Irailaren 26an Greba Orokor batek Grezia geldiarazi zuen. ADEDY eta GSEE (lehena sektore publikokoa eta bigarrena pribatukoa) sindikatu nagusiek deitutako greba honek jarraipen masiboa izan zuen. Sindikatuen arabera, lanuztea erabatekoa izan zen ontzioletan, itsas garraioan eta errefindegietan; %90ekoa portuko, eraikuntzako eta enpresa publiko handietako langileen artean; industria metalurgikoan %85eko jarraipena izan zuen eta ostalaritzan, komertzioan eta bankuetan %80koa. Sindikatuek nabarmendu zutenez, lehen aldiz parte hartzea nabarmena izan zen ostalaritzan eta komertzio txikian. Manifestazioak oso jendetsuak izan ziren hiriburuetan, Atenasen 150.000 lagun bildu ziren, nahiz eta poliziak 35.000 esan.
Samarasen gobernua Troikarekin negoziatzen ari den herstura plan berriaren (13.500 euro 2013-2014 bitartean) kontrako indarraren benetako erakustaldia izan zen. Plan hau aurrekontuetako 11.500 milioietan eta diru sarrera berrietako, hots zerga berrietako, 2.000 milioietan antzemango da. Planak, halaber, erretiro adina 67 urtera igotzea, lan jardunaldia 13 ordukoa eta astea sei egunekoa izatea, soldata eta pentsio murrizketa gehiago eta kaleratzeak ekarriko ditu.
Irailaren 26ko manifestazioko lekukoek argi hitz egiten dute: “Osasun arloko langileak pobreziatik hurbil daude. Erizainek orain 600 euro kobratzen dituzte, eta medikuek 1.200. Otsailaz geroztik ez dute guardiarik ordaintzen. Ospitaleak ixten dituzte eta materiala falta zaigu” azaldu zuen Maria Mitselos medikuak, eta honela amaitzen zuen: “Baina osasun arloan okerrena dena da, orain ez dela doakoa eta langabezian dagoenak eta, beraz, segurantza galdu duenak ezin dezakeela ordaindu”. Gauza bera gertatzen da garraioan eta hezkuntza. Atzeraldi sakon honetan (2008tik BPG greziarra %25-30 bitartean murriztu da, eta NDFren arabera 2013an %4 jaitsiko da), pobrezia, langabezia eta lan prekarizazioa (azken urteetan soldata batez beste %30 jaitsi dira, lan kostuak %8 eta langabezi tasa hirukoiztu) gora doazen honetan, murrizketa berriek gobernuaren deslegitimizazioa eta klase arteko borroka areagotzea dakartzate.
Hasteko, urriaren 9an sindikatuek hiru orduko lan uztea deitu zuten, eta Atenasen manifestazioa egin zuten Parlamentuaren aurrean Angela Merkelen bisitaren aurka protestatzeko. Hiria, eskubide demokratikoek zein gutxi balio duten erakusteko, poliziaz beterik egon zen (7.000 polizia inguru) eta erdigunean egin nahi ziren hainbat manifestazio debekatu zituzten: Atenasko gobernu distriturako, sei metro geltokietarako eta hainbat ikastetxeetarako sarrerak blokeatu zituen poliziak. Hala ere, honek ezin izan zuen kapitalisten erasoen aurkako ahotsik isilarazi.