sektore publikoan azpikontratazioa debekatu da; garbiketako langileak eta sektore publikoko segurtasuneko langileak sektore publikoko soldata-akordioetan sartuko dira, beraz, soldata igoko zaie nabarmen. Kalkulatzen denez, neurri honek lehen askoz soldata baxuagoa kobratzen zuten, eta lan baldintza txarragoa zuten 70.000 langileri eragingo die; sektore pribatuan langileen eta azpikontratatutako langileen lan baldintzak eta soldatak berdindu dira.
Zalantzarik gabe, garaipen honek indar berria emango die beste sektoreetako borrokei, esaterako osasungintzari, hezkuntzari eta beste hainbati. Garaipen hauek erakutsi dute borrokak merezi duela, borrokarekin langileen aldarrikapenak lor daitezkeela.