Azken bi urteetan, Europan garatzen ari diren prozesu politiko, ekonomiko eta sozialen epizentro bihurtu da Grezia. Instituzio kapitalista internazionalek (NDF, EBZ eta EB) eskatutako gaizki deitutako erreskate planek eta hauek ekarritako murrizketa sozial basatiek aurrekaririk gabeko hondamendira bultzatu dute herrialdea. Greziako gertakizunek Europar Batasunaren benetako izaera atzerakoia frogatzen dute. Burgesiaren instrumentua da langile greziarrak eta europarrak azpiratzeko. 

Greziari ematen ari zaizkien bankaren maileguak, batik bat frantziarrarenak eta alemaniarrarenak, herritarren beharrak asetzera zuzentzetik urrun, banku horien zorrak eta interesak ordaintzeko erabiltzen dira esklusiboki. Eta gainera, diru horren truke, Troika-k begirale iraunkorrak bidaltzen ditu Atenasera dirua beste partida batera ez doala ikuskatzeko eta bermatzeko. Horretarako, hauek kontrolatutako kontu bereiziak ireki dituzte. Beste hitz batzuetan esanda, subiranotasun nazionala utopia bat da kapital finantzario handiaren diktadurapean. 

Langileen aurkako erasoek maila guztiak harrapatzen dituzte: gutxieneko soldataren murrizketa %32raino eta sektore pribatuko soldaten jaitsiera, azken urtean %25eko atzerakada izan ondoren; hitzarmen kolektiboaren kontraerreforma, orain lan kontratu guztiak indibidualki aldatzeko aukera egongo delarik; antzinatasunaren izoztea, erretiroa neurtzeko derrigorrezkoa dena, pentsioak batezbesteko %15 murriztuko direlarik; pentsioen erreforma, murrizketa berriei atea ireki eta erretiro adina handituz; kaleratzeak sektore publikoan: 150.000 2015 urtera arte; gastu publikoen eta laguntza sozialen murrizketa sakona: ezinduek eta gaixotasun arraroak dituzten pertsonek medikamentuetako laguntzak jasotzeari utzi diote dagoeneko; aireportuak eta itsas-portuak bezalako oinarrizko azpiegituren pribatizazio berriak, instituzio publikoen hamarka itxiera, ikastetxeak, institutuak, departamentu unibertsitarioak eta gobernu agentziak barne. 

Bi urtetan bakarrik langile publikoen soldatek %50eko jaitsiera izan dute, eta familien diru sarrerak orokorrean %30 erori dira. Milioi bat pertsona baino gehiago dago langabezian. Langabetuen herenak soilik jasotzen du langabezia-laguntza, eta laguntzak hileko 460 eurotik 360ra pasatu dira. Oinarrizko produktuen prezioak Europako mendebaldeko gainerako herrialdeen adinakoak dira, eta greziar askorentzat biziraupena ia ezinezkoa den eginkizun bihurtu da. “Teilaturik gabekoen” fenomenoa ziztu batean hazi da, eta datu ofizialen arabera pobrezian bizi da biztanleriaren herena baino gehiago. Umeak abandonatzea, haur-desnutrizioa eta suizidioak garatu gabeko herrialdeen mailara iritsi dira. Bake garaietan ezagutu gabeko hondamendi soziala.    

Etengabeko “erreskate” eta herstura neurriez gain, 2008tik ekonomia %14 erori da. Baina beren burua abertzaletzat aurkezten duten kapitalista greziar handiek plan hauek txalotzen eta eskatzen dituzte, eta krisia hasi zenetik 560.000 milioi euro atera dituzte herrialdetik, zifra honek zor greziarra bikoizten du. Honen ondorioz, aurrera eraman diren murrizketez gain, zorra BPGren %113tik %160ra pasatu da azken hiru urteetan.

 

Langile klase greziarrak, jarraitu beharreko bidea erakusten du

 

 

Egoera honen aurrean, erasoen aurka altxa diren ehunka mila langile, gazte, langabetu eta erdi mailako sektore pobretuek antolatutako borroka mugimenduak goitik behera astindu du gizartea. Mugimendu honek, herrialdea geratzeko eta burgesiaren instituzio politikoak kolokan jartzeko indarra duela frogatu du behin eta berriro.

2008tik, Greziak klase arteko borrokaren olatu goranzkorra bizitu du: 18 greba orokor, ehunka greba hainbat sektoretan, ikasle mobilizazioak eta ikastetxeen okupazioak. Honi gehitu behar zaio 2008ko abenduan poliziak 15 urteko gazte bat erail ondoren lehertutako gazte altxamendua. Gainera, desobedientzia zibilaren mugimendu masibo bat garatu da “Nik ez dut ordaintzen” lemarekin, eta beste hainbat gauzen artean, ondasun higiezinen zergak ordaintzeari utzi diote lau milioi greziarrek.

Gobernuaren eta kapitalaren instituzio europarren eta finantzarioen aurkako amorruaren, frustrazioaren eta haserrearen sakontasuna islatu dituzte azken grebek. Beste kasu askotan bezala, komunikabide greziarrek eta internazionalek mobilizazioa desitxuratu nahi dute. Ia esklusiboki sutan dauden eraikin batzuen irudiak emitituz, poliziaren errepresio basatia justifikatzea dute helburu. Errepresioa handia izanagatik, mugimenduak hazten jarraitzen du.

Azken bi urteetako gertakizunek ondorio sakonak izan dituzte langile klase greziarraren kontzientzietan. Eskaera garrantzitsuak egin dizkiete beren zuzendaritza sindikalei: alternatiba politiko iraultzailea defendatzea eta greba orokor mugagabearen erasoaldira pasatzea. Honek erakusten du langile klasea mahai gainean jartzen ari dela boterea nork izan behar duenaren auzia. 

Langileen borroka metodoak aurrerantz doazela erakusten duen beste adibidea da okupazioen gaia. Hilabeteak daramatzate fabrikak eta lan zentroak okupatzen. Okupazio hauen arrazoi nagusiak honakoak dira: enpresa itxieren mehatxuaren aurrean defendatzeko eta lantokia langileen kontrolpean jartzeko, eta soldatak murrizteko edo lan jardunaldia luzatzeko enpresarien saiakerei aurre egiteko. Okupaziorik ezagunenetakoa Kilkiseko ospitalearena izan da. Bertako langileek asteak daramatzate berau kudeatzen eta ospitalearen funtzionamenduari buruzko erabaki guztiak batzar orokorrean hartzen dira.     

“Nik ez dut ordaintzen” mugimenduaren harira, auzo askotan eltze herrikoiak antolatzen dituzten komiteak sortu dira. Protestak probintzia mailan eta nazio mailan ere koordinatzen dira, otsailaren 12ko manifestazioan gertatu zen bezala. Elikagaiak etab. banatzen dituzte eta milaka ekintzailek hartzen dute parte herrialde osoaren luze-zabalean; etxe-kaleratzeen aurka borrokatzen dira; eta faktura elektrikoa ordaindu ezin dutenei elektrizitate konpainiek horniketa moztea saihesteko antolatzen dira.  

Hauteskunde batzuen aurrean ezkerrak botoen %40 baino gehiago ateratzeko eta batik bat KKE (Greziako Alderdi Komunista) indartzeko perspektibak, alarma guztiak piztu ditu burgesia greziarrean eta europarrean. Beldurra ez dute horrelako hauteskunde emaitzengatik bakarrik, baita KKEk masen erreferente modura mugimendu sindikalean eta gazterian hartutako indarragatik ere. 

Burgesia greziarrak ondo daki asko ari dela jokatzen, burgesia europarrak ere ondo dakien bezala. Une hauetan, baldintzak daude langile klaseak bere eskuetan boterea hartzeko. Gizartearen eraldaketa sozialista ez da aukera bat soilik, alternatiba bakarra da krisi kapitalistak gizarte greziarrari eragin dion kaosaren aurrean.

Greziak egoera mingarriari egin behar dio aurre. Biztanleria manifestatu da, berrespen guztietatik garrantzitsuena da kaleko masa borroka. Ez daude prest oinazealdi hau jasateko borrokarik egin gabe. Iraultza sozialistarako baldintza objektiboak helduta daude puntu erabakigarri batera iristeraino: klase kapitalista ez da lehen bezala gobernatzeko gai, PASOKeko eta sindikatuetako langile mugimenduaren zuzendaritza erreformistek autoritatea galdu dute. Langile klasea, gizarteko sektore zapalduen buru jarrita, borrokaren abangoardian jarri da, eta bere mobilizazio eta erresistentzia gaitasun ikaragarria erakutsi du. Erdi mailako sektoreek ere azkar egin dute ezkerrerantz, eta langile klasearen erakustaldi handietan parte hartu dute. Iraultzaren hartzigarria errealitate bat da: korrelazio indarrak erabat langileen aldekoak dira.   

     

Iraultzaren aurka altxatzen diren oztopoak beste modu batekoak dira. Une hauetan oinarrizko auzia ezkerrak, eta bereziki KKEk, alternatiba sozialista defendatzearen beharra da, eta horrekin batera langile klasearen abangoardia antolatzea biztanleriaren gehiengoa irabazteko eta kapitalismoa garaitzeko. Programa horren funtsezko ardatzak eta Greziak bizi dituen egoera aurre-iraultzailean aurkitzen direnak honakoak dira: ekonomia biztanleriaren gehiengoaren kontrol demokratikopean jartzea banka, monopolioak eta aseguru etxeak desjabetzearen bitartez; NDFk, EBZk eta EBk inposatutako plan guztiak atzera botatzea, zorraren ordainketari ez! Herri greziarrak ez dio ezer zor banka internazionalari! Justu kontrakoa! Kapital internazionalak Grezian dituen errekurtso guztien konfiskazioa. Kapitalen ihesari aurre egiteko modu bakar bezala, herrialdeko kapitalista handi guztien ondareen eta aktibo finantzarioen konfiskazioa inolako kalte ordainik gabe; pribatizatuak izan diren enpresa publiko eta sektoreen bernazionalizazioa. Soldaten eta pentsioen gorakada sakona eta osasun, hezkuntza eta zerbitzu publiko guztien defentsa; eta langabeziari aurre egiteko, bankaren eta monopolioen desjabetzean oinarrituta, plan sendo bat azpiegitura sozialen, ikastetxeen, institutuen, ospitaleen, etab… sorreran inbertitzeko, lana emanez langabetuei eta gazteriari; kapitalistek ekoizpenari egiten dioten sabotajearekin amaitzeko: langile kontrola enpresa guztietan, eta kaleratzeak edo itxierak planteatzen dituzten enpresarien lantokien nazionalizazioa.    

Neurri hauek guztiak, eta beste asko, oinarri demokratikoetan eraikitako gizartea antolatzeko baldintza dira, kapital finantzarioaren diktaduratik askatuta. Hauek aurrera eramateko, beharrezkoa da langile boterearen aldeko borroka irekia. Oinarrizkoa da langileek herrialdeko funtsezko palanka ekonomikoak eta politikoak kontrolatzea. Helburu honetarako jaio ziren langile alderdiak, eta garatu ziren mundu osoko alderdi komunistak. 

Ezin da itxaropenik eduki instituzio burgesengan. Burgesiaren botereari langileen boterearekin egin behar zaio aurre eta horregatik beharrezkoa da enpresa, ikastetxe eta auzo guztietan komite iraultzaileak sortzea bultzatzea, batzarretan oinarritutako komiteak antolatzea. Beren kideak demokratikoki aukeratu behar dituzte langileek eta gazteriak, iraultza sozialistaren eginkizunak aurrera eramateko: ekoizpenaren, eta bizitza sozialaren langile kontrola; greba orokor mugagabearen antolakuntza botere ekonomikoaren eta politikoaren kontrola hartzeko; komite hauetako ordezkariez osatutako Parlamentu Iraultzailearen eraketa lehenago azaldutako neurriak hartzeko; langile klasearen autodefentsaren antolakuntza, fabrika bakoitzean, sindikatu bakoitzean, ikastetxe bakoitzean, auzo bakoitzean; deialdi anaitarra soldaduei eta poliziaren sindikatuei ere herriaren alde jarri daitezen, beren barnean komite iraultzaileak eta eskubide demokratiko osoak eratuz; eta ekintza plan honen hedapena langile klase europarraren multzoari: kapitalisten eta bankarien EBn ez dago irtenbiderik, baina EBz kanpoko Grezia kapitalista batean ere ez. Beharrezkoa da Europako Estatu Sozialisten lema idatzita daraman langile internazionalismoaren bandera altxatzea.  

Greziako gertakizunetara begiratzen ari dira Europako gainerako estatuak, batik bat ahulenak diren Portugal, Irlanda, Italia edo Estatu espainiarra bezalakoak. Banka handien eta monopolioen irabazi esklusiborako aplikatu diren murrizketa basatien eta herstura planen politikek, gerra soziala abiarazi dute, eta langile klasea eta gazteria ez dira besoak gurutzatuta geratuko. Masen borrokek, greba orokorrek eta errebolta sozialek nazio europarrak igaroko dituzte punta batetik bestera, eta mahai gainean jarriko dute klaseko programa altxatzeko beharra: programa iraultzaile, sozialista eta internazionalista biztanleriaren gehiengoaren mesedetan. 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.