Duela ehun urte, Vladimir Ilich Lenin, teorialari marxista handia, Alderdi Boltxebikeko, 1917ko Urriko eta Internazional Komunistaren gidaria, Gorki hirian hil zen, Moskutik oso gertu.
Tribuna akademikoetatik gezur mordoa jaurti dira, biografia higuingarriekin eta etengabe Lenin diktadura odoltsu baten aitzindari gisa aurkezten duten artikuluekin. Epigono estalinistek ere baliabide izugarriak erabili zituzten Leninen pentsamendua desitxuratzeko. Baina hala eta guztiz ere, milaka iraultzaileentzat eta komunismoaren ideietara hurbiltzen ari den belaunaldi berriarentzat, haren lanak izugarrizko balioa du hemen eta orain basakeria kapitalistaren aurka egiten dugun borroka argitzeko.
Bere ondare politiko itzelak komunista baten erretratua osatzen du: ez zitzaion gizakiaren aferetatik ezer arrotz egiten, Marxen hitzak erabiltzearren. Umiliatuekin eta esplotatuekin zuen konpromisoaren bidetik, irmo eutsi zion moral hoberenaren etikari: klase, nazio, genero edo arrazako zapalkuntza ororen aurka borrokatzen dutenena, benetako internazionalismo proletarioaren alde egiten dutenena eta burgesia inperialistaren eta sozialdemokrazia militaristaren aurka gogor ekiten dutenena.
Leninek kapitalisten eta ordena burgesaren zerbitzarien gorroto izugarria irabazi zuen, inoiz ez baitzioten barkatuko historiako lehen iraultza sozialista garaile hartan izan zuen eginkizun erabakigarria. Aldiz, klaseko kontzientzia dugun langileok esker on handia eta zintzoa baino ezin diogu adierazi.
Ondare ikaragarria
Zaila da Leninen pentsamendu zabala eta militante gisa egindako jarduna laburtzea. Teoria marxistan garatu zituen alorrak aipatze hutsa, gaur egun oraindik ere ezinbesteko erreferentzia diren idatzietan jorratu zuen guztia, lan konplexua da.
Hasieran, ideia anarkista eta populisten lan kritikoekin nabarmendu zen (Kapitalismoaren garapena Errusian), eta proletalgoaren alderdi iraultzailearen eraikuntza jorratu zuen (Zer egin?, Sozialdemokraziaren bi taktika iraultza demokratikoan), hain zuzen, bere bizitzako lan handia izango zena.
1789-1793ko Frantziako Iraultzaren, 1848ko Alemaniako Iraultzaren eta 1871ko Parisko Komunaren azterketa sistematikoa funtsezkoa izan zen bere formulazio estrategiko garrantzitsuenetarako. Burgesia liberalarekin klaseko kolaborazio politiko orori uko egin zion. 1905eko Errusiako Iraultzan hartu zuen jarrerak eta Tsarraren tiraniaren aurka matxinada armaturako egin zuen deiak Gueorgui Plejánov marxismo errusiarraren fundatzailearekin behin betiko haustera bultzatu zuten, eta are gehiago sakondu zituen desadostasunak 1903ko zatiketatik sortutako Alderdi Sozialdemokrata Errusiarreko hegal oportunistarekin (mentxebikeak). Gertaerek Leninen eta boltxebismoaren jarrera aldarrikatu zuten urte nahasi haietan (Urrats bat aurrera, bi pauso atzera edo Sozialdemokraten nekazaritza programa lehen Errusiako Iraultzan).
Kontrairaultzaren garaipenaren aurrean eta etsipen orokortuaren erdian, materialismo dialektikoa aldarrikatzera bideratu zituen bere indarrak. Leninentzat beti izan zen hori sozialismo zientifikoaren giltzarria eta etengabe lantzen zen gaia alderdiko koadroen eta militanteen heziketan eta prestakuntzan (Materialismoa eta enpiriokritizismoa).
Auzi nazionalari buruz egindako lanek, Rosa Luxenburgorekin izandako polemikan (Nazioen autodeterminaziorako eskubidea), jauzi handia suposatu zuten programa marxista argitzeko, bai nazionalitate eta nazio zapalduetako iraultzaileentzat, bai potentzia zapaltzaileetakoentzat ere. 1914ko astinaldi handian Leninek ez zuen zalantzarik izan Bigarren Internazionalaren degenerazio oportunistaren eta sozialismoari eginiko traizioaren aurka altxatzeko (Bigarren Internazionalaren porrota, Sozialismoa eta Gerra). Garai hartan, Marxek egindako azterketa ekonomikoetan eta mundu mailako kapitalismoaren kontraesanei buruzko oharretan sakondu zuen; inperialismoa gainditu ez den Estatuko kapitalismo monopolista gisa ezaugarritzeko (Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena).
1917ko otsaileko Iraultza lehertu zenean Lenin erbestean zegoen. Apirilean Petrogradora iritsi bezain laster, talentu sakona, sortzailea eta oso malgua erakutsi zuen. Errusiako Iraultzaren izaerari buruz “boltxebike zaharrekin” eztabaidatuz, Leninek alderdiaren programa osoa birbideratu zuen, iraultzaren fase burgesa burututa zegoela azpimarratuz.
Jarrera horrek mentxebikeen eta behin-behineko Gobernuaren aurkako norgehiagoka gogorra ekarri zuen. Boltxebikeek modu irekian salatu zuten Gobernu horrek burgesia liberal errusiarrarekin eta potentzia inperialista aliatuekin zuen kolaborazioa. Leninek irmoki planteatu zuen botere guztia sobietengan ezartzea, langile-boterearen batzar demokratikoetan alegia eta helburu hori iraultza sozialistarekin bakarrik lor zitekeen.
1917ko idatziak iraultza garaiko irakaskuntzen eskola agortezina dira: ideiarik konplexuenak modu lasaian azaltzeko metodo dialektikoa, langileen eta nekazarien babes kontzientea lortzeko behar den «ausardia, ausardia eta ausardia gehiago», taktika eta estrategia iraultzailea. Gutunak urrutitik, Apirileko Tesiak, Boltxebikeak boterean mantenduko al dira?, Estatua eta iraultza, Matxinadaren artea… ehunka artikulu, aldarrikapen eta diskurtsorekin batera, propagandaren eta teoriaren bulkada izugarria bihurtu ziren.
Eta bulkada hori indar material bihurtu zen, milaka ekintzaile boltxebikek fabriketan, kuarteletan, frontean, nekazarien artean egindako lanari esker, Leninek emandako kontsignetan eta azterketan oinarrituta. Hori gabe, langileria iraultzaileak ez zuen inoiz burgesia menderatu ahal izango.
Leninek izan zuen papera Langile Estatuaren eraikuntzan eta Internazional Komunistaren (IK) sortzaile gisa, islaturik geratu zen Gobernu iraultzailearen dekretu garrantzitsuenetan, IKren lehen lau kongresuen manifestu eta ebazpenetan, eta erreformismoko buruen eta alderdi komunista sortu berrietako militante «ezkertiarren» aurka garatu zituen polemiketan (Iraultza proletarioa eta Kautsky arnegatua, Ezkerkeriaren haur-gaixotasuna komunismoan).
Eraikuntza sozialistaren arazoetan material ugari erabili zituen, batez ere nekazariak ziren eta potentzia inperialisten esku-hartze militarrak setiatutako herrialde batean. Hori dela eta, azterketa sakona merezi du. Bai Armada Gorriaren eraketari buruzko eztabaidetan, bai Trotskiri lan horretan eman zion laguntzari buruzkoan, bai Brest-Litovsken bakeari buruzko eztabaida eragin zuen errealismo iraultzailean, bai eta tsarismoak esklabotutako nazioen autodeterminaziorako eta independentziarako eskubide eraginkorrean eta Sobietar Batasunaren eraketari buruzko eztabaidetan ere, Leninek marxismoaren maisu gisa jardun zuen.
Emakumearen askapenari eta gazteriari buruzko bere idazkiek agerian uzten dute sektore zapalduenek sozialismoaren eraikuntzan jokatu behar zuten ezinbesteko zereginaren kontzientzia osoa.
Marxismoak lehenago landu ez zituen arazo ezezagunei ere aurre egin behar izan zien Leninek. Gerra inperialistaren eta kontrairaultzaren ondorio suntsitzaileak ezin izan ziren saihestu. Industriaren eta garraioen deslokalizazioari, eskasiari eta goseari, langile-klasearen murrizketari eta Sobietar Estatuaren kudeaketan esku hartzeko zituen zailtasun handiei gehitu zitzaien SESBen isolamendua, Alemanian, Italian, Hungarian... iraultzaren porroten ondoren.
Baldintza objektiboak oso konplikatuak ziren langileen benetako demokrazia loratzeko.
Leninismoa eta estalinismoa
Oztopoz izugarrien testuinguru batean, Leninek atzera-egite taktiko handiak planteatu zituen. Esate baterako, Politika Ekonomiko Berria (NEP) abiarazi zuen, gerrako komunismoaren ordez. Baina azken borrokaldi handian, hain ezaguna izan ez arren estalinismoak hamarkadetan zehar ezkutatu zuelako, leninismoaren zintzotasuna eta pentsamenduaren sakontasuna benetan agerian geratu ziren.
Leninek argi ohartarazi zuen tumore burokratiko batek mehatxatzen zuela iraultza, eta zalantzarik gabe adierazi zien alderdiko kideei gertaeren norabidea zuzentzeko premia.
Stalinekin hainbat liskar izan zituen: kanpo-merkataritzaren estatu-monopolioa kentzeko Stalinen egitasmoen harira izandako (langile-estatuaren funtsezko zutabeetako bat zen hori); SESBen eraketari buruzko eztabaidan, errusiar chauvinismo handia salatuz, hala nola, Ukraina eta Georgia mendean hartzeko saiakera; Trotskirekin eginiko blokea, alderdiaren berehalako kongresuari aurre egiteko, eta azkenik, 1923an Leninek Stalinekin harreman pertsonalak hautsi zituen, Krúpskaiak jasandako hitzezko erasoaren ondoren.
Sobietar Batasuneko Alderdi Komunsitaren XIII. Kongresura bidalitako gutunek, historiara Testamentu gisa pasatu direnak, alderdiaren etorkizunari buruzko jarrera definitzen dute. Baina Leninen lana burokrazia estalinistak usurpatu zuen, hil ondoren.
Denbora gutxian, funtzionario pribilegiatu batzuek Alderdi Boltxebikeari eta haren agintariei buruzko faltsutze historikorako eskola bat sortu zuten. Urteetan zehar, jarraibide berrien arabera pentsamendu leninistaren sorburu iraultzailea kamusteko lanak, boltxebismoaren programa internazionalistaren ordez, «herrialde bakarreko sozialismoa» ezartzea ekarri zuen.
Ondare leninista lurperatzea ez zen batere erraza izan, Stalinek purgak eta kanporatze masiboak egin behar izan zituen, baina, ezbairik gabe, 1936-1938ko epaiketa-fartsek eta Leninen lankide izan zirenen aurkako indarkeria krudelenak, iraultzari egindako traizioa koroatu zuten. Alderdi Boltxebike zaharra zapaldu egin zuten.
Leninen lan politikoaren eta praktikoaren aztertzeak ondorio argia dakar: ez dago ezer urrunagorik Stalin, burokrazia termidoriarraren patroia baino, haren izaera, ideia eta metodoei dagokienez. Marxismoarekin zerikusirik ez duen ikuspegi zital batetik soilik aurkez daiteke Alderdi Boltxebikeko, Sobietar Estatuko eta Internazional Komunistako borrokalaririk onenak erail zituen arduraduna Leninen zilegizko ondorengo bezala.