Sinn Fein (SF) izan da Ipar Irlandako maiatzaren 5eko hauteskunde autonomikoetan alderdi bozkatuena, botoen % 29 eta 27 diputatu lortuta. Garaipen hau benetako lurrikara politikoa izan da.

1921ean britainiar inperialismoak uhartea zatitu eta iparraldean bere agintea inposatu zuenetik lehen aldiz, alderdi errepublikar nazionalista batek hauteskundeak irabazi ditu Ipar Irlandan.

Sinn Feinek arazo sozialak eta langile klaseko familiek bizi duten egoera tamalgarria lehen mailan jarriz erdietsi du garaipena. Bere hauteskunde kanpainan, pobreziaren eta desberdintasunaren aurkako diskurtsoa izan da nagusi, osasuna eta hezkuntza publikoa defendatzea, etxebizitza eskuratzea, garraioak hobetzea, aberatsenei zergak ezartzea lehen mailan ezarriz eta gazteriarentzako etorkizun duinaz eta eraldaketa sozialaz hitz eginez. Argudio horiek beren ezkerreko oinarri sozialarekin konektatu eta indartu dute.

Planteamendu berberekin, SFk lehen aldiz irabazi zituen Irlandako Errepublikako hauteskunde orokorrak 2020ko otsailean. Hegoaldean austeritate eta prekarietate politikek eragindako ezinegonak mugitutako botoen zati handia bildu zuen. Langile klasearen botoaren mobilizazioak, bereziki gazteen artean, 90 urtez boterean txandakatzen aritu diren Fine Gael (FG) eta Fianna Fáil (FF) eskuineko alderdi tradizionalak garaitu zituen. Hala ere, azkenean eratu zen Gobernua, hilabeteetako negoziazioen ondoren, FG, FF eta Green Party (GP) alderdien arteko koalizioa izan zen.

2017ko Ipar Irlandako hauteskunde autonomikoetan, Sinn Fein bigarren indar politiko gisa kokatu zen, Alderdi Unionista Demokratikoaren (DUP) atzetik, 1.168 boto soileko aldearekin ( % 0,2).

Haserre sozial sakona dago, europar kontinente osoan langile klasearen eta gazteriaren artean. Argi dago Ipar Irlandako auzi nazionala lurralde honetako bizitza politikoa baldintzatzen duen funtsezko elementu erabakigarria izaten jarraitzen duela. Baina SFren goranzko joera horrek, auzi sozialak nabarmenduz, erakusten du zapalduen artean pilatzen ari den amorru hori oso presente dagoela Ipar Irlandan ere, eta klaseko auziak gero eta protagonismo handiagoa lortzeko lehian daudela.

Unionismoak gorroto sektarioaren diskurtsoa areagotu du

Hauteskunde hauetako galtzaile argia unionismo erreakzionarioa izan da. Alderdi Unionista Demokratikoak (DUP), 2003tik indar nagusia izan denak, hiru eserleku eta 40 mila boto baino gehiago galdu ditu 2017ko aurreko hauteskundeekin alderatuta (botoen %28,1 izatetik %21,3 izatera igaro da). 1921etik 2003ra Ipar Irlandan nagusi izan zen UUP (Ulsterko Alderdi Unionista) alderdi kontserbadore lealistak ere ez dio etekina atera beherakada horri, eta jaitsiera historikoarekin jarraitzen du, eserleku bat eta 7 mila boto galduta ( %12,9tik %11,2ra).

Unionismoaren boto galera Alliance alderdi liberalak bideratu du neurri batean, ofizialki neutral kokatzen duena bere burua nazionalisten eta unionisten arteko zatiketaren aurrean. Alderdi hori Brexitaren aurka agertu zen, eta itxura aurrerakoia agertzen saiatzen da LGTB eskubideak, abortatzeko eskubidea eta migrazio eskubideak defendatuz. Hirugarren postuan kokatu da, botoen %13,5 eskuratuta, 9 eserleku irabazita (17).

Zenbait hedabidek eta analistak hauteskunde hauen emaitza unionismoaren zatiketatan edo katolikoen gorakada demografikoan oinarrituta azaltzen saiatu diren arren, egia esan, emaitzak azaltzen dituzten funtsezko kausek lotura zuzena dute kapitalismo britainiarrak bizi duen krisiarekin, eta kontserbadoreek Londresen eta Belfasten hartzen dituzten politikekin.

Unionismo erreakzionarioak jasandako kolpea eta eragindako histeria oso ondo laburbilduta daude BBCko Lewis Goodall analistaren iruzkinetan: «Sinn Fein, alderdi nazionalista bat, kokatu da hauteskundeen buru. Hori ez zen inoiz gertatu Ipar Irlandaren existentziaren 101 urteko historian. Ipar Irlanda literalki diseinatua izan zen, bere mugak diseinatu ziren, hain zuen hori gerta ez zedin, gehiengo unionista bermatua egon zedin.»1

Alderdi unionistak, DUP buru dutela, beldur sektarioa astintzen saiatu dira oinarri protestantearen artean, Ipar Irlandak Erresuma Batuaren zati izaten jarraitzea mehatxatuta dagoela salatuz. Bere ohiko maniobra da hautesle protestanteak puntu honen inguruan biltzeko eta arreta Ipar Irlandan ezarri eta Londresen babestu dituzten murrizketa sozialen politiketatik desbideratzeko.

Euren jo puntu nagusia Brexitaren protokoloaren salaketa izan da. Ipar Irlandako protokoloa deitu zaionak Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren (EB) arteko muga Irlandako itsasoan ezarri zuen, hau da, irla osoa merkataritza batasun gisa hartzen du hein handi batean. Unionistek akordio hori hausteko edo funtsean aldatzeko eskatzen diote Londresko Gobernuari. DUP eta UUP protokolo horren aurka astintzen aritu dira, eta lau haizetara oihukatu dute Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren aduana batuta mantentzea mehatxu larria dela Ipar Irlandak Erresuma Batuaren parte izaten jarrai dezan.

Izan ere, horixe izan da unionista lealisten jardueraren ardatz nagusia joan den hilabeteetan. Johnsonen traizioa salatzen dute, otsailean Gobernutik dimititu zuten eta hauteskundeak aurreratzera behartu zituzten, brexit osoa exijituz.

Helburu horiek betetzeko, mota guztietako ekintza bortitzak egin dituzte, liskar sektarioen zurrunbiloa eragin nahian eta horiek arreta gune izan daitezen.

2021eko apirilaren hasieran, talde paramilitar unionista lealistek -UVF (Ulsterko Boluntarioen Indarra), UDA (Ulsterren Defentsarako Elkartea), Esku Gorriaren Komandoa eta abar- Brexit protokoloaren aurka istilu eta eraso uholdea antolatu zituzten. Portuko langileei heriotza mehatxuak egin zizkieten, eta auzo katolikoei lehergailuz, harriz eta abarrez eraso zieten eta hainbat istilu gehiago eragin zituzten.

Gazte errepublikarrek eraso horietatik babesteko erantzun zutenean, poliziaren errepresioarekin topo egin zuten. Indar unionistek bultzatutako eta inpunitatez jarduten duten talde paramilitar horiek oso presente egon dira hauteskunde hauetan, non People Before Profit alderdiko hautagaiari eta SDLPko (sozialdemokrata) hautagaiari eraso zieten, beste eraso batzuen artean.

Iraganean, unionistek bizi baldintza jakin batzuk bermatu ahal izan zizkieten protestanteei, historikoki pobretuagoa izan den biztanleria katolikoaren aurrean. Baina krisi kapitalistak pobrezia kolpetik zabaldu du langile protestanteen artean joan den hamarkadan. Unionistek ahal duten guztia egiten dute gazte protestanteek sektarismorik histerikoenarekiko sentitzen duten amorrua, abandonu sentimendua eta babesgabetasuna desbideratzeko, talde paramilitarrak erabiliz amorru hori bidera ez dadin beren zapaltzaileen aurka, kapitalisten aurka alegia.

Egonkortasun politikoa tinkan


Jeffrey Johanson DUPeko buruak gobernu berria eratzea galaraziko duela berretsi du behin eta berriz. Eta galtzaile izan bada ere, mehatxua bete dezake, hain zuzen, 1998ko Ostiral Santuko Akordioak Gobernua eratzeko giltza unionisten esku utzi zuelako. Akordio horrek komunitateen arteko “gehiengo bikoitzaren” araua ezarri zuen, hau da, Ipar Irlandako Asanblada legegilea errepublikanoen eta unionisten bi indar nagusiekin batera eratu behar dela. Lehen ministroaren postua alderdi bozkatuenak bete behar du, eta lehen ministro diputatuarena, bigarrenak. Eta modu bateratuan baino ezin da gobernatu. Ipar Irlandako egonkortasun politiko hauskorra arriskuan dago argi eta garbi, eta datozen asteak giltzarri izango dira.

Brandon Lewis Ipar Irlandarako ministro britainiarrak, hauteskundeen bezperan, ITV katean esan zuen Downing Streetek bere gobernu programatik kendu duela Brexit protokoloaren alde polemikoenak alde bakarrez desegiteko aukera. Hala ere, Boris Johnsonek, eskandaluek eta toryen hauteskunde porrotek2 inguratuta eta deseseperatuta, urte politikoaren irekieran Europar Batasunari akordioa hausteko mehatxua egin zion.

DUPen politika eta Boris Johnsonek bere lepoa salbatzen saiatzeko itsu itsuan hartutako ihesaldia, kolpe latza dira Ipar Irlandan dagoeneko guztiz tinkaturik dagoen oreka politikoan. Herritar gehienek, katolikoek zein protestanteek, badakite zer nolako ondorio arriskutsuak izango lituzkeen bizikidetzarako Irlandako iparraldearen eta hegoaldearen artean lurreko muga altxatzeak. Ingurua ezegonkortzea ere kezkagarria da enpresaburu handientzat, eta Johnsoni gutun batean aldebakarreko ekintzarik ez egiteko eskatu diote.

Aldi berean, Ipar Irlandako hauteskundeetako emaitzek eta dagoeneko izaten ari diren ondorioek ezegonkortasun handiagoa eransten diote Erresuma Batuko Gobernuari eta klase agintariaren barne zatiketak areagotzen ditu.

Arazo nazionala fase berri batean sartu da. Alternatiba bakarra sozialismoaren aldeko borroka da

Sinn Feinek hauteskundeak irabazi ondoren, alderdi unionistek histerismo handiagoz astintzen dute Ipar Irlanda Erresuma Batutik irteteko arriskuaren mamua. Behin eta berriz errepikatu dute Brexit protokoloa mehatxu bat dela, eta behin eta berriz esan dute horri gehitu behar zaiola orain errepublikanoek lortutako gehiengoa baliatuko dutela Irlanda batzeko erreferenduma inposatzeko.

Zalantzarik gabe, SFren garaipenek itxaropena zabaldu dute Irlanda bateratzeko prozesuan aurrerapausoak emateko aukeran. Eta oso litekeena da SFko buruzagiek, hamarkada honetako ibilbideak erakusten duen bezala, beren jarduera guztia erakundeetara bideratuta mantentzea, eta mobilizazioa eta kaleko borroka geldiarazten jarraitzea. Politika erreformista hori ez da gai izango langile klasearen bizi-baldintzak hobetzeko, eta buruzagi errepublikanoek protagonismo handiagoa emango diote arazo nazionalari, Londresi egotziz gaitz guztien errua, Ipar Irlandako enpresarien nahien menpe jartzen diren bitartean.

Mary Lou McDonald alderdiko presidenteak dagoeneko adierazi du posible ikusten dutela bost urteko epean bateratzeko erreferenduma egitea.

Hala ere, Britainia Handiko klase agintaria ahal duen guztia egingo dute kontsulta egin ez dadin. Kontziente dira erreferendum hori onartzeak ezegonkortasun arriskutsua sortuko lukeela, eta baita unionista erradikalenek altxamenduarekin erantzungo luketela. Ipar Irlandako arazo nazionalaren garapen historikoa eta gatazka oso desberdinak dira Eskoziakoarekin alderatuta.

Bestalde, Irlandako hegoaldeko burgesia katolikoa ere ez dago horren alde. Ipar Irlanda Irlandako Errepublikan integratzeak herrialdeko egoera sozial arriskutsuari ezegonkortasun handiagoa ekarriko liokeela uste du.

Nolanahi ere, Irlandako arazo nazionala fase berri batean sartzen da, krisi kapitalistak eta klase borrokak markatuta.

Ostiral Santuko Akordioak ez du ezer konpondu eta argi frogatzen du kapitalismoan sektarismoaren eta zatiketaren infernuak gogortzen jarraituko duela ezinbestean. Akordioa sinatu zenetik, eremu katolikoak eta protestanteak banatzen dituzten “bakearen harresiak” deiturikoak ugaritu egin dira, eta bi komunitateen arteko liskarrak ez dira eten. Gainera, nahiz eta Sinn Fein langileriaren eta gazteriaren zati handi baten atsekabea modu argienean bideratzen duen alderdia izan, hauteskunde garaipen honek erakusten duen bezala, urte hauetan agintaldi bikoitzeko Gobernuan parte hartu izanak eta erakundeetatik austeritate politikak onartu eta aplikatu izanak sinesgarritasuna kentzeko eta alderdi hori sisteman sartzeko baino ez du balio izan.

Hauteskunde hauek, baita 2020an Irlandako Errepublikan egindakoek ere, agerian utzi dute langile klasearen (katolikoa zein protestantea) nahiak bateratuko dituen eta jendetzaren konfiantza lortuko duen alternatiba bat sortzeko dagoen potentziala. Ipar Irlandako langileak mobilizatzeko programa antikapitalista eta iraultzailea tresna erabakigarria izango litzateke Ipar Irlandako langileen arteko lerro nazionalen banaketa gainditzeko.

Masen bizi baldintzak modu erabakigarrian hobetzea eta Irlandako arazo nazionalari eta Ipar Irlandako gatazka sektarioari behin betiko irtenbidea ematea, alternatiba antikapitalista defendatuz eta ekintzetan azken arte aurrera eramateko borondatea erakutsiz baino ezin da egin. Burgesiari eta bere zerbitzura dauden probokatzaile paramilitarrei aurre egin diezaiekeen indar bakarra masak mobilizatzea da, programa iraultzaile baten aldeko borrokan elkartuta. Irtenbide bakarra sozialismoaren aldeko borroka da, Irlanda sozialista baten aldeko borroka.

Oharrak
[1] BBCko Lewis Goodall analistaren komentarioa
[2] Maiatzaren 5ean Erresuma Batuan egindako udal hauteskundeak tamalgarriak izan dira toryentzat, ia 500 zinegotzi eta dozena bat udal kontzeju galdu baitituzte, gotorleku historikoak barne.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.