Argentinako presidentzialetan Javier Mileiren garaipenak milioika pertsona asaldatu ditu mundu osoan. Milei ez da inolako antisistema, ezta "bertso solte" bat ere, Vox, Trump eta Bolsonarorekin identifikatutako faxista bat da. Pribatizazio basatien politika neoliberala garatzea eta langile klasea eta eskubide demokratikoak gogor erasotzea ditu jomuga, eta horrela adierazi zuen kargua hartzean.
Milei ez da kikiltzen 70eko hamarkadan dozenaka mila ekintzaile ezkertiar sarraskitu zituen diktadura justifikatzeko. Eskuin muturreko indarkeria supremazista eta arrazista aldarrikatzen du argi eta garbi. Herri palestinarraren aurkako genozidio sionista publikoki babestu ondoren, Tel Avivera joan da Netanyahuri ohore egitera.
Pertsonaia hau pakete osoarekin dator. Matxista aitortua da eta abortatzeko eskubidearen debekua bere kanpainaren ardatzetako bat izan da. Nola ez, klima aldaketa ezbairik gabe ukatzen du eta Argentina ingurumena suntsitzen duten enpresa multinazionalen paradisu bihurtzeko prest agertu da.
Hori guztia da Milei, eta horregatik eragin du hain ardura handia hautagai batek inoiz lortu duen babesik handienarekin gailendu izanak: 14.554.560 boto jaso ditu (%55,65) eta 23 probintzietatik 20tan irabazi du. Peronismoaren hautagai zen Sergio Massak baino 11,3 puntu eta 2.955.840 boto gehiago lortu ditu.
Massa hautagaiak, Alberto Fernandezen Gobernu peronistako Ekonomia ministro ohia, indar politiko honen emaitzarik eskasenetakoa jaso du. Nahiz eta ezkerreko milioika langile militantek eta peronistek sudurra estalita bozkatu zuten ultraeskuindarren garaipena eragozteko, biztanleriaren sektore zabalek ez dute Massa barkatzen eta herrialdeak pairatzen duen hondamendi ekonomiko eta sozialaren erantzule zuzentzat jotzen dute: %142ko inflazioa dago Argentinan, 18,6 milioi pertsona pobrezian bizi dira eta horietatik 4 milioi muturreko txirotasunean.
Kolapso honen erdian, Mileik arrakasta izan du eskuinerantz erradikalizatuta dauden erdi mailako geruzak masiboki mobilizatzen eta gobernu peronistarekin erabat atsekabetuta eta desmoralizatuta dauden gazte eta langileen sektoreekin konektatzen. Bere burua "kaosaren konponbiderako" alternatiba bakartzat aurkeztu du eta zinikoki "joan daitezela denak " edo "kasta kanpora" gisako kontsignak erabili ditu horretarako. Massak berriz, bigarren itzuliko kanpainan eskuin tradizionalarekin batasun nazionaleko gobernua eratzea proposatu du. Enpresariei babesa eta "zentroko botoa" eskatzen aritu da, bere diskurtsoan ezkerreko erreferentzia oro ezabatuz. Mileiri lana erraztu besterik ez dio egin.
Langile klasearen aurka
Milei muturreko erreakzioaren hautagaia da, klase agintariaren eta kapital finantzarioaren gehiengoarena argi eta garbi, horiek langile klaseari kolpe suntsitzaile bat emateko aukera gisa ikusi baitute. Bere kaxara eta libreki jarduten duela pentsatzea ergelkeria hutsa da. Mileiren programa, banku eta enpresa handietako administrazio kontseiluetan hilabete luzez su motelean prestatu da. Benetako gerra deklarazioa da:
- Enpresariei eta lurjabeei zergak murriztea eta kentzea. Argentina zerga ihesaren lehen postuan kokatzea eta kontinenteko zerga paradisuan bihurtzea.
- Ekonomiaren dolarizazioa; horrek aberastasuna modu masiboan errenta baxuenetatik altuenetara igaroko luke, eta desberdintasunak modu basatian handituko lituzke.
- "Estatua xukatu", enpresa publiko estrategikoak pribatizatu, baita hezkuntza, osasuna, pentsioak eta gizarte-zerbitzuak ere.
- Lan kontrarreforma, kaleratze librea bermatzeko, hainbat kalte ordain ezabatuta. Sindikatuen ahalmena kolpatzea, grebarako eta manifestaziorako eskubideak mugatzen dituzten lege errepresiboen bidez.
- Abortatzeko eskubidea indargabetzea eta mugimendu feministak azken urteetako borrokarekin lortutako beste konkista batzuk ezabatzea.
- Armak eramateko eskubidea legeztatzea, pistolerismo faxista bultzatzeko neurria-¡.
- Errepresio legeak gogortzea, armadaren eta poliziaren finantzaketa, boterea eta inpunitatea indartuz.
- Etorkinen eskubideen murrizketa zorrotzak, deportazioa eta bazterketa erraztuz.
"Kastaren aurkako" eta "joan daitezela denak" leloen hipokresia eta zinismoa agerian geratu da neurri horiek zein Ministroen Kontseiluk aplikatuko dituen jakin denean. Kontseilu horretan bildu ditu Nazioarteko Diru Funtseko funtzionarioak eta funtzionario ohiak, bankuetako zuzendariak, inbertsio funtsak eta think tank inperialistak, eta Menem edo Macriren gobernu neoliberaletako karguak, baita eskuineko peronismokoak ere.
Iruzur hutsa da, faxistek beti egin izan duten bezala, demagogia populistaz estaltzen saiatzen dena oligarkia finantzarioaren alde gobernatzeko bide totalitarioa.
Eskuin muturraren mehatxu globala
Argentinan ikusten duguna, XX. mendeko 30eko hamarkadarekin gero eta antz handiagoa duen prozesu baten parte da. Jakina, ez da errepikapen zehatza. Langile klasea orduan baino ugariagoa da gaur egun eta erregimen faxistek nahiz diktadura militarrek egindakoen memoria historikoak masen sektore zabalak mobilizatzen ditu. Baina horrek berez ez du ezer bermatzen.
Ezker erreformistako sektoreek eta marxista direla dioten batzuek ere Milei, Trump edo Bolsonaroren "erokeriak" eta eldarnioak erabili dituzte argumentu gisa ordezkatzen duten arriskua gutxiesteko, baita euren diskurtso sutsu edo "antisistemak" ere, gizabanako hauek outsider edo bertso solte gisa definitzeko. Eskuin muturreko erreakzioaren benetako izaera eta kausak azaldu beharrean, horrelako azaleko irakurketak egitea, ekintzaileen eta langileen begietara kea jaurtitzea da, jokoan dagoenaren larritasuna ezkutatuz.
Ezberdintasunak ezberdintasun, Hitler edo Mussolinik ezaugarri horietako asko partekatzen zituzten, xelebrekeria eta eldarnio mordoa. Garai hartan ere, askok elementu akzidental eta iragankor gisa aurkezten zituzten, adierazten zuten arrisku mortala gutxietsiz.
Gaur egun, auziaren funtsa orduko bera da. Pobretzeak eta desberdintasun jasanezinak bat egiten dute demokrazia parlamentarioaren, alderdi burges tradizionalen eta sistemari eusten dion ezker tradizionalaren sinesgarritasun krisiarekin. Endekapen soziala da polarizazio politikoa eragiten duena, eta horrek gero eta latzagoak diren joerak, ezker-eskuin, erdi mailako geruzetatik hasita.
Zergatik irabazi du Mileik?
2019ko urriko hauteskunde presidentzialetan “Frente de Todos” koalizioaren garaipena itxaropen handiz hartu zuen langile klaseak, ordurako gogor jotzen zuen krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri kementsuak esperoz. Koalizio hori Cristina Fernández de Kirchner (CFK) buru zuen peronismoaren ezker hegalak eta Alberto Fernández y Massaren eskuin peronistak osatzen zuten.
2021eko azaroaren 14ko hauteskunde legegileak atsekabe gero eta handiagoa adierazi zuten eta egungo polarizazioa aurreratu zuten. Eskuinetik Milei agertu zen lehen aldiz, Parlamentuan bi diputatu eta 1.291.999 botorekin sartuz (%5 guztira, baina Buenos Airesen kontzentraturik, %20 inguru). Oinarri peronisten haserrea azaleratu zen, Cristina Kirchnerri eskatu ziotenean Fernandez eta Massari aurre egiteko. Ezkerrerago, ezker antikapitalistaren indar nagusiak, “Frente de la Izquierda y los Trabajadores-Unidad” (FIT-U) emaitza historikoa lortu zuen: 1.280.240 boto, Mileiren parean botoetan eta portzentajean, baina 4 diputatu lortuz “Libertad Avanzak” 2 zituen bitartean.
Bi urte geroago, Mileiren babesak ikaragarri gora egin du, eskuineko blokearen buru bihurtu eta garaipena lortu duelarik. Baina peronismoaren barruan kirchnerismoa mutu geratu da eta Massaren esku utzi dute Mileiri aurre egitea. Ezkerrean, FIT-Uk milioi erdi boto galdu ditu.
Nola da hori posible krisi ekonomikoak okerrera egin duenean eta sistemaren beraren zilegitzea izugarri erori denean? Azalpena ez dago masei errua botatzean, borrokarako deia egin zaien bakoitzean erantzun baitute, eta mobilizazio handiak egin dituzte, hala nola marea berde feminista edo Jujuykoa bezalako altxamendu sozialak, aurtengo ekainean.
Arazoa Gobernu peronistaren politika eskuindarra eta kapitalista izan da, Nazioarteko Diru Funtsaren, Argentinako burgesiaren eta Estatuaren aparatuaren aurrean egindako etengabeko kapitulazioa. Arazoa filiazio peronistako sindikatuek estrategia horrekiko duten erabateko mendekotasunean dago, langile klasearen erantzun sendo eta iraunkorrak etengabe blokeatu baitituzte eta ez dute murrizketa sozialen eta inflazio latzaren aurka borrokatzeko greba orokorrik deitu. Kapitalari bakarrik mesede egiten dion bake soziala blindatu dute. Desmobilizazioaren politikak langileen borroka ugari porrot mingotsetara eraman dituzte.
Faktore horiek erabakigarriak izan dira etsipen soziala eta atsekabe kolektiboa hedatzeko. Buruzagi peronistek bidea ireki diote eskuin muturraren gorakadari, kolpez kolpe, desengainutik desengainura hazi dena. Eta horretan, ezker peronista deritzonak ere lagundu du bere inkoherentzia eta jarrera zalantzatiekin.
Cristina Fernandezek eta ezker kirchneristak Podemos Espainiako Estatuan edo PCCh Txilen bezala jokatu dute: sozialdemokraziaren politika eskuindarrenak kritikatuz, baina benetako orduan aurre egiteari uko eginez, Gobernuan mantenduz, kaleetan mobilizatu eta alternatiba bat altxatu beharrean.
Horrela, masen eszeptizismoa eta frustrazioa biziki elikatu dira, muturreko eskuinari bere demagogia populista esplotatzea erraztuz, langile pobretuen, langabetuen eta espektatibarik gabeko gazteen sektore etsi eta kolpatuenetara iristeko. Puntu horretan ere antzekotasunak daude joan den mendean faxistek lortu zuten babes sozialarekin.
FIT-U osatzen duten alderdiei dagokienez, Gobernuari aurre egiten eta mobilizatzen jardun arren, aukera bat bestearen atzetik alferrik galdu dute ezkerreko oinarri peronisten entzumena irabazteko, aurrera egiteko aukera emango zien fronte bakarreko politikari uko eginez. Doktrinarismoak eta sektarismoak benetan paper kaltegarria jokatzen dute eskuin muturraren aurka klase batasuneko politikak zabaldu behar direnean.
Lehen itzuliaren balantzean azaldu genuenez: "Kapitalismoa salatzeak eta nazionalizazioak bezalako kontsigna zuzenak planteatzeak masen babesa lor dezake baldin eta, nahitaez, borrokan ekintza batasunaren politika ez sektarioarekin eta egunerokoan praktika iraultzailearekin lotzen badira; argi eta garbi esanaz zer den Milei, faxista bat, eta hautestontzietan eta kalean masiboki mobilizatzera deia eginez hura garaitzeko. FIT-Uk ez luke arazorik izan behar manifestazioak, batzarrak, ekintza-batzordeak eta autodefentsa bultzatzeko, ezker peronistaren eta kirchneristaren oinarriei deia zabalduz elkarrekin borrokatzeko. Hori programa sozialista aplikatzeko borrokaren parte da (...) Ezker iraultzaileak argi eta garbi adierazi behar du Mileiren aurkako borroka irmoa, eta ezin dio hauteskundeen eremuari muzin egin. Boto baliogabera edo abstentziora deitzea, azken batean, berdin diola nork irabazten duen esatea da, Milei eta peronismoa gauza bera direla. Eta hori sakoneko akatsa izango litzateke, ezker borrokalari eta militanteak gogor ordaindu lezakeena".
FIT-Uk aukera paregabea galdu du Mileiren aurkako borroka irmo eta ausardiaz gidatzeko eta horrela milioika langile peronistekin konektatzeko. Bigarren itzuli honetan izan duen jarrera abstentzionistak, eta bertan parte hartzea aktiboki ukatu izanak hautagai ultraeskuindarra garaitzeko beharra nabarmenduz, Trotskyk hainbeste salatu zituen "hirugarren aldiko" politika sektarioen eta ezkerkeriaren antz handiagoa du, erreakzioari aurre egiteko erakunde erreformista eta sozialdemokratekin fronte bakarreko taktika leninista baino.
Eta orain zer?
Mileiren hauteskunde garaipen zabalak eta peronismoaren porrotak Gobernu aldaketa soil batetik haratago doan sakoneko prozesua islatzen dute. Argentinako kapitalismoaren krisia hain da sakona, ezen egoerak klaseen arteko aurrez aurreko borrokara bultzatzen baitu.
Burgesiako zenbait sektore beldur dira goizegi piztu daitekeen talka baten ondorio sozialekin. Horregatik, eskuin peronistaren eta eskuin tradizionalaren batasun nazionaleko Gobernu baten alde egiten zuten, baita eraso eta murrizketa mailakatuagoko politika baten alde ere, masak kontrolpean mantentzeko sindikatuen burokrazian oinarrituta. Baina Argentinako kapitalismoaren krisia sakontzen ari den heinean eta Mileik hauteskunde kanpainan erdi mailako geruzen babesa lortu duenez, sektore erabakigarriek aurrez aurreko erasoaldi bat abiatzearen alde egin dute.
Halako hauteskunde porrot gogorrak, epe laburrean shock egoera eragingo du milioika gazte eta langilerengan. Datozen hilabeteak oso zailak izango dira. Baina Argentinako langile klasea ez dute zapaldu. Klase arteko borroka garai erabakigarrian sartu da, Mileiren agendak ezin duelako konpondu Argentinako kapitalismoak pairatzen duen krisia. Guztiz kontrakoa. Are gehiago areagotuko du eta altxamendu sozial berriak eragingo ditu.
Datozen hilabete eta urteetan, eta milioika langile eta gaztek biziko duten esperientzian oinarrituta, aukera izugarriak izango dira masa mugimenduan sustraiak dituen alternatiba iraultzaile bat eraikitzeko, boterea hartzeko eta herrialdea lerro sozialistetan eraldatzeko. Hori da Milei garaitzeko bide bakarra eta are eszenatoki beldurgarriagoak eragotzi ditzakeena, Argentinako historiak 1976 eta 1982 artean ezagutu zituenak.
Irteera ez da erraza eta oztopoak asko dira. Horregatik, azken urteetako akatsetatik ikasgai guztiak atera behar ditugu, eta ezker iraultzaile indartsua eraikitzeari ekin behar diogu, programa sozialista batekin eta fronte bakarreko taktika marxista batekin, zapaldu guztiak bilduz. Datozen gertaerek ez dute arnasik emango. Eta langile argentinarrek berriro erakutsiko dute euren borroka tradizioak ez direla iraganeko oroitzapena.