Borrokatu zutenei omenaldirik hoberena: gizartea eraldatzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea

Martxoaren 3an, erregimen frankistak Gasteizko langile mugimenduaren aurka egindako sarraskiaren  urteurrena betetzen da. Francoren poliziak egindakoa “historiako jipoirik handiena” gisa deskribatu izanak, aise gogora ekartzen digu egungo indar errepresiboen harropuzkeria eta patronalaren interesak defendatzeko talde armatu gisa duten funtsezko eginkizuna.

Espainiako justiziak ez zituen inoiz sarraski horren arduradunak epaitu, besteak beste, Manuel Fraga Iribarne -Alianza Popular eta gero PP bihurtuko zen alderdiaren sortzailea-, eta Martín Villa. Aitzitik, hedabide nagusiek eta instituzioek gezurretan jarraitzen dute "demokrazia" erregeak, Suarezek, Fragak edota Konstituzioaren "gurasoek" ekarri zutela esanaz. Errealitatea oso bestelakoa izan zen. Diktaduraren legeek debekatu eta jazarri egiten zuten biltzeko, manifestatzeko eta klaseko alderdi eta sindikatuetan antolatzeko eskubidea, errepresio bortitzaren bidez, kartzela, hilketa, tortura... erabiliz. Eskubide hauek kalean lortu ziren, Euskal Herriko eta Estatu osoko langile klasearen borroka gogorraren bidez.

Gaur egun, sistema kapitalista beraren eta frankismotik jasotako Estatu aparatu beraren uztarripean bizi gara. Demokraziari eta zuzenbide estatuaren bermeei buruzko diskurtsoak ahoan dituztela, orduan konkistatutako eskubideen aurkako erasoaldia jasaten ari gara. Zalantzarik gabe, euren bizia borrokan eman zutenen lekukoa hartzeko beharra argia da.

Langile klasea frankismoaren aurka altxatu zen

1976an erregimen frankista bere azkenetan zegoen etengabe zabaltzen ari zen greba eta mobilizazio uholdearen ondorioz, bereziki industria biltzen zen hiriguneetan. Langile mugimendua, zailtasun guztiei aurre eginaz, ikaragarrizko indarra hartzen ari zen 60 eta 70 hamarkadetan zehar. Soldaten nahiz bizi baldintza duinen aldeko borroka, askatasun demokratikoen aldeko borrokarekin uztartzen zen, errepresio frankistari aurre eginaz eta geroz eta argiago ezarriz jo puntuan aginte kapitalistaren beraren zutabeak.

Era berean, burgesia etsipena erakusten ari zen, are gehiago Portugalgo Klabelinen Iraultzako altxamendua ikusi ondoren. Garai hartan, euren lehentasuna diktaduran zehar langileria esplotatzetik ateratako aberastasunak eta kapitalismoa bera kosta ahala kosta salbatzea zen.

Frankismoaren deskonposizioa krisi ekonomikoarekin eta klase arteko borrokaren gorakadarekin batera gertatu zen. Datuak adierazgarriak dira. Kapitalen ihesa izugarria zen (1976ko urtarrila eta maiatza bitartean 60.000 milioi pezeta atera ziren); inflazioa %20ra iritsi zen (ogia %40 inguru igo zen urteko lehen hiruhilekoan); langabezian, 1973an 300.000 pertsona egotetik, milioitik gora zeuden 1976an.

Langileen kontzientziazio prozesuaren indartzea ongi islatzen dute garai hartako greben gorakadaren datuek: 1970-72an 846.000 lanaldi galdu ziren grebetan, 1973-75ean milioi eta erdi eta 1976an hamabi milioi baino gehiago. Langile klaseak borroka heroiko batekin erantzun zien burgesiaren eta hilzorian zegoen erregimenaren erasoei. Baina zokoratua eta larriki zauritua zegoen erregimenarekin akabatzeko ezinbestekoa zen herio kolpea ematea.

Plataforma bateratua

Gasteizen, 1976ko urtarrilaz geroztik, hogeita hamar enpresa inguru jarri ziren greban, elkarren artean ekintzak koordinatuz, ordezkariak batzarrean demokratikoki hautatuz, aldarrikapen plataforma bateratuak planteatuz eta horrela aurre eginaz diktaduraren autoritarismoari.

1.- Soldata igoera berdina guztientzat. Puntu hori garrantzitsua zen. Igoera baten eta denontzat berdina den igoeraren arteko aldea, hasieran hutsala eman dezakeen arren, garrantzitsua da, enpresariak langileak zatitzeko erabiltzen duen funtsezko puntua baita. Igoerak ehunekoetan planteatzeak esan nahi du soldata baxuagoa dutenek igoera txikiagoa izango dutela gehiago irabazten dutenek baino. Horrela, langileen arteko ezberdintasuna handitu egiten da. Erantzuna borroka hasi aurretik eman zen: “bizitza berdin igotzen da guztiontzat. Denok borrokatzen badugu berdin, denok jaso behar dugu onura bera”.

2.- Benetako soldataren %100 jasotzea, gaixotasunen edo istripuen aurrean.

3.- Erretiroa 60 urterekin soldata osoa bermatuz.

4.- Lanaldia murriztea.

Borrokan zehar aldarrikapen horiek negoziatzeko aurre baldintzak zehaztu ziren:

• Ez da enpresa bakar batean ere negoziatuko Gasteizen atxiloturen bat badago.

• Ez da enpresa bakar bat ere lanean hasiko Gasteizen kaleraturen bat badago.

• Ez da negoziatuko ez bada batzarretan hautatutako ordezkariekin eta zuzenean patronalarekin.

Benetan nabarmentzekoa da nola langileek kontzientzia hartu zuten. Fabrikako arazoetatik hasi ziren eta gero, batzar bateratuen bidez, borroka langile guztiena zela planteatu zuten.

Hau benetan erabakigarria izan zen: dena erabakitzen zen batzarretan. Hasiera batean, enpresarekin negoziatzen zuten ordezkaritza batzordeak aukeratzen ziren lantegietan, eta, ondoren, mobilizatutako gainerako enpresekin koordinatzen ziren. Horixe izan zen Gasteizko mugimendua berezi egin zuena: borrokan ari ziren enpresen koordinazioa.  Gazteak, emakumeak eta auzo elkarteak batu ziren ordezkaritza batzorde horietara langile botereko egitura bat sortuz, grebak, manifestazioak eta ekintzak, erresistentzia kutxak, atxilotuei laguntzea eta abar zuzendu eta antolatzeko eginkizunetan.

Sarraskia

1976ko martxoaren 3an, Gasteizko langile guztiek bat egin zuten borrokan ari ziren enpresen ordezkaritza batzordeek deitutako greba orokorrarekin. Arrakasta izugarria izan zen. Arratsaldeko bostetan San Frantzisko Elizan batzar orokorra deitu zen grebaren balorazioa egiteko. Ordubete lehenago eliza beteta zegoen, hiria erabat geldituta eta barrikadaz inguratuta. Langile auzo guztietatik milaka gazte, emakume eta langile inguratu ziren hitzordura.

Poliziak, Barne Ministerioaren aginduei jarraituz, eliza ataria inguratu eta errepresioa antolatu zuen. Berehala hasi ziren kristalak hausten eta ke poteak barrura jaurtitzen. Kanpoan, albistea segituan zabaldu zen: poliziak eliza inguratu du, ke poteak bota ditu barrura eta milaka langile itoko ditu. Jendea bere kabuz antolatu zen lagunak askatzeko. Barrualdean, berriz, ahituta eta erdi itota, grebalariak ahal zuten moduan atera ziren kalera. Poliziak korridoreak antolatu zituen borren eta kulaten bidez jendea kolpatzeko, eta, jarraian multzoari tiroka hasi ziren. 2.000 bala baino gehiago jaurti zituzten langile desarmatuen aurka, bost langile hil zituzten eta ehundik gora zauritu.

Gobernuak, patronalak, armadak eta poliziak sarraskia ospatzen zuten bitartean, langile klaseak gertaera horietatik ikasgaiak atera zituen. Langileen aldarrikapen ia guztiak onartu ziren eta urte haietan zehar langile mugimenduak berrogei urtetan izan zituen soldata igoerarik handienak lortu zituen borrokari esker.

Borrokatu zutenei omenaldirik hoberena: gizartea eraldatzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea

73ko krisiak aparteko ondorioak izan zituen: altxamenduak eta prozesu iraultzaileak garatu ziren, diktadurak eraitsi zituzten borrokak, Franco Estatu espainiarrean, Koronelena Grezian eta Salazarrena Portugalen.

Kapitalismoaren egungo krisia 1973koak baino askoz sakonagoa da. Gaur, berriz ere, erasoaldi handia bizi dugu, krisiaren aitzakia erabiliz langileak kaleratzeko, prekarizatzeko eta pobretzeko, bankari eta enpresari handien irabazi ekonomikoen mesedetan.

Borrokaren bidez ikasten du langile mugimenduak, eta horrela zabaltzen du bere klase-kontzientzia. Horregatik da hain garrantzitsua iraganeko ikasgaiak biltzea. Egungo egoeran funtsezkoak dira antolakuntza, borrokak bateratzea eta gure aldarrikapenak lortzeko programa iraultzaile bat defendatzea.

Kapitalismoarekin amaitzeak, gizarte sozialista bat eraikitzeak, langileria osoaren parte hartze kontziente eta aktiboa eskatzen du, gu baikara gizartearen palankak mugitzen ditugunak. Langileen baimenik gabe, ezerk ez du funtzionatzen.

Martxoaren 3 hau klase arteko borrokaren gorakada berri baten hasiera da. Aurreko aldian metatutako esperientzia garrantzitsuarekin, historiatik ikasiz, ezker iraultzailea bultzatuz, langile klaseak gure eskuetan ditugu gizartea eraldatzeko tresna guztiak.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.