Azken bi urteetan, Europako prozesu politiko, ekonomiko eta sozialen epizentro bihurtu da Grezia. Gaizki deitutako erreskate planek eta hauek ekarritako murrizketa sozial basatiek aurrekaririk gabeko hondamendira bultzatu dute herrialdea. Bi urtetan bakarrik langile publikoen soldatak %50 jaitsi dira, eta familien diru sarrerak %30. Milioi bat pertsona baino gehiago daude langabezian (gazteriaren %50 dago lanik gabe) eta langabetuen herenak soilik jasotzen du langabezia-laguntza. Etxebizitzarik ez dutenen kopurua handitu egin da: Atenasen bakarrik %25 igo da, eta 20.000 pertsona bizi dira kalean. Honekin batera datu ofizialen arabera, herritarren herena, 860.000 familia pobrezian bizi dira.
Greziako egora larriaren adierazgarri da umeak abandonatzea, haur-desnutrizioa eta suizidioak Hirugarren Mundua deitutako herrialdeen mailara iritsi direla. BBCk apaiz ortodoxo baten hitzak jaso zituen: “Azken urtean ehunka guraso etorri zaizkigu beren umeak uztera… beren seme-alabentzat dirurik, etxebizitzarik eta elikagairik ez dutela esaten digute”.
Baina basakeria hau guztia gertatzen ari den bitartean, beren burua abertzaletzat aurkezten duten kapitalista greziarrek murrizketa sozialak defendatzen dituzte, eta zergak ez ordaintzeko beren kapitalak Suitzako eta Alemaniako bankuetara eramaten dituzte inpunitate osoarekin (37.000 milioi euro azken urtean). Krisia hasi zenetik 560.000 milioi euro atera dituzte herrialdetik, zifra honek zor greziarra bikoizten du. Honen ondorioz, aurrera eraman diren murrizketez gain, zorra BPGren %113tik %160ra pasatu da azken hiru urteetan.
Egoera honen aurrean, ehunka mila langile, gazte, langabetu eta erdi mailako sektore pobretuek antolatutako borroka mugimenduak goitik behera astindu du gizartea. Mugimendu honek herrialdea geratzeko eta burgesiaren instituzio politikoak kolokan jartzeko indarra izan du behin eta berriro. Honek erakusten du badaudela baldintzak iraultza sozialistarako: klase kapitalista ez da lehen bezala gobernatzeko gai. Langile klasea, gizarteko sektore zapalduen buru jarrita, borrokaren abangoardian jarri da, eta bere mobilizazio eta erresistentzia gaitasun ikaragarria erakutsi du. Kapitalismoa irtenbiderik gabeko kalea denaren, gizarteak benetako oinarri demokratikoen gainean langileek kudeatua izan behar duenaren eta bankariak, enpresariak eta kapital finantzarioa hondamendi honen arduradunak direnaren ideiek gero eta babes handiagoa dute. Erdi mailako sektoreek ere, beste batzuetan erreakzioaren oinarri sozial izan direnek, ezkerrerantz egin eta langile klasearen borroketan parte hartu dute. Iraultzaren aldekoak dira korrelazio indarrak.
Grezian oraindik kapitalismoak jarraitzearen arrazoia ez da langile mugimenduaren borroka edo kontzientzia falta, ez da burgesiaren eta bere estatu aparatuaren indar gaindiezina (kasu askotan ikusi da poliziaren errepresioak mugimendua indartu besterik ez duela egin). Oinarrizko auzia beste bat da: ezkerrak, bereziki KKEk (Greziako Alderdi Komunista), alternatiba sozialista defendatzea eta langile klasearen abangoardia antolatzea biztanleriaren gehiengoa irabazteko eta horrela kapitalismoa garaitzeko.
Hainbat eta hainbat greba orokor, manifestazio historiko eta enpresa okupazioen ondoren langile klaseak mahai gainean jarri du boterearen auzia. Bankuak eta monopolio handiak desjabetuta eta hauek langileen kontrolpean jarrita bakarrik izango da posible gaur egun herri greziarrak jasaten duen hondamendiarekin amaitzea. Beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da alternatiba sozialista defendatzea.