Borroka zabaldu eta gogortu, garaipena lortu arte!
Joan den irailaren 14eko gauerdian, hitzarmena iraungi zitzaien automobilgintza sektoreko ia 150.000 langileei eta greba hasi zuten General Motors, Ford eta Stellantis enpresetan -big three- historian lehenekoz aldi berean.
Langileen artean haserrea nabaria zen aste batzuk lehenago, eta ez da gutxiagorako. Azken hogei urteetan, sektoreko langileen eros ahalmena %30 murriztu da gutxienez, eta zuzendari handikiek, berriz, euren soldata gizenak %40 igo dituzte azken lau urteetan.
Hain zuzen ere, langileen aldarrikapenetako bat hori da, % 40ko soldata igoera, eta baita bi mailen sistemarekin amaitzea, izan ere, 2007az geroztik sartu diren langileek gainerakoak baino askoz osasun bitarteko eta pentsio okerragoak baitituzte. Beste aldarrikapen garrantzitsuenetako bat 32 orduko lan astea da, soldata jaitsi gabe, eta nahitaezko aparteko orduak murriztea.
Greba hau lan gatazken uholde bati gehitzen zaio, hain zuzen, Bidenek eta demokratek kosta ahala kosta mantendu nahi duten bake soziala pitzatzen ari dena. Zamaketarien gatazka eta logistika enpresa handienaren (UPS) greba mehatxua in extremis itxi ondoren, orain Ipar Amerikako langile klasearen sektore erabakigarri bati egin behar diote aurre, eta ekonomiarentzat ondorioak begi bistakoak dira. Horregatik, azken gatazketan bezala, Biden dagoeneko atera da greba saboteatzera eta langileak presionatzera, enpresa horien irabazi lizunak bermatzeko.
Aldaketak mugimendu sindikalean
UAW autoen sindikatua tradizioz elementu eskuindarrek kontrolatu izan dute, baina azken urte hauetako klase borrokaren gorakadak barnetik astindu du. Bertako presidentearen hautaketa lehen aldiz militantzia osoari ireki zaionean, joan den martxoan Shawn Fain irten zen garaile, eta esan zuen, hitzak hitz, UAWk hamarkadetan izan duen ibilbide mafiosoarekin hautsiko zuela.
Ustelkeria hain zen handia, ezen aurreko zuzendaritzako kide batek dozenaka mila dolar gastatu baitzituen tabakoan, eta beste batek sindikatuaren 30.000 dolar ezkutatu baitzituen bere etxean. Gainera, azken hiru presidenteetatik bi kartzelan sartu zituzten ustelkeriagatik eta, inoren harridurarako, patronalaren eroskeria onartzeagatik.
Grebak sektorea porrotera eramango duela egozten duen patronalaren aurrean, Fainek erantzun zuen: "ez dugu ekonomia hondoratuko. Euren ekonomia suntsituko dugu. Alegia, klase milioidunarentzat bakarrik funtzionatzen duen ekonomia, eta ez langile klasearentzat ". Eta gaineratu zuen, "milioidunek ez lukete existitu behar, milioidunen existentzia hutsak erakusten digu gutxi batzuen mesedetan funtzionatzen duen ekonomia dugula, eta ez askoren mesedetan".
Bestalde, UAWk sare sozialetan argitaratu duen bideoetako batean, 1936-1937ko Flinteko greba historikoaren espiritua berreskuratzeko deia zabaldu zuen. Greba horretan, UAWko zuzendaritza komunistak General Motors lantegiaren okupazioa zuzendu zuen ia bi hilabetez, patronalari eta guardia nazionalaren errepresioari aurre eginez. Roosevelten gobernu garaian izan zen eta herrialde osoko langileentzat erreferentzia bihurtu zen garaipen sendoa erdietsi zen.
Irmotasun osoz kolpatu
Zoritxarrez, greba hasi baino egun batzuk lehenago, Shawn Fain hitzaldia epeltzen hasi zen, eta " greba estrategia "berritzaile" bat planteatu zuen, “Stand Up Strike” izenekoa: oraingoz fabrika batzuk bakarrik geldiaraztea, modu selektiboan. Artikulu hau argitaratu den unean, greban dauden fabrikak soilik Wentzvill (GM) Missourin, Toledo (Stellantis) Ohion eta Michiganeko muntaia lantegia (Ford) dira, sektoreko ia 150.000 langileetatik 13.000 guztira.
Estrategia honek, egia esan, ez du plantilla osoak duen indar izugarria zabaltzen. Langile guztien %10 baino gutxiagori deitzea ez dator bat "Flinteko grebaren espiritua berreskuratzeko" helburuarekin, hasieratik bere masibotasuna eta erradikaltasuna ezaugarri izan baitzituen. Gainera, kontuan hartu behar da greba deialdia langile guztien %97k babestu dutela eta piketeetan eta mobilizazioetan arnasten den giroa elektrikoa dela.
Formula horrek, gainera, arazo handiak izan ditzake. Grebalarientzat erresistentzia kutxako baliabide gutxiago eskainiz greba luzatzeko aukera eman beharrean, luzera begira plantilla zatitu dezake, gelditu direnen artean, eskatzen dituen sakrifizio ekonomiko izugarriekin, eta ez direnen artean. Gainera, urrezko denbora emango dio sektore guztietako patronalari ekoizpena eta banaketa antolatzeko, baita eskirolajea ere grebalariei irmoago eta koordinatuago erantzuteko.
Grebalarien erabateko garaipenerako baldintza argiak daude, baina garaipen hori erantzun sendo batekin bakarrik eman daiteke: langile guztiak greba militantera deituz, lantegi guztietan batzar masiboak eta batzordeak antolatuz ordezkari sindikal eta langileekin, komunitateen artean erresistentzia-kutxa indartsuak eraikiz, osasun laguntza barne, eta horrela greba mugagabe indartsu bat altxatuz. Eta Flinten bezala, patronalak amore ematen ez badu, mahai gainean jarri behar da lantegien okupazioa eta nazionalizazioa, langileen kontrolpean.
Burgesia estatubatuarrak eta Biden presidenteak berak benetako izua dute borroka honek pizten duen elkartasunaren aurrean eta beste sektore batzuk kutsatzeko aukeraren aurrean. Teamsters, gidarien sindikatuak, duela gutxi borrokan aritu da eta orain greban dauden enpresen ibilgailuak garraiatzeari uko egin dio. Kalkuluen arabera, 10 eguneko grebak 5.600 milioi dolar galaraziko lizkioke AEBetako ekonomia osoari.
Langile estatubatuarren arteko giroa gori gorian dago. Sektorez sektore greba deialdiak egiten dira, eta AEBetako industriaren bihotzean erabateko grebak are gehiago bultza lezake norabide hori. Dinamika honekin bat egin duten azkenak urriaren 1etik aurrera grebara joatea onartu duten Kaliforniako 60.000 osasun langileak dira, euren aldarrikapenak betetzen ez badira. Beraz, ofentsibara joateko eta greba gogortzeko baldintzak daude!