Etortzear dauden garai iraultzaileetarako, garrantzitsua da teorikoki prestaturik egotea ahalik eta akats gutxien egiteko gizartearen benetako aldaketa sozialista bat lortu nahi bada. Munduko herrialde askotan izandako iraultzek eta kontrairaultzek ikasgai asko utzi dizkigute esperientzia horietatik ikasteko eta Euskal Herriak ere lehenengo gerra zibilean eta ondoren trantsizio garaian, ikasgai oso baliotsuak utzi dizkigu.
Ia berrogei urtetan zehar, era guztietako basakeriak, fusilamenduak, zapalketak… jasan ondoren, langile mugimenduak argi erakutsi zuen berpiztu eta borrokaren lehen lerroetan jartzeko daukan ahalmena. Beste behin, langile klasearen indarra agerian geratu zen, gizartea beste oinarri batzuen gainean eraikitzea posible zela erakutsiz. 60. hamarkada bukaerako krisi ekonomikoak langileen bizi baldintzak are gehiago gogortu zituen eta greba eta mobilizazio indartsuei eman zieten bide. Euskal Herriko langileriak, zapalketa eta esplotazio sozialaz gain, zapalketa nazionala ere sufritzen zuen, baina honek euskal langileak kikildu beharrean gogo gehiagorekin borrokatzera bultzatu zituen.
Trantsizio garaia, milioika langilerentzat eskola handi bat izan zen, zer eta nola egin eguneroko gai zerrendan zegoen, politikan parte-hartze izugarria… garai aurreiraultzaile bati lekua emanez. Langile klaseak zuen borrokarako grina helburu iraultzaileetara bideratu beharrean, PSOE eta PCEko zuzendari erreformistak burgesiarekin eta frankistekin akordioak egitera mugatu ziren. Beste behin, lehenengo 1936ean faxismoa erabiliz eta ondoren 70. hamarkadan zuzendari erreformistez baliatuz, burgesiak bere esku zeuden ekoizpen baliabideak eta Estatua mantentzea lortu zituen, hau da, sistema kapitalista salbatzea.
Eskubide demokratiko nazionalak diktadura ostean
70. hamarkadan Estatu espainiar osoko langile klaseak, nazioen eskubide demokratikoen defentsa, beste hainbat aldarrikapen demokratiko eta klasekorekin batera, frankismoaren aurkako agitaziorako eta borrokarako tresna bezala erabili zituen. Esan behar da 70. hamarkadako langile klasea 1936tik bereizten zuena bere aniztasuna zela. Diktaduraren 40 urteetan zehar, batez ere hirigune handietan langile klasearen kontzentrazioa asko handitu zen, nekazari asko lantegietara lanera joan ziren eta horrek langile klasearen ejertzitoa handitu zuen. Hau dena, Bigarren Mundu Gerraren osteko kapitalismoaren garapen luzearen ondorioa izan zen, baina 60. hamarkada bukaeran, garapen honek bere gailurra jo zuen eta ekonomia maldan behera erortzen hasi zen.
Euskal Herriko langile klaseak abangoardiako papera jokatu zuen hainbat greba orokor burutuz, baina Estatuko gainontzeko langile klasearekin egindako borroka bateratuari esker soilik izan zen posible diktadura frankistarekin bukatzea. Erregimen frankistak, langile klasearen eta gaztediaren presioa gehiago jasan ezinez, bere eraikinaren itxura aldatzea erabaki zuen eraikin horren oinarriak mantendu ahal izateko. Horrela kapitalaren diktadurak aurrera zuen, bankuek eta ekonomiaren oinarri nagusiek 100 familiaren eskutan jarraituz. Familia burges hauek Estatu burgesaren super-estruktura kontrolatzen jarraitu zuten horren ondorioz: epaileak, ejertzitoa, hezkuntza-sistema, komunikabideak…
Langileen alderdi eta sindikatuen legalizazioa, grebarako eskubidea… langile klaseak kalean mobilizatuta lortu zituen, baita 1977ko preso politikoentzako amnistia ere. Eskubide hauek lortu eta gero milaka eta milaka langile izan ziren, fabrika osoak, sindikatu eta langile alderdietara afiliatu zirenak. Langileen zuzendariek programa marxista bat defendatuko balute garai horietan, Estatu osoko langile klaseak boterea hartu ahalko zuketen eta Euskal Herriko arazo nazionalarekin bukatu. Baina zoritxarrez, ez zen hori izan gertatu zena. PSOEk eta PCEk defendatu zuten politika, burgesiarekin kolaboratzeko politika izan zen eta lehen esan bezala zuzendari erreformista hauei esker eraikinaren kanpo itxura soilik aldatu zen. Konstituzioa babestu zuten, (honek ekoizpen baliabideen jabego kapitalista onartzen du, nazioen autodeterminaziorako eskubidea ukatu eta ejertzitoa espainiar aberriaren batasunaren zaintzaile jartzen du…) baita Monkloako paktuak sinatu ere, ondorioz mugimendu ia guztia frustraziora eramanez.
Burgesiarekin kolaboratzeak eta noski, honek suposatzen zuen galtza jaisteak, faktura pasa zioten PSOE eta PCEri, baita hauen sindikatuei, milaka desafiliazio emanez. Egoera honetan, langileen sektore garrantzitsu batek bizi zuen deskontentuak beste bide bat aurkitu zuen, sortu berri zen alderdi bat eta era lehergarri batean hazi zena, Herri Batasuna.
Herri Batasuna, 1978ko udaberrian ANV-EAE, LAIA (Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia), ESB (Euskal Sozialisten Biltzarrea) eta HASIk (Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea) sortu zuten euskal nazionalismoko eta ikuspegi politiko ezberdinetako beste hainbat pertsonalitaterekin batera. Herri Batasunara adar politiko ezberdinetako jendea hurbildu zen, PNVren politikarekin nazkatuta zeuden militanteak, alderdi sozialista eta komunistako zuzendaritzek burgesiarekin zerabilten kolaborazio politikarekin nazkatuak...
Burgesiak, arazo nazionalari “irtenbide” bat emateko asmoz eta UCDren bitartez, Autonomien Estatua asmatu zuen 1978 urteko Konstituzioan, nazio zapalduen aldarrikapenak mugatzeko eta estatuko gainontzeko lurraldeekin lehian jartzeko. PNVk foru eskubideak eskatu zituen Konstituzioa babestearen truke, baina Suarezen gobernuaren ezezkoak eta kaleetan Konstituzioaren aurka zegoen giroak bultzatuta abstentzioa defendatzera pasa zen. PNV ez zen autodeterminazio eskubidea defendatzeko ere gai izan. Konstituzioak hezkuntza pribatua negozio bezala onartzen zuen; etorkizunean ezkerreko gobernuen aurkako arma bezala Senatua mantentzen zuen; alderdi eta sindikatuen eraketa marko konstituzionalera mugatzen zuen; botere bonapartistak dituen monarkia onartzen zuen, nahi duenean ministroak ipini eta ken zitzakeena, parlamentua bildu eta disolbatu zezakeena, senatariak izendatu… Patronalari lantegiak ixteko eskubidea ematen zion, merkatu askeko ekonomia, kapitalismoa eta bere esplotazio era guztiak; autonomiei era guztietako eragozpenak eta debekuak jartzen zizkien, nazio zapaldu historikoei autodeterminazio eskubidea ukatuz. Euskal Herrian Konstituzioak inon ere ez zuen izan biztanleen %50aren babesa, aldiz, Estatu espainiarrean bozken %58rekin onartu zen. Kontuan izanda PSOEko, PCEko eta klaseko sindikatuetako zuzendaritzek babesa eman ziotela, eskuineko alderdi guztiekin batera noski, ez zuen hain babes handirik izan.
1981eko otsailaren 23ko Estatu Kolpeak, Estatu burgesaren ahultasuna agerian utzi zuen. Langile mugimendua beherantz zihoan, baina klase dominatzailea zatiturik aurkitzen zen zer egin ez zekiela. Estatu Kolpeak ezustean hartu zituen langile alderdi guztietako zuzendaritzak. Batzuk muga pasaz Estatu frantziarrera alde egin zuten, beste askok lasaitasunerako deia egin zuten… agintari gutxi izan ziren greba orokorrera deitu eta langileen autodefentsak sortzeko deia egin eta mobilizatu zirenak Euskal Herrian. Komunikabideek eta zuzendaritza erreformistek ezkutatu arren, beste soldadu batzuk ordezkatzeko zeuden soldaduak, gehienak langileen semeak, Estatu kolpearen aurka agertu ziren beren ofizialen aurka armak erabiltzeko asmoz hauek langile klasearen aurka tiro egiteko eskatzen bazioten. Asturiasen, Andaluzian eta beste hainbat probintziatan, langileek 30. hamarkadako gertaeretako ikasgaiak ikasita, autodefentsa taldeak antolatu zituzten, kasu batzuetan armez hornituz eta kuarteletako mugimenduak zainduz. Momentu horietan burgesiaren sektore garrantzitsuenak masen ekintza iraultzaile baten beldurrez, -eta arrazoirik ez zitzaien falta- ejertzitoa geldiaraztea erabaki zuen. 1982an, Estatu espainiarreko milioika langilek gizartea aldatzeko zeukan gogoari adierazpena emanez, PSOE alderdia gobernuburu ipini zuen baina honek langileen gogo horiek burutzetik urrun justu kontrakoa egin zuen. PSOEk langile mugimenduan oinarritu eta benetako programa sozialista bat defendatu beharrean, burgesiaren programa aplikatu zuen langile mugimenduaren eta nazio zapalduen aurka, bere oinarri sozialean zatiketak emanez.
Langile klaseak ezin du eskuineko alderdietan inongo konfiantzarik ipini bere arazoak konpontzeko, izan nazionalista espainiarrak (PP, UPN, UPyD,…) izan “nazionalista” euskal herritarrak (PNV, EA…). Euskal langile klaseak beharrezkoa du jakitea etsaia etxean bertan ere badagoela euskal abertzale aurpegiz mozorrotuta eta horiekin eskutik joanda espero daitekeen gauza bakarra traizioa dela, gerra zibileko eta trantsizio garaiko esperientziek erakutsi bezala. Baina politika erreformistan ere ezin du konfiantzarik izan, hori erakusten du PSOE eta PCEko zuzendaritzek iraganean egindakoak. Langile klaseak, gizarte honen garapena bermatzeko, marxismoaren ideiak berreskuratu behar ditu eta bere indarrak programa iraultzaile batekin antolatu. Horregatik, Herri Batasuna sortzeko oinarrizko izan ziren bi helburu haiek aurrera eramateko, hau da, askatasun nazionala eta soziala, funtsezkoa da ezker abertzaleak eta LABek programa sozialista bat defendatzea: langileen batasuna nazio eta ezberdintasun guztien gainetik, autodeterminazio eskubidea eta ekoizteko indarren desjabetzea langileen kontrolpean.