Aste gutxi barru, bi urte beteko dira Ukrainako gerra hasi zenetik. Bitarte horretan, AEBko inperialismoak eta Europar Batasunak —Washingtonen atzetik eta haren menpe, jasaten ari den gainbehera historikoaren erakusgarri— 200.000 milioi dolarretik gorako laguntza militarra eta finantzarioa eman diote Ukrainako eskuin muturreko gobernuari, Ukrainako BPGd adina.
Aldi berean, hainbat zigor abiarazi zituzten —orain arte hamabi txanda, 2022ko otsailetik—, Errusiako ekonomia hondoratuko zutela hitzemanda. Baina bi urte geroago, eta izugarrizko laguntza hori, zigorrak eta mendebaldeko propaganda guztia gorabehera, estatubatuar inperialismoa gerra galtzen ari da, eta kalkulatu ezineko ondorioak ekarriko dituen amildegi batera hurbiltzen.
Porrot militarra
Putinen erregimena atzerakoia, chauvinista eta komunismoaren aurkako arerio amorratua da, eta Txinak gidatzen duen multzo inperialistarekin sendo lerrokatuta dago; bada, gerra bere esparrura erakartzea lortu du Putinek, gudua erresistentzia eta makaltze gatazka bihurtu baitu, zeinean berak baititu abantaila guztiak bai gudarietan bai alderdi materialean, ekonomikoan eta politikoan.
Joan den udan hasitako Ukrainako erasoaldiak porrot galanta egin du. Zelenskiren osteak atzera egiten ari dira; hau da, kilometro gutxi batzuk edo ehunka metro batzuk aurrera egitea lortu zuten leku bakanetatik erretiratzen ari dira, eta Errusiak, ordea, Marinka hartu du edo Avdiidkako setioa estutzen jarraitzen du.
Hilabete hauetan frontean gertatu denak nabarmen utzi ditu Zelenski eta Mendebaldeko haren nagusiak. Orain arte, gerra propagandak behin eta berriro aldarrikatzen zuen Ukrainako armadaren modernizazioa eta Sobietar Batasunaren doktrina zaharkitua atzean uzteko ahalegin sendoa, NATOren "taktika hobeagoen" mesedetan.
Joan den udan hasitako Ukrainako erasoaldiak porrot galanta egin du. Zelenskiren osteak atzera egiten ari dira; hau da, kilometro gutxi batzuk edo ehunka metro batzuk aurrera egitea lortu zuten leku bakanetatik erretiratzen ari dira, eta Errusiak, ordea, Marinka hartu du edo Avdiidkako setioa estutzen jarraitzen du.
Baina Ukrainako kontraerasoan, Washingtonen plan militarrak egin zuen porrot benetan, Errusiak eraikitako defentsa harresiaren aurka kolpatu eta behea jo zuen eta. Zaluzhni Ukrainako komandante buruak esaldi latz batekin laburbildu zien ideia Pentagonoko militarrei: "Ez duzue ulertzen gatazka honen jitea. Hau ez da errebolta baten aurkako borroka. Hau Kursk da". Historiako tanke guda handienaz ari zen, II. Mundu Gerran Alemania nazia eta SESB elkarren kontra gudukatu zireneko gudaz.
Esaldi hori ez da soilik zorigaiztoko erasoaldi horretarako Washingtonek taxututako planei egin zaien kritika; aitzitik, aditzera ematen du horrelako gatazka inperialista batean ekoizpen-indarren garapen maila eta gatazka armatuan esku hartzen dutenen barne kohesioa direla elementu erabakigarriak. Eta ekuazio horretan ez gara ari Ukrainaz eta Errusiaz bakarrik: Estatu Batuetako ekonomiaren egoera, Europar Batasuna eta Txina ez ezik, eragile horien egonkortasun politikoa eta gerrari eusteko behar diren "gantz sozialak" ere funtsezkoak dira aztergai dugun gatazka honetan.
Errusia ez dago isolatuta, ezta hondoa jotzeko zorian ere
Lehenik eta behin, esan beharra dago Putinen erregimenak, Errusiako ekonomiari eusteaz gain, asmatu egin duela ekonomia hori gerrako ekonomia bihurtzen. Jakina, Txinaren laguntasuna funtsezkoa eta erabakigarria izan da oztopoak gainditzeko.
Estatu Batuetako hedabide nagusiek eta propaganda OTANzalearen zutabe sendo batzuek, besteak beste Gerra Aztertzeko Institutuak (joera atzerakoia duena), aitortu dute Errusia gauza izan dela bere misil erreserbak Mendebaldeak aurreikusi baino askoz azkarrago berreskuratzeko, eta onartzen dute 2022ko otsailaren aurretik ekoizten zuena baino gehiago produzitzen duela dagoeneko. The Economist astekariak argitaratutako artikulu batean argi azaltzen da nola Errusia gailentzen ari zaion Ukrainari gerra elektronikoan eta droneen erabileran.
Mendebaldeak, aldiz, bere armategiak hustu ditu, eta ez da gai izan –ez ekonomikoki, ez politikoki¬– munizioez eta armez horrelako gerra batek eskatzen duen abiadan hornitzeko, ez eta biltegiak berriro betetzeko ere. Kanpo Harremanetarako Europako Kontseiluko koordinatzaile batek honela adierazi zuen laburki: "Errusiako defentsa industriak eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan eta urteko 365 egunetan ekoizten ditu tankeak, artilleria eta jaurtigaiak. Eta hori NATOk ez du lortu oraindik".
Era berean, Errusiako ekonomiaren inguruan azken asteotan argitaratutako datu batzuek erabat gezurtatzen dute zigorren ondorioei buruz Mendebaldeak zabaltzen duen propaganda. JP Morganen azaroko txosten baten arabera, Errusiako ekonomia % 3 baino gehiago haziko da aurten, eta % 1,8 2024an; EBn, ordea, % 0,6 eta % 1,3 haziko dela aurreikusten da. Gerran dagoen herrialde bat Alemania baino ia hiru aldiz gehiago hazten ari da, eta Frantziak baino bi bider gehiago!
Prentsa burgesak aitortzen duen moduan, Errusiak Mendebaldearekin merkataritza harremanetan jarraitzen du: sekula baino petrolio eta gas gehiago saltzen ari da, eta zuzenean edo hirugarrenen bidez inportatzen du. Eta, halaber, nabarmen handitu da Txina, India edo Arabiar Emirerri Batuekiko merkataritza[1]; azken horrek barne eskaria eta soldatak suspertzea ekarri berekin.
Langabezia tasa % 3 da, hots historiako txikiena, eta soldatak % 11tik gorako abiaduran igotzen ari dira; inflazioa, berriz, % 5,2koa da. Horrek esan nahi du Errusiako milioika langileren soldata % 6 baino gehiago igo dela, Mendebaldeko herrialdeetakoak baino askoz portzentaje handiagoak, noski.
Hortaz, Mendebaldeko propagandak iragartzen zuen ekonomia atzeralditik eta geldialditik urruti dago Errusia, eta hori oinarri materiala aproposa da Putinek inkestetan % 80ko onespena izan dezan.
Zelenskiren gobernuaren etsipena eta bere babesleen erabateko ezkortasuna
Mendebaldeko bandoan ez dago konfiantza emateko moduko datu bakar bat ere.
Washington halako muturreko egoera batera iristen ari da: kongresista errepublikanoek uko egin diote 60.000 milioiko laguntza multzo berri bat emateari, hain zuzen une batean non estatubatuarrek inoiz baino gutxiago babesten duten AEBk Ukrainari armak bidaltzen jarraitzea. Gainera, hauteskunde urtean sartu dira, eta Biden administrazioa, Gazako genozidio sionistaren aldeko babesean katigatuta, orain arteko diskurtsoa aldatzen ari da: Ukrainari "behar den adina" lagunduko diotela esaten zuten lehen; orain, aldiz, "ahal dugun neurrian lagunduko diogu" diote.
Europar Batasunean, bestalde, zatiketak areagotzen ari dira, geldialdi ekonomikoaren testuinguru batean: Hungaria Putinen aliatua da, eta, hori gutxi balitz bezala, hautagai errusiazaleak irabazi ditu hauteskundeak Eslovakian eta gero eta handiagoak dira Poloniaren eta Ukrainaren arteko desadostasunak; gainera, eskuin muturrak Herbehereetako hauteskundeak irabazi izanak are zalantza gehiago eragiten ditu.
Baina Alemaniako egoera da denetan okerrena; izan ere, hango ekonomia geldirik dago, SPD buru duen gobernua hondoa jotzear dago eta bidea errazten ari zaio eskuin muturreko AfD alderdiari aurrera egin dezan. Azken alderdi horrek, gainera, bere demagogia populista eta nazionalista guztia baliatu du Alemaniak Washingtonekin duen morrontza salatzeko eta Errusiarekiko harremanei berriz ekin diezaieten eskatzeko.
Horrexek eragotzi dio EBri 50.000 milioiko laguntza pakete berri bat onartzea, hain zuzen ere Ukrainako bi milioi funtzionarioren soldatak ordaintzeko funtsezko laguntza. Egia da Bruselak baimena eman duela Ukraina EBn sar dadin, baina hori gozoki xume bat baino ez da Zelenskirentzat, bermerik gabeko prozesu luze eta bihurria izango baita; gainera, ez da ahaztu behar joan den udan NATOk ezezkoa eman ziola Ukrainak sartzeko egindako eskaerari, Vilnako goi bileran.
Testuinguru ilun horretan, tropak eta herritarrak adoregabetuz joan dira Ukrainan, eta euren kemena inoiz baino baxuagoa da.
Time aldizkariak —2022an Zelenski urteko gizon izendatu zuen agerkari berak—erreportaje bat argitaratu zuen Ukrainari buruz lehengo urrian, eta benetan izutzeko modu batez deskribatzen du nola dagoen herrialdea. Era konfidentzialean, goi kargudun batek "mundua amaitzear egongo balitz bezala lapurtzen ari dira" esaldiarekin deskribatzen du ustelkeria, eta, bestalde, Zelenskiren gainean zera diote aldizkarian: aurka egin ezin zaion buruzagia dela, presio talde batez inguratuta dagoela, eta haren aliatuak ateak ixten ari zaizkiola.
Ukrainarrak gero eta atxikimendu txikiagoa erakusten ari dira beren gobernuarekiko, eta gertaera nabarmenek erakusten dute babes galera hori, hala nola ez egotea soldadugairik Zelenskirengatik eta hari babesa ematen diotenengatik hiltzeko prest. Mendebaldeko prentsak aitortzen du errekrutatzaileei "pertsonen lapurrak" deitzen dietela; 18 eta 60 urte bitarteko gizonen bila hiri eta herrietan barrena ibiltzen diren horiek gero eta gaitzespen handiagoa topatzen ari dira. Gobernuak gogortu berri ditu armadan sartzeari uko egiten dioten gizonentzako lege zigorrak, eta milioi erdi soldadu berri bildu nahi ditu. Plan horiek, ordea, nekez beteko dira.
Ukrainako erregimena desegiten ari delako zantzuak gero eta gordinago azaleratzen ari dira. Zelenskiren eta Zaluzhni komandante nagusiaren arteko liskarrak jendaurrean haizatzen dituzte; giro horretan, Zelenskiri % 32ko sostengua emate diote inkestek, eta Zaluzhni, aldiz, % 70ek babesten dute.
Estatu aparatu ustel horren barruan, benetako gerra zibila gertatzen ari da, bonbak eta pozoitzeak barne. Ukrainako egoerak okerrera egiten jarraitzen badu, ezin dugu baztertu herrialdean estatu-kolpea emateko aukera; hedabide batzuk hori gertatzeko arriskuaz mintzo dira dagoeneko, eta iradokitzen dute Errusiarekin negoziatzeko baldintzak ezartzea erabaki duela Zaluzhnik.
Zelenskiren aurkako kritikak egiten azkena Kieveko alkatea izan da, leporatzen baitio "autoritarioa dela eta herrialdea ez duela prestatu gerrarako". Etorkizunera begirako aurreikuspenak gero eta ilunagoak diren honetan, badirudi arratoiak itsasontzia uzten hasi direla.
Udaz geroztik, negoziazioaren aldeko gero eta iritzi gehiago entzuten ari dira Mendebaldean. Kontua, ordea, zera da, Estatu Batuek Europan duten eraginari eta indarrari eusteko hain garrantzitsua den borroka honetan –mundu osoko nagusitasuna eskuratu edo mantentzearren AEBren eta Txinaren artean dagoen borroka zabalago baten parte dena–, Washingtonek ez bi aukera baino ez dituela: porrota onartzen ala apustua igo, gerran duen inplikazioa gaindituta.
Baina pizten den krisi bakoitzak agerian uzten duen legez, inperialismo estatubatuarrak dagoeneko ez du ahalmenik bere agintea ezartzeko: Washington gerra batean murgildu al daiteke zuzenean, eta dozenaka edo ehunka mila soldadu mugiarazi, Afganistango hondamendiaren, Gazako genozidioaren eta Ukrainako odoluste amaiezinaren ondoren? Zer gertatuko litzateke AEBn? Nola erantzungo luke langileriak eta gazte jendeak?
Estatu Batuetako klase nagusiko sektore garrantzitsuen artean, bada gero eta maizago aipatzen ari den irtenbide bat, alegia, Errusiak Ukrainako hego-ekialdean duen kontrola legeztatzea —herrialdearen % 20— eta gatazka izoztea; hala, bi Koreetako egoeraren antzeko irtenbide bat eskaintzea litzateke, edo bere garaian Minskeko akordioek ekarri zutena.
Edonola ere, honetaz ez dago zalantzarik: Amerikako Estatu Batuen inperialismoak Ukrainako gerran porrot egiteak –alderdi askotan dagoeneko begi bistakoa da porrot hori– itzelezko ondorioak ekarriko ditu eta funtsezko beste aldaketa bat bultzatuko du bi bloke inperialisten indarren korrelazioan.
Oharra:
[1] Errusia eta Txinaren arteko merkataritza 218.000 milioi dolarrekoa izan zen 2023ko urtarriletik azarora bitartean (2024. urterako 200.000 milioira iristeko helburua jarria zuten 2022an). Errusiak % 67,7 ugaritu du Arabiar Emirerri Batuekiko merkataritza 2022an.