Gaur egungo krisi kapitalista agerian uzten ari da Europar Batasunaren benetako aurpegi atzerakoia. Kapitalaren Europak, kapital alemaniar indartsuak dominatutako Europak, langile klase europarraren lorpen guztiak mehatxatzen ditu. Hori da EB. Baina gainera, geratzen ziren eskubide demokratikoak ere zapaltzen ari den Europa da, estatu ahulenen “subiranotasunaren” gainetik pasatuz, Grezia, Portugal edo Irlandarekin pasa den bezala. Hau ez da gauza berria EBren historian, sortu zeneko eta garatu zeneko urteak hazkuntza ekonomikokoak izateak hori gorde arren.   

EB eta kolonialismo ekonomikoa

Azken hamarkadetako hazkuntza ekonomikoak posible egin du EBren eta euroaren existentzia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europa erabat suntsituta zegoen eta langile iraultzek sistema kapitalistaren existentzia arriskuan jarri zuten. SESB milioika langilerentzako eredu bihurtu zen, nahiz eta bertan deformazio stalinista burokratikoa garatu. Baldintza hauetan burgesia estatubatuarra, dena galdu baino lehen, kapitalismo europarra salbatzera etorri zen Marshall Planaren bitartez eta diru kopuru handia inbertitu zuen berreraikuntzan.


Hori dela eta, Alemaniak, bere lurraldeko zati bat galdu arren, bere industria berreraiki zuen eta potentzia europar garrantzitsuena bilakatu zen. Baina Alemaniak mundu mailako merkatuan lehiatu behar zuenez, talka egiten hasi zen botere ekonomiko handia zuten AEB, Japon eta SESBrekin. Horregatik, beharrezkoa zuen baliabideak batzea eta bere merkatua zabaltzea. Horrela etorri ziren lehen akordioak altzairuan eta ikatzean, eta hauen ondoren Merkatu Komun Europarra, Komunitate Ekonomiko Europarra, Europako Batasuna eta euroa.


Alemania beti izan da dominatzailea akordio hauetan, batez ere Berlingo Harresia erori ondoren. Horri esker, Ekialdeko Alemaniako 16 milioi biztanle gehitu zituen, Europaren erdian 81 milioi biztanleko erraldoi bihurtuz. Gainera, stalinismoaren erorketarekin Europako ekialdeko merkatuak banku eta enpresa alemaniarren eskuetan erortzen joan ziren. Hala ere, kapital finantzario austriarrak, italiarrak, suediarrak eta greziarrak ere negozio bikainak egin zituzten. 


Europako ekialdean “demokratizazioa” bultzatzen ari zirela esan ziguten Europako mendebaldeko herritarroi, baina errealitatean gertatzen zenak ez zuen horrekin zerikusirik. Herrialde osoak erosten eta saltzen ari ziren kapitalisten artean. Ekonomia guztia pribatizatzera behartu zuten, baita sistema finantzarioa ere. Adibidez, gaur egun, Txekiar Errepublikako sistema finantzarioaren %97a atzerritarren esku dago, Errumaniaren kasuan %87,4, Mazedonian %92,9 eta Kroazian %90,9. Banku nazionalak modu honetan dominatuz, atzerriko kapitalak interes tasa ikaragarri altuak sartu zizkieten bertako herritarrei eta enpresei, hauek leporaino zorpetuz. Independentzia nazionalaren itxurapean, herrialde hauek beren historiako kolonizaziorik gordinena sufritzen dute. Iraganeko kolonialismoaren eta gaur egungoaren arteko ezberdintasun bakarra hauxe da: iraganean dominazio ekonomikoa ejertzitoaren bidez egiten zen eta gaur zuzenean egiten da merkatuaren bidez. Gainera, bigarren moduarekin merkeago ateratzen da zapalketa.  


Banku atzerritarrek inposatzen duten erabateko mendekotasunak arriskuan jartzen du estatu hauetako askoren existentzia. Orain, krisi latz honekin, dauzkaten zor ikaragarriak ordaindu ezin dituztenean, kapital atzerritarraren erretiratze masiboarekin mehatxatzen dituzte. Honek erabat ondoratuko lituzke beren ekonomiak eta horren ondorioz herritarren gehiengoa oraindik eta pobrezia handiagoan eroriko litzateke.  


Baina zapalketa ez da amaitzen ekialdean eta sektore finantzarioan. Alemania, bere nagusitasun industrialarekin, Estatu frantziarrarekin eta Britainia Handiarekin batera, akordio europarrei esker hainbat urtetan zehar onura ekonomikoak izan dituzte. Estatu europar ahulenei ematen zitzaizkien laguntzak (nekazaritzarako, azpiegituretarako…) negozio bikainak ziren, laguntza hauen truke potentzia europar handiek kontratu eskuzabalak lortzen baitzituzten. Adibidez, Alemania lehenengo esportatzailea da produktu manufakturatuetan Europa mediterraniarreko estatuetan eta Estatu frantziarra bigarrena. Britainia Handiak ere %50 baino gehiago esportatzen du Europar Batasuneko estatuetara.


Gaur egungo krisiarekin, ekialdeko eta mediterraneoko estatuen menpekotasun ekonomiko hori ondorio politiko historikoak eragiten ari da. Greziaren kasua dugu bat, EBaren, EBZaren eta FMIren esku hartzeek erakusten duten bezala; Italian inposatutako “teknokraten” gobernua ere ez da askoz atzerago geratzen. Abenduaren 9ko goi-bilera europarrak Merkel eta Sarkozyk adostutako akordio fiskala onartu zuen eta orain, honi esker, beste hainbat neurriren artean, burgesia europar boteretsuenak nahi duen politika ekonomikoa inposatzen ez den estatuetan esku hartzeko aukera egongo da. Honek erakusten du Europako estatu bakar bat ere, gauza bera esan genezake mundu guztikoez, txikiagoa edo handiagoa izan, ezin dela benetan independentea eta demokratikoa izan kapital finantzarioak dominatutako garai honetan.   

Krisiak areagotu egin ditu burgesia europarraren arteko zatiketak

Hazkuntza ekonomikoko urteetan, euro indartsu eta lehiakorrarekin, batzuek uste zuten posible zela batasun federal bat Europan, Ameriketako Estatu Batuetakoaren antzeko zerbait. Krisiak, ordea, errealitatea jarri du mahai gainean. Marxismoak orain dela ia mende bat azaldu zuen bezala, kapitalismopeko Europako Estatu Batuen ideia utopikoa eta atzerakoia da. 


1915ean, Leninek, Europako Estatu Batuen kontsigna idatzian, Lehen Mundu Gerraren erdian, honakoa esan zuen: “Inperialismoaren baldintza ekonomikoen ikuspuntutik, hau da, potentzia kolonial “aurreratu” eta “zibilizatuen” kapitalaren esportazio eta munduaren banaketaren ikuspuntutik, Europako Estatu Batuak, kapitalismopean ezinezkoak edo atzerakoiak dira”.


Estatu kapitalistak, iraultzekin eta gerrekin sortu zenak (AEB barne), ekoizteko baliabideen garapen ikaragarria eragin zuen, baina gaur egun ez du paper aurrerakoirik jokatzen. Garapen ekonomikoa mugen gainetik pasatu zen mundu mailako merkataritzaren bitartez, estatu burges nazional edo plurinazionalaren bukaera eraginez unitate ekonomiko independente bezala (ondorioz, baita ere unitate politiko independente bezala). Estatu burgesen existentziaren ondorioz etengabeko borroka egon da merkatu berriak konkistatzeko eta mundu merkatua banatzeko, indar militarrekin izan edo ez. Merkatuen aldeko borrokak eragin zituen Lehen eta Bigarren Mundu Gerra eta, gaur egun Afrikan, Ekialde Hurbilean… ere eragiten ditu gerrak. Krisi garaietan gainera, merkatuak defendatzeko eta konkistatzeko borrokak are gogorrago bihurtzen dira, hil ala bizikoak, eta iraganean “lagunak” zirenak beren artean borrokatzen dira beren interesak eta beren enpresa handiak defendatzeko.  


Honegatik guztiagatik, estatu kapitalista oztopo bihurtu da ekonomia garatzeko, burgesia nazional bakoitzaren interesak garapen ekonomikoaren gainetik baitaude. Munduko potentzien arteko tentsioak, baita estatu ahulagoenen artekoak ere, estatu bakoitzeko kapitalisten interesen defentsaren ondorio besterik ez dira eta borroka hauetan indartsuenek irabaziko dute.


Merkelen eta Sarkozyren jarrera kritikatu dute askok beraien bankuak eta enpresak gehiegi defendatzen dituztela argudiatuz. Espero al zitekeen ba beste zerbait? Estatu bakoitzeko burgesiak bere interesak defendatzeko modurik oldarkorrenak erabiliko ditu; eta beti gertatu den bezala, berari komeni zaizkion neurri ekonomikoak bultzatuko ditu. Noski, hau guztia, tentsio larriak eragiten ari da potentzia boteretsuenen artean eta handitu egingo dira 2012an atzeraldiaren luzapenaren ondorioz. Tentsio hauek harreman ekonomiko eta politikoak suntsi ditzakete, Europar Batasuna eta euroaren existentzia ere arriskuan jarriz.  


Abenduko goi-bilera europarrean, Britainia Handiko Cameronek akordio fiskalari uko egin izanak erakusten du datozen garaietan beste batzuk ere har dezaketela bide bera. Britainia Handiak ez zituen onartu kapital alemaniarraren eta frantziarraren inposaketak. Zergatik? Garbi dago erantzuna: kapital finantzario britainiarra defendatzeko.


Gero eta komunikabide gehiago ari dira esaten estatu mediterraniarren irteera bakarra eurotik ateratzea eta euren txanpon zaharren debaluazioa erabiltzea dela hobeto lehiatzeko. Baina bide hori hartuta ere ekonomiak ikaragarri ondoratuko lirateke eta hazkuntza ekonomikoa ez litzateke usaindu ere egingo urte askotan. Langileentzat ez dago alternatibarik Europa kapitalistan, ez euro barruan eta ezta eurotik kanpo ere. Langile klaseak bere alternatiba independentea behar du, eta alternatiba hori Europako Herrien Federazio Sozialista da. 

Europako Herrien Federazio Sozialista

Europako Batasuna denontzat onuragarria zenaren ideia faltsuarekin sakrifizio asko eskatu zaizkio langile klaseari: pribatizazioak Europa osoan eta murrizketak gastu publikoetan eta bizi baldintzetan. Hau ez da gertatu Estatu eta herri behartsuenetan bakarrik. Langile klase alemaniarrak ondo daki bere bizi baldintzek ere okerrera egin dutela. Hamarkada batean ia bikoiztu egin da Alemanian azpi-langileen portzentajea; gaur egun %25ean dago. Krisiak eta azken urteetan hartu dituzten neurriek are gehiago okertu dute egoera.     


Eskubide sozialak erasotzen dituzten bitartean, eskubide demokratikoak murrizteko helburua ere badute kapitalistek. Ez da posible neurri ekonomiko gogorrak hartzea maila bereko neurri politiko atzerakoiak hartu gabe. Errepresioaren gorakada ari gara ikusten Europa osoko herrialdeetan. Eskumen autonomikoak bezalako eskubideak desagerraraztea nahi dute. Grezian hainbat eskualde administratibo eta udaletxe desagertu dira. Estatu espainiarraren kasuan, autonomien sorrera autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka masiboa oztopatzeko izan zen eta orain, PPren gobernuarekin, autonomietako aurrekontuak ere gobernu espainiar zentralak kontrolatu nahi ditu. Honek datorrena aurreikusten du eta garbi erakusten du sistema kapitalistapean ez dela posible eskubide demokratiko txikienak ere bermatzea, autonomien kasuarekin gertatu bezala. Kapitalismoak demokraziaren mozorroa mantendu du hamarkadetan zehar hazkuntza ekonomikoari eta beste hainbat faktore politikori esker, baina iruzur hori bukatu egin da. Ez dago eta ez da egongo subiranotasun ekonomiko eta politikorik kapital finantzarioaren diktadurapean. 


Herrien benetako demokrazia eta subiranotasuna Europako Herrien Federazio Sozialistarekin soilik etor daiteke. Horregatik, beharrezkoa da burgesia bere kapitaletik desjabetzea, kapital hori errealitatean langileei lapurtutako aberastasuna baita. Beharrezkoa da enpresa handiak langileen kontrolpe demokratikoan nazionalizatzea eta ekoizpenaren potentziala eskulan europar kualifikatuarekin konbinatzea. Europa sozialista batean, estatu kapitalistekin behin betirako bukatuz, herri bakoitzak eskubide demokratiko guztiak izango lituzke, autodeterminazio eskubidetik hasita, eta kultura, hizkuntza… garatzeko aukera izango lituzke. Gainera, modu bakarra izango litzateke herritar guztiei eskubide sozialak bermatzeko, lan jardunaldia murrizteko denek lan egin dezaten, modu horretan langabeziaren izurritearekin amaituz. Gaur egungo maila teknologikoarekin eta sozialismopeko Europa batekin, garapen ekonomikorako aukera ikaragarriak egongo lirateke eta osasuna, hezkuntza, kultura… bezalako gai sozialak murriztetik urrun, hauek erabat unibertsalak bilakatuko lirateke, herrialde kapitalista aurreratueneko maila ere ondo behean utziz. Dudarik gabe, ekonomiaren benetako garapen gizatiarrak erabat hartuko luke kontuan ingurumena, hori litzateke natura salbatzeko modu bakarra, eta horri esker izango genuke posible bizitza duin eta osasungarria izatea. 

Mota honetako gizarte bat eraikitzeko indarra eta Europako herri guztiak benetan aske izateko gaitasuna langile klase europarraren ahalmenean dago, sektore zapaldu guztiak elkartuta kapitalismoaren aurka.
 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.