2008ko krisi ekonomikoa inflexio puntua izan zen Europar Batasunaren historian, eta muturreko egoerara eraman zuen. 2020ko gainbeherak, berriz, ia behin betiko haustea eragin dezake. Brexitaren ondoren eta depresio sakon eta luze baten aurrean egonik, 2014ko euroaren krisian zehar nekez eutsi ahal izan ziren indar zentrifugoak kontrolaezinago bihurtuko dira egunetik egunera. Gogoan hartu behar da, garai hartan egoerari eusteko Greziako herria zanpatu eta austeritatea zabaldu zutela.
Krisi hark eragin politiko handia izan zuen. Murrizketa basatiek Europako kapitalismoa "gizatiarragoa" eta "sozialagoa" zelako ideia desegin zuten, eta herrialde askotan lehendik oso egoera ahulean zegoen ongizate sistema eraitsi zen, inolako begirunerik gabe, bankuak eta kapital handiak salbatzeko. Horren guztiaren ondorioak gaur egun oraindik ere pairatzen ditugu.
Erabat eraitsi zen beste mito bat Europaren batasun politikoa eta estatu kideen arteko "elkartasuna" izan zen. Euroaren ezarpenak eta bere ondorengo krisiak, geroz eta gogorragoak ziren gatazka nazionalen garai bat abiarazi zuten, Europako goi-bilera bakoitzean ageriago geratu dena. Joan den apirilaren 23koa horren erakusgarri argia da.
Oraingoan desberdin izango al da?
Komunikabide askok eta, bereziki, agintari sozialdemokratek -bai klasikoek, bai horien ezkerretara sortu diren alderdi berrietakoek- behin eta berriz esaten dute krisi honetan "benetako Europar Batasuna eraikitzeko aukera" dagoela eta hemendik aurrera "dena desberdina" izan daitekeela. Ez dira falta limurtzeko argumentuak: "ez da finantza-krisia, arrazoia pandemia delako eta ez bankuak" edo "iraganeko irakaspenak ikasi dira", "murrizketek ez dute balio" eta " behar den diru guztia gastatu behar da inor atzean gera ez dadin "...
Baina errealitatea bestelakoa da. Krisi hau 2008ko krisian bizitakoa baino amesgaizto handiagoa izango da, eta izaten ari da, herritar gehienentzat. Eta Europako burgesiaren planak eta jarrera, Alemania buru dela, ez dira ezertan aldatu: lehentasuna kapital handien interesak zaintzea da, eta hortik aurrera ahal duenak salba dezala bere burua, baina langileriak eta etorkizuneko belaunaldiek ordain dezatela.
Krisiaren sakontasunari buruzko datuek ez dute zalantzarik uzten. Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak adierazi duenez, 2020an euroguneko ekonomia %9 jaitsiko da, baina beherakada BPGren %15ekoa izan daiteke. Deutsche Banken (DB) txosten baten arabera, jaitsiera hori 2008an izandakoaren bikoitza baino gehiago izango da (orduan, Euroguneko zifra txarrena %-4,5ekoa izan zen). Dagoeneko, lehen hiruhilekoan %3,4ko jaitsiera izan da, eta ekainera arte % 11,4ko jaitsiera aurreikusten da.
Gainera, hondamendiak bete-betean eragingo die Europako lokomotorrei. Alemaniako Barne Produktu Gordinaren (BPG) %7ko jaitsiera aurreikusten du Nazioarteko Diru Funtsak, eta %7,2koa Frantzian (%10eko hondoratzea bigarren hiruhilekoan); Europa hegoaldeko ekonomietarako aurreikuspenak ez dira hobeak: Grezian %10, Portugalen %8 edo Italian eta Espainian %12 jaitsi daiteke aurten.
Krisitik irteteari dagokionez, DBren txostenaren arabera, euroguneko BPGk ez du 2019ko bolumena berreskuratuko 2021aren amaierara arte. Hala ere, beste estimazio batzuk, Unicredit kasu, askoz ezkorragoak dira: ekoizpen mailak ia %4 txikiagoa izaten jarraituko du.
Triskantza soziala, lehendik ere oso zigortuta dagoen eremuan
Krisiaren ondorio sozialak izugarriak ari dira izaten. Deutsche Bankek adierazi duenez, "Euroguneko langabezia %7tik %15-20ra igoko da". Bi hilabete baino gutxiagoan, Europako bost ekonomia handienetako 30 milioi langileri baino gehiagori eragin die aldi baterako edo partzialki beren lanpostuak eteteak. Financial Times egunkariaren arabera, Alemaniako, Frantziako, Erresuma Batuko, Espainiako eta Italiako biztanleria aktiboaren bostena dira dagoeneko ERTEen antzeko prozesuetan murgilduta daudenak. Frantzia da zerrendaburua, ia 10 milioi langile ditu egoera horretan, Italiak 7 eta Alemaniak 5 milioi inguru.
Estatu espainiarrean, ERTEetan 4,1 milioi langile baino gehiago daude, Adecco Group Institute edo Funcasek egindako txostenen arabera. Benetako langabezia-tasa %35 eta %40 artekoa izan daiteke aurten, eta %14,4koa, berriz, ofiziala. Inoiz izan den mailarik altuena: azken atzeraldiko errekorra %27koa izan zen.
Zorrak gorantz doa etengabe: hurrengo eztanda prestatzen ari da
Aurreko krisiaren desorekak, "konpondu" beharrean, areagotu egin dira. Bankuen erreskatearen faktura aurrekontu publikoen gainean ezarri denez, duela hamarkada bat baino baldintza okerragoetan ekingo diote ekaitz berriari bankuek. Euroguneko zorraren krisi berri baterako baldintzak inoiz baino gardenago daude: 2008an EBren zor bateratua BPGaren %60,7an zegoen, gaur egun BPGaren %80 ingurukoa da, eta litekeena da 2021ean %120ra iristea.
Euroguneko hirugarren eta laugarren ekonomiak daude jomugan. Italiak edo Estatu espainiarrak porrot eginez gero, Greziak 2009ko amaieran eragindakoa baino ondorio larriagoak izango lituzke. Italiaren zor publikoa %134,8koa da, eta aurreikuspenen arabera, %150era iritsiko da aurten, eta %160ra 2021ean. Estatu espainiarraren kasuan, %100etik gorakoa izango da 2020an, eta %117,8ra iritsiko da 2021ean.
2008an bezala, zor publikoaren eta pribatuaren zati bat "zabor" bihurtzen da itzultzeko ezintasunaren aurrean. Berriz ere, herrialde ahulenen arrisku-primak, hala nola Italia eta Estatu espainiarrekoak, 2016ko ekainetik izandako igoerarik handienak izaten ari dira. Goldman Sachsen kalkuluen arabera, Europan kalifikazio-agentzien "gainditua galdu duten enpresen" zorra 150.000 milioi euro ingurukoa da. Zorpetze masiboa eta ekoizpenaren paralisia: finantza-krisi berri baterako osagai paregabeak.
Europako goi-bileren iruzurra
Krisi ekonomiko eta sozialak areagotu egin ditu Europako burgesien arteko tentsioak. Gatazkak argi azaleratu dira egin diren goi-bileretan, krisiari eman beharreko erantzun ekonomikoak edo pandemiari aurre egiteko osasun-politika aztertu direnean. Automobilgintzako industrian Frantziak eta Alemaniak mahai gainean jarri dituzten deslokalizazio protekzionistak horren eredu argiena dira, eta etorkizuneko gatazken puntu goriena ere bihurtuko dira.
"Erantzun bateratu" baten ordez eta koronabirusari aurre egiteko Europako teknologia- eta industria-potentzial guztia zentzuz erabili beharrean, EBko estatu kideen arteko gerra ireki batean gaude, osasun-materiala erosteagatik eta batzuen eta besteen arteko benetako sabotaje komertzialagatik. Alemaniako Gobernuak oinarrizko medikuntza-produktuak Italiara esportatzea debekatu zuen bezala, Frantziakoak gauza bera egin zuen Estatu espainiarrera eta Italiara maskarak bidaltzeko orduan. Ikuskizun benetan lotsagarria da, kontinentean ofizialki 100.000 hildako baino gehiago daudela kontuan izanda. Europako kapitalismoaren gainbehera islatzen du.
Gai hori hain eskandalagarria izan da edonorentzat -adibidez, italiarren %72k uste du EBk ez duela ezer egin-, ezen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan behar izan zuen "bidezkoa dela Europak Italiari barkamen zintzoa eskatzea". Osasun hondamendiaren aurrean, Italiak Txinara jo behar izan du, beste potentzia batzuek utzitako hutsunearen aurrean. Prentsaren datuen arabera, apirilaren 15era arte, Txinak ia 4.000 milioi maskaraz, 38 milioi babes-jantziz, 2,4 milioi termometro infragorriz eta 16.000 arnasgailuz hornitu zituen Europako Gobernuak.
Ekonomiari dagokionez, asko hitz egiten ari dira EBk neurri "ausartak eta anbizio handikoak" hartu behar dituela, "salbuespenezko egoerei aurre egiteko", baina beste behin propaganda baino ez da.
Europako Banku Zentralak martxoan zor publiko subiranoa erosteko 750.000 milioi euroko partida zabaldu zuen. Zorraren kostuaren goranzko eta kontrolik gabeko dinamika saihesten saiatzen dira, baina arrakastarik gabe. Europako Banku Zentralak beste urrats bat eman du orain: zorra erosteko programan "zabor bonuak" onartu ditu 2021eko irailera arte. Baina neurri horiek ez dute sakoneko arazoa konpontzen; estali baino ez du egiten, eta etorkizuneko ondorioak are gehiago larriagotuko ditu. Jakina, ez da hartu espekulatzaileen eta banka handiaren aurkako neurririk, haiek diren arren diru publikoaren kontura puzten ari den finantza-burbuilaren benetako erantzuleak. Lana errazteko, EBZk murriztu egin ditu bankuek izan behar duten gutxieneko kapitalaren muga (porrota saihesteko koltxoia). "Negozioa" egiteko dirua "askatzea" da helburua.
Apirilaren 9ko Eurotaldearen bileran "krisiari aurre egiteko" 540.000 milioi euroko plana adostu zuten. Nahiz eta Europako proiektuaren aldeko ahalegin komunitarioa alegrantzia handiz aurkeztu zuten, errealitatea oso bestelakoa da. Pedro Sanchez, Costa, Conte edo Macronek "Marshall Plan", "Koronabono" eta "elkartasun" baten alde egindako eskakizun guztiak gogor baztertu zituzten Alemaniak eta Herbehereak. Ez dute besteen krisiarekin zamatzeko asmorik eta beren enpresa eta interes nazionalak defendatuz gailendu nahi dute. Jakina, atzeratu egin zen pandemia osteko berreraikuntza ekonomikorako beste funts bati buruzko edozein erabaki hartzea.
Gainera, aipatu behar da 540.000 milioi euro horiek mailegu moduan mobilizatuko direla. Hau da, itzuli egin behar dira eta lehentasunezko helburua dute: enpresa handiak eta haien etekinak salbatzea, eta ez jendea, enpleguak eta gizarte-zerbitzuak erreskatatzea.
Programaren gastuak horrela bideratuko dira: Europako Egonkortasun Mekanismoak (EEM) 240.000 milioi euro jarriko ditu estatuen eskura eta muga herrialdearen BPGaren %2a izango da. Hori, herstura eta diziplina fiskaleko programen baldintzapean jarriko da, hau da, murrizketa eta austeritate gehiago. Estatu espainiarraren kasuan, osasun gastuetarako kreditua, "murrizketa programetara baldintzatu gabe”, 25.000 milioi eurokoa izan daiteke.
Beste 200.000 euro Europako Inbertsio Bankuaren maileguak izango dira enpresentzat, eta Estatuek 25.000 milioiko abala izango dute (hau da, mailegua itzultzen ez bada, guztiok ordainduko dugu). Eta beste 100.000 enpleguen aldi baterako eteteak eta lanaldi murrizketak finantzatzeko erabiliko dira, hau da, enpresei laguntzeko neurriak dira, eta estatuek beste 25.000 milioi euroko abalarekin babestuko dituzte.
Azkenik, apirilaren 23ko estatu-buruen Europako Goi Bilerak ontzat eman zuen pakete hori, eta ekainaren hasieran gauzatuko da. Alemaniako burgesiaren erabateko arrakasta da, eta EBren politika markatzen jarraitzen du: 2008an hasitako bideari jarraituko dio, hersturak, austeritatea eta murrizketak, baina eskala handiago batean. Bestalde, guztiz errefusatuko ditu berreraikitze funts eta "koronabonu" oro, zorra mutualizatzeko edo hegoaldeko herrialdeei itzuli beharrik gabeko aurrekontu-transferentziak egiteko zentzuan.
Europa sozialistaren alde
Europako goi-bileretako liskarraren oinarria burgesia nazionalen interesen arteko talka gero eta handiagoa da, ekonomia- eta finantza-krisi larriko testuinguru batean. Herrialde periferikoetako klase agintariak eta neurri batean Estatu frantziarrekoak "zorra mutualizatzeko" eskatzen duenean (koronabonuak edo deitu nahi den bezala), beren arazoak Alemaniako kapitalismora esportatu nahi dituzte. Terminologiarik politenarekin estali dezakete: "elkartasuna", "europeismoa", "zibilizazioa", baina lapurren artean ez dago inolako esker onik.
Gauza bat da Alemaniako burgesia prest egotea unean-unean ekarpenak egiteko eta kredituak emateko bermeekin itzultzen badira. Baina ez du inoiz onartuko euroguneko herrialde ahulenen zorrak bere gain hartzea, hain zuzen ere, Alemaniak urtea BPGaren %4,7ko defizitarekin itxiko duela kontuan izanda, 2019an %1,4ko superabita izan zuenean. Edozein kontzesio minimo beti izango da EBn duen rol hegemonikoa indartzearen truke. Ez dio bere enpresak babesteari utziko mundu mailako ahalik eta merkatu gehien eskuratzeko etortzeko dagoen borroka ankerrean.
2008ko krisiaz geroztik, EBko joera zentrifugoak areagotu egin dira eta Brexitaren kasua da adibide nabarmenena. Joera protekzionistak eta nazionalismo ekonomikoa ez ezik, faktore politiko garrantzitsuak daude tartean. Europar Batasunaren baitan herritarrek bizitza eta etorkizun hobeak izango dituztelako ideiak porrot egin du. Bestalde, Europako herrialde guztietako burgesiek ia aho batez erabaki dute nazionalismo chauvinistaren aldeko diskurtsoa erabiltzea, protesta sozialaren eta klase arteko borrokaren aurkako antidoto gisa.
Klase dominatzaileak elikatzen eta legitimatzen du erreakzioa. Ultraeskuinak egiten duen gauza bakarra "burgesia demokratikoak" eta agintari sozialdemokratek aho txikiarekin esaten duten guztia lotsarik gabe defendatzea da. Europan "populismoa" hedatzeko mehatxuak Alemania eurobonuen edo berreraikitze funtsaren auzian jarrera arintzera behartuko duela argudiatzeak ez du inolako oinarririk.
Azken hamarkadan, Europak greba eta protesta mugimendu handiak bizi izan ditu. Krisi iraultzaileak izan dira, Grezian adibidez, eta porrot politiko gogorra izan du Syrizaren ondorioz. Estatu frantsesean langile borrokek azken hilabeteetan herrialdea geldiarazi dute. Gazteriaren manifestazio masiboak izan dira klima aldaketaren aurka eta baita emakume langilearen mobilizazio historikoak ere. Ikusi dugu ezker erreformistako alderdi berriak sortu direla, kapitalismoa erreformatzeko ahaleginean porrot egin dutenak, Estatu askotan joera autoritario eta bonapartistak hazten ari diren bitartean, eta eskuin muturra aurrera egiten ari da gero eta polarizazio sozial eta politiko handiagoko testuinguruan.
Koadroak gero eta antz handiagoa du joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadarekin: klaseen arteko borrokak ez du inolako su-etenik emango eta areagotu egingo da. Gaur egun, inoiz baino gehiago, sistema honen esplotazioarekin eta basakeriarekin amaitzeko modu bakarra langileen borroka eta alternatiba iraultzaile bat altxatzea da. Lehenago edo beranduago, konfinamendua eta berrogeialdi soziala amaitu ondoren, Europako langile klasea borrokaren lehen lerroan jarriko da eta etapa leherkor bat irekiko du. Lehen kolpeak ikusi ditugu Estatu Batuetako altxamendu antiarrazistaren elkartasunezko manifestazioetan edota automobilgintzako sektoreko langileen borrokan. Ezker iraultzailea eraikitzea eta Europako eta munduko Federazio Sozialistari bidea irekitzea izango dira garaipena lortzeko giltza.