Zalantzarik gabe azken hamarkadetako hauteskunde garrantzitsuenen aurrean gaude. Emaitzak zinez eragingo du herrialdeko klase borrokaren garapenean, izan ere, Amerikako Estatu Batuak krisi sozial eta ekonomiko izugarriaren erdian baitago, historia garaikidean inoiz izan den polarizazio sozial eta mobilizazio maila handiena eraginez.
Maiatzean George Floyden erailketaren ondoren ehundaka hirietan egin ziren ekintzak, martxak eta manifestazioak, gordintasun osoz erakutsi zuten milioika afroamerikarrek, latinoamerikarrek, langile eta gazte zuriek eta pobretutako sektore ertainek duten samin sakona.
Uholdea baretu beharrean, Estatu aparatuaren eta Etxe Zuriaren jazarpen errepresiboak agerian utzi du kapitalismo iparramerikarraren benetako izaera eta demokraziaz duen ikuspegi konkretua. Breonna Taylorren erailketa, manifestarien aurka oldartzen ziren polizia taldeen irudiak, banda faxista armatuen erasoak…. sua hauspotu besterik ez dute egin. Protestak ez dira eten eta astero dozenaka atxilotu izaten dira. Ezin izan dute inondik ere herriaren amorrua kontrolpean ezarri, eta mugimenduak, begi bistan utzi du gizarte estatubatuarraren ezkerrerako biraketa eta masen artean justiziak, kongresuak, poliziak eta gisako instituzioek duten sinesgarritasun falta.
Zatiketak klase agintarian. Trump eta bere Proud Boys-ak
Eszenatoki honetan, klase agintarian urduritasuna eta barne zatiketak borborka dabiltza. Mobilizazioen indar ikaragarriak desadostasun sakonak eragin ditu egoerari aurre egiteko estrategiaren inguruan. Nahiz eta bi aldeen abiapuntua berbera izan, magnate handien eta sistemaren interesak babestea, hori egiteko bideen inguruan dituzten ikuspuntuak ezberdinak dira. Argi dagoena da, aginte forma tradizionalak ahiturik daudela.
Polarizazio politikoa norabide bikotzean garatzen den fenomenoa da. Milioika gaztek sozialista direla adierazten eta kaleak hartzen dituzten bitartean, muturreko eskuinerako joera hartzen ari dira burgesia txikiko zati gogoangarri bat eta langile atzeratu eta desmobilizatuen sektore batzuk, chauvunismo anti-txinatarrarekin eta arraza-supremazismoarekin pozoituak. Trumpek sektore horietan du hautesleen eltzea. Demagogia populista, totalitario, arrazista eta antikomunistak sektore horien gogoarekin konektatzen du. Bide totalitarioak eskatzen dituzte kapitalismoak berak eragindako kaosari aurre egiteko.
Azken hilabeteetan ordea, Trumpen hitzak ez dira zuzentzen soilik botoak mugitzera. Proud boys milizia faxistak aktibatzeko benetako aginte ahotsa bihurtu dira. Estrategia honek puntu amankomunak ditu iraganean Europako lider faxista eta naziek egin zutenarekin: ekintza parlamentarioa eta poliziaren legezko indarkeria tartekatu, erakunde armatuen parlamentuz kanpoko ekintzarekin, kaleak hartu eta ezkerra borrokatzeko.
Momentu hauetan Estatu Batuetan ultra eskuineko 600 talde inguru daudela kalkulatzen da. Horietatik 181 miliziak dira eta 20.000 eta 60.000 pertsona armatu artean barne biltzen dituzte. Presidentearen gerra zibileko diskurtsoak eta “ezker erradikala”, “antifak” eta “sozialismoaren mehatxua” borrokatzera egiten dituen deiak ez dira broma, ezta kasualitatea ere. Azken konbentzio errepublikarreko ardatza izan dira eta klase dominatzailearen sektore baten ekinbide lerroa bihurtu dira, deklaratu duten klase gerra irabazteko. Noski, taktika hori suarekin jolasean aritzea da eta kapital handiaren begirale politiko askok lerdo hau ahalik eta azkarren geldiarazteko eskatzen ari dira.
Estrategia horren baitan kokatzen dira Trumpek eman nahi izan zituen irudiak telebistako lehen hauteskunde eztabaidan eta Covida gainditu ostean ospitaletik atera zenean. Hasteko, bere kudeaketaren desastrea ezkutatu nahi du. Nazioartean, inperialismo estatubatuarra bere influentzia eremuetatik kanporatua izaten ari da. Afganistan, Irak eta Sirian porrot gogorrak jasa ditu, Latinoamerikan posizio askoz ahulagoa du aurreko hamarkadetan baino, eta Txinarekin duen guda -supremazia ekonomiko, teknologiko eta militarra mantentzeko norgehiagoka- geroz eta okerrago doa. Barnean, Etxe Zuriak pandemian egin duen jardun tamalgarriak ezin du gehiago ezkutatu munduko lehen potentzia kolpatzen duen hondamen sozial eta ekonomikoa. Faxista baten diskurtso zoroa astinduz, polarizazioa indartzea eta bere oinarria estu lerrokatzea bilatzen du, hautagai demokrata garaitzeko azken ahaleginean. Posta bidezko korreoa iruzurra dela adierazi du (oraingoan pisu handiagoa izango duena pandemiagatik), eta hauteskundeak galtzen baditu ez duela onartuko bakean postua uztea mehatxu egin du. Bere jarraitzaileak konbentzitzeko eta inguruan zalantzati daudenak bozkatzera joatera bultzatzeko deiadar desesperatuak dira.
Komunikabide askok jada esan dute, seguruenik azaroaren 3an ez ditugula emaitzak jakingo eta egun batzuk itxaron beharko direla presidente hautatuaren izena jakiteko. Trumpek bulego obalatua uzteari uko egitekotan, ondorioak ezin aurreikusi daitezke. Argi dagoean da, Trumpen aurkako gorrotoa izugarri handia dela eta masek borrokarako duten borondatea frogaturik geratu dela. Baina, era berean, burgesiaren sektore batek argi du kontrola ez galtzeko demokrazia burgesaren “prozedura miliken” gainetik pasa behar bada, errepresioren eta banda armatuen bidez, hori egiteko prest dagoela.
Biden, klase agintariaren beste aukera bonba soziala desaktibatzeko
Estrategia honen aurka dagoen klase agintariaren beste sektorea kontziente da egoera larri honek eztanda egin eta eszenatoki iraultzaile bat bultzatu dezakeela. Baina sektore hori erakusten ari den gabeziak eta ahultasunak ere handiak dira.
Joe Biden hautagai demokratak, 131 milioidunen babesa du (Trumpek 105ena, ez da txikikeria). Biden babesten duten oligarkia finantzarioaren ordezkarien artean daude Howard Schulz -Starbacksen sortzailea- Laura Powell -Steve Jobsen alarguna- George Soros edota Michael Bloomberg. Horiek, Joe Bidenen kanpaina kutxa Trumpena baino gehiago bete dute, hurrenez hurren 466 milioi dolar eta 325.
Demokraten apustua, progresismoz apainduriko aurpegi atsegina agertzea eta azken hilabeteetako mobilizazio jendetsuen haserre soziala hauteskundeetara bideratzea izan da. Baina ez dira espero zituzten emaitzak jasotzen ari. Demokraten sinesgarritasun falta Trumpen aldeko argumentu bihurtzen da. Wall Streeteko korporazio handien mesedetan aurrekontu publikotik 3 bilioi dolar injektatzeko Trumpen plana babestu dute eta bere hautagaiaren irudia zuzenean identifikatzen da establishmentarekin. Horrek azaltzen du, hauteskundeetarako hilabete falta denean emaitza batere argi ez egotea.
Larritasuna hain handia denez, demokraten buruzagiek mugimenduaren aurrean autoritate bat mantentzen jarraitzen duten irudietara jo behar izan dute. Bernie Sanders eszenatokietara itzuli da, primarietan amore eman eta Bidenen aurrean modu lotsagarrian makurtu zenetik desagerturik egon ondoren. Vermonteko senatariak bere prestigioa erabiltzeko konpromezua hartu zuen egonkortasuna eta bake soziala defendatzeko helburuarekin eta hori egitera itzuli da.
Horrela beraz, Trumpen mehatxuei erantzuteko prentsaurreko batean, Bernie Sandersek ondorengoa zioen: "Trumpek bere jarraitzaileei 'hautestontzien begirale' izateko deia egin die, baina benetan esaten ari dena da bere jarraitzaileek, horietako batzuk milizia armatuetako kideak, boto-emaileak beldurtzea nahi duela. Ikusten ari gara hori Virginian, Trumpen jarraitzaileak lehen boto-emaileen aurka oldartu zirenean. Fairfax konderriko hauteskunde-funtzionarioek esan zutenez, boto-emaile batzuk eta hauteskunde-langileak beldurtuta sentitu ziren. Joe Bidenen alde irmo egiten ari naizenez, argi hitz egin dezagun: Bidenen garaipen irmo batek ia ezinezko egingo du Trumpek emaitzak ukatzea, eta hori da demokrazia defendatzeko dugun biderik onena".
Berriro ere gaitz txikienaren taktikaren aplikazio praktiko bat. Estaltzen saiatzen da masek hilabete hauetan erakutsi duten indar izugarria, Trumpen Gobernua ataka larrian jarri dutelarik. Sandersen arabera, Bidenen garaipen irmoa da Trump geratzeko modu bakarra. Ez klase borroka, ez masa mobilizazioa, ezta programa sozialista defendatzea ere herrialdea gogor egurtuz gobernatzen duten oligarka apur horiek boteretik kentzeko; izatez demokrazia parlamentarioan mozorrotutako diktadura da gobernu hori. Sanders desesperaturik dago, eta txeke zuria eman die Alderdi Demokratako buruzagiei eta horien atzean dagoen klase agintariko sektoreari. Bere jarraitzaileak konbentzitzeko asmoz, bere sinesgarritasuna erretzen du, izan ere, badaki ekintzaileen artean oso zabaldurik dagoen ideia dela Biden bozkatzeak ez duela ezer konponduko eta konfiantza bakarra gazteriaren ekintza politiko independentean eduki daitekeela.
Eszenatoki leherkorra
Azken hilabeteotan, erabat argi geratu da milioika pertsonek arbuiatzen dituztela Trumpen politika klasistak, errepresiboak, arrazistak eta totalitaristak. Elementu hau Etxe Zuritik botzeko dagoen gogoa benetan handia da. Jakina, Sanders hainbeste azpimarratzen saiatzen den logika, Biden Trump baino hobeto, ezin daiteke besterik gabe baztertu. Kaleetan indarkeria arrazistaren eta sistemaren aurka borroka egin duen jendetzak Trump ahalik eta azkarren kanporatu nahi du Etxe Zuritik. Baina Sanders oker dago uste badu Bidenekin demokrazia burgesaren forma zaharrek egungo klase borrokaren eztandarekin amai dezaketela. AEBen kasuan forma horiek beti oinarritu izan dira indarkeria arrazistan, borroka sindikalaren, komunismoaren, eta abarren jazarpenean. Ez, jokoan dagoena askoz sakonagoa da eta ezin daiteke hauteskunde batzuetan erabaki.
Momentu honetan hauteskunde proiekzioek hamar puntuko abantaila ematen die Bideni, baina prentsa burgesa berak ere, zuhurtzia handiz jokatzen du gerta daitekeena aipatzerakoan. El País egunkariak ikerketa egin du inkesta eta zundaketa ezberdinetan oinarrituta, eta Joe Bideni %80ko aukera ematen dio garaipena eskuratzeko, baina ohar batekin: “paradoxikoki 2016ean Clintonek zuen abantaila horren oso antzekoa zen”. Ez da ahaztu behar hautagai demokratak 2016ean Trump baino bi milioi boto gehiago eskuratu zituela, baina presidentzia galdu zuela hauteslekuetan ordezkari gutxiago lortu zituelako eta azken batean horrek erabakitzen duelako presidentea. Demokrazia estatubatuarraren eta hauteskundeen kalitate pobrea begi bistakoa da.
Trump galtzaile irteten bada, ez da izango Alderdi Demokrataren makinariari eta hautagaiari esker, guztiz kontrakoa baizik. Noski, Biden jendea berriro etxean sartzen saiatuko da, baina ez zaio erraza izango. Garatzen ari den borroka historiko honetan, masak Trump gabe konfiantza gehiago izango dute beren ekintza gaitasunean, eta krisi ekonomiko eta sozialaren laztasunaren jo puntuan egongo dira. Demokratek presio handia izango dute, eta ez dago batere argi egoera baretzeko helburua betetzeko gai izango ote diren. Monopolio handien alderdia da eta horien interesetarako gobernatuko luke. Egungo krisi kapitalistan erreformak klase borroka gogorrenaren bidez bakarrik lor daitezke eta demokratek ez dute inolako asmorik bide hori hartzeko.
Baina azkenean Trumpek garaipena lortzen badu -ezin daiteke aukera baztertu-, edo galduko balu eta bere postua uzteko ezezkoan jarriko balitz, mobilizazioa ikaragarri bultzatuko luke. Gogoan dugu orain dela lau urte presidentzia hartu zuenean egin zen manifestazio uholdea, emakumeetatik eta mugimendu feministatik hasita. Orduz geroztik gertaera asko eman dira eta klaseko kontzientzia, antolakuntza maila eta esperientzia askoz indartsuago dago.
Langile klase estatubatuarra umezurtz dago zuzendaritza politikoari dagokionean. Sandersen traizioak oztopo bat gehitu zuen klaseko tresna propio bat eratzeko eginkizunean, hain zuzen ere, Alderdi Demokratak defendatu izan duena eta defendatuko duenaren kontrako aldean egongo den klaseko alderdi eta programa sortzeko prozesuan. Baina AEBko zapalduek erakutsi dute, oztopoak oztopo, aurrera egingo dutela eta ezinbestean erakunde independente bat sortuko dutela, non marxismo iraultzailearen indarrek aukera handiak izango dituzten. Inkestek Alderdi Berdeari emaitza onak iragartzen dizkiote eta hautagai demokratarekin dagoen atsekabearen adierazle bihur daiteke. Baina mugimendu horiek erakusten duten garrantzitsuena da, ezker militanteko indarrek AEBn aukera dutela alternatiba politiko bat eratzeko eta, nahiz eta ez lortu hauteskunde emaitza handiak, bai kokatu daitekeela sinesgarritasuna duen erreferentzia gisa milioika langile eta gazterentzat, euren eguneroko borroken barnetik eraikiz. Espazio hori ezin da Alderdi Demokratatik konkistatu, Sandersen esperientzia garratzak bi aldiz erakutsi duen moduan. Argitaratu berri den inkesta baten arabera, biztanle estatubatuarren %60ak hirugarren alderdi baten sorrera babesten du.
Ez Guardia Nazionalaren kolpeek ezta erreformisten traizioek ere, ezin izan dute mugimendua etsipenera eraman. Klase dominatzailearen bi hegalentzat, bakoitza bere erara egoeraren kontrola eskuratzen saiatzen direnean, eztanda sozialak aise isolatzen, erreprimitzen eta parlamentarismora bideratuz desaktibatzen ziren garaiak iraganean geratu dira. Bulego obalatuan esertzen dena bata ala bestea izanik ere, bake soziala eta egonkortasuna erabat bazterturik daude eta klase arteko borroka handiak mahai gainean daude.