TUCek greba orokorra deitu behar du!

Duela hilabete batzuetatik hona Britainia Handia zeharkatzen duen langileen altxamendua hedatu eta areagotu egin da. Greba uholdeak sektore berriak batzen jarraitzen du, hala nola erizainak (106 urtean lehen aldiz borrokara joan direnak), anbulantzia-gidariak, funtzionario publikoak edo mugetako langileak. Gainera, medikuen eta irakasleen artean bozketa berriak bultzatzen ari dira mobilizazioekin bat egiteko. Royal Mail (Posta zerbitzua) eta tren konpainietako langileak izan ziren lehenak grebara irteten, eta borrokan jarraitzen dute aste mordoaren ondoren. Abenduan 1,5 milioi ordu baino gehiago galdu dira grebagatik, 1989tik kopuru altuena.

Milioika familia langile pobrezian hondoratu dituzten austeritate, murrizketa eta pribatizazioen ondoren, langile klasearen altxamendu honek agerian utzi du kapitalismo britainiarraren, bere erakundeen eta Alderdi Kontserbadorearen krisi sakona. Krisi honek toryak benetan larri utzi ditu, Boris Johnson eta Liz Truss Lehen Ministroen gainbehera ekarri du hilabete gutxitan, eta estuki loturik dago potentzia gisa Britainia Handiak bizi duen gainbehera konponezinarekin.

Baina, batez ere, krisi horrek agerian uzten duena langile klasearen indar izugarria da, martxan jartzen denean, antolaketaren, masa-mobilizazioaren eta ekintza zuzenaren bidez edozein oztopo gaindi daitekeela: patronalaren egoskorkeria, Gobernuaren errepresioa, komunikabide burges handien kriminalizazio-kanpaina, agintari laboristen jokabide maltzurrak, eta Trade Union Congress (TUC) sindikatuaren burokraziaren koldarkeria eta erabakiak hartzeko ezgaitasuna.

Horixe gertatu da eta gertatzen ari da Britainia Handian. Espektatiba guztiak apurtu dituen langile mugimendu indartsua, behetik koordinatuz, ekintzetan greba orokorraren beharra eta bideragarritasuna planteatuz, torien eta haien politiken aurkako altxamendu orokorra bihurtu da, eta, azken batean, sistema kapitalistaren aurkako altxamendua.

Sunaken Gobernua: austeritate, arrazakeria eta errepresio gehiago

Gobernu kontserbadore berriaren buru den Rishi Sunak, Karlos III.a errege berriak baino dirutza handiagoa duen aberats bat da. Bere agintearen izaera erreakzionarioak ez du inbidiarik bere arretik izan diren alderdikideenarekin eta horrela erakusten ari da. Sunak Ekonomia ministroa izan zen Johnsonen agintaldian, eta konfinamenduan Downing Streeteko festen eskandaluan ere zuzenean inplikatuta egon zen.

Sunaken Gobernuak hondamendi egoera ekonomikoari aurre egin beharko dio, 2023an Erresuma Batuko BPGa %1,4 jaitsiko baita, %11ko inflazioarekin, 41 urtetan izan den handiena. Eta hori guztia etengabe larriagotzen ari den krisi sozial sakonarekin: hiru haurretatik bat pobrezian bizi da; sei britainiarretik batek laguntza sozialei esker bizirauten du, eta lautik bat hilaren amaierara iritsi ezinik dabil. Txosten ugarik agerian utzi dute gosea pairatzen dutela ehunka mila langile familiak: 2022an 2,1 milioi britainiarren artean banatu dira janari paketeak.

Gobernu kontserbadore berriak, Liz Trussen agintaldi labur eta eroan bizi izandako egoera kritikoaren ondoren, austeritate programa areagotu du klase ertainari eta familia langileei zergak igoz, eta zerbitzu publikoen suntsipena sakonduko duten murrizketa sozial berriak onartuz. Egoera hainbesteraino iritsi da, ezen Larrialdietako Medikuntzaren Errege Elkargoak ohartarazi baitu larrialdiak kolapsatu direnez, 300 eta 500 pertsona artean hiltzen direla astean, medikuen arreta gabeziaren ondorioz. Une honetan, 7,2 milioi britainiar daude NHSren (Osasun Sistema Nazionala) itxaron zerrendetan.

Klase borrokaren presio gero eta handiagoaren aurrean, Alderdi Kontserbadorea eta klase agintariaren sektoreak eskuin muturrera eta autoritarismora jotzen ari dira. Immigrazioaren aurkako politikak ez du Trumpen edo Meloniren politiken inbidiarik. Etsi etsian neurriak hartu dituzte grebak geldiarazteko legedi antisindikala gogortuz edo  mugetako edo anbulantzietako langileen grebekin gertatu den bezala armada erabiliz grebalariak ordezkatzeko. Neurri hauek adierazten dute zein urrun iristeko prest dauden, nahiz eta Estatu Nagusiko buru Sir Tony Radakin[1]  almiranteak neurria kritikatu zuen dakartzan arriskuez jabetuta.

Torien eta klase agintariaren arazoa da demagogia populistak porrot egin duela. Britainia Handian nazionalismo ekonomikoaren aldarrikapenaren adierazpen gorena izan den Brexitak, kapitalismo britainiarraren krisi sakona larriagotu besterik ez du egin. Onartu zenetik, BPGk %5,5 egin du atzera, zor publikoa hirukoiztu egin da, eta merkataritza defizita 25.000 milioi liberako zifra errekorrera iritsi da, bere ekonomia inportazioekiko eta nazioarteko maileguekiko are mendekoago bihurtuz. Ohartarazpen serio bat krisi kapitalistari nazionalismo ekonomikoaren politiken bidez aurre egin nahi diotenentzat.

Greba orokorra toryak garaitzeko!

Langile mugimendu britainiarraren eskuhartzeak, tradizio historikoak berreskuratuz, erabat aldatu du panorama politikoa. Gatazkaz eta grebaz betetako hilabeteak dira, eta, praktikan, sektore publikoa geldiarazten ari dira. Baina toryak behin betiko gainditzeko, gaur eta orain gobernutik kanporatzeko, indar hori guztia elkartu behar da ahalik eta sendoen jotzeko. Horregatik da hain erabakigarria Greba Orokorraren kontsigna!

Sektorez sektore behetik grebak inposatu dituen mugimendua geldiezina izan da, bozketak ia aho batezkoak izan dira, legedi antisindikal izugarri murriztailea arazorik gabe gaindituz eta iritzi publikoaren babes osoa lortuz. Hamarkada pasatxo batez soldata errealak etengabe atzera egin dute hondoa jo arte, eta langile askok, hala nola erizainek, elikagai bankuetara jo behar izan dute. Langile klaseak aski dela esan du. Langileei “zentzudunak” izateko eskatzen zaien eta kriminalizatu egiten diren bitartean, egundoko irabaziak jasotzen ari dira Londresko Citya eta monopolio kapitalista handiak.

Greben hedapenak eta koordinazioak gora egin du gabonetan, baina ez da izan TUCeko zuzendaritzaren eta United edo Unison sindikatu handien jokabideari esker. Koordinazioa behetik ari da nagusitzen sindikatu eta sindikalista borrokalarienei esker, hala nola RMT trenbideko enpresaren sindikatua, torien eta erreakzioaren jo puntua bihurtu dena.

Izan ere, TUCeko azken Kongresuan hautatua izan den idazkariak, Paul Nowak, greba orokorra aipatu behar izan du, baina azpimarratzeko egungo legedi antisindikalarekin greba deitzea oso zaila izango litzatekeela eta, gainera, sektore bakoitzak bere berezitasunak dituela [2]. Aitzakiak dira gatazkak bateratzea saihesteko, eta langile klasea erakusten ari den indar zein ahalmen guztia toriak behin betiko garaitzera bideratzeko. Horrek langile klasea bere indarretan konfiantzaz beteko luke, greba mugimendua indartuko luke, eta etorkizuneko gobernu laborista baten planak zailduko lituzke, austeritate eta murrizketa politika berberekin jarraitu nahi badu.

Greba orokorrean bat egiteak konfiantza eta morala gehituko luke, eta sektore pribatuko beste sektore asko borrokara eramango lituzke, soldaten hondoratzean bera eta bizi baldintzen okertzea gogor jasaten ari baitira. Ezker borrokalariak, sindikatuetan, kanpaina masiboa egin behar du Greba Orokorraren alde, eta hura inposatu eta antolatzeko borrokatu!

Alderdi Laborista, sindikatuak eta ezker iraultzailea

Toriak hilzorian dauden arren, Keir Starmer buru duen egungo zuzendaritza laboristak, lehenik eta behin diputatu eta kargu publikoei piketeetan parte hartzea debekatu zien. Alderdi Laboristak uko egin dio grebak babesteari, inflazioarekin bat datozen soldata igoerak eskatzeari, eta ez da konprometitu toriak datozen asteetan indarrean jarri nahi duten legedi antisindikal berria indargabetzeko. Eta jarrera hori justifikatzen dute itzulinguruka ibili gabe, Gobernu alderdi bat direla adieraziz.

Toriak boterean mantentzen laguntzen duen politika eskirol honen azken adibidea Britainia Handiko enpresa eta banku nagusietako 350 goi exekutiborekin egindako konferentzia izan da. Bertan, Keir Starmerrek eta bere taldeak negozioen alderditzat aldarrikatu dute beren burua, eta laborismoa enpresaren alde dagoela adierazi dute. Patronalaren alboan jartzeko estrategia da, Alderdi Laboristan gera daitekeen edozein korbynismo-zantzurekin amaitu nahi duena. Aldi berean, magnate handiek dohaintza historikoak egin dizkiote Laboristei, hiru milioi euro baino gehiagokoak, lehen aldiz Alderdi Kontserbadorera bideratutakoak gaindituz.

Enpresaburu handiak besoak zabalik hartzearekin batera, laborismoaren barruan sorgin-ehizak jarraitzen du Corbynekin eta ezker laboristarekin identifikatutako diputatu edo kargu publikoen aurka, horiek kanporatuz, Corbynekin gertatu zen bezala, edo berriro hautatua izateko aukera ukatuz.

Alderdi Laboristak kontzienteki ez du hautsi nahi kontserbadoreen austeritate politikekin. Alderantziz, mezuak kontrako norabidean bidaltzen dituzte, eta horregatik uko egiten diote langile mugimenduaren grebak eta aldarrikapenak babesteari, eta ezkerreko edozein disidentziarekin amaitzeko ehiza  basatira jotzen dute. Horregatik, borrokan ari diren milioika langileen arreta eta babes kontzientea irabaziko duen klaseko alternatiba sozialista bat eraiki behar da.

Greba orokorrean bat egiteak konfiantza eta moral bultzada ekarriko luke, eta sektore pribatuko beste sektore asko borrokara eramango lituzke, soldata-hondoratze bera jasaten ari baitira.

“Enough is enough” mugimenduaren eraketak prozesu honetan aurrera egiteko baldintzak badaudela azaltzen du. Mugimendu hori bultzatu dutenak RTM bezalako sindikatu borrokalariak, CWUk (posta eta telekomunikazioetako langileen sindikatua) eta ezker sindikaleko ordezkari asko, Momentumeko ekintzaileak, Corbyn eta ezker laboristatik aurkeztutako kargu eta diputatu batzuk ere izan dira. Baina aurreko esperientziatik ikasgaiak atera behar dira, eta, ondorioz, ulertu ezinezkoa dela ezkerreko alternatiba bat eraikitzea eskuin laboristaren eta haren klase kolaborazio politiken aurka tinko borrokatu gabe.

Corbynek eta Momentumek iraganean egindako hutsegiteek, laboristen presioei amore emanez eta diputatu eta zinegotzi ustel eta asimilatu ugariren aurka borroka seriorik planteatu gabe, aukera aparta galtzea suposatu zuten, horrek izan dituen ageriko ondorioekin.

Ezker iraultzaile marxistak inolako sektarismorik gabe esku hartu behar du mugimendu horietan, ezker sindikaleko eta korbybinismoko ekintzaileak eta mobilizazio uholde honetan parte hartzen ari diren langile eta gazte sektore berriak elkartzeko programa argi baten baitan:

1. Toriak garaitzeko greba orokorraren alde.  Horretarako, beharrezkoa da mugimendu sindikalaren barruan borroka bat hastea, kanpaina militante bat bultzatuz, seinalatuz TUCeko zuzendaritzaren erantzukizuna zein barne dituen United eta Unison sindikatu handien erantzukizuna.

2. Hauteskunde fronte bakarraren alde, politika kapitalisten aurka mantenduko diren hautagai langileak eta ezkerrekoak inposatzeko, enpresa handien, multinazional energetikoen eta bankuen nazionalizazioa defendatuko duena zerbitzu publikoak babesteko, NHStik hasita, itxaron-zerrendekin amaituko duten eta guztiontzako kalitatezko osasun-eskubidea gauzatuko duten baliabide materialak eta giza baliabideak bermatuz; etxebizitza publiko duin eta eskuragarriaren alde; enplegu egonkorren eta soldata duinen alde.

Londresko Cityak eta britainiar kapitalistek dituzten baliabide handiak desjabetu egin behar dira eta herritar gehienen zerbitzura jarri. Hori da aukera bakarra! Horretarako, internazionalismo proletarioaren eta iraultza sozialistaren bandera altxatu behar da.

Oharrak:
[1] Defence chief says military isn 't «pare capacity' to cover Christmas strikes»

[2] TUC threatens legal action over UK anti-strike laws

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.