AEBen historia garaikideko administrazio atzerakoi, basati eta intoleranteenetako bat iritsi da boterera. Hala ere, erresistentzia hasi da. Mobilizazio jendetsuek eman diote ongietorria Donald Trumpi. Urtarrilaren 21ean, 4 milioi pertsonak kaleak bete zituzten Ipar Ameriketako hiririk garrantzitsuenetan, lehendakari misoginoaren eta abortua bezalako eskubideak suntsitu nahi duen administrazioaren aurka. Emakumeen Martxa AEBren historiako protesta handienetakoa izan da, eta bost kontinenteetako 600 hiritara zabaldu zen. Mundu mailako protesta handiena izan zen 2003ko Irakeko gerraren aurkakoaz geroztik.
Etorkinak AEBn ez sartzeko presidente-dekretu bat onartu eta berehala mobilizazio jendetsuak piztu zituen. Socialist Alternativeko (AEBko CIT) kideak mugimenduaren lehen lerroan daude borrokak bultzatzen eta klaseko politika sozialista, internazionalista eta arrazakeriaren aurkakoa defendatzen.
Ezker Iraultzaileak Kshama Sawant elkarrizketatzeko aukera izan du. 2013an Seattleko udaleko zinegotzi izendatu zuten zuten Socialist Alternative alderdiaren izenean, ehunka pertsonek, borondatez, orduko 15 dolarreko gutxieneko soldata defendatzeko egindako kanpainaren ondorioz. Sei hilabete geroago, aldarrikapen hori lortu zen hirian. Kshamak modu aktiboan parte hartzen du Blacks Lives Matter mugimenduan (“Beltzen bizitzak axola du”), ingurugiroaren aldeko mugimenduan, beste hainbat borrokaz gain etxebizitza duinen aldekoak zuzendu ditu eta finantziazio osagarria gisa hainbat milioi lortu ditu etxerik gabekoentzat eta beste gizarte zerbitzu batzuetarako.
Ezker Iraultzailea.- Trump Etxe Zurira iristea kolpe gogorra izan da munduko gazte eta langileentzat. Zeintzuk dira bera hautatua izatearen arrazoiak?
Kshama Sawant.- Trumpen aukeraketa inflexio puntu garrantzitsua da bai Ipar Amerikako politikan baita mundu mailakoan ere. Kargura iritsi zenetik sektore publikoko langileen, etorkinen eta ingurugiroaren aurka egin du. Obamaren osasun legea atzera botatzeko agindu du, Keystone eta Ipar Dakotako petrolio hodien eraikuntza onartu, paperik gabeko etorkinei eraso egin die eta hegoaldeko mugako hesia eraikitzea agindu du.
Trumpen agenda arrazistak, etorkinen aurkakoak, misoginoak, fanatikoak eta eskuindarrak ez du AEBko langileen gehiengoaren nahia betetzen. Trump herrialdearen historiako presidentegai gorrotatuena izan da. Bere aurkaria zen Alderdi Demokratako Hillary Clintonek baino 3 milioi bozka gutxiagorekin irabazi zuen. Errepublikanoen aurreko hautagai izan ziren Romney eta McCainek baino bozka gutxiago lortu zituen, baita George W. Bushek baino gutxiago ere. Milioika estatubatuar behartsu eta zapalduenek ez dute bozkatu hauteskunde hauetan.
Bera hautatu izanak, batez ere, Clintonen aurkako gaitzespena adierazten du, hautesleek zuzenki “establishment” politikoarekin identifikatu zutelako. Trump eskuineko demagogo, gezurti eta iruzurti bat da. Nahiz eta “status quo”-arekiko langileen haserrea zuzena izan, Trump horretaz baliatu da bera “sistemaren” parte ez dela sinestarazteko. Ahazturiko langile klaseko gizon eta emakumeen defendatzaile bezala aurkeztu zuen bere burua, nahiz eta bere kabinetea multimilioidunez josirik egon. Lanpostuak berreskuratuko zituela zin egin zuen, eta Clintonek onartutako Ipar Atlantikoko Merkatu Askeko Itunaren aurka mintzatu zen, hainbat estatutan lanpostuak suntsitu zituena. Gainera, politika multimilioidunen eta enpresa lobbyen atzaparretatik askatuko zuela zin egin zuen.
Botere ekonomiko handiei aurka egin, langile, zapaldu eta behartsuen interesak defendatu eta Trumpen eskuineko populismoari aurka egingo liokeen ezkerreko hautagairik ez izatea da honek izan duen abantaila. Bernie Sandersek lehen itzulian izandako arrakastak erakutsi zuen ezkerreko hautagai batentzako egoera aproposa zela. Milioidunen klasearen aurkako iraultza politiko baterako deiak oihartzun handia izan zuen langileen artean, batez ere gazteengan. Inkestek zera zioten: Sanders hauteskundeetara aurkeztuko balitz Trumpi irabazi egingo liokeela. Hala eta guztiz ere, elite demokratak nahiago izan zuen galtzeko arriskua hartu langile klasearen aldeko programa bati loturik egon baino.
EI.- AEBk izugarrizko polarizazio politiko eta soziala bizi du. Konta ahal diezagukezu urteotako borroka garrantzitsuenak eta horien eragina bizi ditugun gertakarietan?
KS.- Azken lau hamarkadetan aldaketa historikoa gertatu da bizi baldintzetan, eta horrek markatu ditu egon diren borroka garrantzitsuak. Ikasle estatubatuarrek zor ikaragarriak dituzte ikasle-maileguen ondorioz. Enpleguaren hazkuntza zerbitzuen sektorean izan da, soldata baxuekin eta ia sindikaturik gabe. Beste sektore batzuetan afiliazioa oso baxua da, eta hamarkadak daramatzate soldatak geldirik. Horren ondorioz, gazte zein langileek orduko 15 dolarreko gutxieneko soldataren aldeko borroka babestu dute. Seattlen, udaletxean dugun posizioarik esker eta “15 Now” kanpaina behetik eraiki dugunez, Socialist Alternativek lehen garaipena lortzen lagundu zuen hiri garrantzitsu batean. Orduz geroztik, langileek beste hainbat hiritan 15 dolarrak lortu dituzte, baita gutxieneko soldataren beste hainbat igoera garrantzitsu ere. Gaur egun Minneapolis borroka horretan da.
Gazteria borrokaren lehen lerroan egon da eskubide zibilen aldeko borroka berrietan eta paperik gabeko langileen eskubideen aldeko borrokan, Black Lives Matter barne. Unibertsitate campus askotan emakumeen eskubideen aldeko eta indarkeria sexualaren aurkako mugimenduak sortu dira. Carry that Weight (“Eraman pisu hori”) mugimendua adibide ona da. Kargu hartze egunean hezkuntza ertaineko, bigarren hezkuntzako eta unibertsitateetako 16 campusetako milaka ikaslek paroak eta protestak antolatu zituzten. Ekintza hauek Socialist Students-ek antolatu zituen, Socialist Alternativek campusetan hasitako mugimenduak. Millennials-ek (XX. mende bukaeran jaiotako gazteak) ere lagundu du ingurugiroaren aldeko borrokak irabazten nazio osoan zehar, besteak beste, petrolio hobien aurka eta itsas-sakoneko zulaketen, ikatz ekoizpenen eta frackingaren aurka. Laburbilduz, sozialismoa orain kapitalismoa baino popularragoa da gazteen artean
Borrokarako borondate handia dago sektore askotan, sindikatuetan antolatutako langile zein antolatu gabekoen artean. Enpresarien lagun diren burokratei erronka egingo dien zuzendari borrokalari eta aktibista argiak behar ditugu. Konfiantza dut milioika langile gaztek eta millennialsek aukera historiko hau aprobetxatuko dutela Trumpen eta milioidunen aurka borrokatzeko.
EI.- Socialist Alternative eta zuk zeuk, Bernie Sanderseen lehen itzuliko kanpainan parte hartu zenuten programa sozialista bat eta Alderdi Demokratarekiko haustura defendatzen. Zein da zure iritzia Clintoni emandako babesaz eta bere mugimenduaren etorkizunaz?
KS.- Bernieren kanpainak milioika pertsona piztu zituen, eta sozialismoari buruzko eztabaida inoiz baino gehiago ireki zen. Ez geunden ados demokrata bezala aurkeztearekin, ezta hautagai demokratari emandako babesarekin ere, bera hauteskunde orokorretara hautagai independente bezala aurkeztu beharrean, edo Alderdi Berdeko Jill Steinekin kanpaina independentean aurkezteaz.
Mugimendua Hillary Clinton bezalako demokrata neoliberal baten atzean ipiniz, iraultza politikorako potentziala sabotatu zuen. Azkenik, Sandersek amore eman izanak jarraitzaile batzuk Trumpen besoetara jaurti zituen. Milioitik gora pertsonak ez zuten bozkatu. Erabaki horrek egur gehiago bota zuen sutara. Bipartidismoari klase ertainak eta langileek dioten gorrotoak eta enpresa handien aldeko politika lotsagabeak lagundu zuten Trump boterera irits zedin oinarriak sortzen, nahiz eta era distortsionatu batean izan.
Bernie Sanders gizon errespetatua da, eta oraindik jendea Alderdi Demokratara bideratzen jarraitzen du. Alderdi Demokrata barrutik ezkerrera bultzatzearen ideian sinesten duela dio. Bere talde propioa sortu du, Our Revolution (“Gure Iraultza”), Alderdi Demokrata barruan lanean dabil, eta pauso batzuk eman ditu Kaliforniako zuzendaritza demokratan posizio garrantzitsuak irabazteko.
EI.- Zeintzuk dira klase arteko borrokarako aurreikuspenak?
KS.- Kargu hartzeko asteburuan izandako protestak kolpe gogorra izan ziren Trumpen administrazioaren sinesgarritasunerako. Ezin izan zituen aulkiak bete Washington DCn eta Emakumeen Martxa AEBen historiako mobilizaziorik handiena izan zen.
Socialist Alternativek uste du Trump eta milioidunen klasea garaitzeko mugimendu borrokalari bat behar dugula, desobedientzia zibil biolentziarik gabea eta taktika disruptiboak gure eskubideak defendatzeko, langileen bizi baldintzak hobetuko dituzten politikak bultzatzeko. Mugimendu hauek % 99aren gehiengo batasuna behar izango dute, sindikatuak, langileak, eskubide zibilen aldeko aktibistak, emakumeen eta ingurumenaren aldeko mugimenduak, Sandersen jarraitzaileak, demokrata aurrerakoiak, sozialista eta berdeak. Trumpen aurkako borrokan oinarritu behar da, eta ez demokratentzat onargarria denean. Ez dugu uste, Wall Streeten interesek kontrolatutako Alderdi Demokratak behar dugun eskeleto politiko borrokalaria emango digunik. Ezin dugu borrokatu iraultza politiko baten alde klase milioidunaren aurka klase horren interesei erantzuten dien alderdi bati loturik bagaude.
Milaka pertsonako martxek autobideak itxi ditzakete eta normaltasuna geldiarazteko erak aurkitu. Masen ekintza, baketsu eta zuzenak behar ditugu gure anai-arreba etorkinen kanporatzeak geldiarazteko. Gure mugimenduak ere beharrezkoa du Sandersek gizarteratu zuen errebindikazioa babestea: Mediacare guztiontzat, orduko 15 dolarreko gutxieneko soldata, doako goi mailako hezkuntza, obra publiko masiboen programa, azpiegitura berriak, garraio publikoak eta energia berdeak garatzeko aberatsei zergak jartzea, Estatuaren basakeria poliziala eta errepresio arrazistaren bukaera.
Garai zailak dira. Atzerapenak eta porrotak sufrituko ditugu. Baina potentzial ikaragarria dago, ez borroka eraikitzeko soilik, baita langileek garaipen garrantzitsuak lortzeko ere.