Historialari eta politikari askok gogor egin dute lan gerra zibileko gertakizunak distortsionatzen. Eskuineko hainbat elementuk diktadura frankistaren krimenak justifikatzeko ezkerreko mugimendu iraultzaileen arriskua erabili dute. Kontrairaultzaren abokatu miserable hauek biktimak borreroekin nahastu nahi izan dituzte edo anaien arteko borroka izan zela saldu.

Batzuek ahaztu egin nahi dute eliza eta kapitalista handien babesarekin 1936 eta 1949 urteen artean militarrek eta falangistek 150.000 pertsona baino gehiago fusilatu zituztela. Euskal Herria eta Estatu espainiarrak oraindik zapaltzen dituen beste nazio eta lurraldeak kartzela beldurgarri batean bihurtu zirela ere ez dute gogoratu nahi, ezta langileak esklaboen moduan erabili zituztela ere fabrika, lur eta erregimenaren obra publikoetan. Eta gainera, diskurtso erreakzionario horiek, gobernu espainiarrean ere lekua hartu dute. Horren adibide dugu memoria historikoa deitutakoa.         

Beste aldetik ezker erreformista daukagu, 30. hamarkadako Errepublikari buruz loreak botatzen dituztenak eta trantsizio garaiko eta Juan Carlosen monarkiako urteen lorpenez hitz egiten digutenak. Hauetako historialari batzuen ustez Frankoren helburua inteligentzia espainiarraren ahalegin modernizatzaileak puskatzea zen, “Espainia inguruko demokrazia aurreratuen parean jarri nahi zuten” esanez. Zein demokraziaz hitz egiten dute? Nazien Alemaniaz agian? Mussoliniren Italiaz? Erregimen frantziar eta ingelesaz, beren demokraziaren eredugarri Errepublika babesteko ezer egin ez zutenak, bitartean Frankok Alemania eta Italiaren laguntza zuenean?

Ez da harritzekoa burgesiak gerra zibilean gertatukoa ahaztu nahi izatea. Gaurko banku handiak, enpresa handiak, lurra eta ekonomiaren oinarrizko palankak kontrolatzen dituztenen abizenak izan ziren altxamendu faxista antolatu eta prestatu zutenak, 40 urteko diktadura ankerra eraiki zuten berberak.

 

Errepublika eta altxamendu faxista

 

Gobernu errepublikarrak ez ziren gai izan masen errebindikazioak asetzeko: enplegua, soldata onak, lurraren banaketa, eskubide nazionalak... Agerian geratu zen monarkia kentzea ez zela nahikoa izan. Egitura kapitalistak bere horretan jarraitzen zuenez masen egoera gero eta okerragoa zen. Errepublikarekiko masek jarritako esperantza agortzen zihoan heinean greba orokorrak zabaldu ziren Pasaian, Asturiasen, Malagan, Granadan... Burgesiaren eta lurjabe handien errepresioa, berriz, ankerra zen, ehunka hildakorekin. Langileriaren eta burgesiaren arteko borrokak ez zuen etenik. Burgesia espainiarra (euskal burgesia ere bai) arduratuta zegoen egoera horrekin, bere interes ekonomikoak jokoan zeuden. Horrela erabaki zuen beharrezkoa zela langile klasearen erakunde eta sindikatuekin amaitzea. Altxamendu faxista antolatzen hasi ziren.  

1936ko uztailaren 18an burgesia, lurjabe handiekin eta elizarekin kolaboratuz Frankoren indarrek erasoa jo zuten. Buruan ez zuten hiru urteko gerra bat, baina ordu edo egun gutxitako kontua izatearen esperantzak huts egin zuen. Zergatik? Ez ziren izan gobernu errepublikarra eta hauen babesleak (PSOEko agintari erreformistak eta PCEko lider estalinistak) altxamendu militarra garaitu zutenak. Beste behin, langile klasea eta honen metodoak, greba orokorra eta matxinada armatua, izan ziren faxismoaren berehalako garaipena geratu zutenak. PSOE eta PCEko agintariek, berriz, ohar adierazgarri hau publikatu zuten: “El momento es difícil, pero no desesperado. El Gobierno está seguro de poseer los medios suficientes para aplastar esta tentativa criminal. En el caso de que estos medios fuesen insuficientes, la República tiene la promesa solemne del Frente Popular. Este está decidido a intervenir en la lucha a partir del momento en que la ayuda le sea pedida. El Gobierno manda y el Frente Popular obedece”.  

Hitz patetiko hauek erakusten dute ezkerreko alderdien zuzendaritzen egoera lotsagarria. Langileak, jornalariak eta gazteri iraultzailea, ordea, egoeraren arriskuaz ohartuta, ez ziren gobernuaren eta lider erreformisten aginduen zain geratu. Armak hartzen eta kuartelak asaltatzen hasi ziren. Generalitateko Companysek eta Madrilgo Azañak ez zizkien armak eman nahi langileei. Hala ere, lortu zituzten arma gutxiekin, ikuspuntu militarretik ahulagoak izanagatik ere, beren indarretan zuten konfiantzagatik garaipena lortu zuten. Bartzelonan milaka langile hil ziren, baina uztailaren 19an preso hartu zuten Goded generala. Bartzelonako langile eta herritarrak ia armarik gabe eta Generalitatearen laguntza gabe hiriaren jabe egin ziren. Antzeko egoerak bizitu ziren Donostia, Bilbo, Valentzia, Santander, Madril... hirietan eta beste hainbat herritan. Gasteiz, Iruña, Sevilla, Oviedo eta Zaragozan faxistek irabazi zuten, baina hiri hauetan ere langileen borroka eredugarria izan zen. Kasu guzti hauetan, lider errepublikanoek langileak traizionatu zituzten, dena kontrolpean zegoela eta ejertzitoa Errepublikari leial izango zela esanez. Anthony Beevor historialariak dioenez: “Allí donde los obreros se dejaron convencer por un gobernador civil aterrado ante la perspectiva de provocar el levantamiento de la guarnición local, perdieron la partida y hubieron de pagar el titubeo con sus vidas. Pero si demostraban enseguida que estaban preparados y dipuestos para asaltar los cuarteles, entonces se les unía la mayoria de los guardias de asalto y otras fuerzas de seguridad y conseguían que la guarnición se rindiese”.

Uztailak 18 eta abuztuak 1aren artean ejertzito frankistaren egoera txarra zen. Araba, Nafarroa, mesetaren zati bat eta Andaluziako gune bat zituzten soilik kontrolpean. Eremu industrializatuenak (tartean fabrika militar gehienak), aberatsenak eta biztanleen dentsitatea handiagoa zutenak langile, nekazari eta herritarren eskuetan geratu ziren: Bizkaia, Gipuzkoa, Asturias, Katalunia, Valentzia eta Madril. Euskal Herria zatitua geratu zen.  

 

Gerra zibila eta iraultza

 

Leninek esaten zuen gerra zibila klaseko borrokaren adierazpen zorrotzena dela. Kasu honetan ere hala izan zen. Langile masak ilusio iraultzailearekin kutsatuta zeuden. Faxisten aurkako langileen matxinada armatuak erabat aldatu zuen egoera. Ehunka hiri handi eta txikitan, milaka herritan, benetako boterea ez zegoen gobernu zibil eta udaletxeetan. Estatu errepublikarraren instituzio “legalek” funtzionatzeari utzi zioten, eta praktikan, boterea langile armatuek eta hauen erakundeek zeukaten. Berehala, komiteak eta miliziak garatu zituzten hiri eta herrien defentsa armatua antolatzeko. Langileak jabego kapitalistaren aurka hasi ziren milaka enpresa eta fabrika euren eskuetan hartuz. Nekazal guneetan berriz, lurjabe handien lurrak kolektibizatu zituzten.

1917ko Errusiako iraultzan bezala, baina askoz denbora gutxiagoan, langileek eginkizun sozialistak praktikan jarri zituzten. Fabrika eta lurren okupazioa eta langile kontrolaren hedapena boltxebikeek 1917ko urriaren ondoren egindakoa baino handiagoa zen. Lurren kasuan ere, boltxebikeek ez zuten kolektibizazioa bultzatu, nekazarien artean banatu baizik. Baina 1936ko iraultza honetan ehunka mila nekazari eta jornalariek naturaltasun handiarekin hartu zuten lurren kolektibizazioa.   

Zapalduentzat egoera bikain jarri zen arren, 1936ko iraultzaren eta 1917ko Errusiako iraultzaren emaitza desberdina izan zen. Arrazoi nagusia ezin daiteke langile eta nekazarien jarreran, borroka gogoan eta sakrifizio faltan bilatu. Hori eta gehiago eman zuten. Errusian langileen gobernua eraikitzeari esker lortu zen iraultza osatzea eta burgesiaren instituzioak abolitzea, hauek botere sozialistagatik ordezkatuz: langile eta nekazarien sobietak. 1936ko iraultzaren kasuan ez zegoen langileen gobernurik eta ezta masengan eragina zuen Alderdi Boltxebikerik ere. Estalinismoak (PCE), komunismoaren bandera bereganatuz, 1917an boltxebikeek egin zutenaren aurkakoa burutu zuen. Praktikan, Errusiako iraultzan mentxebikeek eta 1918-1919ko iraultzan agintari sozialdemokrata alemaniarrek jokatutako papera errepikatu zuten: iraultza lurperatu eta burgesia salbatu.

Estalinistek ez zuten borroka egin langileen boterearen alde eta kapitalismoaren kontra. Guztiz aurkakoa, hasieratik euren indar guztiak erabili zituzten langileen borroka oztopatzeko, Errepublika “demokratikoaren” defentsan. Zer esan nahi zuen horrek? Uztailaren 19an suntsituta geratu zen Estatu burgesa berreraikitzea eta langileen konkista iraultzaileak ezabatzea, hau da, langile eta nekazarien miliziak suntsitu, fabriken okupazioekin amaitu, lur kolektibatuak lehengo nagusiei itzuli eta “disidenteak” erail ere bai. Neurri hauek guztiak noski, garaipenaren bidea ireki zioten frankismoari hor baitzegoen langileen boterea eta kapitalismoarekin bukatzeko indarra.

Hitler eta Mussolinik Frankori laguntzeko arazorik izan ez zuten bitartean, Stalin gerra horretan ez sartzearen aldeko Komitean sartu zen Britainia Handia eta Frantziarekin batera. Stalinek argi utzi nahi zien hauei ez zuela iraultza sozialistaren alde egiteko asmorik. Milaka komunista iraultzaren aldeko borrokan ari ziren, langile anarkista eta sozialistekin batera, eta PCEren siglak jarraitzen zituzten honek 1917ko iraultza eta sozialismoa irudikatzen zituelako. Baina ezin esan daiteke gauza bera PCEko agintari “komunistekiko”, Stalinen aginduak jarraituz milaka militante berri erreklutatzen hasi ziren: sektore pribilegiatuetako burges txikiak eta estatu burokrazia. Gogokoagoa zuten jendilaje hau iraultzaren alde borrokan ari ziren langile komunistak baino.

Orduko PCEko idazkari nagusi Jose Diazen hitzek argi uzten dute gauza: “Si bien al comienzo los distintos intentos prematuros de socializacion y colectivizacion, fruto de la falta de claridad en cuanto al carácter de esta lucha, puedan haber estado justificados por el hecho de que los grandes terratenientes, industriales... habían abandonado sus tierras y fábricas, y había que seguir produciendo a toda costa, ahora no existe la menor justificación. En la actualidad cuando existe un gobierno del Frente Popular, representativo de todas las fuerzas empeñadas en la lucha contra el fascismo, estas cosas no solamente son indeseables, sino totalmente impermisibles”.

Iraultzaren alde egin beharrean, kapitalismoaren defendatzaileekin kolaboratzera dedikatu ziren. Milizien kontrako kanpaina ere antolatu zuten hauek kalumniatuz. Diziplina falta eta anarkia omen zituzten eta gainera emagalduekin orgiak antolatzen zituztela zabaldu zuten. Miliziekin bukatu eta ejertzito burges errepublikarra eraikitzea zuten helburu. Horrela, Guardia Civil izena Guardia Nacional Republicana-rekin aldatuz eta sindikatu eta alderdietan afiliatuta zeudenei hemen sartzea debekatuz iraultzaren aurkako traizioa prestatu zuten. Kapitalistak behintzat gustura utzi zituzten.

 

Borroka ez da amaitu

 

1848ko iraultza alemaniarrean Marx eta Engelsek ikasgai garrantzitsuak atera zituzten. Lehenengoa, burgesiaren papera kontrairaultzailea dela eta bigarrena, burges txikien zentzugabetasun politikoa, errebindikazio txikiren bat lortutakoan iraultzarekin ahal den azkarren bukatu nahi dutenak direla eta hirugarrena, langile klaseak Estatuaren boterea hartzea beharrezkoa dela. Parisko Komunako gertakizunekin beste ikasgai bat gehitu zuten: ez da nahikoa Estatuaren boterea hartzea, suntsitu ere egin behar da.

Gerra eta iraultza gertakari bereziak dira, klase eta hauen erakunde politikoak proban jartzen dituztenak. XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan burgesiaren boterea desafiatu zen iraultza guztietatik 1917ko Errusiako iraultzak soilik lortu zuen garaipena. Eta honen arrazoia, langile eta nekazarien bukaeraraino heltzeko borondatearekin batera, Alderdi Boltxebikearen existentzia zen. 1936ko iraultza izan zen Europa mendebaldean langileek garaipena lortzeko izan zuten aukera onena Errusiako eta 1918-1919ko Alemaniako iraultzarekin batera. Euskal Herriko, Kataluniako, Galizako eta Estatuko beste lurraldeetako langileek historia aldatzeko aukera izan zuten. Eta porrotean geratuagatik, langileen “ordezkarien” erruz, herri hauetako langileen borrokak munduko langile mugimenduan astindu ikaragarria sortu zuen. Masa zapalduak izan ziren esperantza sortu zutenak, horregatik izan ziren bortizki zigortuak, atxilotuak eta erailak frankismoaren bitartez. Baina frankismoaren ondorengoen kalterako sozialismoaren eta askapen nazionalaren aldeko borroka ez da amaitu. Gertakizun garrantzitsuenak etortzeke daude. Horregatik, 1936ko borrokalari guztiei egin diezaiekegun omenaldi onena: KAPITALISMOAREN SUNTSIKETA ETA SOZIALISMOAREN ERAIKUNTZA!!   

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.