Txileko ikasleek urtebete daramate unibertsitatearen finantziazio sistema aldatzeko borrokan. Azken urtean mobilizazio masiboak egin dituzte hezkuntza ertaineko gainerako ikasleekin, irakasleekin eta langile klasearekin bat egiten zuen borroka plan batekin. Ikasleen borroka hau eragin sozial eta politiko sakona izaten ari da, ez dute tasen kontrako borroka bezala bakarrik ikusten, eraldaketa sozialistaren beharra agerian uzten ari dira.
Txilen unibertsitate tasa altuak egotea Pinocheten garaian egondako zerbitzu publikoen pribatizazio prozesuaren fruitu da. Honela, estatuak unibertsitate tasen %25 bakarrik ordaintzen zituen, eta ikasleek gainerako %75a. Karrera baten batez besteko kostua lau mila dolar ingurukoa da urteko, eta kasu batzuetan zortzi mila izatera irits daiteke. Honek automatikoki kalean uzten zituen diru sarrera urriak zituzten familiak, hau da, gehiengoa, eta ikasi nahiko balute banketxeei kredituak eskatu behar zizkien; honek karrera amaitzeko ere zorpetzea eta hipotekatzea zekarren.
Langile klasearekin bat egitea
Piñeraren gobernuak mugimendua geldiarazi nahi izan zuen errepresioa erabiliz: karga polizialak, milaka atxilotu mobilizazioetan, manifestazioen ohiko ibilbideak debekatu karabineroen errepresioa errazteko… Hau guztia bere eskubideen alde borrokatzen zuen gazteria ahultzeko eta isolatzeko pentsatua zegoen. Hala ere, ikasle mugimenduak, Txileko Unibertsitateko Ikasle Federazioa (Fech) buru zuela, langile mugimendu antolatuarekin bat egiteko deia egin zuen, eta honek gobernuaren errepresioari aurre egin eta borrokan aurrera jarraitzeko aukera emateaz, indar gehiago eman dio mugimenduari. Tasen aurkako eta bekak igotzearen aldeko borroka sinpatia handiz ikusten du gizartearen gehiengoak, Pinocheten aurkako borrokaren jarraipen bezala ikusten baitute, eta Pinocheten ondarea ez da oraindik amaitu. Horregatik munduko kobre guztiaren %11 ekoizten duen Codelcako meatzarien grebari lotu zitzaien hasieratik. Honek ikasleei indarra eman zien CUT Txileko sindikatu nagusiko agintariak behartzeko Txileko Ikasle Konferedazioak urriaren 18 eta 19rako antolatutako ikasleen geldialdi nazionala 48 orduko greba orokor bilaka zezaten.
Gobernuaren eskaintza eskasa
Langile klaseak eta gazteriak erakutsi duen indar hau izan da, hain zuzen ere, Piñeraren gobernua behartu duena ikasleen aldarrikapenak baretzen saiatzeko negoziazio mahaia irekitzeko. Kreditu sistema ezabatzea eta unibertsitatearen finantzaketa agentzia “publiko” espezializatu baten ardura izan zedin proposatu zen. Sistema berri honek ez du bere baitan hartzen irakaskuntza doakoa izatea, eta baliabide ekonomiko gutxien dutenek ezingo dute unibertsitatean matrikulatu. Bestalde, bigarren hezkuntzako 200 ikasle bidali dituzte beren institutuetatik pasa den kurtsoko mobilizazioetan parte hartzeagatik. Gertakari errepresibo honen helburua mugimendua unibertsitateko eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean zatitzea zen. Hala ere, neurri honek mugimendu ahuldu beharrean, mugimendua elkartu eta indartu du. Gobernuaren eskaintzak eskasak direla ikusita, udaberri honetan beste bi greba deitu dituzte estatu mailan, eta bertan unibertsitateko eta hezkuntza ertaineko ikasleek, irakasleek eta CUTek parte hartu dute. Apirilaren 25ean 60.000-80.000 lagun inguru izan ziren Santiagoko manifestazioan, eta maiatzaren 16an 100.000 laguneko manifestazioa egin zen. Mobilizazio hauek gazteria eta langileria batzen direnean daukaten indarraren adibide bikainak dira; batasun honek indarra ematen die kalitatezko eta doako hezkuntza lortu arteko borrokan amorerik ez emateko.